Gregorio Urkaregi

Gregorio Urkaregi Madariaga, edo gaztelaniaz Gregorio de Urcaregui, (Begoña, Bizkaia, 1909ko abenduaren 24a - Bilbo, 1987ko ekainaren 10a) berrogeita sei urtez Begoñako etxeko medikua izan zen.[1][2] Horrez gain, kultur arloan eragile nabarmena izan zen: Euzko ikasle Batza elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1932an, eta Begoñako kirol elkarteko presidentea ere bi urtez, 1950-1952 denboraldietan.[1]

Gregorio Urkaregi

Bizitza
JaiotzaBegoña, 1909ko abenduaren 24a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1987ko ekainaren 10a (77 urte)
Familia
AitaGregorio Urkaregi Otxandiano
Hezkuntza
HeziketaValladolideko Unibertsitatea
(1929 - 1930)
Zaragozako Unibertsitatea
(1930 - 1934)
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakmedikua
Lan nabarmenak
KidetzaEuzko Ikasle Batza
Begoña Kirol Elkartea

Bizitza

Santa Klara kaleko 11 zenbakia zuen etxean jaio zen, Begoñako Errepublikan Santa Monika konbentutik gertu. Geroago Bilbok Begoña udalerria bereganatu zuenean oraingo Zabalbide kalea bihurtuko zen kale hura. Gregorio Urkaregi Otxandiano (obren eraikitzaile eta kontratista), eta Dolores de Madariaga Aguinagaren semea izan zen, bost anai-arreben artean txikiena.

Bilboko Plaza Barrian zegoen Salvador ikastetxean (Maristarrak) ikasi zuen batxilergoa.

Valladolideko Unibertsitatean hasi zen medikuntza-karrerako lehen kurtsoa, eta gero Zaragozakora joan zen, eta han amaitu zuen 1934an.

Karrera amaituta eta Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun titulua zuela, Begoñara itzuli zen, eta Antonio Egiluz doktorearen laguntzaile gisa hasi zen lanean.

Espainiako Gerra Zibila hastearekin batera, 1936an, Errepublikako armadan sartu zen Amaiur Batailoiko kapitain mediku gisa, Mundakako kuartelean, Otxandioko frontean, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Militarreko sailak Amurrioko ospitalera (Araba), eta Durangokora (Bizkaia) eraman zuen.Durangoko bonbardaketa gertatu zenean Loiura bidali zuten. Bilbo erortzean, nazionalek mobilizatu eta Vinaròseko (Castelló) kosta-bateria batera bidali zuten.

Gerra zibila amaituta Bilbora itzuli ondoren, 1941ean Txaro Urrutxuarekin ezkondu zen Begoñan. Hiru seme-alaba izan zituzten.

Berrogeita sei urtez medikua eta kulturgilea izan zen Begoñan.

1987ko ekainaren 10ean, gaixotasun luze baten ondoren, 77 urterekin hil zen Bilbon.

Familia medikua Begoñan eta Bilbon (1934-1979)

Begoñan Juan XXIII plazako etxe honetan zegoen Urkaregiren kontsulta.
Gregorio Urkaregi Madariaga bere kontsultan (1960).

Lau hamarkadatan Begoñan lan egin zuen familia-mediku gisa (medikuntza orokorra), baita Bilbon ere. 1950eko hamarkadaren amaieran, Begoñako kontsulta inoiz utzi gabe, basilikako atzealdean dagoen Juan XXIII plazan; bai Gizarte Segurantzan (Bilboko Bailen kaleko anbulatorioan eta Santutxuko Karmeloko kontsultategian, non erretiroa hartu baitzuen), bai Igualatorio Medikoarekin.[2]

« [...] Gregorio etxeko mediku bikaina izan zen, eta horren jakitun dira Atxeta, Arbolantza, Azkarai, Azurleko, Etxezuri, Haize-Errota, Otxarkoaga, San Isidro, San Roke, Rekako, Trauko, Lezamako bide zaharra, Zubisiku, etab.

[...] Baina medikua izateagatik eta bere zaletasunengatik baino gehiago, On Gregorio estimatzen dugu dugu bizitzatik ongia egiten pasa delako, adeitasunez.

 »

—José Antonio Zearra Asua medikua (Bilboko Medikuen Gazeta, 1987)[2][3]

Euzko Ikasle Batza elkartearen sortzailea Zaragozan (1932)

1932an Zaragozako Unibertsitatean ikaslea zela Euzko ikasle Batza erakundearen sortzaileetako bat izan zen, baita elkarteko lehen presidentea ere. Mariano Estornés Lasa eta José Estornés Lasa ere kide izan ziren elkarteko zuzendaritza hartan. Elkarteak hiru lan lerro zabaldu zituen:[1]

  • euskara ikasteko bi ikastaro, berrogeita hamar ikaslerekin
  • liburutegi bat
  • eta orfeoi bat, euskal musika herrikoia interpretatzeko.

Elkarteak prest azaldu zen Euskal Herriko erakunde eta pertsona guztiekin euskal kulturaren alde lan egiteko eta Euskal Unibertsitatea sortzeko.

Urkaregik 1932ko abuztuaren 7an Euskal Ikasleen I. Biltzarrean parte hartu zuen Bergaran, Zaragozako Elkarteko lehendakari gisa.

Kulturgilea

Medikuntza Zientzien Akademiako kide izan zen, eta Giza Zientzien Atala bultzatu zuen.[1]

Hainbat artistaren laguna izan zen, bestak beste hauena: Manuel Losada, Rafael Figuera, Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, José Antonio Ormaolea, José Barceló, Luis Sánchez...[1]

Zinemagile amateurra izanik, super 8an grabatzen zuen, eta Elantxobe filmarekin 1975eko Sociedad Bilbaina elkarteak banatzen zuen zilarrezko saria irabazi zuen. (Sociedad Bilbaina de Plata saria).

Pinturazalea eta bildumazale amorratua ere bazen, filateliko aditua. Begoñako txakolindegietan oso ohikoa ziren pitxarrekin ere bazituen bilduma bat. Pitxarrak 32 txakolindegi hauetakoak ziren: [2]

  • Errekako bidean Uriarte edo Mosu, eta Garaizar,
  • Zabalbide kalean Matías Sarasola edo Gallaga, Katezarra, eta Urruñaga.
  • Otxarkoagako bidean Feliciano Recalde (La Corrala), Madariaga, Teles, Txopoli, Artetxe (Isabel Añabeitia, Melchor eta Zenobia La Rubia), Lozoño, Larrakoetxe, Fidel Elorriaga, Plazakoetxe, Gazteluiturri (Andresa Gaztelu), eta Santiago Maguregi (Luisa Beldarrain),
  • Artxandan Isidro Aurrecoechea, Simón Lozano, Martzel Bilbao, Valentín Eguskizaga (Mendikoetxe, Sanroke bidean),eta Pantoa (Máximo Gorostiola, Iketxas, Zamudio),
  • Uribarrin Abasolo eta Montaño,
  • Trauko bidean Patillas (Gervasio Bilbao eta Eleuteria Agirre, Etxerre baserrian), Larrazabal (José Julián Urrutia).
Begoñako txakolin-pitxarrak, Gregorio Urkaregiren bildumakoak.[2]

Begoña Kirol Elkarteko presidentea (1950-1952)

Gregorio Urkaregi koparekin. Begoña Kirol Elkarteko presidentea. Bizkaiko Kopa, Txapeldunak 1952an.

Begoña Kirol Elkarteko eta Athleticeko bazkide izan zen. Begoñako futbol taldeko mediku eta zuzendaritza-batzordeko kide izan zen zenbait urtez, eta 1950-51 eta 1951-52 denboraldietako presidente.[1][4]

Urte horietan Jesus Garai jokalari gazte-gaztetxoak Begoñako taldean jokatzen zuen. 1950ean, hogei urterekin, Athletic-era pasa zen eta Athleticen historiako defentsarik onenetakoa izango zen Garai. Bartzelonan bost denboralditan jokatu zuen (1960-1965), eta gero beste bat Malagan.[5]

Sariak eta omenaldiak

Bere bizitza osoan burututako lanengatik hainbat sari eta domina eman izan dizkiote.[1]

  • 2003ko ekainean, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak, Jarduera Humanistikoen XXX. Astean, filatelia erakusketan omenaldia eskaini zion Gregorio Urkaregiri. Zigilatutako gutun-azal eta oroitzapenezko txartel bereziak sortu zituzten, berari eskainitako zigilu-marka berezi batekin.
  • 1981eko azaroaren 14an, bere lankide, paziente eta lagunen omenaldia jaso zuen, "Medikuntzan 46 urte egin zituelako eta Begoñako zenbait belaunaldirekin izan zuen dedikazio etengabeagatik". 250 lagun baino gehiago izan ziren omenaldi hartan. [2]
  • 1975ean super 8an grabatu zuen Elantxobe filmarekin, Sociedad Bilbaina elkarteak banatzen zuen zilarrezko saria irabazi zuen (Sociedad Bilbaina de Plata saria).

Erreferentziak

Artikulu honen iturburu nagusia Auñamendi Entziklopediako "Urcaregui Madariaga, Gregorio de" artikulua izan da, Alex Urkaregi Urrutxuak idatzitakoa.

  1. Urcaregui Urruchua, Alex. «Urcaregui Madariaga, Gregorio de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  2. (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia; Urcaregui Urruchua, Alex. (2016-05-25). «Gregorio de Urcaregui y sus jarras de txakoli» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  3. Muerto, sano y salvo. Bilboko Mediku-Zientzien Akademia (ACMB-BMZA).
  4. Pertsonalidades. Gregorio de Urcaregui Madariaga. Begoña Kirol Elkartea / S.D. Begoña.
  5. Pertsonalidades. Jesus Garay. Begoña Kirol Elkartea / S.D. Begoña.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.