Grigori Zinoviev
Grigori Jevseievitx Apfelbaum, ezagunagoa Grigori Jevseievitx Zinoviev[1] gisa (errusieraz: Григо́рий Евсе́евич Зино́вьев, ɡrʲɪˈɡorʲɪj jɪˈfʲsʲeɪvʲɪtɕ zʲɪˈnovʲjɪfA ahoskatua; Elisavetgrad, Errusiar Inperioa, 1883ko irailaren 23agreg./irailaren 11jul. - Mosku, Sobietar Batasuna, 1936ko abuztuaren 25a), sobietar politikaria izan zen.
Bizitza
Hamazazpi urte zituela alderdi sozialdemokratan sartu zen eta eragin handia izan zuen San Petersburgoko boltxebikeen antolakuntzan. 1905ean, iraultzaren ondoko errepresioaren kariaz, erbesteratu behar izan zuen. Kamenevekin bat eginik, 1917ko urrian matxinada armatua abiaraztearen aurkakoa zen eta iraultzaren ondoren (azaroa) mentxebikeekin eta sozialista-iraultzaileekin batera gobernua osatzearen alde azaldu zen.
Alderdiko batzorde zentraleko kidea, III. Internazionalaren (Komintern) sortzaileetarikoa eta haren idazkari nagusia (1919-1926). Leninek aldarrikatu gerra-komunismoaren alde eta Trotskik proposaturiko sindikatuen nazionalizazioaren aurka azaldu zen. 1923an, Lenin gaixo zela, Stalinekin eta Kamenevekin batera, alderdiko buruzagi izan zen. 1926an, Trotskirekin bat egin zuen Stalinen industria politikari kontra egitearren. 1934ko Purga Handian alderditik kanporatu zuten eta Sergei Kirov hil zuelako salaketapean (1935), Moskun epaitu eta hilarazi zuten.
Zinovievek eta Kamenevek beren erruduntasuna aldarrikatu zuten
Ziur asko Stalinen aginduz era basatian torturatua izan eta gero, zera aitortu zuen Zinovievek:
« | ZINOVIEV: Alderdiko Batzorde Zentrala eta Stalin izugarri gorrotatzen genituen. Uste osoa genuen beharrezkoa zela nola edo hala alderdiko buruzagiak ordezkatzea; gu jartzea haien ordez, Troskyk esan bezala. KAMENEV: Nik, Zinovievek eta Trotskyk abiarazi genuen konplot terrorista (...). Bi aukera baino ez zeuden: alderdiaren aurkako borroka oneski eta erabat bukatzea; edo borrokaren jarraitzea, baina masen laguntza erabili gabe, plataforma politikorik gabe eta banderarik gabe: hau da, izu indibidualaren bidez. Bigarren aukera hautatu genuen. Alderdiaren zuzendaritzaren eta herrialdearen aurkako mugagabeko gorrotoak ekarri gaitu hona. Fiskalak Kamenevi laguntzen dio (...): VITXINSKI: Maltzurkeria eta botere pertsonala lortzeko grina izan al ziren arrazoi bakarrak? KAMENEV: Bai, gure taldeak boterea lortzeko grina. VITXINSKI: Ez al duzu uste horrek ez duela inolako zerikusirik gizarte-idealekin? KAMENEV: Iraultzaren eta kontrairaultzaren arteko antzekotasun bera da. VITXINSKI: Kontrairaultzaren alde al zaude? KAMENEV: Bai. |
» |
—Pierre Brouék "Moskuko prozesuak" liburuan jasoa, 1964. |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Grigori Zinoviev |