Godofredo Nafarroakoa

Godofredo edo Godofre Nafarroakoa (13941428) nafar handikia izan zen, Cortesko kondea Nafarroako mariskala izandakoa.

Godofredo Nafarroakoa

Nafarroako mariskal

1413 - 1424
Leon Nafarroakoa - Filipe I.a (Nafarroako mariskala)
Bizitza
Jaiotza1394
Herrialdea Nafarroako Erresuma
Heriotza1428 (33/34 urte)
Familia
AitaKarlos III.a Nafarroakoa
LeinuaEvreux leinua
Jarduerak
Jarduerakaristokrata eta ofizierra
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEhun Urteko Gerra

Biografia

Karlos III.a Nafarroakoak Teresa bere maitalearekin izandako seme naturala izan zen. Godofredo, Diego Barasoaingoa haurtzain izan zuena, Petri Peritz Arretxek zuzentzen zuen Iruñeko Gramatika estudioan hezi zuten. Sasikumearekin batera, Tristan eta Matxin ikasi zuten, Karlos Beaumontekoa erresumako alferez eta Piarres Peraltakoaren seme naturalak, hurrenez hurren.

1406an, bere aitak, Lantzelot bere anaiordea ez bezala, "sekularra izatea" («sya seglar»)[1] erabaki zuen, bere aita eta jaun naturala funtzio politiko-militarretan zerbitzatzeko. Horretarako, urtean Juan Martinez de Eusak administraturiko 700 liberako soldata bat eman zion.

1410ean lehen misio inportanterako erabili zuen. Martin Gizatiarra Aragoiko erregea ondorengorik gabe hil eta Caspeko hitzarmenean Fernando Antequerakoa errege berri bezala hautatua izan ondoren, Jakue II.a Urgelgo kondeak (hau ere hautagaia zena) ez zuen aukeraketa onartu. Balaguerreko gazteluan gotortu eta Karlos III.ak bere semea bidali zuen errege berriaren alde bere aurka borrokatzeko.

1411n, Martin II.a Enrikez Lakarrakoa hil zenean, zaldun armatu eta Erresumako mariskal izendatu zuten. Titulu honekin egingo zuen lehen espedizioa Karlos VI.a Frantziakoa Languedocen laguntzeko izan zen, bertara 200 soldadu eta 200 baleztarirekin batera joanez.[2]

1413ko ekainean, erregeak Atondo eta Artzibarreko errentak eman zizkion, besteak beste. Buñuelgo tokiko zerga, errenta eta lur guztien betiko dohaintza ere egin zion, eta baita Ribaforadako "cena del rey" izeneko zerga ere.

1414, urtearen hasieran, erregeak, Cortesko hiribildua eman zion, konde izendatuz, baita Carcar ere. Nafarroako erregearen ordezkaritzaren buru gisa, Zaragozara joan zen, Fernando Antequerakoaren koroaziora hain zuzen ere. Ondoan Arnaldo Lüküzekoa, Joan Etxautz Baigorriko bizkondea, Oier Maulekoa, Gilen Arnaldo Santa Mariakoa, Beltran eta Joan Ezpeletakoa, Martin III.a Enrikez Lakarrakoa Erriberako merioa eta Piarres Bergarakoa erregearen maisuhostala izan zituen.

1415ean Godofredo Bearnen zegoen, Joanes I.a Foixkoa Foixko kondeari Bernard VII.a Armagnacekoarekin zuen borrokan laguntzen. Handik gutxira, Teresa Ramirez Arellanokoarekin ezkondu zen.[1] Hau Karlos Ramirez Arellanokoa handikiaren eta Konstantza Sarmientokoaren alaba zen.[3] Ezkontza honi esker, aitak Nafarroako Erresuman zituen toki, hiribildu eta gaztelu guztiak, baita lurrak, eskubideak eta errentak ere, Cortesko konde-kondesaren esku utzi zituen.[4] Karlos III.ak Sorlada, Burguillo, Asarta, Acedo, Villamera, Allin eta Doneztebeko kontzejuen petxak ematen zizkion, baita Iruxorenak ere, Caparrosoko petxa "arrunta", Tuterako aljamakoak, Kaseda eta Galipentzukoak ere. Ezkontideek Zuria izeneko alaba bat izan zuten, Pedro de Mendoza gotorlekuarekin ezkonduko zena, Almazán, Monteagudo eta Cascanteko laugarren jauna eta Henrike IV.a Gaztelakoa erregearen zaindari nagusia.[2] 1416an Karlos III.ak Cascanteko gaztelua eman zion.

Zoritxez ez zen Joan II.aren gustukoa izan, itxuraz bere gaztelar politika babestu ez zuelako, eta, beraz, erresumatik bota eta 1428an bere ondasunak konfiskatu zizkioten. Hala ere, bere emazteak Nafarroan jarraitu ahal izan zuen eta konde-titulua mantendu zuen. Bere semea, Karlos Corteskoa, erregearen kontra ere lerrokatu zen Karlos IV.a Nafarroakoaren alde eginez. Nafarroako Gerra Zibilaren garaian, Nafarroako Zuria II.a erreginak anaiari Godofredori inposaturiko zigorra konpontzeko eskatu zion.[5]

Yanguas eta Mirandak honela esan zuen:

« Mosen Godofredok alaba bat izan zuen, dirudienez 1442an Nafarroan hil zena, Vianako printzeak, urte honetan, "las honores et enterrorio de la fija de nuestro amado tío Mosen Godofre de Navarra, por tiempo conte de Cortes" gastua ordain zezala agindu zuelako. Badirudi Karlos Corteskoa izeneko seme bat ere izan zuela, Vianako Printzeak berak 1459an hiru urte lehenago Karlos Corteskoa bere lehengusuari Huarte-Arakilgo errota eta labea saldu zizkiola esan baitzuen  »

—José Yanguas y Miranda[6]

Erreferentziak

  1. Castro Álava 1979, 14 orr. .
  2. Castro Álava 1979, 15 orr. .
  3. Yanguas Miranda 1840, 273 orr. .
  4. Diago Hernando 2007, 536 orr. .
  5. Barreda y Acedo-Rico 2003, 273-274 orr. .
  6. Yanguas Miranda 1840, 11 orr. .

Bibliografia

Kanpo estekak



Aurrekoa
Leon Nafarroakoa

Nafarroako mariskal
Martin II.a Enrikez Lakarrakoa

1413-1424
Ondorengoa
Filipe Nafarroakoa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.