Getxoko Jazzaldia

Getxoko jazzaldia Bizkaiko Getxo udalerrian ospatzen den jazz jaialdi bat da. Urtero uztailaren lehenbiziko astean ospatu ohi da.

Historia

1975ean sortu zen, San Ignazioko jai-batzordeak antolatuta. Lehen urteetan, Donostiako Jazzaldiaren lankidetza izan zuen, hain zuzen ere, Nazioarteko Lehiaketako taldeak bertara bidaltzen baitzituen. Anekdota moduan esan behar da oraindik ezezaguna zen Sting ingeles musikaria (Last Exit taldeko kide moduan Getxon aritu zela (gerora The Police ingeles musika taldearen abeslaria izateagatik aski ospetsua izango zena). Tete Montoliu kataluniar pianojolea ere aritu zen.

1985ean Getxoko Kultur Etxearen (udal erakundea) esku geratu zen, San Ignazioko Jai Batzordearekin bat eginez. Bitarteko gehiago izaten hasi zen, eta horren emaitza moduan, jazzaren munduko irudi handiak etorri ziren (Art Blakey, Tony Williams eta Freddie Hubbard). Fadurako pilotalekuetan egiten zen.

1989an, gure Jaialdirako urrats garrantzitsua eman zen: Europar Jazzaldia bihurtu zen.

1991n, urtero 40 banda inguru biltzen zituen lehiaketa sendotu egin zen. Talde irabazleak CD bat grabatu ahal zuen.

1994an Taldeen Lehiaketa ere Europarra eta Gaztea bihurtu zen (30 urtera arteko musikariei eskainia). Lehen urte honetan, 30 talde aurkeztu ziren (15 Europakoak eta 15 Estatukoak).

2001ean, Jaialdiaren 25. urteurrenean, Estatu Batuetako Branford Marsalis saxofoi-jolea Getxon aritu zen. Ordutik, Amerikako jazzaren izen handiak gure jaialdiko agertoki nagusitik igarotzen dira, hala nola Michel Camilo, The Manhattan Transfer, McCoy Tyner, John Scofield, Chucho Valdés, Lee Konitz, Archie Shepp, Paquito D’Ribera, Dee Dee Bridgewater, etab.

Gaur egun, Bihotz Alai plaza Jaialdiaren egoitza nagusia da. Kontzertuak aire zabalean egiten dira, baina karpa bat jartzen da, oztopo klimatologikoak saihesteko. Hirugarren Milurtekoa saila ere badago, musikari gazteei eskainia, udalerriko plaza desberdinetan; jam-session izenekoak egiten dira Piper´s Irish Puben, eta urtero, marching band batek udalerriko kaleak zeharkatzen ditu.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.