Gogo-gorputz dualismoa

Gogoaren filosofian gogo-gorputz dualismoak fenomeno mentalak fisikoak ez direla [1] edo adimena eta gorputza beraien artean desberdinak eta bereizgarriak direla defendatzen du[2]. Beraz, gogamenaren eta materiaren arteko harremanari buruzko ikuspegi multzo bat biltzen du, baita subjektuaren eta objektuaren artekoa ere, eta beste jarrera batzuekin kontrajartzen da, hala nola, fisikalismo edota enaktibismoarekin. [1][2]

René Descartesen dualismoaren ilustrazioa. Zentzumen-organoek sarrerak garunaren epifisira transmititzen dituzte eta handik materiazkoa ez den espiritura.

Aristotelesek Platonen arima anitzen ikuspegia partekatzen zuen, eta antolamendu hierarkiko bat garatu zuen landareen, animalien eta pertsonen funtzio bereizgarriei zegokiena: hirurek partekatzen duten hazkuntza eta metabolismoaren arima nutritiboa; pertsonek eta beste animaliek soilik duten minaren, plazeraren eta desiraren pertzepziozko arima; eta arrazoiaren ahalmena, pertsonek bakarrik daukatena. Ikuspegi honetatik, arima organismo bideragarri baten forma hilomorfikoa da, zeinetan hierarkiaren maila bakoitza aurreko mailaren substantziari formalki gainjartzen zaion. Aristotelesen arabera, lehen bi arimak, gorputzean oinarrituta daudenak, organismo bizidunaren heriotzarekin batera hiltzen dira,[3] hilezkorra nahiz iraunkorra den adimenaren alde intelektiboa mantentzen den bitartean.[4] Platonentzat, ordea, arima ez dago gorputz fisikoaren menpe; metempsikosian sinesten zuen, arimaren migrazioa beste gorputz fisiko batera.[5] Filosofo batzuek teoria hori erredukzionismotzat hartu dute, aldagai multzo handiak alde batera uzteko joera ahalbidetzen baitu, adimenarekin edo gorputzarekin duten ustezko lotura dela-eta, eta ez, aldiz, aztertutako fenomeno bat azaltzeko edo iragartzeko orduan duten benetako balioagatik. [6]

Dualismoa oso lotuta dago René Descartesen (1641) pentsamenduarekin, zeinaren arabera adimena substantzia ez-fisikoa eta, beraz, ez-espaziala den. Descartesek adimena kontzientziarekin eta autokontzientziarekin identifikatu zuen, eta hau garunetik bereizten zuen adimenaren egoitza gisa. [7] Hori dela eta, lehena izan zen gogo-gorputzaren auzia gaur egun ezagutzen den bezala formulatzen. [8] Dualismoa hainbat monismo motarekin kontrajartzen da. Hortaz gain, substantzien dualismoa materialismoaren forma guztiekin kontrajartzen da; propietate-dualismoa, ordea, materialismo emergentearen edo fisikalismo ez-erreduktiboaren formatzat har daiteke zentzu batean.

Motak

Dualismo ontologikoak existentziaren izaerari buruzko konpromiso bikoitzak hartzen ditu gogamenari eta materiari dagokienez, eta hiru mota desberdinetan bereiz daiteke:

  1. Substantzien dualismoak adimena eta materia funtsean substantzia mota ezberdinak direla baieztatzen du. [1]
  2. Propietateen dualismoak bereizketa ontologikoa gogamenaren eta materiaren propietateen arteko desberdintasunetan dagoela iradokitzen du. [1]
  3. Predikatuen dualismoak predikatu mentalak predikatu fisikoetara murrizteko ezintasuna baieztatzen du. [1]

Substantzia edo dualismo kartesiarra

Substantzien dualismoa edo dualismo kartesiarra bereziki René Descartesek defendatutako posizio dualista da. Teoria honek bi oinarri edo substantzia mota daudela defendatzen du: batetik, mentala eta, bestetik, fisikoa. [7] Substantzia mentala gorputzetik kanpo existitu daiteke, harekiko independentea da. Substantziaren dualismoak garrantzia historikoa du gogo eta gorputzaren auzi ospetsuari buruzko gogoeta ugari sortzea ahalbidetu baitu.

Substantzia-dualismoa arima hilezkorrek mundu fisikotik at dagoen eta honekiko independentea den eremu bat osatzen dutela defendatzen duten teologia gehienekin bateragarria da. [1] Dualismo kartesiarrari buruzko egungo eztabaidetan, filosofoek, Descartesen posizio dualistarekin alderatuta, erradikaltasun maila baxuagoa daukaten teoriak proposatzen dituzte. Esaterako, William Haskerren Emergent Dualism[9] deritzon posizioa Descartesen substantzia-dualismoa baino erakargarriagoa da hainbat filosoforen ustetan, Haskerren dualismo emergenteak biologia ebolutiboarekin bat egiten duelako, besteak beste.

Propietate-dualismoa

Propietateen dualismoaren arabera, bereizketa ontologikoa gogamenaren eta materiaren propietateen arteko desberdintasunetan dago eta, horien kontzientzia ezin da neurobiologiara eta fisikara ontologikoki murriztu baieztatzen du. Teoria honen arabera, materia modu egokian antolatzen denean (hau da, giza gorputz biziak antolatzeko moduan), propietate mentalak sortzen dira. Beraz, materialismo emergentea delakoaren azpiadar bat da.

Fisikalismo ez-erreduktiboa propietateen dualismo mota bat da, zeinak adimen-egoera guztiak egoera fisikoetara kausalki murriztu daitezkeela defendatzen duen. Donald Davidsonek defendaturiko monismo anomaloaren teoria litzateke horren argudio bat. Davidsonen arabera, gertaera mentalak gertaera fisikoen berdin-berdinak direla adierazten den arren, gertaera mentalen arteko erlazioak ezin dira deskribatu legeak araututako kausa-erlazioen bidez.[10] Beste argudio bat John Searle-k, naturalismo biologiko deritzonaren defendatzaileak, jartzen du mahai gainean. Haren iritziz, nahiz eta egoera mentalak egoera fisikoetara ezin diren ontologikoki murriztu, kausalki, aldiz, erreduzitu daitezke.[11]

Epifenomenalismoa

Epifenomenalismoa propietate-dualismo forma bat da, zeinak defendatzen duen egoera mentalek ez dutela inolako eraginik egoera fisikoetan; hots, biak dira ontologikoki nahiz kausalki erreduziezinak. Dualismo mota honen arabera, materiazko kausek sentsazioak, asmoak edota ideiak, besteak beste, eragiten dituzten arren, fenomeno mentalek, ordea, ez dute gaitasunik fenomeno fisikoak sortzeko, kausazko irteerarik gabeko kalezuloak dira. Teoria hori interakzionismoaren jarrera filosofikoarekin kontrajartzen da, zeinak defendatzen duen kausa mentalek ondorio materialak eragin ditzaketela, eta alderantziz.[12]

Predikatu-dualismoa

Predikatu-dualismoa fisikalismo ez-erreduktiboaren baitan kokatzen diren Donald Davidson edota Jerry Fodor gisako fisikarien eskutik garatutako ikuspegia da. Substantzien nahiz substantzien ezaugarrien kategoria ontologiko bakarra egon arren (fisikoak, oro har), gertaera mentalak deskribatzeko erabiltzen ditugun predikatuak ezin dira azaldu hizkuntza naturaletako predikatu fisikoen arabera edo horietara murriztuta.[13][14]

Teoria hau predikatuen monismoaren teoriaren ukapen gisa definitu ohi da, materialista ezabatzaileek defendatutako ikuspegitzat har daitekeena. Haien aburuz, sinetsi, desiratu, pentsatu edota sentitu gisako predikatu intentzionalak denborarekin ezabatu egingo dira hizkuntza zientifikotik nahiz hizkuntza arruntetik, horiek erreferitzen dituzten entitateak ez baitira existitzen. Predikatu-dualismoaren jarraitzaileek, honen aurrean, "herri-psikologia" deritzona, bere jarrera proposizionalen esleipen guztiekin, giza adimenaren jokaera zein egoerak deskribatu eta ulertzeko jarduera ezabaezina dela diote.

Erreferentziak

  1. Hart, W. D. 1996. "Dualism." Pp. 265–67 in A Companion to the Philosophy of Mind, edited by S. Guttenplan. Oxford: Blackwell.
  2. Crane, Tim; Patterson, Sarah. (2000). History of the Mind-Body Problem. New York: Routledge (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  3. Aristotle. [c. mid 4th century BC] 1924. Metaphysics (Metaphysica), edited by W. D. Ross. Oxford: Oxford University Press, 2 vols.
  4. Aristotle, De Anima III:
  5. (Ingelesez) Oxford Classical Texts: Platonis Opera, Vol. 1: Tetralogiae I–II. Oxford University Press  doi:10.1093/actrade/9780198145691.book.1. ISBN 978-0-19-187520-5. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  6. «Reductionism in Biology» Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  7. Robinson, Howard. [2003] 2016. "Dualism" (rev.). The Stanford Encyclopedia of Philosophy, edited by Edward N. Zalta.
  8. Descartes, René. [1641] 1984. "Meditations on First Philosophy." Pp. 1–62 in The Philosophical Writings of René Descartes 2, translated by J. Cottingham, R. Stoothoff, and D. Murdoch. Cambridge: Cambridge University Press.
  9. Hasker, William. (2015). The emergent self. ISBN 978-1-5017-0287-7. PMC 985885787. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  10. Davidson, Donald. (2001). «Mental Events» Essays on Actions and Events (Oxford University Press)  doi:10.1093/0199246270.001.0001/acprof-9780199246274-chapter-11. ISBN 978-0-19-924627-4. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  11. Searle, John. [1983] 2002.
  12. Robinson, Howard. 2003.
  13. Davidson, Donald. 1980.
  14. Fodor, Jerry. 1968.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.