Gonzalo Manso de Zúñiga
Gonzalo Manso de Zúñiga Txurruka (Haro, Errioxa, 1902ko irailaren 25a - Donostia, Gipuzkoa, 1982ko urtarrilaren 14a) Errioxako idazle eta argitaratzailea izan zen.
Gonzalo Manso de Zúñiga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Haro, 1902ko irailaren 25a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Donostia, 1982ko urtarrilaren 14a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Biografia
Marrazki eta Arkitekturako ikasketak egin ondoren, Zuzenbidekoak amaitu zituen, Valladoliden eta Madrilen.
Euskal historiaz, etnografiaz eta folkloreaz arduratuta, Euskal Herriko bazter guztietan ibili zen materiala jasotzen.
1944. urtean, Peñafloridako kondearekin, Alvaro del Valle Lertsundi, Amadeo Delaunet, Jose Mujika, Ciriquiáin Gaiztarro eta Joaquín Irizarrekin batera, Euskalerriaren Adiskideak elkartea berriro antolatu zuen. Elkarte horretako sail batzuetako kide izan zen (Aranzadi, Gipuzkoako Erretratugileen Elkartea, Francisco de Ibero Institutua...).
1950. urtean, Donostiako San Telmo Museoko zuzendari izendatu zuten. Museo horretako hainbat piezari buruzko monografiak eman zituen argitara: El suondoko, Muebles populares vascos, Piezas de Pasajes, Estelas discoidales, Historia del Museo, Las arcas de caballos, La Laya eta San Telmo (1976).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.