Gibralfaroko gaztelua
Gibralfaroko gaztelua Espainiako Málaga hiriko izen bereko muinoan kokaturik dagoen gaztelua da, Iberiar penintsulan izan zen gotorleku sendoenetakoa zen. Arabiarrek eraiki zuten eta Errege-erregina Katolikoek konkistatu zuten.
Gibralfaroko gaztelua | |
---|---|
Castillo de Gibralfaro | |
Kultura ondasuna | |
Conjunto Alcazabilla | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Andaluzia |
Probintzia | Málagako probintzia |
Udalerria | Málaga |
Koordenatuak | 36°43′24″N 4°24′42″W |
Historia eta erabilera | |
Jabea | Yusuf I, Sultan of Granada (en) |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000730 |
1931. urtean Monumentu historiko artistiko izendatu zuten eta 1985ean Interes Kulturaleko ondasun.
Historia
Gibralfaro izenak jatorri feniziarra du. Muinoan itsasargi bat ("faro") eraiki zuten eta feniziarrek Jbel-Faro ("itsasargia duen mendia") izena eman zioten K.a. VII. mendean. Ondoren erromatarrek hartu zuten penintsula eta gotorleku bat eraki zuten bertan.
VIII. mendean arabiarrak iritsi ziren eta gíbal al-faruh izena eman zioten, esanahi bera duena[1]. Erromatarren gotorleku zaharraren hondarren gainean Abd ar-Rahman III.ak gotorleku berria altxatu zuen X. mendean[2]. 1340. urtean Yusuf I.ak gotorlekua handitu eta alcazar bihurtu zuen[2].
1487ko udan Errege-erregina Katolikoek setiatu egin zuten eta konkistatzea lortu zuten[3]. Fernando Aragoikoak gotorlekua egoitza gisa erabili bazuen ere Elisabet Gaztelakoak Málaga hirian bizitzea hobestu zuen.
Deskribapena
132 metrotako altueran kokaturik dago[4], bi harresik inguratzen dute eta zortzi dorre ditu, horregatik ia garaitezina izan zen[3]. Kanpoaldeko harresia zigi-zaga itxurako hormez lotzen zaio alkazabari eta barnealdeko harresian perimetro guztian egin daiteke erronda.
Bi mailatan eraikita dago barneko gaztelua. Goiko aldean patio nagusia dago eta 17 metrotako altuera duen dorre nagusia. Dorre nagusi hortatik Málaga hiria ezezik[5] Rif mendilerroa (Afrikan) eta Gibraltarko itsasartearen ikuspegi itzelak daude[6]. Goiko maila honetan feniziarren Airón putzua, 40 metrotako sakonera duena, eta bainuak ere bazeuden. Gaur egun interpretazio zentrua dago gainalde horretan, bolbora biltegia zen eraikinean.
Azpialdean arma patioa, gudarosteen barrakoiak eta zaldiegia zeuden[5]. Albarrana dorrea edo "dorre zuria" ipar-ekialdera begira dago eta hiritik nabarmenen ikusten dena da. Dorrearen barnean aljibea, gelak eta biltegiak daude.
Gibralfaro gaztelua Alcazabaren gainean dago eta elkar lotzen dituen pasabidea du. Gazteluko agintariaren egoitza Alcazaba bera zen eta eraso baten aurrean erraz ihes egin zezakeen familiarekin eta gazteluan babestu[3].
Iruditegia
- Gibralfaro muinoa, goian gaztelua eta azpian Alcazaba
- Harresiak
- Málagaren ikuspegia gaztelutik
Ikus, gainera
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Enclave» Alcazaba y Castillo de Gibralfaro (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- «Toda la Información sobre el Castillo de Gibralfaro | OWAY Tours» owaytours.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- (Gaztelaniaz) Málaga, Explora. (2019-09-19). «La Historia del Castillo de Gibralfaro - Explora Málaga» Free Tours y Tours Privados en Málaga - Explora Malaga (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- (Gaztelaniaz) Hoy, Málaga. (2008-10-17). «El paseo olvidado de la Alcazaba a Gibralfaro» Málaga Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- (Gaztelaniaz) «Castillo de Gibralfaro - Horario, precio y ubicación en Málaga» www.disfrutamalaga.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).
- «Montes de Africa desde Málaga» www.ac.uma.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-27).