Griffithen esperimentua
Griffithen esperimentuak, Frederick Griffith britainiar mikrobiologoak 1928an egindakoa, bakterioek informazio genetikoa transferitu zezaketela agerian jarri zuen lehenengoz, eta transformazio genetikoaren lehenengo zantzuak ere eman zituen.
![](../I/Griffith_experiment.svg.png.webp)
Streptococcus pneumoniae bakterioarekin burutu zuen Griffithek bere ikerketa. Pneumonia eragiten duen bakterio horrek bi andui ezberdin zituen, Griffithek erabilitakoak:
- S anduia, hazkuntza-inguruan haztean kolonia leunak (smooth, ingelesez; hortik datorkie S izena) sortzen dituena. Andui hauek kapsula dute eta oso birulentoak dira (pneumonia eragiten dute)
- R anduia, hazkuntza-inguruan haztean kolonia zimurrak (rough, ingelesez; hortiz datorkie R izena) sortzen dituena. Andui hauek ez dute kapsularik, eta ez dira birulentoak (ez dute pneumoniarik sortzen)
Griffithek andui hauek injektatu zizkien laborategiko saguei, eta emaitza harrigarriak topatu zituen:
- S bakterioak saguei injektatzean, saguek pneumonia harrapatu eta hil egiten ziren
- R bakterioak saguei injektatzean, saguek osasuntsu zirauten
- beroz hildako S bakterioak saguei injektatzean, saguek ere osasuntsu zirauten
- beroz hildako S bakterioak eta R bakterio biziak saguei injektatzean, saguak gaixotu eta hil egiten ziren
Azken kasu honetan, saguen odola aztertuta, S motako bakterio birulentoak isolatu zitezkeeka ikusi zuen. Griffithek ondorioztatu zuen beroz hildako S anduietan "zerbait" berezi zegoela, R bakterioak aldatu eta birulentoak bihurtzen zituena. Zerbait horri "printzipio eraldatzaile" deitu zion, eta molekula bereziren bat izango zela aurreratu zuen. Geroago, Avery-k, Mc Leod-ek eta Mc Carty-k (1945ean) molekula eraldatzailea DNA zela frogatu zuten.
Transformazio genetikoak ongi azaltzen ditu esperimentu horren emaitzak: beroz hildako S bakterioen DNA ez zen guztiz kaltetzen beroketaren ondorioz; DNA hori, transformazioaren bidez, R bakterioengana pasatu zen, saguen barnean. DNA horrek patogenizitatea eragiten zuten geneak zituen (kapsula sortzen zutenak), eta R bakterioek, gene hauek berenganatzean, kapsula eratzen zuten eta patogenoak bihurtzen ziren.