Geuria

Geuria Hego Uribe eskualdeko euskarazko komunikabide bat da eta Tokikom tokiko hedabideen elkarte taldeko kidea.[1]

Geuria
MotaHego Uribeko eskualdeko hedabidea
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
Argitaratze lekuaBasauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao, Zeberio, Zaratamo
FormatuaPaperezkoa eta digitala
Banaketa
MaiztasunaPapera hilabetero. Digitala eguneroko eguneratzea
Historia
ErredaktoreakJon Villapun Arbidek, Ibai Villapun Arbidek, Maider Ibañez Espinosak, Jon Goikouria Larrabeiti
https://www.geuria.eus/

Komunikabide honen euskarria hileko egunkari bat da, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao, Zaratamo, Zeberio eta Uribe Hegoaldeko zonaldeekin zerikusia duten berriak dituena. Horrez gain, Geuria.eus web-orria ere badu.

Historia

Komunikabide hau Basaurin jaio zen 2014an. Zehazki, urriaren 6an aurkeztu zen Basauriko Ibaigane Kultur etxean, eta bertan publikoaren artean hileko argitalpenaren lehen alea banatu zen. Basauriko Udaleko Euskara Aholku Batzordearen lankidetzari esker sortu zen, non herriko hainbat elkartek, gizartearen hainbat alderdi ordezkatzen dituztenak, parte hartu zuten, hala nola kultura, euskara, hezkuntza, politika edo kirola[2].

Hau izan da Hego Uribe eskualdeko euskarazko lehen hedabide ireki, parte-hartzaile, egonkor eta iraunkorra, eskualdeko euskal komunitatearen arteko harremana sendotzen duena eta euskaldun berriak biltzen dituena; kanpo-komunikaziorako tresna gisa funtzionatzen duena (komunikabide gisa), baina baita barne-komunikaziorako ere (eskualdeko udalerrietako elkarte eta pertsonen bateratzaile gisa).

Edukiak

Udalerri desberdinei buruzko informazioa ematen duen komunikabidea denez, egunkaria 7 ataletan banatuta dago, udalerri bakoitzeko atal bana. Egunkariaren bukaeran beste lau atal daude, Aisia, Agenda, Geuriatxiki eta Komunitatea.

Lau atal hauen izenak ondo azaltzen duten bezala, Aisia atalak hitz gezidunak, hitz gurutzatuak, sudokuak eta beste jokoak dakartza; Agenda, hurrengo hilabetean egongo diren ekintzen zerrendaz beteta dago; Geuriatxiki atalak, Aisia atalaren antzeko jolasak dakartza baina txikientzako bideratuta; eta Komunitate atala, egunkaria komunitatearekin zer ikusia duten elkarrizketek, berriek eta horrelakoek osatzen dute.

Egunkariko azala hileko albiste nagusiek osatzen dute, udalerrietako albiste garrantzitsuak dituzten beste leiho batzuekin batera. Hurrengo 2-3 orriek elkarrizketa bat izaten dute, eta ondoren udalerrien atalak hasten dira. Udalerrien sekzioak handienetik txikienera doaz, udalerriaren garrantziaren arabera; beraz, Basauri, Galdakao eta Arrigorriaga dira lehen hiru atalak. Udalerririk handienak direnez, hiru herri hauek albiste eta orri gehiago izaten dituzte; Etxebarri, Ugao, Zaratamo eta Zeberiori buruz, berriz, gutxiago. Nagusiki, lehenengo hiru udalerrietako sekzioek 3-5 albiste-orri izaten dituzte, garrantziaren arabera ordenatuta, eta elkarrizketa bat edo bi. Eta beste udalerrietako atalek elkarrizketa bat izaten dute, eta, ondoren, albiste-orri bat edo bi. Oro har, sekzioen banaketa eta segmentazioa eta egunkariko informazioa ez dira asko aldatu urteetan zehar. Albiste informatiboa eta elkarrizketa dira hedabide honetan gehien erabiltzen diren informazio-generoak.

Web-orriari dagokionez, udalerrietako atalka banatuta dago, baina, horrez gain, beste atal batzuk ere baditu, hala nola: Datuak (Langabezia eta Hauteskundeak), Iritziak (Azal-ilustratua, Zutabeak, Komikiak, Gutunak eta Hemeroteka), Jaiak, Argazkiak, Bideoak eta Elkarrizketak. Herrien atalen barruan herri bakoitzaren azpiatalak daude, eta azpiatal bakoitzean udalerri bakoitzeko albisterik garrantzitsuenak. Datuen atalaren barruan, langabeziari eta hauteskundeei buruzko grafiko eta datuak agertzen dira. Eta iritzien atalaren barruan, iritzi-generoak, komikien azpisekzio bat eta artikulu eta albiste zaharrak dituen hemeroteka bat daude. Jarraian, jaien, argazkien eta bideoen atalak aurkitu ditzakegu. Atal horietako bakoitzean, fotoerreportaiak, albiste batzuen bideoak edo udalerrietako jaiei buruzko albisteak aurki daitezke, bakoitzak bere atalaren barruan. Eta, azkenik, elkarrizketen atalean, komunikabideak egindako elkarrizketa guztiak biltzen dira.

Papereko aldizkarian ez bezala, web orriko informazio guztia gaztelaniaz zein euskaraz aurki daiteke, google-k eskaintzen duen itzultzaile aukerari esker.

Egitura eta negozio eredua

Geuria hedabidearen lantaldea osatzen dute, besteak beste, Jon Villapun Arbidek koordinazioan, Ibai Villapun Arbidek Administrazioan, eta Maider Ibañez Espinosak eta Jon Goikouria Larrabeiti, erredakzioan eta webgunean. Gainera, bilerak irekiak dira eta, beraz, edonor da bertaratzeko eta parte hartzeko libre. Bileren datak webgunean argitaratuta daude. Egoitza Basaurin du.

Geuria Tokikom-eko kide den elkarte bat da. Tokikom Hekimen elkartearen bazkide sortzailea da.

Bai aldizkaria bai web orria guztiz doakoak dira. Publizitatetik datozen diru-sarrerak eta erakundeen diru-laguntzak dira bere negozio ereduaren oinarriak. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Hego Uribeko udalen diru-laguntzak jasotzen ditu.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «TOKIKOM - Zero kilometroko komunikabideak» tokikom.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  2. Urkizu, Urtzi. «'Geuria' sortu dute, Hego Uribe eskualdeko komunikabide berria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.