Gnostizismo
Gnostizismoa joera filosofiko eta erlijiosoa da, Erromaren eta Greziaren eraginpean zeuden herrietan K. a. II. mendean zabaldu zena, eta K.o. aroan hedatu zena bereziki, Kristautasunaren lehen aroarekin batera. Gnostizismoak antzinako erlijioetatik (Irango erlijiotik, Greziako Platonzaleen idealismo alegorikotik, judu mistikoen apokalipsi zaletasunetik, Egiptoko eta Mesopotamiako pentsamendutik) hartu zuen iturria, eta haiengan ere izan zuen eragina, baina bere eragin nabarmenena kristautasun sortu berrian izan zuen (elizaren kanonean, kredoan eta epistoletan oinarritutako eraketa), eta garai horretan osatu zen erabat[1].
Gnostizismo | |
---|---|
Datuak |
Erlijioa eta filosofia gnostikoa
Gnostizismoaren arabera, ezagumena ez da behaketa enpirikoaren bidez lortzen, jainkoaren errebelazio edo azalpenaren bidez baizik. Gnostikoen ustez gizonak berezkoak ditu kontzientziarik eza eta jainkotasuna, baina zoritxarreko erortzearen ondorioz, mundu arrotz batera bidalia izan zen. Jainkoaren azalpenak bere jatorriaren, esentziaren eta etorkizun handiaren berri eman zion gizonari. Gnosisaren azalpen hori ez da filosofiaren ezagumenak bezala arrazoiaren bidez lortzen, ezta kristautasunaren azalpena bezala ere, ez baita historian oinarritzen ez idatzietan biltzen; izatearen misterioaren intuizioa da.
Gnosia, funtsean, munduaren ulerpen negatibo batean oinarritzen da. Gaizkiak munduan duen hedadura edo materiaren beraren inanitatea kontsideratzean, gnostizismoak mundu honetatik askatzeko eta, nolabait, jainkotasunarekin bat egiteko nahiari jarraitzeko modua eskaintzen die jarraitzaileei. Esistentzian urradura bat sentitzetik pizten da gnostizismoa.[2]
Gnosiaren sorkuntzako garai hartako erlijioetan, Mediterraneoko erlijioetan, mitoen araberako istorio-mutlzoetan zeuden oinarrituta erlijioak, eta ez zegoen goian aipatutako munduaren aurreko barne-urraduraren sentsazio hori, ikuspegi mistiko edo esistentzialistak falta ziren.
Quintus Mucius Scaevola (k.a. 140-82) legelari eta Errepublika garaiko pontifex erromatarrak, hiru erlijio mota zeudela esan zuen, poetena (mitoena, jainkoz eta heroiz beteak Mediterranioko erlijioetan), filosofoena (egiaren bilaketan oinarritua eta baita egiazko zantzu gehiena zituena), eta erregeena edo estatuarena, botere eta lege egiturei lotua, Erromaren kasuan erromartasun kontzeptuaren oinarri politiko bat. Poeten erlijio mitikoaren oinarria superstizioa edo sineskeria zen; filosofia erlijiosoa bide arrazionalista batean garatu zen Grezia klasikotik, eta erlijio ofizialek politikarekin zuten zerikusia, sineskerien alorra erritoen bidez garatuta.[3] Gnostizismoa erlijioa ulertzeko beste era bat gisa garatu zen ingurune horretan.
Inguru horretan, gnosia gogo-sistema ezberdinen oinarrian piztu zen edo horien barnean eratzen den sentimendu komun berri bat izan, ez erlijio jakin bat, baizik eta, erlijiotasunaren bizipenean maila bat gehiago, erlijioaren estadio berri bat zeinean benetako «jakile» edo gnostikoek, egia osoa eskura edukitzeko desira berezia zeukatenek, bide bat aurkitu zuten jakintza edo gnosia lortu zutela esateko: Jainkoak errebelazio batez erantzun ziela. Gnostikoak hortaz, zentzu estuan, ez lirateke ideia berri samar horien jarraitzaile guztiak, baizik eta elitea, funtsezko galderei erantzuna emango dien errebelazio hori jasotzea merezi zutenak, hala nola: Nor naiz ni benetan? Nondik nator? Zer harreman dut jainkoarekin? Nola lortuko dut nire jatorrizko lekura itzultzea, hau da, nola lortuko dut salbazioa? Nola ezabatuko ditut helburu hori lortzeko eragozpenak?
Gnostizismoa eta kristautasuna
Kristauen artean gnosia loratzen ari zenean, K.a. II. mende erdian, historia luzea zuen, gutxi gorabehera lurpean. Baina, une horietara arte, ez dirudi berez erlijio bat zenik, erlijio-giro bat baizik, zeinean erlijio batzuetan edo besteetan aplikatzeko moduko ideia-multzo bat zabaltzen baitzen.[2]
Doktrina kristauaren garapena gnostizismoaren aurkako erantzuna izan zen neurri batean, batzuen iritziz, edo garapen paralelo bat elkarregiketa prozesu baten beste batzuentzat. Kredoaren sinboloak ezartzea, Testamentu Berria kanon batera biltzea, epistolen garrantzia azpimarratzea, gnostikoen eskaerei erantzuteko onartu zituen kristautasunak. Gnostikoak lehenengo teologoak izan zirela eta kristautasun sortu berria sistema batera bildu zutela esan daiteke.
Nolanahi ere, kristautasunaren lehen bi mendeetan, ortodoxiak eta kanonak guztiz finkatu gabe zeudenean, kristautasunaren barruan ere ezarri ziren korronte gnostikoak. Batetik, juduen artean ere bazegoen joera gnostiko bat, eta horrek lehen kristau taldeetan isla izan zuen.
Aurrekari juduak
Baliteke zenbait juduk, filosofia grekoaren eta zehazki Platonen irakurleek, munduko gaitzaz edo unibertsoaren beraren zentzuaz kezkaturik, uste izatea beharrezkoa zela guzti honetarako azalpen konbentzigarriago bat aurkitzea, beren testu sakratuetan irakurtzen zen azalpen tradizionala baino. Ikuspegi tradizional hori zera zen, batetik Bibliaren argibideak, gaizkia Satanasengandik datorrela diotenak — azken finean aingeru-izpiritu gaizto bat, Jahveheren menpekoa —, eta errabinoena, gaizkia «makurkeria gaiztoaren» ondorio dela esateak.
Litekeena da gaizkiaren misterioaren inguruko «errebelazioa» juduei batez ere Platonen Timeo elkarrizketa irakurriz etortzea, non Demiurgoaren mitoa aurkitu zuten. Jainkotiar boterea zen, baina nolabait Bata eta Ongia baino txikiagoa, eta, aldi berean, Unibertsoaren sorreraren arduraduna, hain problematikoa eta gaiztakeriaz betea. Esparru horretan lehertu zen, nonbait, errebelazio berriaren txinparta. Pentsatu bide zuten: bitarteko jainkotasun horren existentzia onartuz gero, azal zitekeen Jainko gorena, Bata eta Ondasun absolutua, Demiurgo horrena baino esfera handiago batean kokatua, hein handi batean — osoki ez bada — munduaren eta materiaren sorkuntzatik salbuetsita geratzen dela... eta, beraz, gaizkiaren eragile izatearen akusaziotik libre.
Juduen eta gero kristauen gnosiaren jatorria azaltzeko hurrengo urratsa hauxe da: helenizatutako juduek — hipotetikoki Platon irakurriz ikasiak sentitu zirenek — ideia platoniko hauek eta beste batzuk gehitu zizkietela Hasieraren irakurketari, Bibliako beren pasarte gogokoenari. Ideia horiek lirateke izpirituaren eta materiaren arteko desberdintasun erradikala; sentipenezkoaren mundua Ideien goi-munduaren, zeru-munduaren kopia gisa, nahiz eta osatugabea izan, aplikatu zituztela suposatzea, eta horrek nolabaiteko elkarrekikotasuna suposatzen du bien artean; arimaren hilezintasuna eta arima zatitan banatzea, non izpirituak edo «gogamenak» leku gorena hartzen duen, eta abar...[2]
Heterodoxia kristau gnostikoak
Kristautasunak gnosiaren errebelazio kontzeptuarekin oso lotua egon arren, kanonak eta ortodoxia zehaztu zirenean, gnosiaren ikuspegiak baztertzera iritsi zen azkar. Hala ere, heterodoxia kristau gnostiko ugari izan ziren kristautasunaren lehen mendeetan, hala nola martzionismoa (Martzionen jarraitzaileak), simondarrak (Simon Magoaren jarraitzaileak), bardesianismoa (Bardesanesen ondotik), gnostiko libertino deituak (haragia izpiritutik aparte kontsideratzen zutenez, behin izpiritua salbaturik, haragizko bekaturik ez zen eta plazer horiez gozatzea libre zen) hala nola karpokratianoak (Karpokratesen jarraitzaileak) eta fibionitak.[2]
Erreferentziak
- «Gnosticism: Gnosticism from the Middle Ages to the Present | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-10).
- Piñero, 2007
- (Ingelesez) Grant, Michael. (1960). «6. Religion» The World of Rome. ISBN 9781780221151..
Bibliografia
- Piñero Sáenz, Antonio (2007), Los Cristianismos Derrotados. ISBN 13 9788441420052.
- Ehrman, Bart D. (2003), The Lost Christianities: The Battles for Scripture and the Faiths We Never Knew. Oxford University Press. ISBN-13: 978-0195141832
Kanpo estekak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.