Giovanni Battista Pergolesi
Giovanni Battista Pergolesi (Jesi, 1710eko urtarrilaren 4a - Pozzuoli, 1736ko martxoaren 16a) italiar musikagile, biolinista eta organo-jotzailea izan zen.
Giovanni Battista Pergolesi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Giovanni Battista Draghi |
Jaiotza | Jesi, 1710eko urtarrilaren 4a |
Herrialdea | Aita Santuen Lurraldea |
Heriotza | Pozzuoli, 1736ko martxoaren 16a (26 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Irakaslea(k) | Francesco Durante (en) Gaetano Greco (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea eta organista |
Mugimendua | musika barrokoa |
Genero artistikoa | opera |
Musika instrumentua | organoa |
|
Biografia
1726. urtetik aurrera Napoliko Conservatorio dei Poveri izenekoan egin zituen musika-ikasketak, eta biolin-jotzaile bikaina izatera iritsi zen. 1731. urtean bukatu zituen ikasketak, La conversione di San Guglielmo d´Aquitania oratorioarekin.
Stigliano printzearen, eta Caraccioloko printze eta dukeen laguntzari esker, 1731. urteko neguan Salustia opera eta Nerina e Nibbio intermezzoak aurkeztu zituen. 1732. urtean Stigliano printzeak kapera-maisu izendatu zuen Napolin, eta Lo frate nnammorato opera bufoa eta meza bat (ziurrenez Meza fa-n) idatzi eta aurkeztu zituen. Biek arrakasta handia izan zuten.
1733. urtean, Il prigionier superbo opera antzeztu zen, baina ekitaldien arteko La serva padrona intermezzo komikoa izan zen egiazko arrakasta lortu zuena. 1734. urtean Napoliko ordeko kapera-maisu izendatu zuten, eta maiatzean Erromara joan zen Meza fa-n zuzentzera. Ondoren idatzi zituen operek ez zuten arrakasta handirik lortu, eta 1736. urtean Napoli utzi eta Pozzuoliko kaputxinoen monasteriora jo zuen. Han idatzi zuen Stabat Mater famatua.
Hogeita sei urte zituela hil zen Pozzuolin, behartsu eta tuberkulosiak jota. Pergolesik kantatak, kamerako musika, eta eliza-musika ere idatzi zuen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giovanni Battista Pergolesi |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.