Greziera
Greziera edo grekoa[1][2] Grezian hitz egiten den hizkuntza da. Herrialde horretaz gain, Zipren ere nagusi da eta beste hainbat herritan gutxiengo aipagarriak daude: Italiako grikozko nahiz grekokalabrerazko hiztunak, Albaniakoak, eta abar.
Greziera edo grekoa | |
---|---|
ελληνική — νέα ελληνικά | |
eta | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Grezia Zipre |
Hiztunak | 15 milioi |
Rankinga | 52 |
Ofizialtasuna | Grezia Zipre Europar Batasuna Gutxiengo hizkuntza gisa onartua: Albania Armenia Italia Errumania Ukraina |
Eskualdea | Balkanak |
UNESCO sailkapena | 1: ziurra |
Araugilea | arautu gabea |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak Hellenic (en) | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | subjektu aditza objektua, hizkuntza fusionatzailea, pro-drop language (en) , nominatibo-akusatibo hizkuntza, hizkuntza sintetikoa eta adjective-noun (en) |
Denbora gramatikalak | lehenaldia eta nonpast tense (en) |
Genero gramatikalak | genero maskulinoa, genero femeninoa eta genero neutroa |
Kasu gramatikalak | nominatiboa, genitiboa, akusatiboa eta bokatiboa |
Alfabetoa | alfabeto grekoa |
Hizkuntza kodeak | |
Glottolog | gree1276 |
Wikipedia | el |
ASCL | 2201 |
IETF | grk |
Historia
Greziera Balkanetan mintzatua da K.a. bigarren milurtekotik. Aztarnarik antzinakoena Kretako "Gurdiaren Taulen Gela"n aurkitu zuten. K.a. XV. mendekoa izanda, greziera lekukotasunik zaharrenetakoak dituzten munduko hizkuntzetako bat dugu. Antzinatasun hori, indoeuropar hizkuntzen artean Vedasen sanskritoak bakarrik berdin dezake.
Alfabeto grekoa, berriz, ez da hain zaharra eta feniziar alfabetotik eratorria da. Hizkuntzalarien aburuz, greziera bost arotan bana daiteke:
- Greziera mikenikoa: Zibilizazio mikenikoaren hizkuntza da. Aztarnarik zaharrenetan aurkitua da.
- Greziera klasikoa (baita antzinako greziera ere): haren dialektoak Antzinako Grezian erabiliak ziren. Erromatar Inperioan hedatua oso, Erdi Aroan Mendebaldeko Europan galdu zen, baina otomanoak Konstantinopolis hartu zutenean, greziarren atzerriratzeak berriro hedatu zuen.
- Greziera helenista (baita koinē edo greziera komuna izenez ezaguna): atikoa greziar dialektoekin batu zenean, halako lingua franca sortu zen Mediterraneoan. Nahiz eta gero latinak garaitu, zeharo erabilia zen: adibidez, kristautasunaren hasieran, apostoluek beren hitzaldietan koinēa erabiltzen zuten.
- Erdi Aroko greziera: Bizantziar Inperioan erabili zenez, Bizantziar greziera izenaz ere ezaguna zen.
- Aro berriko greziera: Bizantziar grezieratik bilakatua da.
Erdi Aroko grezieratik aurrera bi hizkeratan banatua izan da hizkuntza: dhimotikí (δημοτική), herri hizkera, eta katharévusa (καθαρεύουσα), klasikoen erara itxuratutako hizkera jasoa, testu literario, juridiko, administratibo eta zientifikoetan erabilia XIX. eta XX. mendeetan. Diglosia arazo hori 1976ko 306 Legeak irtenbideratu zuen, dhimotikía ofizial bihurtu zuenean. Bitartean, bi hizkerek greziera batua (κοινή νεοελληνική edo Aro Berriko greziera amankomuna) sortu dute.
Batzuek Aro berriko grezierazko hiztun jasoak antzinako testuak uler ditzakeela diote; hala ere, arrazoia ziur asko kultura da eta ez hizkuntzen arteko antzekotasuna. Hala ere, koinēa erraza da oso egungo hiztunentzat.
Euskarak, Europako beste hizkuntzak bezala, hitz asko hartu dizkio, normalean zeharka, hau da, frantsesaren edo gaztelaniaren bitartez: astronomia, demokrazia, filosofia, foka, eta abar. Gainera, greziar hitz eta morfemak oraindik erabiltzen dira hitz berriak sortzeko: antropologia, automobila, fotografia, hipermerkatu, hidromasaje, dinosauro, (elektro)entzefalograma, aromaterapia, biomekanika... eta latinezko hitzekin batera, egungo hiztegi zientifiko eta teknikoaren erroak dira.
Sailkapena
Greziera indoeuropar hizkuntza familiaren adarretako bat da. Hurbilago zituen antzinako hizkuntzak antzinako mazedoniera (agian grezierazko dialektoa bera) eta frigiera ziren, baina hori ez dago dokumentatuta. Egun, hurbilen dituen hizkuntzak armeniera eta indo-iraniar hizkuntzak dira.[3]
Idazkera
Greziera alfabeto grekoaz idatzia da K.a. IX. mendetik. Greziera klasikoan, latin klasikoan bezala, letra larriak baino ez zeuden. Letra xeheak Erdi Aroko eskribek sortu zituzten, arinago idazteko. Egun erabiltzen den alfabetoa joniera berankorrarena bera da, K.a. 403an sortua atiko klasikoa idazteko.
Aro berriko alfabeto grekoak 24 letra ditu, bakoitza letra larriko eta letra xeheko formetan. Sigmak beste xehezko forma du (ς), bukaeran erabiltzeko.
Letra larriak | ||||||||||||||||||||||||||||||||
Α | Β | Γ | Δ | Ε | Ζ | Η | Θ | Ι | Κ | Λ | Μ | Ν | Ξ | Ο | Π | Ρ | Σ | Τ | Υ | Φ | Χ | Ψ | Ω | |||||||||
Letra xeheak | ||||||||||||||||||||||||||||||||
α | β | γ | δ | ε | ζ | η | θ | ι | κ | λ | μ | ν | ξ | ο | π | ρ | σ, ς | τ | υ | φ | χ | ψ | ω |
Gainera, alfabeto grekoak zenbait ikur diakritiko ditu: hiru ahoskera, arnasa hartzeko markak eta dieresia. Ikur horiek guztiek aro helenistan zehar sortu ziren, baina egun alde batera utzi dira. 1982tik aurrera, sistema monotonikoa izenekoa erabiltzen da, hau da, dieresia baino erabiltzen ez duena: antzinako sistema edo politonikoa greziera klasikoa idazteko erabilia da.
Aro berriko grezieraren adibideak
- Greziar (gizon): <Έλληνας> [ˈe̞liˌnas].
- Greziar (emakume): <Ελληνίδα> [ˌe̞liˈniða].
- Greziera: <Ελληνικά> [e̞ˌliniˈka].
- Egun on: <καλημέρα> [ˌkaliˈme̞ra].
- Arratsalde on: <καλησπέρα> [ˌkaliˈspe̞ra].
- Gabon: <καληνύχτα> [ˌkaliˈnixta].
- Agur: <χαίρετε> [ˈçe̞re̞ˌte̞] (formala); <αντίο> [aˈdiˌo̞] (erdiformala); <γεια σου> [ˈʝasu] edo <γεια σας> [ˈʝa-sas] (informala).
- Mesedez: <παρακαλώ> [paˌrakaˈlo̞].
- Barkatu: <συγγνώμη> [siˈɣno̞mi].
- Eskerrik asko: <ευχαριστώ> [e̞fˌxariˈsto̞].
- Hau: <αυτό> [afˈto̞], <(ε)κείνο> [(e̞)ˈcino̞].
- Hori: <αυτό> [afˈto̞], <(ε)τούτο> [(e̞)ˈtuto̞].
- Bai: <ναι> [ne̞].
- Ez: <όχι> [ˈo̞çi].
- Bejondeizula!: <εις υγείαν!> [ˌis iˈʝiˌan] (hitzez hitz, "osasunerako") edo arruntean: <γεια μας!> ['ʝa-mas] (hitzez hitz, "Gure osasuna").
- Zukua: <χυμός> [çiˈmo̞s̠].
- Ura: <νερό> [ne̞ˈro̞].
- Ardoa: <κρασί> [kraˈsi].
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-19).
- BBC: Hizkuntzak Europan zehar: Greziera
Ikus, gainera
- Antzinako greziera
- Grezierazko literatura.
- Grikoa (edo Italiako greziera).
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |