Göteborg

Göteborg[1] (suedieraz: Göteborg, jœtəˈbɔrj ahoskatua) Suediako bigarren hiri handiena da, Stockholm hiriburuaren atzetik, eta iparraldeko herrialdeetako hirien artean bosgarrena. Västra Götaland probintziako hiriburua da. 2015eko erroldaren arabera 549.839 biztanle ditu baina metropoli eremuak 982.360 biztanle[2].

Göteborg
Göteborg
urban area in Sweden (en) Itzuli
Hiriaren irudiak Irudi gehiago
Administrazioa
Herrialdea Suedia
KonderriaVästra Götaland
Izen ofizialaGöteborg
Jatorrizko izenaGöteborg
Posta kodea400 10–418 79
Geografia
Koordenatuak57°42′27″N 11°58′03″E
Map
Azalera203,67 km²
Altuera12 m
Demografia
Biztanleria607.882 (2020ko abenduaren 31)
3.053 (2020)
Metropolia945.713
Dentsitatea2.632,44 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1621
Telefono aurrizkia31
Ordu eremuaEuropa Erdialdeko Udako Ordua, UTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakbaliorik ez
http://www.goteborg.se/

Etimologia

Göteborg izenak gauta leinuaren hiria suedieraz: Götar da, Gothiako (Suedia hegoaldeko) biztanleak ziren hauek. 2009an udalak logotipoa diseinatzerakoan ö zeinuari buelta eman zion Go:teborg ezarriz.

Geografia

Natura

Suediaren mendebaldeko kostaldean kokaturik dago, Kopenhage (Danimarka) eta Oslo (Norvegia) hiriburen arteko erdibidean. Göta ibaia itsasoratzen da bertan, Kattegat itsasoan hain zuzen ere. Hiriaren aurrealdean uhartedi bat dago baina gehienak uharte arrokatsu biluziak baino ez dira.

Metropoli eremua

Göteborgeko metropoli eremua hainbat herrik osatzen dute: Ale, Härryda, Kungälv, Lerum, Mölndal, Partille, Stenungsund, Tjörn, Öckero eta Kungsbacka herriek. Guztiak, Västra Götaland probintziakoak, azkenekoa izan ezik, Kungsbacka herria Halland probintziakoa baita.

Klima

    Datu klimatikoak (Göteborg)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 10 10 19 28 30 34 33 34 29 21 13 10 34
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 1 1 5 9 16 19 20 20 16 11 6 3 10.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -4 -5 -2 1 6 10 12 12 8 6 1 -3 3.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -26 -26 -19 -10 -4 1 6 2 -3 -7 -16 -22 -26
Pilatutako prezipitazioa (mm) 62 41 50 42 51 61 68 77 81 84 84 75 776
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 15 12 10 12 10 12 14 14 16 15 16 17 163
Eguzki orduak 40 71 126 182 241 266 243 220 143 94 58 38 1722
Iturria: climatedata[3]

Historia

Lödöse

Eremu hau aurrehistoriatik populatua izan da, Harri Aroko asentamentuak aurkitu baitira. Gaur egungo Götenborgen aurrekaria Lödöse izan zen, Göta ibaian 40 kilometro gora dagoena. Erdi Aroan kaia eta merkatal herria izan zen[4].

Norvegiarrek eta daniarrek ibaiaren ahoa erraz eskuratzen zutela ikusita 1473an Nya Lödöse (Lödöse berria) sortu zuten gaur egun Göteborgeko Gamlestan suburbioa dagoen tokian. Honek ere arazo ugari izan zituen eta Älvsborg gotorlekuaren babespean jarri behar izan zuten.

Göteborgen sorrera

XVII mendean Suedia inperio indartsua bihurtu zen eta kokapen estrategikoa zuela ikusita Gustavo II.a Adolfo erregeak 1621 urtean Götenborg hiria sortu zuen[5]. Horretarako diseinatzaile eta ingeniari herbeheretar, alemaniar eta eskoziarrak ekarri zituen. Hauek padura eremuak dreinatu eta hiria planifikatu zuten. Hiria beraz herbeheretarrek beren estilora eraiki zen, aurrez Amsterdam, Batavia (Jakarta) edo Amsterdam Berria (New York) egin zuten bezala[5]. Herbeheretarrek berehala lortu zuten botere politikoa eta 1652 arte suediarrek ez zuten alkatetza eskuratzerik izan. Eskoziarrek ere indarra bazuten, negoziogizon aberats bihurtu baitziren. Mende horretan bertan harresi sendoak eraiki ziren.

Aro modernoa: Hazkuntza garaia

1658ko Roskildeko Itunaren ondoren Suediak Halland probintzia daniarra eta Bohus konderri norvegiarra eskuratu zituen eta Göteborgek lasaitasun handia lortu zuen eta hazten hasi zen.

XVIII mendearen hasieran arrantza zen hiriaren ekonomiaren oinarria baina Suediako Ekialdeko Indiako Konpainia sortzerakoan loraldi ekonomiko handia izan zuen Txinara egindako espedizioetan ekarritako produktuekin[6].

XIX mendean hiria industrializatu egin zen eta populazioak nbabarmen egin zuen gora. 1800an 13.000 biztanle baziren 1900an 130.000.

Kultura

Kai garrantzitsua izanik Göteborgek izaera kultural handia dauka. Horren adierazle dira hirian dauden museoak eta antolatzen diren jaialdiak. Izan ere suediarrentzako turismogune garrantzitsua ere bada eta.

Eraikinak

Museoen artean aipagarriak dira Arte Ederren Museoa, Hiriko Museoa, Röhsska Museoa eta Munduko Kulturaren Museoa. Ibaiertzean Barken Viking itsasontzia dago ikusgai.

Aisialdiari begira baditu Hiriko Antzokia eta Opera Antzoki modernoa. Scandinavium erabileranitzeko pabiloia 1971 urtean eraiki zuten eta bertan musika kontzertuak, nazioarteko kirol lehiaketak, ikuskizun artistikoak eta erakusketak egiten dira.

Nazioarteko jaialdiak

Hainbat jaialdi kultural ospatzen dira hirian. Göteborgeko Zinemaldia Eskandinavia osoan egiten den garrantzitsuena da. Göteborgeko Liburu Azoka Europako bigarren handiena da Frankfurtekoaren ondoren. Musika jaialdiak ere izaten dira, esate baterako Pier Pressure eta Way Out West.

Kirolak

Hiriko kirol talde nagusia IFK Göteborg. Suediako futbol talde onenetakoa da, Malmö FF-rekin lehia gogorrean dabilena. Suediako 18 liga eta 7 kopa irabazi ditu, eta 1980. hamarkadan nazioartean ere bikain ibili zen, bi UEFA Kopa irabaziz eta Europako Kopako finalerdietara iritsiz 1986an eta 1993an.

Suediako futbol talde zaharrena ere Göteborgekoa da, Örgryte IS, 1887an sortu zena. 1896 eta 1928 artean 13 Liga irabazi zituen garai hartan Suediako talde arrakastatsuena izan zelarik. 1985ean lortu zuen hamalaugarrena eta 2000 urtean eskuratu zuen Kopa bakarra. Gaur egun ordea hirugarren mailan ari da jokatzen. Azken urteetan BK Häcken ere ondo ibili da, 2012an Liga irabaztear egon zen eta 2016an Kopa irabazi zuen.

1995eko atletismoko munduko txapelketa bertan jokatu zen. Maratoiko proban, Martin Fiz gasteiztar kirolaria izan zen txapeldun[7].

Ondasun nabarmenak

Herri eta hiri senidetuak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 157. araua: Europako hiriak. .
  2. «Folkmängd i riket, län och kommuner 31 december 2021 och befolkningsförändringar 1 oktober –31 december 2021. Totalt» web.archive.org 2022-03-18 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  3. Climatedata. Climate Stavanger. .
  4. (Suedieraz) Riksarkivet. «Riksarkivet - Sök i arkiven» sok.riksarkivet.se (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  5. «H�r skulle staden ligga - V�rt G�teborg» web.archive.org 2015-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  6. (Suedieraz) «1059-1060 (Nordisk familjebok / Uggleupplagan. 20. Norrsken - Paprocki)» runeberg.org 1914 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  7. SLU, Herritar Berri. (2018-05-24). «MARTIN FIZ» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  8. Mairie de Lyon. (2008). Partner Cities of Lyon and Greater Lyon. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.