Goizueta
Goizueta[3] ([gois̻ueta]; Goizuta [gois̻uta] bertako hizkeran) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da. Leitzaldeko eskualdean dago, Iruñeko merindadean. 747 biztanle zituen 2014. urtean.
Goizueta | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||||||||||
Goizueta udalerriko ikuspegi orokorra | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||||||||||
Merindadea | Iruñea | ||||||||||
Eskualdea | Leitzaldea | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Nafarroa | ||||||||||
Izen ofiziala | Goizueta | ||||||||||
Alkatea | Unai Loiarte (Bildu) | ||||||||||
Posta kodea | 31754 | ||||||||||
INE kodea | 31117 | ||||||||||
Herritarra | goizuetar | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 43°10′16″N 1°51′51″W | ||||||||||
Azalera | 8,86 km² | ||||||||||
Garaiera | 150 metro | ||||||||||
Distantzia | 71 km (Iruñetik) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 708 (2023: 14) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 7,9 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 38,79 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 38,96 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 72,28 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 8,98 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1][2] | % 92,10 (2018: %-2,74) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.goizueta.eus |
Izena
Ustez, udalerriak Zubi Handi zubiari zor dio izena: zubi horrek Urumea ibaiaren bi bazterrak lotzen ditu, bai eta ibaiak banatzen dituen Goizuetako bi alderdiak ere. Izena honako osagai hauen elkarketatik dator: goi + zubi + -eta (leku atzizkia). Horrela, Goizueta izenaren esanahia "goiko zubiaren lekua" bide da.
Bertakoen hizkeran Goizuta ahoskatzen da.
Geografia
Klima
Goizuetako Artikutza auzoan, itsasoaren mailatik 313 metrora, Nafarroako gobernuak 1954ean jarritako estazio meteorologikoa dago.[4]
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Ikusi edo aldatu datu gordinak.
Udalerri mugakideak
Iparraldean, Errenteria (Gipuzkoa) eta Oiartzun (Gipuzkoa); hegoaldean, Leitza, Ezkurra, Eratsun, Beintza-Labaien eta Zubieta; mendebaldean, Arano, Hernani (Gipuzkoa), Elduain (Gipuzkoa) eta Berastegi (Gipuzkoa); eta ekialdean, Lesaka eta Arantza.
Auzoak
Goizueta zazpi auzok osatzen dute: Aitasemegi, Alkainzuriain, Alkasoaldea, Artikutza, Espidealdea, Goizueta (herriburua) eta Tartazu.
Artikutza
Udalerriaren parte da, baina Donostiako Udala, 1919. urtetik, haren jabea da. Artikutzara iristeko bidea, berriz, Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoetatik abiatzen da. Esparru natural eder horrek 37 hektarea hartzen du, 6 milioi zuhaitz inguru dituen baso zabalarekin.
Bestalde, Artikutzako urtegia edo Enobietakoa 1947 eta 1953 bitartean eraiki zuten. Gaur egun, zaharkitua geratu denez, Añarbekoak ordezkatu du.
Historia
Erdi Aroa
1430. urtean gaztelarrek herria erre egin zuten, eta horren ondorioz, hamar urtez gaztelar erregeak ez zuen bertan koartelik ezarri. 1440. urtean, dorrea eta gotorlekua eraikitzeko petxatik aske gelditu zen. 1451n, Karlos Zabaleta Otsoa Lopizko jauna ageri da herriko gotorlekuko kapitain eta agintari; horren agindupeko lurrak Bortzirietaraino hedatzen ziren.
1468an, Goizuetarrek gaztelar erregeari 20 arditeko petxa ordaintzen zioten. Leonor printzesak lurrak Orreagako monasterioari eman zizkion, betiere, abadeak bertakoei udalerriko lursailetan eta Anizlarrean lurra lantzeko eta egurra biltzeko baimena ematen bazien. 1630. urtera arte, Goizueta udalerriak Arano herria bere jurisdikziopean eduki zuen.[5]
Sorginkeria
1609an, Goizuetan sorginkeria auzi bat gertatu zen. Kasu hartan, Katalina Alduntzin eta haren semea, Goizuetako bikarioaren eta erretorearen senideak, ohorearen kontrako laido eta irainengatik kereilatu ziren Johanes Zubillagaren eta Magdalena Leitzaren aurka. Bi horiek Katalinari eta haren semeari sorginak izatea egotzi zieten. Epaimahaiak Johanes Zubillaga eta Magdalena Leitza bi urteko erbestera kondenatu zituen.
Demografia
Goizuetako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko hamar etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %1,23 (Nafarroako batez besteko kopuruaren azpitik).
Biztanleriaren banaketa
Auzoak | Biztanleria (2014) |
---|---|
Aitasemegi | 64 |
Alkainzuriain | 28 |
Alkasoaldea | 43 |
Artikutza | 3 |
Espidealdea | 44 |
Goizueta | 553 |
Tartazu | 12 |
Politika
Udal hauteskundeak
2007an, Eusko Abertzale Ekintzako Miguel Jose Lekuona Salaberria aukeratu zuten alkate. Udaletxeko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen, gehiengo absolutoa. Baliogabeko botoak hiru izan ziren (emandako guztien % 0,51) eta boto zuriak, lau (botoen % 0,68). Abstentzioa % 20,89koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Eusko Abertzale Ekintza | 292 | 4 |
Elkartasuna | 288 | 3 |
2011n Bildurena izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra. 448 boto, zazpi zinegotziak eta alkatetza (Pablo Miranda Tabernarentzat) erdietsi zituen.
Udaletxea
- HELBIDEA: Udaletxe plaza, z/g
Azpiegitura eta garraioak
Ceferino Apezetxea eta Semeak autobus konpainia arduratzen da Hernani eta Goizueta bitarteko lineaz. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:
Bigarren linea batek Goizueta eta Leitzako udalerriak elkartzen ditu.
Kultura
Euskara
Goizueta[9] udalerriko biztanleen % 94.84 euskalduna da.[10] Iparraldeko goi nafarreraren barnean sailkatzen da, Leitzaldeko euskaran[11] hain zuzen. Kanpotarrei goizuetarren hizkeratik deigarrien egiten zaien ezaugarria haren azentuazioa da. Doinu berezi horretan hitz egiten dutenen artean daude Jose Mari Bakero futbolaria, Patziku Perurena idazlea, Mikel Elizegi umorista eta telebista aurkezlea edota Asier eta Aimar Olaizola pilotariak. Goizuetako euskararen azentuazioak Oiartzungo euskararen antz handia du. Hona hemen Goizuetako euskarari buruzko hainbat webgune:
- Goizuetako hizkera eta azentuazio berezia entzungai. Ahotsak.com
- Goizuetako hizkera adierazkorra: biraoak. Peio Kamino Kaminondo, Patxi Salaberri Zaratiegi eta Juan Jose Zubiri Lujanbio. Fontes Linguae Vasconum. 2005.
- Goizuetako azentuera. Jose Ignacio Hualde eta Oihana Lujanbio.
1869an Luis Luziano Bonapartek Goizuetako euskara iparraldeko goi nafarreran sailkatu zuen, eta horren barnean, Gipuzkoako azpieuskalkian eta Irungo aldaeran. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok erabat euskaldun ziren udalerrien zerrendaren barnean sartu zuen (Hainbat egile: "G. H. L. V.", Auñamendi., 1960, 44-60. orr.). Julio Altadill historialariak zioenez, "los naturales del país hablan casi exclusivamente vascuence, a tal punto que serán muchos, especialmente las mujeres, que no conocen otra lengua" ("bertakoak ia-ia euskaraz soilik mintzo dira, hainbeste non, emakumeek batez ere, ez dakite beste hizkuntzarik") (Altadill: Geografía general de País Vasconavarro. Provincia de Nabarra, Bartzelona, 178. orr.).[12]
Musika
- Zahagi dantza. Goizuetan Inauterietan dantzatu ohi den dantza herrikoia.
- Goizuetako 2009ko Zahagi Dantzaren bideoa ikusgai.
- Berdabioko Semea, Goizuetan edo Trabukoren kanta: Elama auzoko Berdabio baserriko gizon baten egiazko istorioa kontatzen duen kopla-sorta, Resurreccion Maria Azkuek bere kantutegian jaso eta Mikel Laboa kantariak Euskal Herri osoan ezagutzera emandakoa.
Literatura
- Goizuetako ezkongaiak (1979), Gotzon Garateren eleberria herri honetan girotuta dago.
- Goizuetan bada gizon bat (2010), Goizuetan sortutako Patziku Perurenaren saiakera-lana. Laboak kantatutako koplen atzean dagoen egiazko istorioa xeheki kontatzen du, urte askotako dokumentazio-lanari esker. Horrekin batera, Goizuetaren eta goizuetarren historia bat ere bada.
Jaiak eta ospakizunak
Goizuetako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Ama Birjinetan. Ospetsua da inauterietan herriko neska-mutilek dantzatu ohi duten Zahagi dantza.
Ondasun nabarmenak
- Goizuetako eliza
- Goizuetako udaletxea
- Goizuetako zubia
- Ibero dorretxea: XIV. mendeko eraikina, Leitzako lursailetan egon arren, Goizuetako herrigunetik Leitzako mendatera doan errepidean 2 kilometro eskasetara dago.
Goizuetar ospetsuak
- Isidro Uharte (1744-1824), enpresaburu eta arkitektoa, eta Agustin Iturbide Mexikoko lehen enperadorearen aitaginarreba.
- Andres Narbarte "Xalto" (1927-1971), Bertsolaria. Herriko eskolak haren izena du.
- Juan Bautista Perurena (1929-2017), artzain, ikazkin eta bertsolaria.
- Juan Perurena (1930-2010), bertsolaria.
- Pello Apezetxea Zubiri (1932-), Etxalarko apaiza, etnografoa, etnologoa, kultura ekintzailea, idazlea eta ohorezko euskaltzaina.
- Manolo Arozena (1949-), bertsolaria.
- José Manuel Etxeberria Salaberria (1952-), futbolaria.
- Dionisio Txoperena (1954-2006), Ameriketara joandako artzaina, AEBetako publizitate kanpaina batean azaldu zelako famatua.
- Xanti Bakero (1958-), futbolaria.
- Lurdes Huizi (1958-2020), irakasle eta zuzentzailea.
- Patziku Perurena (1959-), euskal idazlea eta etnografoa.
- Jose Maria Bakero (1963-), futbolaria, futbol entrenatzailea eta kirol esataria.
- Julen Salaberria (1967-), pilotari ohia.
- Mikel Elizegi (1969-), telebista aurkezlea.
- Ixiar Bakero (1969-), futbolari ohia.
- Juantxo Apezetxea (1971-), pilotaria.
- Jon Bakero (1971-), futbolari ohia.
- Asier Olaizola (1975-), pilotaria.
- Aimar Olaizola (1979-), pilotaria.
- Amaia Lujambio (1982-), biologoa eta ikerlaria.
- Jon Apezetxea (1988-), pilotaria.
- Iker Salaberria (1999-), pilotaria.
Herri senidetuak
- Antzin (Nafarroa) - 2012ko maiatzaren 26an sinatu zen senidetzeko akordioa Antzingo Txondorraren III. egunean. Akordioa garai batean bi herriek ikazkintzarekin izan zuten harremana dela eta sinatu zen.[13]
Ikus, gainera
- Nafarroako udalerrien zerrenda
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
- Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
- http://www.euskomedia.org/aunamendi/74916/48796?q=goizueta&numreg=1&start=0 Goizueta. Auñamendi Entziklopedia.
- «Cestau Zabaleta, Joakina - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- «Goizuetara astoz edo zaldiz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- «Goizueta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- http://www.ahotsak.com/goizueta/ Goizueta. Ahotsak.com
- «Leitzaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- http://www.euskomedia.org/aunamendi/74916/48783?q=goizueta&numreg=1&start=0 Goizueta. Hizkuntza. Auñamendi Entziklopedia.
- http://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/tierra_estella_valdizarbe/2012/05/29/ancin_goizueta_recordaron_pasado_comun_carboneros_81790_1006.html
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Goizuetako udala. Goizuetako udalaren webgunea.
- Donostia-Artikutza. Donostiako Udalaren webgunea, Artikutzari buruzkoa.
- Behelainoa oihanean, Argia.com webguneko artikulua.
- (Gaztelaniaz) Goizuetari buruzko informazioa, Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Herriaren ikuspegia, Hernanirako errepidetik. Google Maps.