Gorritiko gaztelua
Gorritiko gaztelua, hondar xume batzuk besterik gelditzen ez badira ere, 824 metroko Malkorraundi (Santa Barbara) mendiaren gailurrean egon zen kokaturik. Izena gotorlekuaren gainean eraikitako baseliza xumeak eman dio. Ekialdetik Gorriti herria bera eta Larraun haran alderako igarobidea menderatzen zen eta mendebaldetik Araxes harana malkar izugarri batean ("malkor haundi").[1]
Gorritiko gaztelua | |
---|---|
Gorritiko gaztelua. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Gorriti |
Koordenatuak | 43°03′06″N 1°57′40″W |
Arkitektura | |
Historia
Gorritiko Kontzejuak gazteluaren hondakinetan 2012an jarritako testua da honako hau:
"Larraun aldean gaztelu inportanteenetarikoa izan zen, mendien merindadearen barruan. Hauen merinoak aldi berean, gazteluaren alkaideak ziren.
1208. urtean lehenengo erreferentzia aurkituko dugu, Carcia Espinel tenentea izendatzen denean.
1259. urtean Ortizeko Martin alkaide qisa agertuko da. Orduz geroztik, amaigabeko arduradun zerrenda bat egongo da.
1321. urtean oinaztarrek okupatu zuten eta nahiz eta erresumaren merinoek berreskuratu, 2300 agunen ejerzito baten laguntzarekin, Beotibarko haizpitartean garaituak izan ziren. Bertan askok bizitza galdu zuten.
1429an emakume batek gobernatzen zuen gaztelua: Zarauzko Teresa, aurreko alkaidearen, Erasoko Migel Lopez alarguna. Urte horretan gaztelarrek okupatu eta gero, berriro naparrek berreskuratu zuten.
1444an Erratzkunsagastiko Martin Martinez alkaidea zen eta 1458an berriz Vianako Printzipearen agindupean Zurututzako Martin Migel. Dokumentuetan agertzen den azken alkaidea. 1454. urtean Leyzako Oixoa da. 1470. urteaz geroztik ez dira datu gehiagorik. Beaumondarren kontrolpean baitzegoen eta konkista eta gero deuseztatua eta abandonatua izan zen.
Gazteluak bi dorre zituen: Omenaldiarena, baselizaren azpian kokatzen zena eta beste bat, txikiagoa, hegoaldera begira zegoela, eta sugar torr izena hartu zuena. 1361. urtean tximista batek dorre nagusiaren zati handi bat birrindu zuen Ez oso urrun uraska zegoen eta murruaren ondoan, haritza eta pagondo egurrez egindako zaintzarien etxea eta bi garita."
Beotibarko gudurako lehen urratsa
1321 baino lehen, mugako liskarrak gertatzen ziren Gaztelako Erresumaren eta Nafarroako Erresumaren artean. Hartara, nafarrek, Lekunberri eta Gorrititik, Gaztelako Erresumaren mende zegoen Gipuzkoa eraso eta arpilatzen zuten. Era berean, gipuzkoarrek mugaz haraindiko eskualdeak ere erasotzen zituzten. Gipuzkoarrek Gorritiko gotorlekua berea zela aldarrikatuz Nafarroako erregeorde berriari itzultzeko eskatu zioten. Honek ezetz erantzun, eta gipuzkoarrek Gorritiko gaztelu hori hartu eta erraustu zuten. Hori zela eta, Anayko bizkondea eta orduko Nafarroako Erresumaren erregeordea zen Ponce Morentaynakoak soldadu talde bat prestatu zuen Tolosaldea erasotzeko. Gaskoi eta nafarrez osatutako talde hark Berastegi hartu eta erre zuen. Hortik Tolosara jo eta Beotibar izeneko haranean Larreako jauna zen Gil Lopez Oinazkoa, oinaztar gipuzkoarren buruzagia, topatu zuten. Gipuzkoarrek inguruko mendietan posizioak hartuta zituztenez, harriak botaz abangoardia banatu eta etsaia eraso zuten. Bururik gabe, nafarrek atzera egin zuten, eta galera asko izan zituzten.[2][3]
Diotenez 1450ean hamar gizonek zaintzen zuten gotorlekua eta uste da hiru dorre zeuzkala: 1) handia; 2) Sugar Torre izeneko txikiagoa, beharbada Balerdi mendiari begira zegoelako eta bertan, tradizioari jarraiki, Sugar (tximistaren jainkoa) herensuge mitologikoa bizi baitzen; eta 3) hirugarren dorrea segur aski sarrerako ataria izanen zen.[1]
Bertaratzea
Gaztelura bertaratzeko ohiko bidea Gorritiko herrigunetik abiatuta, Iturraskarri bideetako marka laranjei jarraituz garbitokia, hilerria eta autopista azpitik pasata uzten dira marka laranjak. Ezker-ezkerreko pista hartu eta pista hori jaisten hasten denean eskuinera doan bidetik aldapa pikotik igo behar da gailurreraino mendia eskuin aldetik inguratuta. Aldapan pago motz ikusgarriak dira, baita Ezurmendiko oroitarria ere. Tradizioak dioenez, oroitarriaren tokian lurperatuta daude Beotibarko guduan (1321ko irailaren 19an) hil ziren bi Merinotarrak.
Arribetik ere igo daiteke, baina bidea askoz luzeago eta aldapatsuagoa da.
- Pagoak
- Pagoak, azken aldapa
- Dorre txikiaren hondarrak
- Putreak
Bibliografia
- Xabier Irujo eta Larraitz Ariznabarreta (2021), Beotibar Zazpi mende geroago (1321-2021), Buenos Aires: Ekin.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «Iturraskarri herriz herri: Gorriti, Gorritiko gaztelu» Iturraskarri, bideak eta arraskak berritzeko egitasmo soziala (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
- Jonathan. (2007-09-19). «La Batalla de Beotibar» Historia de Guipúzcoa (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
- Estornés Lasa, Bernardo. «Beotibarko bataila - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).