Gisella Perl
Gisella Perl (Hungariako Erresuma, 1907ko abenduaren 10a - Herzliya, Israel, 1988ko azaroaren 24a) ginekologo judura izan zen. Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan mila abortu baino gehiago egin zizkien bertako kide presoei, emakume haiei nazien torturak ekiditearren.
Gisella Perl | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sighetu Marmației (en) , 1907ko abenduaren 10a |
Herrialdea | Austria-Hungariako Inperioa Errumania Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Herzliya (en) , 1988ko azaroaren 24a (80 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | ginekologoa, medikua eta autobiografialaria |
Lantokia(k) | New York |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | judaismoa |
Biografia
Perl Sighetu Marmației hirian bizi izan zen 1944ra arte, naziek Hungaria okupatu eta bertako juduak deportatu zituzten arte.[1] Hiri hori hungariar domeinupean zegoen garai hartan, eta gaur egun Errumaniako zati bat da.
Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura deportatu zuten Perl haren familiarekin batera, eta bertan galdu zituen senarra eta seme bakarra, baita gurasoak eta gainontzeko senideak ere. Esparruan mediku gisa lan egitera behartu zuten naziek, gainontzeko emakume presoei lagun ziezaien gaixotasunak sendatzen eta arazoak gainditzen, hain zuzen ere, deserosotasunetik, osasungabetasunetik eta esparruan gertatzen ziren izugarrikerietatik eratorritakoak. Hala ere, ezin zuen gauza handirik egin emakume horien alde, ez baitzuen ez antiseptikorik, ez bendaje garbirik, ez ur korronterik. Ezustekoak gorabehera, ospea lortu zuen Perlek ehunka amari abortatzen lagundu eta bizia salbatzeagatik, izan ere, bahitutako emakumeak jipoitu eta hil egiten ohi zituzten, edo Josef Mengele doktoreak erabiltzen zituen bizisekzioak egiteko.[2][3]
Bergen-Belsendik irten ondoren, hura bere azken kontzentrazio esparrua, jakin zuen Perlek bai senarra eta bai semea hilak zirela. Saiatu zen orduan bere burua pozoitzen, eta Frantziara bidali zuten 1947ra arte, komentu batean indarberritzeko.Urte bereko martxoan New Yorkera joan zen, eta han galdeketa egin zioten Auschwitzeko mediku naziei giza eskubideen urraketan lagundu izanaren susmopean. Azkenik, 1951n, herritartasun estatubatuarra eman zioten. New Yorken, Monte Sinai Ospitalean sartu zen ginekologo lanean, eta hiru mila haurtxo inguru erditzen lagundu zuen soilik New Yorken, aditu bihurtuz ernalezintasunaren aurkako tratamenduetan.[4] Perlek 1948an argitaratu zituen bere bizipenak Auschwitzen, I was a doctor in Auschwitz izenburupean, eta bertan zehaztu zuen zelako izugarrikeriak ezagutu zituen mediku presoa zelarik. Geroago, alaba Gabriella Krauss Blattmanekin bildu zen - hark gerra garaian ezkutatzea lortu zuen - eta biek egin zuten alde Israelera, Herzliza hirira. Perl Israelen hil zen 1988an.
Lanak
Argitalpenak
- Perl doktoreak infekzio ginekologikoekin lotutako bederatzi argitalpen idatzi zituen, 1955etik 1972ra bitartean argitaratuak.
- 1948ko ekainean, Auschwitzeko bere bizimoduaren historia argitaratu zuen, bertan jasan zituen izugarrikeriak zehaztuz, I was a doctor in Auschwitz izenekoa.(Gisella Perl. I was a doctor in Auschwitz, International Universities Press, New York 1948)[5]
Filma
- 2003an, Out of the Ashes izeneko film bat estreinatu zen, bere bizitzan oinarritua dagoena eta Christine Lahti protagonista duena.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) De 2018, 26 De Agosto. «La increíble historia de la mujer que practicó cientos de abortos para salvar a mujeres judías de los nazis» Infobae (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
- (Ingelesez) Brozan, Nadine. (1982-11-15). «Out of Death, a Zest for Life» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
- (Gaztelaniaz) «La mujer que usó el aborto para salvar a las mujeres de los nazis» culturacolectiva.com 2018-08-18 (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
- (Gaztelaniaz) «Guardianas del infierno» Diario Sur 2015-01-25 (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
- (Ingelesez) Crìticas de pelìculas: OUT OF THE ASHES (El peso del pasado). (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
Kanpo estekak
- La prisionera ginecóloga
- The Angel of Auschwitz
- Out of the Ashes
- Gisella Perl
- Out of the ashes (iraganaren zama) filma gaztelaniaz