Gin tonic

Gin tonic edari alkoholduna da, koktel moduan prestatzen dena gina eta tonika nahastuz. Gehienetan izotz koskorrak eta limoi edo lima zatiak ere gaineratzen zaizkio. Ginebra-tonika proportzioak aldakorrak izaten dira, baina 1:2tik 1:4 bitartekoak dira arruntenak. Jatorrian, malariaren aurka hartzen zen tonikaren zaporea hobetzeko sorturiko konbinazioa izan zen, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak Indian sartu zuena.

Gin tonic
konbinatu
Materialakgina
izotza (on the rocksa)
tonika
kikara  edalontzi zabala
Historia
Honen izena dugin eta tonika

Historia

1783an, Johann Jacob Schweppe bitxigile alemaniarrak botilaratutako urari anhidrido karbonikoa eransteko sistema asmatu zuen; edari gaseztatua, ur tonikoa, lortu zuen horrela. Produktuaren arrakasta ikusirik, bere izena zuen konpainia sortu zuen Londresen, Schweppes, hiri hartan gasdun ura eta frutazko sodak modan zeudela jakinda. XIX. mendearen erdialdean, ziropa sendagarrien eskaerak, eta ondorioz ekoizpenak, igoera izugarria izan zuten. Hala, Schweppes enpresak merkatu segmentu horretan sartzea erabaki zuen. Ur tonikoari kinina erantsita, edari freskagarria eta malaria zein beste hainbat gaitzen aurkako sendagaia produktu berean batzea lortu zuten.[1]

Garai hartan Britainiar Inperioa zabala zen, eta India zuen gune nagusietakoa. Ingurune hotzagoetara ohituta, tropa britainiarrentzat malaria mehatxu handia zen Indiako berotan. Hortaz, metropolitik edari arrakastatsua eraman zuten, gaitzaren aurkako borrokan arma izan zedin. Eskorbutoari ere aurre egin behar izaten zieten kolonietako soldaduek eta, gaitz hura C bitaminaren gabeziak eragiten duela jakinda, fruta zitrikoak egokiak ziren prebentziorako. Hala, tonikari lima edo limoia erantsita, sendagaiaren propietateak areagotzen ziren. Baina tonikaren mikatza –garai hartan gaur baino askoz kinina gehiago zuen eta zaporean antzematen zen– eta limaren garratza kontuan hartuta, hura edaterik ez zegoen. Beste osagai bat behar zen edabea edangarriago egiteko, eta ofizial britainiar bati zapore hura goxatzeko osagai egokiena gina zela bururatu zitzaion.[1]

Gina (nederlanderaz: jenever) Herbehereetan asmatu zuten, XVII. mendearen erdialdean –ustez, Franciscus Silvyus mediku eta anatomistak destilatu zuen lehenengoz–. Baina gina Ingalaterran zabaldu zen nagusiki. Garagardoa egiteko erabiltzen ez zen garagar soberakina destilatzen hasi ziren, eta egiten hain erraza zen edari merkea bere egin zuten metropoliko nahiz kolonietako britainiarrek. Horrenbestez, ur tonikoa, lima eta gina batuta, gin&tonic izeneko koktel ezaguna sortu zuten. Oraindik ere bere propietateak estimatuak dira digestio-lagungarri bikaina delako. Baina egungo gin tonicak ez du ia kininarik, eta C bitamina maila igotzeko tratamendurik gomendagarriena ere ez da.[1]

Erreferentziak

  1. Irazustabarrena, Nagore. Gin tonic: malariaren eta eskorbutoaren aurkako edabea. Argia astekaria, 2012ko martxoak 25, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-21).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.