Getaria (Gipuzkoa)
Getaria Gipuzkoako kostaldeko udalerri bat da, Urola Kosta eskualdean. Ekialdean Zarautz du mugakide, eta mendebaldean Zumaia. Getariako Alde Zaharra edo herrigunea Gipuzkoako kostaldeko bazter askotatik ikusgarria den San Anton mendi eta penintsularen inguruan zabaltzen da. Penintsula lehorrera lotzen duen istmoaren gainean dago Getariako herrigune zaharra. Historian, Getaria Juan Sebastian Elkano marinelaren jaioterria da, munduari bira osoa eman zion lehena. Arrantzale giroko herria, Euskal Herriko kostako turismogune ezaguna da eta Getariako Txakolina jatorrizko izendapenaren udalerri nagusia. Cristobal Balenciaga museoa ere han dago.
Getaria | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Getariako ikuspegi bat. Ezkerrean, Aldamar dorretxea. Atzealdean, San Anton mendia. | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Urola Kosta | ||||||||||
Izen ofiziala | Getaria | ||||||||||
Posta kodea | 20808 | ||||||||||
INE kodea | 20039 | ||||||||||
Herritarra | getariar | ||||||||||
Ezizena | lapajaleak | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°18′16″N 2°12′13″W | ||||||||||
Azalera | 10,6 km² | ||||||||||
Garaiera | 0-278 m. | ||||||||||
Distantzia | 24 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 2.868 (2023) 43 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 270,57 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 7,7 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 20,76 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 64,72 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 79,18 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 2,19 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 6,14 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 83,19 (2010) | ||||||||||
Etxeko erabilera[2] | % 78.5 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1209 | ||||||||||
Webgunea | https://www.getaria.eus |
2.791 biztanle zituen 2016. urtean.
Izena
Gipuzkoako Getariaz gain, Lapurdin ere izen bereko Getaria udalerria ere badago. Bi udalerriak Euskal Herriko kostaldean izanik eta arrantzale usadioa izanik, bi udalerrien izenen esanahi eta jatorrien antzekotasuna bilatu nahi izan da antzinatik. Azken urteetan topatutako aztarna arkeologikoetan oinarriturik, gaur egungo hipotesi nagusia da leku-izenaren jatorria latinezko cetaria hitza dutela, bai Gipuzkoakoak, baita Lapurdikoak ere. Latin klasikoan [ketaria] ahoskatua, arrain kontserbak egiteko tokiaren izena zen. Hain zuzen ere, arrain kontserbagintzako erromatar instalazioen aztarnak aurkitu dira bi herriotan.
- Udalerriaren ikuspegi panoramikoa eta Getariako portuaren handitze eta zaharberritze lanak 2002ko martxoaren 12an; dike edo kai berria parez pare dago.
Geografia
Geologia
Hendaiatik Zumaiara 40 kilometroan zehar doan kostaldeko mendilerroan kokatuta dago. Mendilerro hori Zenozoiko Aroko materialez osatua da eta Orio-Zumaia arteko ibilbidean eta, beraz, baita Getarian ere, serie alderantzikatua du. Alderantzikatze horrek ez dirudi Zenozoiko materiala oso itsas maila azpitik eraginik duenik, antolaketa hori Aia-Zarautz-Aizarnazabal mantu lerraduraren bultzadaren eragina dela baitirudi. Orobat, Kretazeo Berantiarreko flyscharen tuparriaren indargetzearen ondorioz bertako konpresio ondorioak nahiko azalekoak dira. Zumaiatik Zarautzera gutxi gorabehera N-120 noranzkoan geruzak alderantzikatuak datoz, jada Zarautzen bortizki tolesten dira, beregan 150 gradutan biratuz, Getariako penintsularekin lotu arte. Itsasoak Getariako geruzak eta Oriotik datozen geruzen arteko loturagune hau ezkutatzen dute.[3] Getariako herrigunea kareharri eta tuparriz osatutako lursailetan eraikia dago. Lursail horien hegoaldean hareharri, mikrokonglomeratu eta tupaz osatutako eremu batean hedatzen da. Material horiek udalerriaren iparraldean dagoen Isarri punta osatzen dute.[3]
- Getariako saguaren mendebaldeko ikuspegia.
- Getariaren ikuspegia, Kostaldeko Done Jakue bidearen zati den Talaia ibilbidetik.
- Getariako sarrera, Zarautz aldetik.
- Getariako saguaren mendebaldeko ikuspegia San Prudentzio auzotik.
Orografia
Barrualdean Garate mendia (278 m) dago, Getaria udalerriko lursailen erdigunean dago. Horren gailurra paraleloa da kostaldeari buruz eta haren maldetan, hainbat baserri daude. Garate mendia eta kostaldearen arteko lursail hori guztia eremu hartako mikroklimaren eraginari esker mahasti eta txakolindegiz beteta dago.
San Anton erdiuhartea da, 113 m-ko altueran, Herriko ikurtzat har daiteke. Sagu edo arratoi baten profila du: mendia muturra eta gorputza da eta herria, isatsa, tonbolo baten gainean. Hortik, herri hizkeran Getariako Arratoia, Getariako sagua, San Antongo Arratoia edota San Antongo Sagua esaten zaio. Parke naturala da eta gailurrean Getariako itsasargia dago, 1847an eraikia.
Udalerri mugakideak
Getariak iparraldean Kantauri Itsasoarekin egiten du muga, hego-mendebaldean Zumaia du, ekialdean Zarautz, eta hegoaldean Aia, Aizarnazabal eta Zarauzko hainbat kokaleku txiki ere bai.
Herrigunea
Getariako Alde Zaharra San Anton mendia lehorrera lotzen duen tonboloaren gainean dago eraikia, XV. mendean egindako lanei esker San Anton uhartea lehorrera lotu zenean. Arkitektura‑multzo harmoniatsua da, itsas girokoa. Artzapeko plazatxotik begira, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsasertzaren zati handi bat ikusten da. 1964ko herri plangintzaren ondorioz Menditxu, Makibar eta Sagatzaga poligonoak sortu ziren.[4]
Kostaldea
Bi hondartza ditu Getariak, biak herrigunetik hurbil: Gaztetape mendebaldean eta Malkorbe ekialdean, antzinean Malkorbe aundi eta Malkorbe txiki hondartza txikietan bereizita zegoena.
Penintsulako punta edo lurmutur nagusiak ekialdetik mendebaldera honako hauek dira: Fraileburu, Marzoparri, Isarri, Karlista eta Kastillo Harri.[4]
Portua
Herriko portua San Anton mendiaren babesean dago. Portuaren kondizio onei esker, 1919an Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek larrialdietarako Arrantzaleentzako Aterpe-Ostatu bat gehitu zioten.
Pablo Gorosabel historialariak honela deskribatu zuen garai hartako portua:[5]
« | Lurzoru garbiko badia edo senaia eta sakontasun oneko urak ditu, bertan itsasontzi ugari egon litezke, dauzkaten neurriak dauzkatela ere, uhartearen babespean: horrek ipar-mendebaldeko haizeetatik defendatzen ditu, bereziki kostaldeko arriskutsuenetatik. Herrigunea eta uhartearen ataka maila jakin bateraino betez babes horiosatuko balitz, eta kaian hobekuntza lan batzuk burutu, portua kostaldeko onena izango litzateke, bere sarrera nagusia dela eta, .[5] | » |
Pablo Gorosabel |
1919ko irailaren 20an Juan Sebastian Elkanoren itsasoratzearen urteurrenan omenaldian zehar portu berria inauguratu zen, Aranbarri arkitektoak proiektatua. 1953an zaharberritu zen eta antzinako portua barnean laga zuten.[5] Azkenik, XXI. mendearen hasieran Getariako portuaren zabaltze lanak burutu ziren; horren ondorioz, portua asko handitu edo hazi zen, hainbat arrain biltegi ezarri eta dike eta kai berriak eraikita.
Auzoak
Herriak lau auzo ditu, herriguneaz gain:
- Askizu: udalerriaren mendebaldean dago, Zumaia aldera. Antzinako parrokia eta dozenaren bat etxebizitzaz osatutako herrigune txiki bat du. Aldiz, bere inguruan banaturik dauden baserri ugari ditu. Denera 100 auzotar inguru bizi dira.
- Eitzaga: udalerriaren ekialdean dago, Getariako herrigunearen eta Zarautzen artean. Sakabanaturik dauden baserri giroko auzoa da, 52 auzotar ditu.
- Meaga: udalerriaren hegoaldean dago, itsas mailatik 95 metrora eta Garate mendiaren oinpean, mendi honek herrigunetik banatzen du. Auzoa izen bereko Meaga mendigainean kokatua dago, barnealdetik Zarautz eta Zumaia lotzen dituen errepidean. Bi udalerriek Getaria herrigunean barna zeharkatu eta lotzen dituen kostaldeko N-634 errepidea eraiki aurretik, Getaria eta kanpoaldea nahiz inguruko udalerriak lotzen zituen bide nagusia Meagako mendigaina zen. Bertan 125 auzotar bizi dira.
- San Prudentzio: auzoak izena San Prudentzio baselizari zor dio, eta Getariatik Askizu auzora doan bidean dago. Sakabanatutako baserriz osatutako auzoa da. 84 auzotar ditu.
Historia
Antzinaroa
Getariako herrigunean Burdin Aroaren hasierako eta erromatar garaiko aztarnak aurkitu dira, baina ezin izan da hauen testuingurua zehaztu, eta beraz Getariako egungo kokapenak garai historiko haietan zuen populatzeari buruz ezin da ezer asko jakin. Batzuen arabera, ordea, egungo Getaria antzinako Menosca barduliar tokia litzateke, toki horretarako beste kokapen hipotetiko batzuk proposatu badira ere.[6]
Getariaren sorrera
Getariako hiribildua XII. mendearen amaieran Nafarroako Erresumak sortu zuen, ziur aski Antso VI.a Nafarroakoaren garaian.[7] 1201eko urtarrilaren 20an Alfontso VIII. Gaztelakoak Burgos hiritik gutun bat bidali zion Getariari (egun galdua) bertan aipatu errege honek udalerriari "antzinako legez" bere larre, ur eta mendiekiko eskubideak aitortzen zizkiona.[8] Alfontso VIII.ak berak Donostian 1209eko irailaren 1ean emandako agirian, Getariako forua berretsi egin zuen, «Eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum» gaineratuz, hau da, aurreko hiribildu forua aitortuz.[9] Eta antza denez, errege horrek berak harresiak berreraikitzeko agindua eman zuen 1204an, bereziki herriaren kokapen estrategikoa, herriko itsasgizon trebeak eta hango ontzi onak bereganatzeko asmoarekin.
Esteban Garibai historialariak ere getariarrei foru-gutuna errege-erregina nafarrek eman zietela baieztatu zuen zuen eta Alfonso VIII.ak foru hori berretsi baino ez zuela egin, «para que ellos y sus sucesores gozasen perpetuamente del fuero de San Sebastián en los montes, pastos, y aguas, y en todas las causas, de la manera que gozar solían en tiempo de los Reyes de Navarra». Aurrerago, honako hau gaineratzen du: «Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocación de San Salvador, estaba de antes fundada como de las razones del mismo privilegio consta». Froga hauek guztiek argi uzten dute, egun gehien onartzen den hipotesi historikoa onartuz, Gaztelako Alfonso VIII.ak ez zuela sortu Getaria.[10]
1237ko martxoaren 23an Fernando III.a Gaztelakoak sorrera gutun hori berretsi omen zuen, eta ondorengo erregeek ere gauza berbera egin zuten: 1255ko urtarrilaren 20an Alfontso X.a Gaztelakoak Burgos hirian, 1312ko apirilaren 11an Alfontso XI.a Gaztelakoak Burgosen, 1351ko azaroaren 7an Petri I.a Gaztelakoak Valladoliden eta 1426an Joanes II.a Gaztelakoak ere.[8]
Beste alde batetik, Getaria Gipuzkoako probintziaren sorrera historikoaren toki esanguratsua da, hantxe San Salbador elizako koruan bildu zen Gipuzkoako Ermandadea 1397an, Gipuzkoako foru-legeriaren oinarri izan ziren ordenantzak onartzeko.
Getaria Aro Modernoan
Getariak itsasoarekin eta arrantzarekin lotura estua izan du. Juan Sebastian Elkano nabigatzaile ospetsua eta herriko semea, Magallanesekin batera itsasoan zehar munduko itzulia egiten lehena izan zen. Domingo Bonetxea nabigatzaile handia ere getariarra zen. Hain zuzen, Getariako uretan harrapatutako balea baten eskeletoa erakusgai dago Kopenhageko zoologia‐museoan.
1597an hiribilduaren zati handi bat suntsitu zuen sute garrantzitsu bat pairatu zuen eta, geroztik, bere historian zehar hainbat gerrak eragindako hondamenak jasan dituen arren, Getariak Erdi Aroko jatorrizko hirigintza-ezaugarriak gordetzen ditu oinplanoan eta bide-trazaduran, baita bere lursail-egituraren zati handi batean ere.
Distantziak eta komunikabideak
- Zarautzera, 6.6 km.
- Zumaiara, 7.2 km.
- Donostiara, 26.2 km (AP(tik) eta 31.7 km (N364tik).
Tren geltoki hurbilena Euskotreneko Zarauzko geltokia da. Kostaldeko N-634 errepideak, berriz, Getaria, Zarautz eta Zumaia elkar lotzen ditu. Horrez gain, herri-bide bat Getaria eta Meaga auzoaren arteko lotura da. Bestalde, autobus zerbitzuak Getaria, Zarautz eta Zumaia lotzen ditu.
Ekonomia
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea BEGaren %24,8. Bigarren sektorea %25,1. Hirugarren sektorea %49,3. Eraikuntza %0,8.[11]
Gaur egun udalerriaren ekonomia sektore nagusiak arrantza, turismoa eta txakolingintza dira.
XIX. mendearen hasieran bertako biztanleriak arrantzan baino nekazaritzan gehiago jarduten zuen, Gipuzkoa osoko txakolin onena lortzen zen bertan. Mende bat geroago, txakolina ekoizten jarraitzen da, baina jada lehen baino kopuru txikiagoan. Ondorioz, udalerriko aberastasun iturri nagusia arrantza bilakatu zen, antxoa nahiz atun arrantza nabarmentzen ziren. Gaur egun, ordea, arrantza sektorea gain beheran dator. Gazitze-lantegiren bat, ontziolak, izotz eta paketatze lantegiak ere badaude.[12]
Azkizu, Akerregi, Meagas auzoetan sagardoa ere ekoizten zen. 1962ko nekazaritza erroldaren arabera, udalerrian 133 nekazaritza ustiaketa zeuden, horietako bederatzi, 0,1 hektarea baino txikiagoak; 43, 0,1-1 hektarea bitartekoak; 26, 1-5 hektarea bitartekoak; 45, 5-20 hektarea bitartekoak; eta 10, 20-100 hektarea bitartekoak.[12]
Getariako Txakolina
Getariako Txakolina da txakolinak duen jatorri deiturarik zaharrena, eta Getarian, Aian eta Zarautzen egiten da.
Udalerrian 20 jatetxe daude, horietako 16 herrigunean.
Demografia
2019an 2.846 biztanle zituen. Horietatik %19,54k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %11,52 ziren.[11]
Getariako biztanleria |
---|
Politika
Alderdi politikoa | 2019 | 2015 | 2011 | 2007 | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | |
Bildu | 948 | 6 | % 56,96% | 7 | % 46,67 | 5 | - | - |
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 719 | 5 | % 39,07% | 4 | % 40,46 | 5 | % 62,31 | 8 |
Aralar | - | - | % 9,57 | 1 | % 23,04 | 2 | ||
Eusko Alkartasuna (EA) | - | - | - | - | % 7,93 | 1 | ||
PSE-EE | 32 | - |
2011ko hauteskundeen ondoren Nika Lertxundi (Bildu) izendatu zuten alkate.[14]
2015eko udal hauteskundeen ondoren Nika Lertxundi (EH Bildu) aukeratu zuten berriro alkate.[15]
2019ko udal hauteskundeen ondoren Haritz Alberdi (EH Bildu) izendatu zuten alkate.[16]
Kultura
2011ko ekainaren 7an udalerri horretako Aldamar Parkean Cristobal Balenciaga museoa inauguratu zen, herriko semea eta nazioarteko jostun ospetsua izan zen Kristobal Balentziagaren lanari buruzkoa.
Euskara
1860an Louis Lucien Bonaparte hizkuntzalariak Getarian mintzatutako euskara gipuzkeraren barnean sailkatu zuen, eta horren barnean iparraldeko gipuzkera eta Azpeitiako aldaeraren barnean. XIX. mendearen lehenbiziko herenean Pedro Antonio Añibarro idazle eta frantziskotarrak osoki euskaldunak ziren udalerrien multzoan sartu zuen (Hainbat: "G. H. L. V.", 1960, I. bilduma, 44-60. orr.). 1970ean Getarian 2.625 euskaldun bizi ziren, hots, biztanleria guztia, 8 lagun kenduta (P. de Y.: "Los D. y V.", iraila, "B. R. S. V. A. P.", 1973, 29. orr).[18] Gaur egun, Getariako euskara Urolaldeko hizkeraren[19][20] barnean sailkatuta dago. 2016an herritarren %84,34a euskalduna zen.[11]
Jaiak
Getariak San Anton ospatzen du urtarrilaren 17an. Egitarauan ekitaldi erlijioso eta profanoak ageri dira, eta otordu gozoek lehentasuna dute. Herriko festak abuztuaren 6an ospatzen dituzte, San Salbatoreren omenez. Hainbat herri‑ekitaldi egiten dituzte, eta hots handikoak izan ohi dira Elkanoren lehorreratzea antzezten duten urteetan.
Getariako jai nabarmenenak honako hauek dira:
- Salbatoreak, Herriko Jai edo Festa Nagusiak, urtero abuztuaren 6ko astean ospatu ohi dira. Jaietako ohiko jarduerak ospatzeaz gain, Getariako Txakolin dastaketa burutu ohi da, baita kirol eta herri kirolen lehiaketak ere.
- San Pedro (ekainaren 29a), arrantzaleen santu zaindaria.
- San Anton (urtarrilaren 17a), egun horretan txakolin denboraldiko lehenbiziko daskaketa egin ohi da, kultur ekintzak ere ospatu ohi direlarik.
- Getariako auzo bakoitzak bere jaiak ere ospatu ohi ditu. Askizuk San Martin egunean, azaroaren 11n; Meagak San Isidro egunean, maiatzaren 15ean, eta San Preundetziotan, apirilaren 28an.
- Lau urtez behin eta udaldean Joan Sebastian Elkanok Munduari bira ematetik itzuli eta Sanlúcar de Barrameda porturako lehorreratzea antzeztu ohi da. Antzezpen hori lehenbiziko aldiz 1922an gauzatu zen, gertakizun horren laurehungarrren urteurrena zela eta. Ospakizun horretan hainbat itsasontzi Getariako portura doaz, tartean elkano zenaren Victoria itsasontziaren erreplika nabarmentzen da. Bidaia hartatik bizirik iristea lortu zutenak lehorreratu ohi dira, zarpail, bizardun eta trapuz jantzirik, prozesioan oinez eta astiro Elkanoren Omenezko Monumentura doaz, bertan Karlos I.a Espainiakoaren gortea girotu ohi da, han euskal itsasgizona eta espainiar enperadorearen arteko topaketa antzezten da. Azken antzezpena gertakizunaren 400. urteurrenaren abagune berezia zela eta, 2009an antzeztu zen.[21] Datorren antzezpena 2013ko abuztuaren 7an izango da.
Ondasun nabarmenak
Getariako Alde Zaharra bastida gisako hiribildua da, kokatzen den lurraren topografiak nabarmen baldintzatzen duen oinplano angeluzuzena daukana. Bide-bilbea aldapa handiko lau kale paralelok osatzen dute: San Roke, Elkano, Kale Nagusia eta Aldamar kalea, kantoiek zeharka ebakitzen dituztenak. Kale hauetan armarria duten etxe ikusgarriak daude, hala nola Larrunbide (Pedro Larrunbide, burdinoletarako harrizko hauspoaren asmatzailea, jaiotako etxea) eta Romero senatariaren etxea, izkinako armarria duena. Hegoaldetik iparralderako norabidean dauden kaleak kairaino jaisten dira; XV. mendean egin zen betelan honek hiribildua San Anton mendiarekin lotu zuen.
Erdi Aroko harresietatik aztarna gutxi geratzen dira pilotaleku aldean eta Aldamar dorrearen inguruetan. XVII. mendean hiribilduko defentsak indartu egin ziren, hegoaldean eta iparraldean bastioi eta bateriaz hornitutako harresiak ezarriz. Iparraldean, itsasorantz orientatuta, Katrapona-bekoa egungo tunela hiribildura sartzeko zubi altxagarriz hornitutako atea zen.
Bide-trazaduraz gainera, Getariak Berant Erdi Aroko lursail-zatiketaren ezaugarriak gordetzen ditu: aurrealde estu eta sakonera handiko mehelin komuneko etxez osatutako etxadi trinkoak. Eraikuntza-tipologia nagusiak eutsi egiten die tradiziozko ezaugarriei: eraikinek behe-solairua eta bi solairu dituzte eta bi isurkiko teilatua, teilatu-gailurra fatxadaren paralelo dutela. Eraikuntza batzuetan badira bao eta apaingarri gotikoak oraindik ere. Era berean, goiko solairuetan zurezko egitura duen eraikuntzaren bat ere badago.
Halaber, badira beste zenbait eraikin interesgarri: Aldamar dorre gotikoa, irtenune batean kokatua, Joan Sebastian Elkanoren omenez eginiko monumentutik hurbil; Zarautz eta Olasotarren dorrea, elizaren parean kokatua; Elkanoren omenez eginiko monumentua, 1920ko hamarkadako obra eklektikoa; eta Udaletxe zaharraren eraikina, Kale Nagusian kokatua.
1996ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen Getariako hirigune historikoa, monumentu-multzo sailkapenarekin.[22]
Eliza
San Salbador eliza gotikoa arte- eta arkitektura-interes paregabea izateaz gain, leku historiko ospetsua da, bertan bildu baitzen 1397an Gipuzkoako Anaidiaren Batzarra, Gipuzkoako foru-legeriaren oinarri izan ziren ordenantzak onartzeko.
Eliza estilo gotikokoa da; XIV. mendearen erdialdean, eraikuntza‑lanak amaitu gabe bazeuden ere, gurtzarako han biltzen hasi ziren. Eraikin irregularra da; zimenduak malkarrean jarrita baitaude. Katrapona tunela San Salbatore elizaren kripta moduko bat da. Erdiko nabearen harrizko barne‑hormak triforio batez estilizatuta ageri dira. Gurutze‑gangan izar formako irudiak ageri dira eta giltzarriak arte handiz zizelatuak daude. Portada eta zortzi aldeko kanpandorrea beranduago egin zituzten, XVII. mendean. Gipuzkoa probintzia‑egitura politiko eta administratibo bezala sortu zen lekura sartzeko (korura, alegia) bi aukera daude: kaletik zuzenean sartzea, edo eliza barruko eskailerak erabiltzea. 1836ko sutean zenbait erretaula desagertu ziren, eta koruko harlanduak ere bai. Karlos Elgezua eskultore eibartarrak egindako kristo gurutzatua dago presbiterio jasoan, eta eskaintza gisa emandako itsasontzi maketa bat ere badago.
Bestelako eraikinak
- Aduana zaharra
- Aldamar dorretxea
- Aldamar jauregia
- Almiranteen kaleko etxeak
- Cristobal Balenciagaren jaiotetxea
- Cristobal Balenciaga museoa
- Elkanoren omenezko monumentua
- Enbildarren etxea
- Garateko gotorlekua
- Getariako Alde Zaharra
- Getariako harresien itsas frontea
- Getariako harresien lurreko frontea
- Getariako itsasargia
- Getariako pilotalekua
- Getariako udaletxea
- Indianokua jauregia edo Larrunbide etxea
- Itsasora behatokia (Getaria)
- Kale Nagusiko 16. zenbakiko etxea
- Katxapo gotorleku multzoa
- Martin Mirubia kapitainaren etxea
- Otxoa Ibañez de Olano dorretxea
- Romero-Etxabe-Asuatarren jauregia
- San Martin Toursekoaren eliza
- San Martin baseliza: Askizu auzoan dagoen XIII–XVI. mendeko eliza gotikoa.
- San Prudentzio baseliza: San Prudentzio auzoan dagoen Erdi Aroko baseliza.
- San Roke kaleko etxe gotikoak
- San Salbador eliza edo Salbatore eliza
- Udaletxe Zaharra
- Zarautz dorretxea
Monumentuak
Bestelakoak
- Arriandi
- Garate mendia
- Getariako Alde Zaharra
- Getariako portua
- Katrapona pasabidea
- San Anton mendia edo Arratoia
Getaria, Elkanoren jaioterria
Kale Nagusian gora herriko plaza dago. Udaletxea 1922an inauguratu zuten, Joan Sebastian Elkanoren balentria gogoangarriaren laugarren mendeurrenean, eta pilotalekua hari erantsita dago. Getariarrek brontzezko estatua bat jarri zuten Elkanoren omenez, Parisen egina eta 1861ean Katrapunako idulkian jarria; baita marmol zuriz egindako beste estatua bat ere, Belver eskultoreak egina eta 1934an herriko plazan jarria; eta beste monumentu bat jarri zioten pilotalekuaren ondoan: Victoria ontziaren brankako irudiaren erreprodukzioa, Victorio Machok egina eta 1922an jarria. Gainera, parrokia‑elizako bataiontziaren ondoko plakak azaltzen du han bataiatu zutela munduari bira eman zion lehenengo nabigatzailea. Udaletxeko aretoetan Elkanoren bi erretratu daude: bata Elias Salaberriak egina, bestea Ignacio Zuloagak. Halaber, itsasgizon entzutetsuaren izena du Getariako kale batek. Bi urtetik behin, getariarrek Juan Sebastian Elkanoren eta harekin abiatutako 60 gizoneko eskifaiatik bizirik iraun zuten 17 itsasgizon adoretsuen egitandia kartsuki antzezten dute. Abuztuaren lehen egunetan egin ohi dute desfilea, 1526ko abuztuaren 6an Ozeano Barean Elkano betiko hondoratu zela oroitzapenera ekarriz.
Getariar ospetsuak
- Juan Sebastian Elkano (1487–1526), nabigatzailea.
- Domingo Bonetxea (1711–1775), nabigatzailea.
- Manuel Agote Bonetxea (1775–1803).
- Jose Frantzisko Iturzaeta Eizagirre (1788–1853), kaligrafoa.
- Joakin Frantzisko Barroeta Aldamar (1788–1866), politikaria.
- Frantzisko Zubiaurre "Kiriko" (1867–1926), traineruetako patroia.
- Frantzisko Arregi, traineruetako patroia.
- Cristobal Balentziaga (1895–1972), jostuna.
- Pepita Enbil (1918–1993), kantaria eta Placido Domingo espainiar tenorearen ama.
- Itziar Aizpuru (1939-), aktorea.
- Kaxildo Alkorta (1943-2021), itzultzailea eta euskaltzaina.
- Aintzane Ezenarro (1971–), politikaria.
- Aitor Arregi (1971-), futbolaria.
- Gari Berasaluze (1975–), idazlea.
Iruditegia
- Arrantzaleak sareak bilduz.
- Mahastietatik ikusita.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Itsasoko Historia. Euskal Kostaldeko Gida. liburutik txertatu zen 2014-12-18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- (Gaztelaniaz) «Getaria: Geologia», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) «Getaria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) «Getaria: Puerto», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) ALBERDI LONBIDE, X.; ARAGÓN RUANO, A.; PÉREZ CENTENO, J. M.. (2005). «Quince años de investigaciones histórico-arqueológicas en torno a Getaria» Munibe.
- Arrieta, Idoia: "Donostiaren konkistaren agiri ezkutuaren aurkezpena: ikerketaren ibilbidea eta ekarpen historiko-kritikoa" (227-248 orriak). In: 1512. Euskal lurraldeak eta nafar estatua. Euskal Herriko historialarien II Biltzarreko aktak. Donostia: Txertoa, 2011. 234.orria
- (Gaztelaniaz) «Getaria: La concesión del titulo de "villa"», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Martínez Díez, G.; González Díez, E.; Martínez Llorente, F.J.: Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991. 21. orria. [Liburua PDF formatuan eskuragarri dago ondoko helbide honetan: https://web.archive.org/web/20131203103557/http://www.gipuzkoa.net/batzarnagusiak/pdf/ISBN_84-7907-068-4.pdf. Aipuaren jatorria: Idoia Arrieta Elizalde: «Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua», Berria, 2009-09-08.
- Idoia Arrieta Elizalde: «Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua», BERRIA, 2009-09-08.
- «Web Eustat. Getariako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- (Gaztelaniaz) «Getaria: Economía», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- «Hauteskundeak - Segurtasun Saila - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- «Nika Lertxundi izango da Getariako alkate» Urola Kostako Hitza 2011-06-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- (Gaztelaniaz) «Nika Lertxundi beste lau urtetarako alkate Getarian» El Diario Vasco 2015-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- «Haritz Alberdi izango da Getariako alkatea datozen lau urteetan» Urola Kostako Hitza 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
- (Gaztelaniaz) «Getaria: Lengua», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- «Urolaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- «Getaria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- Victoria itsasontzia Getariara iritsi da. 2009ko abuztuaren 5a. El Diario Vasco (Gaztelaniaz)
- Monumentu-multzo izendapena EHAAn
Kanpo estekak
- Getariako udalaren webgunea
- Getariako albisteak Hitzan
- Getariako udalerriaren 3Dko errekreazioa edo modeloa ikusgai. 2012ko Google Earth Saria. (Ingelesez)
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |