Golko Saronikoa
Golko Saronikoa[1] (grezieraz Σαρωνικός κόλπος, Saronikós kólpos) Greziako ekialdeko kostaldeko golko zabal bat da, Egeo itsasora irekia eta Korintoko istmoaren ekialdeko muturra zehazten duena. Atenaseko hiriguneak inguratzen du golko honen ipar-ekialdeko kostaldea eta Pireoko portua zein Eleftherios Venizelos Nazioarteko Aireportua golkoaren ipar-ekialdeko ertzean daude.
Historia
Bere izena Saron errege mitologikoaren izenetik dator, Psifaei (gaur egun Psifta) lakua zeharkatzen ito zena. Golko Saronikoa Avernorako sei sarreren sail bat zela uste zen, horietako bakoitza gaizkile edo lapur bezala azaltzen zen etsai ktoniko batek zaindua.
Bertako uretan, K. a. 480an Salaminako gudua gertatu zen, Europaren garapena egundaino aldatu zuena.
Antzinaroan Cencreaseko portua bertan zegoen.
Geografia
Golko honetan zenbait uharte garrantzitsu daude, Saroniko uharteak bezala ezagutzen direnak, Egina, Salamina eta Poros kasu, Patroklou eta Vleves bezalako uharte txikiagoez gain.
Hondartzak ugariak dira bertako kostaldearen zati handi batean, Porosetik Epidaurora, Galatakitik Kinetara eta Megaratik Eleusisera doazen zatietan, El Pireotik Anavyssosera doan zatiaz gain.
Golkoaren barnealdeko sarguneen artean Faleroko badia, Falerotik gertu, Atenasetik hego-mendebaldera, Eleusiar badia Eleusisen, iparraldean eta Kechrieseko badia ipar-mendebaldean daude. Golkoaren hondoan Korintoko kanalaren ekialdeko muturra dago, istmoa zeharkatu eta Korintoko golkoarekin lotzen duena.
Golko honetan itsasoratzen diren ibairik garrantzitsuenak Loutro eta Zefiso dira.
Golkoak zenbait birfindegi ditu iparraldeko zatian, Korintoko ekialdea, Agioi Theodoroiko mendebaldea, Eleusis, Aspropyrgos, Skaramangas eta Keratsini barne. Bere ekoizpen totala Greziako altuenetako bat da eta Atenas eta gainontzeko Greziako ekoizpenaren zatirik handiena egiten dute, petrolioaren zati bat esportaziorako erabiliz.
Golkoan zenbait itsasbide daude, bereziki Korintoko kanalera iristeko Perama eta Salaminaren arteko itsasartea zeharkatzen duena.
Geologia
Falla lerroak nagusi dira bereziki ipar-mendebaldean. Methanako sumendiak hego-mendebaldean daude Kromyoniarekin batera, Korintoko istmoan, Eginan eta Porosen.
Golko honek richter eskalan 4,9 gradutara iritsi zen lurrikara bat jasan zuen 2005eko urtarrilak 4an. Lurrikarak Egina eta Nauplia astindu zituen, eta, beranduago, Kalamatara iritsi zen. Arratsaldeko 16:00etan (UTC) gertatu zen, 18:00etan (tokiko ordua).