Greenpeace
Greenpeace ingurumena babestu nahi duen nazioarteko erakundea da, Vancouverren (Kanada) 1971n sortua.[1] Herrialde hartako zenbait ekintzaile antinuklearrek, eta AEBen armadarekin Vietnamgo gudara ez joatearren Kanadan erbesteratutako kontzientzia-eragozle batzuek ekintza zuzen ugari egin zituzten, ez biolentoak, proba nuklearren aurka. AEBak Alaskako Amchitka izeneko uhartean proba egitear ziren, eta arrantza-ontzi zahar bat hartuta bertara joaten ziren, proba bertan behera uzten saiatu asmoz.[2]
Greenpeace | |
---|---|
Datuak | |
Mota | nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea, environmental organization (en) eta irabazteko asmorik gabeko erakundea |
Ideologia | Ekologismoa, Bakezaletasuna eta Ekintza zuzena |
Jarduera | |
Kide kopurua | 3.200.000 (2017) |
Eskumendekoak | Greenpeace France (en) , Greenpeace India (en) , Q88958809 , Greenpeace East Asia (en) eta Greenpeace USA (en) |
Enplegatuak | 5.898 (2021) |
Agintea | |
Zuzendaria | Ayesha Imam (en) eta Norma Torres (en) |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | fundazio |
Zeren jabe | MV Arctic Sunrise (en) , Rainbow Warrior III (en) , MV Sirius (en) , Argus (en) eta MV Solo (en) |
Ekonomia | |
Diru-sarrerak | 410.000.000 € (2020) |
Historia | |
Sorrera | 1971 (Don't Make a Wave Committee (en) ) |
Sortzailea | Irving Stowe (en) Dorothy Stowe (en) Jim Bohlen (en) Paul Côté (en) Robert Hunter (en) Ben Metcalfe (en) |
Sorlekua | Vancouver |
Ordezkatzen du | Don't Make a Wave Committee (en) |
Jasotako sariak | Free Your Mind (1994) Ozone Award (1991) |
webgune ofiziala |
Hedapena
Gaur egun mundu osoan 42 bulego ditu, eta Greenpeace Internationalek (egoitza Amsterdamen du) koordinatzen ditu guztiak. Diru-sarrerak mundu osoko 3 miloi bazkideengandik zein Gobernuz kanpoko erakundeen diru-laguntzetatik eskuratzen ditu. Greenpeacek ez du onartzen gobernuek edo enpresek emandako dirurik.
Lehentasunak eta kanpainak
Greenpeacek hainbat arazo nabarmentzeaz gain, gehiegizko arrantza edo energia nuklearraren mehatxuak besteak beste, konponbide alternatiboen alde borrokatzen du, itsasoko erreserben edo energia berriztagarrien alde esaterako.
Honako hauek haren egungo lehentasunak dira:
- klima aldaketa geldiaraztea[3]
- ozeanoak babestea (baleen arrantza eta sare luzeen erabilpena geldiaraztea)[4]
- azken baso primarioak kontserbatzea[4]
- bakea: arma nuklearrak bertan behera uztea[5]
- nekazaritza iraunkorra sustatzea (Ingenieritza genetikoaren kontra)[6]
- kutsagarri kimikoak desagerraraztea (ekipo elektronikoek eragiten dituztenak barne), horietako asko minbizia sortzen dutelako.[7]
Kanpaina horietako zenbait eztabaidatuak izan dira. Adibidez, itsas txakurren ehizaren aurkako kanpainek inuit herriak kinka larrian jarri dituela salatu da, euren bizimodu bakarra kendu egin zaielako. Euren kanpainak manipulatutako informazioz egin direla ere aipatu da [8].
Historia
Erakundea 1971n sortu zen, Alaskan egiten ari ziren proba nuklearren aurkako kanpaina baten ondorioz. Ekintzaileak garaiko erakunde kontserbazionisten aktibismo ezarekin ez ziren ados eta Greenpeace («Bake berdea») izeneko itsasontzia erosi zuten, proba nuklearren aurka ekintza zuzenak egiteko asmoz. 1970eko hamarkadaren erdialdean, baleen ehizaren aurkako kanpaina bati ekin zioten. Hastapen haietan, erakundeak antolakuntza maila apala zuen eta taldeak sakabanaturik zeuden.
1978tik 1985era Greenpeaceren ekintza ikusgarrienen protagonista Rainbow Warrior itsasontzia izan izan.
1991 arte, David McTaggartek erakundearen lidergoa eskuratu zuen, 1979an Greenpeace izenaren erabileraren inguruan auzi bat irabazi ondoren. Bere negozio ilunen gainbehera gertatu zenean Greenpeacen sartu zen. Kudeaketa eztabaidatsua izan zuen zuzendaritzan eman zituen urteetan zehar eta gehiegizko ordainsariak jasotzen zituela ere salatu zen.[9]
Bitartekoak
Haien kanpainak zehatz-mehatz planifikatzen dira eta oihartzun publiko handiena izatea bilatzen dute, ekintza zuena modu ikusgarrian erabiliz, bortizkeriarik gabe. Adibidez, ekintzaileak baleen atzetik doazen baleontzien tartean jartzen dira edota instalazio nuklearretan sartzen dira protestak egitera.
Desobedientzia zibileko ekitaldi horietan, Greenpeaceko itsasontziek paper esanguratsua jokatu dute, batik bat Rainbow Warrior I ("Ostadar Borrokalaria") kasu. 1985ean, Mururoa uhartean Frantziaren saio nuklearren aurka protestatzen ari zela, kroskoan Frantziako zerbitzu sekretuek eragindako leherketa zela medio, itsasontzia hondoratzeaz gain, Fernando Pereira argazkilaria hil zuten.[10]
Lobby politiko eta ekonomiko moduan ere funtzionatu du; 2000 urtean, esaterako, Shell enpresako akzio pakete zabal bat erosi zuen, enpresak ingurumenaren aldeko proiektuetan sartzea lortzeko.
Egitura
Egoitza nagusia Amsterdamen dago.[11] Erakundea bere bazkideen kuotez eta produktu zenbaiten salmentaz finantzatzen da; nazio erakundeek euren kuoten % 25 ordaindu behar diote Amsterdamen dagoen zentralari eta kanpaina ekologista orok zentralaren onespena jaso behar du.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Amchitka: the founding voyage» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/greenpeace-sortu-zuten-vancouver-hirian-kanadan
- (Ingelesez) «Climate» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- (Ingelesez) «Home» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- (Ingelesez) «Nuclear» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- (Ingelesez) «Food» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- (Ingelesez) «Consumption» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- Paul Watsonen hitzetan, egun Sea Sepherd Society elkarteko kidea baina Greenpeace erakundearen sortzaileetako bat izan zena: "ez du axola zer den egia, jendeak egiatzat duena baizik. Hedabideek definitzen zaituzten bezalakoa zara. Greenpeace mito bat bilatu zen, mitoak sortzeko makina bat. Ikus: (Ingelesez) The not so peaceful world of Greenpeace, 2010-07-30ean kontsultatua.
- (Ingelesez) Brown, Paul. (2001-03-26). «David McTaggart» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
- (Ingelesez) Paris, From Charles Bremner in. (2024-03-10). Mitterrand ordered bombing of Rainbow Warrior, spy chief says. ISSN 0140-0460. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
- (Ingelesez) «Offices» Greenpeace International (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
Bibliografia
- Bohlen J (2001) Making waves: the origin and future of Greenpeace. Black Rose Books, Montreal
- Connolly S (2009) Greenpeace. Franklin Watts books, London
- Foreman M, Morpurgo M (1997) Beyond the rainbow warrior: a collection of stories to celebrate 25 Years of Greenpeace. Pavilion Books, London
- Hunter R (2004) The greenpeace to amchitka: an environmental odyssey. Arsenal Pulp Press, Vancouver
- McCormick J (1995) The global environmental movement. Wiley, Oxford
- Warford M, Lama D (1997) Greenpeace witness: twenty-five years on the environmental front line. Andre Deutsch, London
- Weyler R (2004) Greenpeace: how a group of ecologists, journalists, and visionaries changed the world. Raincoast Books, Vancouver
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Greenpeace nazioarteko webgunea
- (Gaztelaniaz) Colaboracongreenpeace webgunea