Go

Go jokoa duela 2500 urte baino gehiago Txinan sortutako jokoa da. Jatorria ez dago argi, baina hedatuen dagoen elezaharrak kontatzen du Shun Enperadoreak seme tentela izan zuela eta joko hau asmatu zuela bere gogamena berpizteko.[1]

Go Partida bat hasita

Gaur egun oso zabalduta dago ekialdean, bai Txinan, bai Japonian eta Korean, non jokalari profesionalak dauden. Mendebaldean Japoniako nomenklatura (Go jokoa) erabiltzen den arren, hauetako herrialde bakoitzean jokoaren izena desberdina da: Txinan Wei Chi deitzen da, eta Korean, berriz, Baduk.

Nahiz eta arauak oso sinpleak izan, oso joko konplexua da, xakea baino are gehiago. Jokoaren arauak ikastea oso erraza da, baina goi mailako jokalaria izateko, profesionalek bizitza osoa ematen dute. Lehiaketa asko antolatzen dira[2].

2015eko urrian, AlphaGo izeneko programa batek, Fan Hui Europako Go jokalari onena garaitzea lortu zuen.[3]

Materiala

Goban: Go taularen japonierazko izena goban da. Hasieran, ikasteko, 9x9ko edo 13x13ko taula erabil daiteke, baina eskuarki 19x19ko zurezko marradun taula erabiltzen da.

Harriak: 181 harri beltz eta 180 zuri behar dira.

Arauak

Go jokoaren helburua aurkakoak baino lurralde gehiago kontrolatzea da. Horretarako, harri multzoen bitartez taulan zonaldeak inguratzen ditugu.

Oinarrizko Arauak


1. Partida hasiera.

Hasterakoan hutsik dagoen taula daukagu. Bi jokalarik (zuria eta beltza) parte hartzen dute eta bakoitzak, txandaka, bere koloreko harri bat jarri behar du taula gainean. Lehen harria beltzak jarriko du.

2. Harriak non jarri.

Harriak lerro bertikal eta horizontalen arteko elkargunetan jarri behar dira. Elkargune hauei mokuak deitzen zaie (puntuak baitira).

3. Jarritako harriak.

Behin harri bat jarri denean, ezin da mugitu ... hori bai, zenbait baldintzapean kendu (harrapatu) ahal izango dugu.

4. Harri multzoak.

Gure harriak elkarrekin lotzen ditugunean, harri multzoak sortzen ditugu. Bi harri lotuta egoteko, horizontalki edo bertikalki, bata bestearen ondoan egon behar dute.

5. Harriak nola harrapatu.

Harri multzo bat askatasun punturik gabe gelditzen denean hiltzen da.

6. Debekatutako posizioak.

Harri bat jartzerakoan gure harri multzo baten azken askatasuna kentzea debekatuta dago. Salbuespen bakar batekin; harri horrekin aurkakoaren harri bat edo gehiago harrapatzen dugunean.

7. Ko egoera.

Demagun jokalari beltzak harri bat jartzerakoan zuriaren harri bat harrapatzen duela. Gero, zuriak harri hori harrapatzeko aukera baldin badu eta taula jatorrizko egoerara itzultzen bada, egoera honi Ko deitzen zaio.

8. Paso egin.

Jokalari batek harri bat non jarri ez duenean, edo jarri nahi ez duenean, paso egin dezake (bere txanda saltatu). Bi jokalariek jarraian paso egiten dutenean, partida bukatutzat ematen da.

9. Partida bukaera.

Behin partida bukatu denean, jokalari bakoitzaren puntuak zenbatuko ditugu. Jokalari bakoitzaren lurraldean dauden aurkakoaren harriak kendu egiten dira, eta beste presoei batzen zaizkie. Jokalari baten lurraldean dagoen hutsune bakoitzeko puntu bat zenbatzen da, eta harrapatutako prisionero bakoitzeko beste puntu bat. Puntu gehien daukanak irabazten du.

10. Komi.

Beltzak partidaren lehen harria jartzen duenez, abantaila txiki bat dauka. Abantaila hau orekatzeko batzuetan partidaren bukaeran zuriari oreka puntu batzuk ematen zaizkio. Puntu hauei Komi deitzen zaie.

Literaturan

Shibumi nobelan, Go jokoak paper garrantzitsua du pertsonaien arteko harremanean, kontakizunaren girotze estetikoan eta eleberriaren antolaketa formalean.

Erreferentziak

  1. Angulo Martin, Patxi. (1997). «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala» www.elhuyar.eus (Elhuyar) ISBN 978-84-92457-60-1. (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  2. ''Munduko Go jokalari onenen sailkapena'' 2017ko maiatza.
  3. «Google achieves AI 'breakthrough' by beating Go champion». BBC News. 2016ko urtarrilaren 27.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.