Gregorio Muxika
Gregorio Muxika Muxika (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1882ko abenduaren 24a - Donostia, Gipuzkoa, 1931ko uztailaren 22a) euskal idazle eta euskal herritar kazetaria izan zen. Gaztelaniaz ere, idazle trebea. Ahoz aho zebiltzan Pernando Amezketarraren pasadizoak bildu eta lehen aldiz idatzita argitaratu zituen, Pernando Amezketarra izeneko liburuan (1927); gaurko best-seller liburuen moduko arrakasta izan zuen garai hartan. Ordu arte euskal testuetatik urrun izandako baserritar eta euskaldun xeheen artean irakurzaletasuna bultzatzen saiatu zen, liburuan bildutako ipuin umoretsu eta errazen bitartez.
Gregorio Muxika | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ormaiztegi, 1882ko abenduaren 24a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1931ko uztailaren 22a (48 urte) |
Familia | |
Aita | Serapio Muxika |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta kazetaria |
Kidetza | Eusko Ikaskuntza |
Bizitza
Ingeniari mekanikoa eta ingeniari teknikoa zen lanbidez eta ikasketaz, baina lanbidez kanpoko denbora guztia euskararen alde eman zuen. Hogeita bost urte zituela, 1907an, Euskal Esnalea kultura elkarte euskaltzalea sortzeko batzarrean parte hartu zuen —Serapio aitarekin, Arturo Campiónekin, Karmelo Etxegarairekin, Txomin Agirrerekin, Julio Urkixorekin eta abarrekin batera—, eta elkarteko idazkari izendatu zuten. Euskararen aldeko hizlari nabarmen bilakatu zen. 1907an bertan sortutako Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian artikuluak idazten zituen. Aldizkariaren lehenengo zenbakian bertan argitaratu zuen artikuluak zalaparta handia eragin zuen. Hona hemen artikuluaren muina jasotzen duen pasarte bat, hitzez hitz:
« | Eta guk, euskaldun gazteak, arnasa eta otsarearen adiñetan gauden euskaldun gazteak, egon bear degu geldi, ixilik eta besoak gurutzetuta gure izkuntza nola galtzen dan ikusiaz? Itxi egin bear ditugu begiak eta utzi kanpoko jendeari, guk geiena maite bear degun gauza izkutatzen? Euskaldun gazteak, badegu biotzik ala ez? Maite degu euskera edo ez? | » |
Gregorio Muxika[1][2] |
1911n, Euskalerriaren Alde aldizkaria sortu zuen, Txomin Agirrerekin eta Karmelo Etxegarairekin batera, euskal kultura ikertu eta ezagutarazteko, eta euskara iraunarazi, zabaldu eta lantzeko asmoz. 1918an, Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko I. Biltzarreko idazkari izan zen. Gero, Eusko Ikaskuntzaren zutarrietako bat izan zen, erakunde horretako idazkariorde izan baitzen 1918tik 1930 arte.
Muxika hedatzaile eta eragile izan zen batez ere. Jakintzaren zabaltzaile izan zen, eruditoen eta jende arruntaren arteko zubia eginez, betiere hizkuntza eta herri honetako kultura ardatz hartuta. Euskara erabiltzearen alde —eta txukun baina garbizalekeriarik gabe erabiltzearen alde— egin zuen, eta ederki erabili ere, kazetari idatzietan. Kontuan hartu behar da garai hartan oraindik euskaltzale eta euskalariek erdara —gaztelania Hegoaldean, frantsesa Iparraldean— erabiltzen zutela gehienbat beren idatzietarako. Gainera, ez ziren gutxi euskarari mezpretxua erakusten ziotenak.[1]
Hitzaldien bidea ere landu zuen. Gogoko zituen historia eta tradizioko gaiak, hala nola sorginak edo zezenzaletasuna. Baina gainera propagandista izan zen, mitinzalea nolabait, batez ere hizkuntza gatazkaren arloan. Euskal jai eta ospakizunetan, sarritan aurkituko dugu hizlari modura, batez ere Gipuzkoa eta Nafarroan. Berebiziko dohaina zuen era guztietako entzuleengana iristeko, haiengan arreta bizia piztuz. Idazkeran bezalaxe, ulerkorra eta argia hizkeraren aldetik, eta aldi berean su eta garra zeriola bihotzak ukitu ahal izateko.[1]
Heriotzak gerarazi zuen euskaltzale haren jardun nekaezina, 1931ko uztailaren 22an, 49 urte zituela.
Lanak
Gregorio Muxikaren uzta Euskalerriaren alde eta Euskal Esnalea aldizkarietan geratu da nagusiki.[1]
Narrazioa
- Lorak eta Ogia. Ipuia (1910, Valverde)
Antzerkia
- Naitasunez erein! (1930, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa)
Herri literatura
- Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak (1925, Iñaki Deuna)
Elkarrizketak
- Los titanes de la cultura vasca (1962, Auñamendi): garaikide zituen Euskal Herriko kultura gizon ospetsuenei 1917tik 1920 arte egindako elkarrizketak. Txomin Agirre, Telesforo Arantzadi, Aita Donostia, Karmelo Etxegarai, Juan Carlos Guerra, Arturo Campión, Pierre Lhande eta Julio Urkixo izan zituen, besteak beste, bere galdeketa zehatz eta zorrotzen gai. Pertsonaia horien erretratu bizia eman zigun, bakoitzaren giroa eta bizimodua ere jasota.[1]
Erreferentziak
- Elixabete Garmendia (1998): Gregorio Mujika: Euskalerriaren alde eta Euskal-Esnalea, Bidegileak bilduma, 11. zenbakia, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- Bernardo Estornés Lasa: «Gregorio Mugica Mugica», Auñamendi Eusko Entziklopedia.