Gipuzkoa
Gipuzkoa Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, haren iparraldeko erdialdean dagoena. Mugakide ditu Bizkaia mendebaldean, Araba hego-mendebaldean, Nafarroa Garaia ekialdean, Lapurdi ipar-ekialdean eta Bizkaiko golkoa iparraldean. 42º58'10-43º8'5" ipar latitudeen eta 1º5'13"-1º56'47" mendebaldeko longitudeen artean hedatzen da. Hedaduraz 1.909 km² ditu, eta 66 km luze du itsasertza. 2019ko erroldan, 717.197 biztanle zituen Gipuzkoak, eta horien laurdena hiriburuan bizi dira. Administratiboki Euskal Autonomia Erkidegoko foru lurraldea edo lurralde historikoa da.
Gipuzkoa | |||
---|---|---|---|
Gipuzkoako Lurralde Historikoa | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Donostia 43°19′12″N 1°58′48″W | ||
Azalera | 1.980 km² | ||
Punturik altuena | Aketegi (1.551 m) | ||
Mugakideak | Araba, Bizkaia, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Pirinio Atlantikoak | ||
Administrazioa | |||
Gipuzkoako Ahaldun Nagusia | Eider Mendoza Larrañaga | ||
Legebiltzarra | Gipuzkoako Batzar Nagusiak | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 726.033 (2021) 6.751 (2017) | ||
Dentsitatea | 366,68 bizt/km² | ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Bestelako informazioa | |||
Ordu eremua | ikusi
| ||
gipuzkoa.eus |
Hiriburua Donostia du, han daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzak.
Geografia
Mugakideak
Gipuzkoak iparraldean Bizkaiko golkoa du mugakide; mendebaldean, Bizkaia; hegoaldean, Araba eta Nafarroa Garaia; eta ekialdean, Nafarroa Garaia eta Lapurdi.
Lehorreko mugakide guztiak Euskal Herriko beste herrialde batzuk dituen Euskal Herriko herrialde bakarra da. Hedadurari dagokionez Espainiako probintziarik txikiena da, 1.980 km²-rekin.
Hidrografia
Gipuzkoan, Euskal Herriko gainerako herrialdeekin alderatuta, ibaiek ibilbide laburra eta arro hidrologiko txikia dute, iturburuak sortzen diren mendiak itsasotik hurbil baitaude. Emari handiko eta iraunkorrekoak dira, euri asko eta sarria egiten baitu.
Ekialdetik mendebalderantz, lehen ibaia Bidasoa da, iturburua Nafarroan duena 710 m-ko garaieran. Gipuzkoan Endarlatsan sartu eta 9 km egiten ditu Lapurdirekin mugan. Ibaian gora ibar estua da, itsasoratze aldean zabalduz eta Hendaia, Hondarribia eta Irun kokatzen diren eremu laua sortuz. Itsasoratzean Txingudi badia dago, Hondarribiko eta Ondarraitz hondartzek itsasotik babesten baitute.
Oiartzun ibaia 15 km luze den ibai laburra da, Aiako Harrian jaio, Errenteria igaro eta Pasaiako badian isurtzen dena. Malda handiko ibaia da (milako 45,3) eta, horregatik, hondar kopuru handia garraiatzen du eta badiara eramaten.
Urumea ibaiak Leitzan du iturburua 710 m-ko garaieran eta 53 km luze da. Hernanin Añarbe ibaiaren urak jaso eta Donostian itsasoratzen da, Urgull eta Ulia mendien artean, Gros auzoko hondar eremuak sortuz (Zurriola).
Oria ibaia Gipuzkoako luzeena da (80 km baititu), bai eta Gipuzkoan arro hidrologiko handiena duen ibaia ere. Lizarratetik hurbil du iturburua, Aizkorri mendilerroan, itsas mailatik 660 metro gorago. Hainbat ibaiadar ditu: Leitzaran, Berastegi, Amezketa, Araxes, Amundarain, Agauntza eta Urtsuaran. Orion itsasoratu aurretik, herri hauek zeharkatzen ditu: Zegama, Segura, Olaberria, Beasain, Ordizia, Legorreta, Alegia, Tolosa, Billabona, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil.
Urola ibaiak Legazpitik hurbil du iturburua, Aizkorriren iparraldeko magalean 720 m-ko garaieran. Urrestilla eta Errezil ibaiadarrak ditu eta honako herri hauek zeharkatzen ditu Zumaian itsasoratu baino lehen: Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa.
Deba ibaiak 825 m-ko garaieran du iturburua, Leintz Gatzagako Elgeako mendilerroan. 58 km luze da eta ibaiadar ditu Ego, Aramaio eta Arantzazu ibaiak. Izen bereko herrian itsasoratzen da, Deban, eta herri hauek zeharkatzen ditu: Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar eta Mendaro.
Flora
Gipuzkoa haritz lurraldea izan da 500–600 m bitartean eta pago lurraldea aipaturiko metroetatik gora. Gizonaren eskuak, halere, errotik aldatu du ikuspegia eta XX. mendearen hasieratik pinudiak dira nagusi Gipuzkoako mendi eta basoetan. Basoari dagokion eremua herrialde osoko % 59,5 da (118.850 ha, % 62,5 pinua da). Aipagarriak dira, halaber, pagadiek (11.500 ha) eta hariztiek (2.700 ha) hartzen dituzten sailak.
Orografia
Lurraldeko hegoaldean kokatuta daude hurrengo mendilerroak, Arabarekin mugan, mendebaldetik ekialdera: Elgea (Aumategigaña, 1.189 m), Aloña (Gorgomendi, 1.250 m) eta Aizkorri (Aizkorri, 1.528m.). Zaraia (Kurtzebarri, 1.133 m), hego-mendebaldean kokatuta dago Elgearen atzealdean, apur bat barrualderantz eta Aloñatik hurbil.
Gipuzkoako hego-ekialdean bestela, Nafarroako mugan, Aralar mendigune ezaguna dugu, Ganboa (1.402m.) eta Txindoki (1.346m.) tontorrekin. Aralarretik erdialderantz Murumendiko mendilerroa dago, Goierrin, izena ematen dion Murumendi (867 m) tontorrarekin besteak beste.
Azkenik, Izarraitz mendigunea Gipuzkoako erdialdean dago, Urola Erdiako eskualdean, Erlo (1.026 m) mendiarekin.
Historia
Paleolitotik Burdin Arora
Giza aztarnarik zaharrenak Praileaitzen eta Lezetxikin aurkitu dira. Praileaitzeko aztarnek 200.000 urte inguru dituzte[1] Praileaitzen orain dela 164.000 urteko giza humero bat[2]. Biak jo dira Homo neanderthalensisen edo bere aurrekari baten aztarnatzat[1]. Litekeena da Atapuercan bezala, Gipuzkoan ere Homo antecessor edo Homo heidelbergensis bizi izana, baina ez da aurkitu, oraindik, aztarna ebidenterik[3].
Paleolitokoak dira aurkitu diren kultura aztarna zaharrenak, eta Madeleine garaikoak (K.a. 15000-K.a. 8500) dira orain arte aurkitu diren giza hondakin zaharrenak (Urtiagako leizea, Itziar). Garai bereko aztarna eta monumentu ugari aurkitu da Lezetxikiko (Garagartza, Arrasate), Ermitiako (Deba), Aitzbitarteko (Errenteria), Errailako (Zestoa), Ekaingo (Deba) eta Altxerriko (Aia) leizeetan. Ezagutzen den giza-hobiratzerik zaharrena Jaizkibelen aurkitu da, orain dela 8.000 urte inguruko gizon batena[4].
Asko dira Gipuzkoan Neolito eta Eneolitoko monumentuak (trikuharriak…). Euskal Herriko gainerako lurraldeak bezala, bazter samar geratu zen Gipuzkoako eremua Burdin Aroan (K.a. 1000. urtetik aurrera) gertatu ziren migrazioetatik. Garai hartakoak dira harrespilak, ugari Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan, eta Intxurren (Aldaba, Tolosa) eta Axtrokin (Bolibar, Eskoriatza) aurkitu diren gotorleku harresidunak.
Erromatar Inperioaren garaia
K.a. I. mendetik aurrera eman zituzten Erromatar Inperioko historiagile latinoek eta grekoek (Estrabon, Ponponio Mela, Plinio Zaharra, Ptolomeo) Gipuzkoako lurraldeko biztanleei eta herriei buruzko lehen xehetasunak. Iturri horien arabera, hiru euskal leinu ziren gaur egungo Gipuzkoan: karistiarrak, Deba ibaiaren ezkerraldean; baskoiak, Oiartzun ibaiaren eskuinaldean, eta barduliarrak, bi ibai horien arteko lurretan.
Historiaren argitan, Nafarroarekiko joera berezia izan dute Urumea ibaiaren eskuinaldeko herriek eta, lurraldeko mendebalean, Gipuzkoako lurraldetik kanpoko izaera bereziari eutsi dio luzaroan Oñatiko bailarak, esate baterako. Nolanahi ere, argi dago Erromatar Inperioak ez zuela halako eraginik izan Gipuzkoan.
Lau hiri kokatu zituzten historiagile erromatarrek gaur egungo Gipuzkoako kostaldean: Tritium Tuboricum (Deba ?), Menosca (Getaria ?), Morogi (Urumeako bokalean) eta Oiasson (Oiartzun-Irun?). Aztarna ugari utzi zituzten erromatarrek Irunen (Junkalgo bizigunea, Ama Xantalengo tenplua eta nekropolia…), Oiartzunen (Arditurriko meatzeak) eta Hondarribian (Asturiagako ainguralekua), hau da, Gipuzkoako eskualde baskoian. Herri txikia bazen ere, Irungo hiria eta portua izan zen eremu hartako bizigune garrantzitsuena.
Euskarak berak ematen du uste horren aldeko argibiderik. Irun izena, Nafarroako Iruñea, Irunberri, eta Arabako Iruña erromatarren garaiko hirien izenei lotzen zaie, eta gauza bera adierazten dute: «hiria». Bestalde, oso urriak dira gainerako eskualdeetan aurkitu diren hondakin erromatarrak. Gipuzkoako lurraldea, beraz, erromatartzetik kanpo geratu zen eta V. mendetik aurrera, Erromatar Inperioa desegin ondoren, guztiz ezabatu ziren Gipuzkoako ipar-ekialdeko aztarna erromatarrak.
Horrez gainera, V. mende bukaeratik aurrera, baskoi («vascon») deitura ematen hasi zitzaien mendebaleko leinu euskaldun guztiei eta Gipuzkoako jendeak, gainerako euskaldunekin batera, parte hartu zuen godoen eta frankoen aurkako guduetan. Pasaiko XVI. mendeko harrizko idazki batek jasotakoaren arabera, Orreagako guduan parte hartu zuten gipuzkoarrek Karlomagnoren armadaren aurka, gainerako euskaldunekin batera (778).
Gipuzkoa Iruñeko Erresuman
Ziurtatzerik ez dagoen arren, badirudi lehenengo urteetatik lotu zirela Gipuzkoako lurrak Iruñeko erresumari, eta lotura horiek estuagoak izan zirela normandiarren erasoak bukatu zirenetik (IX. mende bukaera).
Gipuzkoa, Nafarroako eta Gaztelako erreinuetako lurralde. 1025. urteko dokumentu batek aipatzen du lehenengoz Gipuzkoa deitura (Ipuscua, Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko dokumentu batean). Nafarroako erresumako lurralde zen Gipuzkoa XI. mendean.
Antso IV.a Gartzeitz hil ondoren, Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Burebako eta Errioxako lurraldeak bereganatu zituen, Bizkaiko jaunak lagunduta. Arabako eta Gipuzkoako parte handienaz jabetu zen Bizkaiko jauna, Gaztelako erregearen izenean.
Gipuzkoako alde baskoiak, ordea, Iruñeko erresumari loturik jarraitu zuen. Aragoi eta Nafarroako Alfontso I.aren garaian lotu zitzaion berriro Gipuzkoa Iruñeko koroari (1112) eta Gartzia V.a Ramiritzek osatu zuen erresuma (1134-1150).
XII. mendearen hasieran finkatu ziren gaskoiak Gipuzkoako kostaldeko portuetan, Donostian nagusiki; 1150-1164 urteetan eman zion hiri gutuna Antso Jakitunak Donostiari. Garai hartan, Baionako apezpikutegiaren barnean zeuden Gipuzkoako ipar-ekialdeko eliza guztiak (Urumea ibaiaren eskuinaldea) eta Iruñeko apezpikutegian gainerako eskualdeetako guztiak.
Eginahal guztiengatik ere, ezin gorde izan zituen Antso Jakitunak Bizkaiko eta Arabako lurraldeak, eta Alfontso VIII.a Gaztelako erregea hasi zen Gipuzkoaz jabetu nahian. 1194. urtean Antso Azkarrak hartu zuen Antso Jakitunaren lekua, eta Nafarroako eta Gaztelako koroen arteko liskarrak areagotu ziren.
1199. urtean, Alfontso VIII.a Gaztelako erregea indarrez sartu zen Araban eta Gipuzkoan, berak zioenez Akitanian zeuzkan eskubideak zaintzeko aitzakiaz (Eleonor Akitaniako dukesarekin ezkonduta zegoen), Gipuzkoako itsasaldea bere egiteko asmoz, eta Nafarroako erresuma ahuldu nahian. Akitanian huts egin zuen Baionan sartuagatik, baina bere mendeko hartu zituen Gipuzkoako lurrak eta Gasteizko hiria.
Testamentuan berariaz adierazi zuenez, agindua eman zuen Alfontso VIII.ak Nafarroari itzul zekizkion Gipuzkoako ipar-ekialdeko lurrak (Urumea ibaiaren eskuinaldetik Bidasoako ertzetara, lurralde jatorriz baskoiak), baina sekula ez zen horrelakorik bete, Nafarroako koroaren ahalegin guztiengatik ere. Bertako leinu noble batzuek lagunduta, bortxaz hartu zuen Gaztelako koroak Gipuzkoa.
Gipuzkoa XIII-XIV. mendeetan
XIII. mendetik aurrera hasi ziren Gipuzkoako hiriak antolatzen, eta hogeita sei villa edo hiri berri sortu ziren XIV. mende bukaera bitartean, kostaldean eta barnealdean. Gipuzkoako antzinako haran egitura (Oiartzun, Hernani, Iraurgi, Markina, Itziar, Saiatz, Bozue, Erniobea, Zumabatzarrea…) hautsi zuen hiri berrien sorrerak.
Bestalde, biziki areagotu zen Gaztelako koroaren eta Nafarroako erreinuaren alde zeuden leinuen arteko gatazka giroa (XV. mende bukaera arte iraun zuten ahaide nagusien, oñaztarren eta ganboarren, arteko guduak), liskar eta gudu ugari gertatu ziren nafarren eta gipuzkoarren arteko muga inguruan (Beotibarko gudua, 1321).
1368. urtean saiatu zen Karlos II.a Nafarroako erregea Gipuzkoako lurrak hartzen, bere aldeko gipuzkoarrek lagunduta, baina etsi behar izan zuen Henrike II.a Gaztelakoaren aurrean. Nolanahi ere, nafarren eta gipuzkoarren arteko harremanak ez ziren beti hain zailak izan, eta sarrera berezia egin zitzaion sarritan Nafarroako merkataritzari, Donostia, Pasaia eta Hondarribiako portuetatik. XIII. mendetik aurrera izugarri indartu ziren Gipuzkoako portuak
Gipuzkoako Forua
XIV. mendean idatzi ziren lehenengoz Gipuzkoako erakunde bati, Hermandadeari, zegozkion artikuluak (Gipuzkoako Hermandadearen sorrera, Tolosako Batzar Nagusiak, 1375; Gipuzkoako Hermandadearen Ordenantzen lehen idazketa, Getariako Batzar Nagusiak, 1397).
Nolanahi ere, askoz ere aurreagokoak ziren Gipuzkoako Forua osatzen zuten Lege Zaharrak. Batzar Nagusiak ziren Gipuzkoako erakunde legegile nagusiak; batzar horietan parte hartzen zuen Gaztelako erregearen ordezkariek edo korrejidoreek, XIII. mendearen hasieratik. Urtean bitan biltzen ziren Batzar Nagusiak ohiko batzarretan, aurrez erabakitako hirian hasieran eta hiri ordena baten arabera 1472tik aurrera. Premiazko erabaki bat hartu behar zenean biltzen ziren Batzar Bereziak, Usarraga eta Basarteko soroetan hasieran eta Bidaniako eta Azpeitiako Olazko elizetan 1461. urtetik aurrera.
Batzar Nagusietako ordezkarien botoa hiri bakoitzeko su edo etxe kopuruen araberakoa zen, eta erregeak zin egin behar izaten zuen forua. Erregeak foruen aurkako neurriren bat hartzen bazuen, “foru pasea” delakoa erabil zezaketen Batzar Nagusiek, hau da, erregearen erabakiari men ez egiteko gaitasuna.
1550. urte aldera antolatu zen Diputazioa, Batzar Nagusietatik sorturiko erakunde eragilea, korrejidoreak, Batzar Nagusiak bilduriko herriko alkateak eta batzarretan aukeraturiko ahaldun batek osatua; 1748an sortu zen Diputatu Nagusi kargua. Arazo larriei premiazko irtenbide bat emateko biltzen zen Diputazio Berezia.
Gipuzkoa XV. eta XVI. mendeetan
XIV. mendean osatu zen Gipuzkoako hiri ordenamendu berriak aldakuntza handiak ekarri zituen Gipuzkoara. Gaztelako erregeek aginpidea bermatu zuten herrialde osoan, berak zuzenean sortutako (kostaldean) eta bultzatutako (barnealdean) hirien bitartez. Hala, gero eta indar gutxiago zuten antzinako leinuek Gipuzkoan, eta tirabira latzak izan ziren herrialde osoan ahaide nagusien artean (Arrasateko sutea, 1448), eta haien eta Hermandadearen artean (1456-1457).
Garrantzi handia hartu zuen egoera horretan Gipuzkoako Hermandadeak, Domenjon de Andia buru. Ahaide nagusien aurkako armada bat osatu zuen Hermandadeak eta guztiz menderatu zituen, oinaztarrak eta ganboarrak haren kontra batu baziren ere (1457). Hermandadearen garaipenak Gaztelako erregearen erabateko nagusigoa ekarri zuen berarekin; handik aurrera Gaztelako koroaren laguntzaile zintzoak izan ziren gipuzkoarrak Nafarroako erreinuaren aurkako borrokan.
Nafarroako beamontarren eta agramondarren arteko guduak hasi zirenetik, lehenen alde jokatu zuten gipuzkoarrek eta ez zuten egiteko horretan amore eman Nafarroako erresuma Gaztelako koroaren mende geratu zen arte (1512-1521).
Bestalde, guztiz indartu ziren Gipuzkoako portuak eta ontziolak XV. mendean; burgesia molde berri bat sortu zen kostaldean, arrantzari eta merkataritzari esker, eta berebiziko ospea hartu zuten Gipuzkoako marinelek eta itsas teknikariek. 1492. urtean Ameriketara iritsi zen Kolonen bidaldia. Goitik behera aldatu zuen aurkikunde horrek gipuzkoarren bizimodua. XVI. mendearen hasieran Gaztelako koroaren esku geratu zen Nafarroako erresuma eta guztiz nagusitu zen Gipuzkoan haren indarra, gipuzkoarrek bere foru eta eskubideei tinko eutsi zieten arren.
XVI. mendetik aurrera Ameriketara zabaldu zen Gipuzkoako itsas merkatarien jarduera (balearen eta bakailaoaren arrantza Ternuan eta Labradorren) eta, Frantziako estatuarekiko oztopoak handiak izanagatik, bere horretan iraun zuen, oro har, Ipar Atlantikoko merkatariekiko jardunak. Bestalde, gipuzkoar asko jarri zen Espainiako koroaren zerbitzuan, militar, itsasgizon, idazkari edota eskribau gisa.
Gipuzkoa XVII. eta XVIII. mendeetan
XVII. mendean behera egin zuen Gipuzkoako merkataritzak, nazioak indartzen hasi baitziren, eta Gipuzkoa baztertua geratu zen. Amerikari begira jarri zen Gipuzkoa, baina gero eta zailtasun handiagoak zituzten bertako arrantza ontziek, eta XVII. mende erdialdean hasi zen arrantza mota haren gainbehera.
1659. urtean izenpetu zen Pirinioetako Hitzarmena, Frantziako eta Espainiako koroen artean, eta 1715. urtean izenpetu zen Utrechteko Ituna: Espainiako koroak uko egin zien Europan zituen lurrei, eta Ingalaterrakoak lortu zuen itsasoaren gaineko nagusigoa.
Arrantza eta merkataritza biderik gabe geratu zen Gipuzkoa, eta horren ondorioz ekonomiak beherakada handia izan zuen. Horrez gainera, eraso bortitzak izan zituen Gipuzkoako foruak XVIII. mendearen hasieran, aduanak Bidasoa ibaira igaro zitezela agindu baitzuen Filipe V.a Espainiako errege borboiak 1717. urtean.
Gipuzkoarren erantzuna ez zen berehalakoa izan, baina 1719an Berwick-eko dukeak gidaturiko armada frantsesa Gipuzkoan sartu zenean, herrialdeko erakundeen onarpena jaso zuen, baldin eta foruak osorik errespetatzen bazituen. Filipe V.ak atzera jo behar izan zuen eta lehengo berean segitu zuten aduanek (1722).
1728. urtean sortu zuten Gipuzkoako handikiek eta Donostiako merkatari aberatsek Caracasko Gipuzkoar Konpainia izeneko erakundea, Gipuzkoako sektore batzuei urte batzuez oparotasun handia eman ziona; baina 1751. urtean Madrilen ezarri zuten konpainiaren egoitza nagusia, eta 1785ean desagertu zen, gorabehera handien ondoren.
Ekonomia egoera hura larritu egin zen, eta herriaren haserrea areagotu. Prezioak neurri gabe igo ziren eta egoera horri aurre egiteko matxinatu ziren oletako langileak (matxinoak), nekazariak eta herri xehea burgesen eta handikien aurka (1766ko matxinada). Gipuzkoa osora zabaldu zen matxinoen eragina eta latza izan zen higikunde haren zapalkuntza.
Zapaltzaileen buru Francisco Javier Munibe Peñafloridako kondea zen, XVIII. mendean Frantzia aldean zabaldu zen ideologia ilustratuaren oihartzunak Euskal Herrian jaso zituzten aitonen seme eta burges lehenetarikoa. 1789. urtean piztu zen Frantziako iraultzak ez zuen hasieran halako gaitzespenik jaso gipuzkoarren aldetik, bai ordea ondoko urteetako gehiegikeriek.
1794. urteko abuztuan sartu ziren Gipuzkoan Frantziako Konbentzioko tropak eta, errenditu ondoren, bake hitzarmen bat izenpetu nahi izan zuen Getarian Gipuzkoako Diputazioak frantsesekin, erlijio katolikoa, foruak eta jabetzak errespetatzekotan. Agintari frantsesek, ordea, preso hartu zituzten Konbentzioko legea onartzen ez zuten diputatuak eta frantsesen aurkako gerrara deitu zuten
Getariako batzar haietan ordezkaturik ez zeuden Gipuzkoako herrietako ordezkariek. Basileako Bakeak (1795eko uztaila) gerra saihestu zuen eta XIX. mendean erabat nagusitu ziren bi politika joera, liberala eta karlista, hasi ziren nabarmentzen Gipuzkoako agintarien artean.
Gipuzkoa XIX. mendetik aurrera
1808. urtean sartu ziren Napoleonen osteak Gipuzkoan eta, Gaspar Jauregi Artzaia deituriko gerrillariaren erasoez landa, frantsesek ez zuten inolako oztoporik aurkitu herrialdean. 1808. urteko ekainean idatzi zen Baionan Espainiako lehenengo konstituzioa eta bertan Euskal Herriko foruak kontuan har zitezela lortu zuten ordezkari euskaldunek.
1810. urtean osatu zuten Frantziako agintariek Bizkaiko Gobernua izeneko aginte barrutia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herialdeek osatua, eta 1812an liberal espainiarrek Cadizen erabaki zuten Espainiako konstituzio berri batean guztiz deuseztatu zituzten Euskal Herriko foruak.
Bitartean, frantsesek balio gabe utzia zuten forua euskal herrialde guztietan. 1813ko abuztuaren 31n sartu ziren aliatuak Donostian; sekulako triskantzak eragin ondoren, egun horretan bertan zapaldu zituzten oste frantsesak Irungo San Martzialen. 1814. urtetik aurrera, liberalak eta erregezaleak nagusitu ziren Gipuzkoan.
1833. urtean hasi zen Lehen Karlistada; hiriak liberalen alde jarri ziren, eta karlisten alde herriak eta jauntxoak. Zumalakarregiren irudi handiak, ordea, karlisten bandora igaroarazi zituen soldado gehienak 1835. urtetik aurrera. 1839. urtean izenpetu zen Bergarako Besarkada eta bi urte geroago foruak erabat murriztu eta Ebrotik Bidasoara eraman zituen Espainiako erreginak aduanak.
Une hartan hasi zen Gipuzkoako industria garatzen, astiro hasieran: 1841-1872 urteetan, papergintza eta ehungintza; 1872tik aurrera, burdingintza (armagintzari eta burdingintzari loturiko lantegi txikiak XIX. mende bukaera arte baizik ez ziren aldatzen hasi). 1860-1865. urteetan luzatu zen Gipuzkoan Espainiako Iparraldeko Burdinbidea (Otzaurte-Irun).
Bestalde, 1860ko hamarkadan berriro gorpuztu zen karlismoa Gipuzkoan, Jaungoikoa eta Foruak lemapean, eta 1872. urtean hasi zen Bigarren Karlistada eta 1876. urtean erabat nagusitu ziren liberalak. 1876ko uztailean luzatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak deuseztatzen zituen legea.
1891. urtean hasi ziren foruen aldeko ekitaldiak; bi hildako izan ziren Donostian, Gamazadaren garaian, Espainiako gobernuaren aurkako manifestaldi batean, 1893ko abuztua. XIX. mende bukaeran sortu ziren lehen talde nazionalistak Gipuzkoan, higikundea XX. mendearen hasiera arte gorpuztu ez bazen ere (1908an sortu zen Euzko Alderdi Jeltzaleko Gipuzko Buru Batzar buruzagi taldea).
Garai berekoak dira lehen langile elkarteak (Donostiako elkarte sozialista, 1891) eta grebak (Arrasate, 1893; Eibar, 1897). Nolanahi ere, Primo de Riveraren diktadura bukatu arte (1923-1930) ez ziren Euzko Alderdi Jeltzalea eta Espainiako alderdi sozialista (PSOE) Gipuzkoan nabarmendu.
1931. urteko apirilaren 14an, Eibar izan zen Espainiako errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria. 1936. urteko uztailean, Franco jeneralak gidaturiko matxinada militarrak setiaturik hartu zuen lehen egunetik Gipuzkoako herrialdea. Francoren alde jarri ziren Donostiako kuarteleko militarrak, baina errepublikaren aldeko indarrek menderatu zituzten.
Karlistek eta militarrek Irun-Oiartzunen eta Goierri aldean gogortu zuten erasoa, eta iraila arte eutsi zioten errepublikaren aldeko indarrek (1936ko irailaren 5a, Irungo galera). Azaroan geratu zen Gipuzkoa osoa militarren esku.
Francoren garaian (1936-1976), diktaduraren aurkako herrialde kartsuenetakoa izan zen Gipuzkoa, eta mugimendu abertzale guztiz indartsua gorpuztu zen urte haietan. 1979ko erreferendumaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako bat da Gipuzkoa.
Ekonomia
Gipuzkoako ekonomian bigarren sektoreak du garrantzirik handiena nahiz eta, hirugarren sektorean, turismoak gero eta indar handiagoa duen. Lehen sektoreak ere badu indarra, batez ere, barnealdeko eskualdeetan; nahiz eta eskualde horietan ere haren pisua BPGean ez den %3,5 baino handiagoa.
Demografia
2009ko urtarrilaren 1ean 705.698 biztanle zituen lurraldeak (708.207 b. 2014-01-01ean[5]). Biztanleriaren %26 Donostian biltzen da eta %60 Gipuzkoako herri populatuenetan, 2008. urteko datuen arabera:
- Donostia: 184.248 biztanle
- Irun: 60.914 biztanle
- Errenteria: 39.813 biztanle
- Eibar: 27.204 biztanle
- Zarautz: 22.915 biztanle
- Arrasate: 21.933 biztanle
- Hernani: 19.923 biztanle
- Tolosa: 18.993 biztanle
- Lasarte-Oria: 18.444 biztanle
- Hondarribia: 16.999 biztanle
Honako taula honetan Gipuzkoa osoko eta Gipuzkoako herri populatuenetako biztaleriaren XX. mendeko bilakaera jasotzen da:
Herria\Urtea | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 | 2009 | 2014 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
GIPUZKOA | 195.850 | 226.684 | 258.557 | 302.329 | 331.753 | 374.040 | 478.337 | 631.003 | 692.782 | 676.307 | 673.563 | 691.079 | 705.698 | 715.148 |
Azpeitia | 6.066 | 6.692 | 6.941 | 7.848 | 8.024 | 8.991 | 9.400 | 10.797 | 12.958 | 13.385 | 13.590 | - | - | |
Bergara | 6.196 | 6.761 | 7.345 | 9.307 | 9.499 | 10.373 | 13.162 | 15.148 | 15.759 | 15.121 | 15.046 | - | - | |
Donostia | 37.812 | 49.008 | 61.774 | 78.432 | 103.979 | 113.776 | 135.149 | 165.829 | 175.576 | 176.019 | 181.064 | - | - | |
Tolosa | 8.111 | 9.747 | 11.273 | 12.487 | 13.583 | 14.971 | 16.281 | 18.766 | 18.894 | 18.085 | 18.102 | - | - | |
Arrasate | 3.713 | 4.706 | 5.915 | 7.720 | 8.645 | 10.014 | 14.148 | 22.421 | 26.045 | 25.213 | 23.367 | - | - | |
Errenteria | 4.081 | 5.527 | 6.956 | 8.973 | 10.106 | 12.784 | 18.642 | 34.369 | 45.789 | 41.163 | 38.903 | - | - | |
Eibar | 6.583 | 10.121 | 11.888 | 12.874 | 11.772 | 16.318 | 31.725 | 37.073 | 36.494 | 32.108 | 28.219 | - | - | |
Irun | 9.912 | 12.120 | 14.161 | 17.670 | 14.368 | 19.956 | 29.814 | 45.060 | 53.445 | 53.861 | 56.601 | - | - |
XX. mendearen hasieran Gipuzkoan bizi ziren ia 200.000 lagunak hirukoiztu eta gehiago egingo ziren mendearen bukaeran. Gehikuntza nabarmen hau ez da Donostian bakarrik gertatzen eta industria jarduera ekonomiko nagusi duten tamaina ertaineko herrietan ere gehikuntza handia izango da, 1955-1975 urte bitartean izandako immigrazioaren ondorioz. Donostiak bost halakotu egingo zuen mende hasierako biztanleria, Arrasatek sei halakotu eta Errenteriak bederatzi. Donostiak lurraldearen biztanlerian mendean zehar hartu duen nagusitasuna nabaria da: mende hasieran bost gipuzkoarretatik bat donostiarra bazen, mendearen bukaeran hirutik bat izango zen donostiar. Beste herri batzuek tinko eutsi diote XX. mendeko hasierako proportzioari: Irun lau aldiz txikiagoa bazen biztanleriari dagokionean, mendearen bukaeran berdintsu mantentzen da proportzioa. 1975. urtetik aurrera baby boom fenomenoa guztiz apaldu eta biztanleriaren zahartze eta, azkenean, gutxitze bat izango da XX. mendeko azken urteetan atzerritik etorritako etorkinei esker gehienbat.
Banaketa administratiboa
Eskualdeak eta udalerriak
Gipuzkoako lurralde historikoa 7 eskualdek eta 89 udalerrik osatzen dute. Biztanleriari dagokienez, Donostia handiena da eta Baliarrain, berriz, txikiena.
Hauek dira herrialdeko eskualdeak Eustaten arabera[6], hauetako batzuek nortasun propioa duten azpieskualdeak dituzte haien barnean.
Barruti judizialak
Gipuzkoa judizialki 6 barruti judizialetan banatzen da. Barrutiko buruan kokatzen dira barrutiko epaitegi guztiak. Gipuzkoako Probintzia Auzitegia Donostian dago; Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia aldiz, Bilbon. Hauek dira barruti judizialak:
Hauteskunde barrutiak
Espainiako Gobernuko eta Eusko Legebiltzarretako hauteskundeetan, Gipuzkoa hauteskunde barruti bakar gisa aurkezten da. Foru hauteskundeetan aldiz, gipuzkoarrek 4 hauteskunde barrutitan bozkatzen dute udalerriaren arabera:
Politika
2015eko foru hauteskundeak
2015eko Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak | |||
---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | Ehunekoa | Bozka kop. |
EAJ | 18 | 31,57 | 112.918 |
EH Bildu | 17 | 28,83 | 103.140 |
PSE-EE | 9 | 16,51 | 59.076 |
Podemos | 6 | 12,05 | 43.123 |
PP | 1 | 5,42 | 19.395 |
Atzerriko diplomazia
Gaur egun Gipuzkoako Talde Kontsularra ondorengo kontsulatuak osatzen du:
Kultura
Euskara
Gipuzkoan mintzatzen den euskara bi euskalkitan sailkatzen da: gipuzkera (nagusia) eta bizkaiera (mendebaldean). Gaur egun, euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera. Gipuzkoako mendebalean bizkaiera da nagusi (Debagoiena eta Debabarrena, Deban, Mendaron eta Mutrikun izan ezik).
Gipuzkoako ipar-ekialdeko euskalkia, aldiz, goi-nafarrera da (Irun, Hondarribia, Lezo eta Oiartzun). Gipuzkeraz hitz egiten da gainerako eskualde guztietan. 2001eko datuen arabera, Gipuzkoan biztanleen % 51,1ek euskalduntzat zuen bere burua eta % 19,7k ia euskalduntzat.
Hezkuntzari dagokionez, 1999-2000 ikasturtean, esaterako, unibertsitatez kanpoko ikasleen % 81 D eta B ereduetan ari zen ikasten Gipuzkoan, EAEko batezbestekoaren gainetik 19 puntutan. Euskara hutsezko D eredua da gainera Gipuzkoan gehiena hazi dena, eta euskarazko irakaskuntza, maila askoz ere apalagoan bada ere, Lanbide Heziketara ere gainerako lurraldeetan baino gehiago zabaldu da. 2006-2007 ikasturtean ikasleen % 70,1 D ereduan aritu zen; % 19,8, B ereduan; eta % 10, A ereduan.
Gipuzkera
Koldo Zuazoren azken sailkapenaren arabera (1998), herrialdeko eremu handienean nagusiki mintzatzen den euskalkia erdialdekoa euskara edo gipuzkera izenekoa da.
Gipuzkoako gipuzkerak hiru aldaera nagusi ditu:
- Beterriko hizkera (Gipuzkoako erdi eta ipar-ekialdean, Tolosaldeko Ikaztegieta udalerritik Iruneraino).
- Goierriko hizkera (Gipuzkoako hego-ekialdean, nagusiki Goierri eskualdean, Legazpitik hasi eta Legorretaraino).
- Urolaldeko hizkera (Gipuzkoako ipar-mendebaldean, Zarauztik Mutrikuraino, eta Urretxu / Zumarragatik, Urola ibaiaren bideari jarraituz, kostalderaino).
Bizkaiera
Gipuzkoako mendebaldean Mendebaldeko euskara edo bizkaiera egiten da. Eremu hori Bizkaiarekiko mugari paraleloan jarraitzen dion Deba ibaiaren ibarrak eratzen du, hots, Debagoiena eta Debabarrena eskualdeek.
Nafarrera
XX. mendearen bigarren erdira arte, nafarrera hitz egiten zen ipar-ekialdean, iparraldeko goi nafarrera, zehazki. Euskalki horretan aritzen ziren Hondarribia, Irun, Lezo eta Oiartzun udalerrietako biztanleak, baina gaur egun gipuzkera —Beterrikoa, hain zuzen— alde horretara ere zabaldu da.[7][8]
Literatura
Bernardo Atxaga idazlea (Asteasu, 1951), Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere ezaguna da eta haren liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, tartean "Obabakoak" (1988) lan nagusia.
Euskarazko beste egileen artean, azpimarratzekoak dira, besteak beste, Joxe Azurmendi, Anjel Lertxundi, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Mariasun Landa eta Harkaitz Cano.
Bestalde, gaztelaniaz idatzi dutenen artean, Pío Baroja eta Gabriel Celaya dira egile nagusiak.
Musika
Ainhoa Arteta tolosarra dugu munduan gipuzkoar abeslari ezagunenetarikoa.
Bertsolaritza
Historikoki Gipuzkoa izan da bertsolaritzak garrantzia gehien izan duen lurraldea, eta bertakoak dira inoizko bertsolari onenetako asko: Txirrita, Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki eta abar. Gaur egungoen artean, aipagarriak dira Andoni Egaña (Zarautz, 1961), Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia gehien (lautan) irabazi duen bertsolaria; eta Maialen Lujanbio, txapelketa hori irabazi duen lehen emakumea.
Hedabideak
Egunkariak
- Berria: Euskarazko nazio mailako egunkari bakarra. Andoainen dauka egoitza nagusia.
- Eskualdeko euskarazko egunkariak: Tolosaldeko Hitza, Oarsoaldeko Hitza, Urola Kostako Hitza, Goierriko Hitza eta Irutxuloko Hitza (Donostialdean).
- Noticias de Gipuzkoa.
- El Diario Vasco: Probintziako egunkaririk salduena da.
- Gara.
- El Mundo Deportivo kirol egunkariak, Gipuzkoarako edizio berezia kaleratzen du.
Telebistak
- Gipuzkoa Telebista: Gipuzkoako probintziako telebista kate nagusia. Aurreko Localia izenaz oraindik ere ezagutzen da. Euskaraz eta gaztelaniaz emititzen dute.
- Goierri Telebista: Goierriko tokiko telebista katea. Euskara hutsean.
- 28 Kanala: Tolosaldeako tokiko telebista katea. Euskara hutsean.
- Arrasate Telebista: Arrasateko telebista katea. Euskaraz.
- Goiena Telebista: Debagoieneko tokiko telebista katea. Euskaraz.
- Teledonosti: Probintziako tokiko katerik garrantzitsuena. Donostialdean emititzen da, baina azken urteetan probintzia osora zabaldu da. Gaztelaniaz.
- Urola Telebista: Urolako tokiko telebista. Euskaraz eta gaztelaniaz.
- Zarauzko Telebista: Zarautz eta inguruetako telebista katea. Euskaraz.
Aldizkariak
- Argia: Euskarazko nazio mailako astekaria. Lasarte-Orian dauka egoitza.
Garraioa
- Autoz
Gipuzkoa errepide sare garrantzitsu batek zeharkatzen du. Errepide garrantzitsuenak A-8, AP-1 eta N-1 dira. Gipuzkoa Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugan dagoenez, mugaz bi aldeetan errepide sarea asko eraldatu da azken urteetan (Irun Hegoaldean eta Hendaia Iparraldean).
- Trenez
Errepide Sareaz gain, Renfe Operadorak Aldirien zerbitzua eskaintzen du probintzia osoan zehar, Zumarragatik Irunera. Halaber, EuskoTrenek ere garrantzi handia du.
- Itsasoz
Gipuzkoako garraio porturik garrantzitsuena Pasaiako portua da. Beste portu guztiak kirol portuak edo portu arrantzale txikiak dira, esaterako Donostiako portua.
- Airez
Lurralde Historikoak duen aire-bidezko garraio bakarra Donostia-Hondarribiko aireportua da. Gaur egun Madril eta Bartzelonara eskaintzen ditu hegaldiak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/09/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- «Gizakiak Behe Paleolitoan Praileaitzen izan zirela frogatu dute - Elhuyar Aldizkaria» aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-23).
- «Lezetxikiko humeroa, Euskadin aurkitu den giza hezurrik zaharrena - Eusko Jaurlaritza - Euskahdi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-23).
- Mujika Alustiza, José Antonio. «Historiaurreko itzaletik historiaren hastapenera Gipuzkoan» Gipuzkoako historiaren sintesia (Gipuzkoako Foru Aldundia) ISBN 9788479077778..
- (Gaztelaniaz) Iriarte, María José; Arrizabalaga, Alvaro; Etxeberria, Paco; Herrasti, Lourdes. (2003). «La inhumación humana en conchero de J3 (Hondarribia, Gipuzkoa)» Unpublished doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-03-23).
- Anuario Estadístico de España 2014 / I.N.E.
- Eustat. «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen eta jaiolekuaren arabera (1).» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- Josep del Rio Rodríguez: «Errenteriako euskararen kokapen dialektala», Errenteriako Udal Artxibo Zerbitzuko aldizkaria, 22. zenbakia, 7-115. orrialdeak. ISSN 0214-624X.
- Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgune ofiziala (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Ingelesez)
- GureGipuzkoa.net Gipuzkoako iraganeko eta oraingo argazkien webgunea (Gaztelaniaz)
- Gipuzkoa Turismo webgunea (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Ingelesez)
- Gipuzkoako Batzar Nagusien webgune ofiziala (Gaztelaniaz)