Giovanni Bellini
Giovanni Bellini (Venezia, 1433 inguruan - Venezia, 1516ko azaroaren 26a), izengoitia Giambellino, italiar margolaria izan zen, Pizkunde garaikoa. XV. mendeko Veneziako margolari nagusia izan zen, eta Giorgioneren zein Tizianoren maisua. Durerok, 1505 inguruan, garai hartako margolaririk bikainenentzat jo zuen.[1]
Giovanni Bellini | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Venezia, c. 1433 |
Herrialdea | Veneziako Errepublika |
Heriotza | Venezia, 1516ko azaroaren 26a (85/86 urte) |
Hobiratze lekua | Santi Giovanni e Paolo (en) |
Familia | |
Aita | Jacopo Bellini |
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Leinua | Bellini family (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Irakaslea(k) | Jacopo Bellini |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, illuminator (en) eta marrazkilaria |
Lantokia(k) | Padua Pesaro eta Venezia |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | pizkundea |
Izengoitia(k) | Giambellino |
Genero artistikoa | margolaritza historikoa margolaritza erlijiosoa allegory (en) animal painting (en) figure (en) genero-margolana paisaia margolaritza biluzia erretratua |
Biografia
Giovanni Bellini bere garaikideek margolari handi gisa estimatzen zuten arren, bere bizitza nahiko gutxi dokumentatuta dago; datu fidagarrien eskasia dela eta, garrantzi handiko bere lan askok ez dute behin betiko enkoadraketarik.
Jatorria
Giovanni Bellini Venezian jaio zen; bere jaiotzaren data zehatza ez den arren, Jacopo Bellini veneziar artista finkatu baten semea zen. Giorgio Vasarik dio: 1516an, laurogeita hamar urte zituela, hil zela, eta, horregatik, 1426an jaio zela uste da. Ezagutzen ez zituen artistekin, akats horiek ohikoak omen ziren Florentziako historialariarengan, baina Belliniren amaren, Anna Rinversi markaktarraren, testamentuan, 1429an, bere lehen erditzearen harira egindako dokumentu batek ukatu egiten du. Ez da ziurra familiako seme nagusia zenik; garaiko iturriek beti hitz egin dute Giovanni baino zaharragoa zen Gentilez, eta bere arreba Nicolosia ere (gero Andrea Mantegnarekin ezkondu zena) zaharragoa izan daiteke, edo laugarren anaia bat, Niccolò, Meyer Zu Capellenek 1985. urtean soilik aurkitua. Beraz, Giovanniren jaioteguna ez zen hogeiko hamarkadakoa izango, baizik, gutxienez, 1432 – 1433 ingurukoa, beranduagokoa ez bada.
Ondoren, bere legitimitatearen auzia dago. Normalki, seme naturaltzat hartzen da aitarengandik ezkontzaz kanpoko beste emakume batetik jaiotakoa, edo Annarekin baino lehenagoko ezkontza batetik; Anna Rinversik, 1471ko azaroko testamentu-dokumentuan oinarrituta, dagoeneko Jacoporen alarguna, erabakitzen du bere ondasunak Niccolò, Gentile eta Nicolosiarentzat izango direla. Giovanni aipatzen ez duenez, Fiocco-k (1909) uste zuen horrek frogatzen zuela bere ama beste bat zela. Tesi hori ez dago inongo frogetan oinarriturik, eta horren inguruko ondorengo kritikak zuhurra izan dira.
Bizitza eta lanak
Jacopo Bellini veneziar artistaren semea zen.[2] Haren eta Andrea Mantegnaren eraginpean hasi zen lanean. Piero della Francescaren eta Antonello da Messinaren margolanak ezagutzea erabakigarria izan zen haren lanaren bilakabidean, gero eta pintura argitsuagora jo baitzuen.
1479tik aurrera Veneziako margolari ofiziala izan zen. Ingurunea eta irudiak bat egiten lehena izan zen. Haren Andre Mariak zerukoak eta mundu honetakoak dira aldi berean. Batzuk Venezian bertan daude: Andre Maria santuz inguraturik; Andre Maria tronuan, Haurra lokarturik duela, Andre Maria, Haurra eta santuak.
San Frantzisko estasian (1480 aldean, Frick bilduma, New York) Belliniren margokeraren adierazgarria da. Santua oso txikia ikusten da eta, hala ere, edertasunaren aurrean ageri duen lilura mistikoa hain da handia, non erabat erakartzen duen ikuslea. Belliniren inguruak ez dira Mantegnarenak bezain nabarmenak; koloreak bigunagoak dira, eta indartsuagoa argia. Aldi berean, flandriar maisu handien ardura bera du Bellinik izadiko xehetasunetan. Flandriarrek ez bezala ordea, badaki begiralearen eta paisaiaren arteko proportzio espaziala definitzen: lehen planoko harkaitzak sendoak dira, perspektibaren lege egoki bati jarraituz.
Veneziako hiriko margolari nagusia zenez gero, erretaula handi asko egin zuen. Horietan aipagarriena azkena da, Pala di San Zaccaria (1505, San Zaccaria eliza, Venezia). Ezaugarri nabarmenena, florentziar aurrekarien ondoan, konposizioaren zabaltasuna ez ezik, margolanari darion meditaziozko giroa da, baretasun zoragarria: elkarrekin hizketan aritu ordez, badirudi pertsonaiek barne harreman bat dutela, keinuen erretorika oro alde batera utzita. Kontraste gogor oro ezabaturik, oharkabean nahasten dira, ia, argiak eta ilunak, eta aberastasun eta sakontasun berria dute koloreek. Horretan, ondo uztartzen baititu Masaccioren florentziar handitasuna eta Jan van Eycken iparraldeko barrukotasun poetikoa, XV. mendeko margolari nagusien oinordeko gertatzen da Bellini.
Beste zenbait lan nagusi hauek dira: Jesukristo bedeinkazioa ematen (1460 aldean, Louvre, Paris), Andre Maria eta Haurra lau santuz inguraturik (1490-1500, Louvre, Paris), Baratzeko otoitza (1459-1465, National Gallery, Londres); Jesukristoren itxuraldatzea (1480 aldean, Museo di Capodimonte, Napoli), Pietatea (1465, Pinacoteca di Brera, Milan), Allegoria sacra (1490-1500, Uffizi Galeria, Florentzia) eta Jainkoen oturuntza (1514, Washingtongo Arte Galeria Nazionala), gai profanoz margotu zituen koadro bakanetako bat . Halaber erretratu anitz egin zuen. Leonardo Loredan Duxa (National Gallery, Londres) da ospetsuenetariko bat.[3][4]
Obra ezagunenak
Oso obra zabala utzi zuen Bellinik. Hona hemen ezagunetariko batzuk:
- Kristoa Olibondoen mendian (1459 inguruan), tenpera ohola gainean, Londresko National Gallery, 81 x 127 zm.
- San Frantzisko estasian (1480 inguruan), olio ohola gainean, Frick bilduma, New York, 124 x 142 zm.
- Kristoren bataioa (1500–1502), olio mihise gainean, Santa Corona, Vicenza, 400 x 263 zm.
- Leonardo Loredan duxa (1501-1504 inguru), olioa ohola gainean, National Gallery, Londres, 62x45 zm,
- San Jeronimo basamortuan (1505), olioa ohola gainean, Washingtongo Arte Galeria Nazionala, 49 x 39 zm.
- Madonna (1510), olioa ohola gainean, Milango Brerako Pinakoteka, 85 x 118 zm.
- Jainkoen otordua (1514 ingurua), Washingtongo Arte Galeria Nazionala, olio mihise gainean, 170 x 188 zm.
- Emakume gaztea biluzik ispilu aurrean (1515), Vienako Kunsthistorisches Museum, olio mihise gainean, 62 x 79 zm.o
- Noeren horditasuna (1515 inguruan), Besançongo Arte Ederren Museoa, olio mihise gainena, 103 x 157 zm.
Iruditegia
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- https://historia-arte.com/artistas/giovanni-bellini
- Giovanni Bellini Biografiasyvidas.com
- Batschmann, Oskar: Giovanni Bellini, Londres, Reaktion Books, 2008.
- https://www.biografiasyvidas.com/biografia/b/bellini_giovanni.htm
Kanpo estekak
- (Ingelesez):Bellini Web Gallery of Art webgunean.
- (Ingelesez):Giovanni Bellini Artble.com
- (Gaztelaniaz):Iacopo, Giovanni Bellini y Gentile Bellini Biografía en las Vidas de G. Vasari edic.1550.
- (Gaztelaniaz):Belliniri buruzko bideoa Youtuben.