Giuseppe Impastato
Giuseppe Impastato (Cinisi, Palermoko probintzia, Italia, 1948ko urtarrilaren 5a - 1978ko maiatzaren 9a) Siziliako politikaria eta irrati esataria izan zen, antifaxismoaren militante izateagatik eta, batez ere, Siziliako mafia salatzeagatik ezaguna. Salaketa horiek egiteagatik, mafiak hil zuen.
Giuseppe Impastato | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Giuseppe Impastato |
Jaiotza | Cinisi, 1948ko urtarrilaren 5a |
Herrialdea | Italia |
Lehen hizkuntza | italiera |
Heriotza | Cinisi, 1978ko maiatzaren 9a (30 urte) |
Hobiratze lekua | Cinisi |
Heriotza modua | giza hilketa |
Hiltzailea | Gaetano Badalamenti |
Familia | |
Aita | Luigi Impastato |
Ama | Felicia Impastato |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, poeta, irrati-esataria eta politikaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Italian Socialist Party of Proletarian Unity (en) Proletarian Democracy (en) |
Biografia
Giuseppe Impastato Mafiarekin harremanak zituen familia batean jaio zen (aita faxismo garaian erbesteratu egin zuten; osaba bat eta beste senitarteko batzuk Mafiako kideak ziren eta aitaren koinatua, Cesare Manzella, Mafiako capo bat zen, 1963an autoan ipinitako bonba batekin hil zutena).
Geroago, aitak etxetik bota zuenean, Giuseppek harekin zuen harremana guztiz hautsi zuen eta Mafiaren kontrako ekintza politiko-kulturalak egiten hasi zen.
1965ean L'idea socialista deituriko aldizkaria sortu zuen eta PSIUPko (Italiako Langile Batasunaren Alderdi Sozialista) kide egin zen. Honez gain, Ezker Berriko taldeen jardueretan parte hartu zuen 1968tik aurrera buruzagi gisa, eta hainbat borrokatan parte hartu zuen, hala nola Palermoko aireportuaren hirugarren pista Cinisiko lurretan eraikitzeko desjabetutako nekazarien alde, eraikuntzako langileen eta langabeen alde.
Jarduera kulturalak gauzatzen zituen Musica e cultura deituriko talde bat ere sortu zuen 1975ean. Urtebete geroago, Radio Aut irrati libre autofinantzatua eratu zuen; irratsaiorik jarraituena Onda pazza zen, mafiako kideez eta politikoez iseka egiten zuen programa satirikoa. Gainera, Terrasini eta Cinisiko mafiosoen (haien artean, Gaetano Badalamenti mafiaburuaren) krimen eta negozioak ere salatzen zituen, besteak beste aireportuaren kontrolaren bitartez bideratzen zuten nazioarteko droga trafikoa.
Hilketa
1978ko udal hauteskundeetan Democrazia Proletaria alderdiko zerrendan zegoen. Baina hauteskunde kanpainan, maiatzaren 8tik 9rako gauean hil egin zuten lehergailu batez, bere gorputza trenbidean lotuta utzi ondoren. Egun gutxi batzuen ondoren, Cinisiko hautesleek Giuseppe zinegotzi aukeratu zuten sinbolikoki.
Prentsak, poliziak eta epaileek atera zuten lehen hipotesia izan zen Giuseppek berak burutu nahi izan zuela ekintza terrorista bat eta bertan hil zela; geroago, ordea, suizidiotzat hartu zuten, hilabete batzuk lehenago idatzi zuen gutun bat aurkitu zutenean.
Hilketak, edo, sinestera eman zen zoritxarreko gertakariak, ez zuen behar besteko oihartzuna izan; izan ere, egun hartako goizaldean, Erromako Caetani kalean Aldo Moro, Democrazia Cristiana alderdiko presidente zenaren gorpua agertu baitzen.