Gertrude Bell

Gertrude Margaret Lowthian Bell (Durham, 1868ko uztailaren 14a-Bagdad, Mesopotamiako Agintaldi Britainiarra, 1926ko uztailaren 12a) idazle, bidaiari, politologo, arkeologo, espiatzaile eta britainiar gobernuko funtzionarioa izan zen. Britainiar Inperioko Ordenaren domina eman zioten.

Gertrude Bell

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGertrude Margaret Lowthian Bell
JaiotzaWashington (en) Itzuli, 1868ko uztailaren 14a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaBagdad, 1926ko uztailaren 12a (57 urte)
Hobiratze lekuaIrak
Heriotza moduaezezaguna: droga-gaindosia
Familia
AitaSir Hugh Bell, 2nd Baronet
AmaMaria Shield
Ezkontidea(k)ezkongabea
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaLady Margaret Hall
Queen's College London (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
arabiera
persiera
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, arkeologoa, idazlea, mendigoizalea, diplomazialaria, argazkilaria, espioia, assyriologist (en) Itzuli, politikaria eta Arabista
Jasotako sariak

Find a Grave: 19726067 Edit the value on Wikidata

Ibilbidea

Gertrude Bell eragin handiko familia batera jaio zen; Isaac Lowthian Bell industriagile handiaren alaba txikia zen. Queens' Collegen hasi zen ikasten, eta, geroago, hamasei urte zituela, Oxford Unibertsitateko Lady Margaret Hall Institutuan ikasi zuen, eta lehenengo emakumea izan zen Historia Modernoko gradua amaitzen, bi urteren buruan.[1]

Graduatu eta gero, Ekialde Ertainean barrena bidaiatu zuen. St. John Philbyren lehen kontrolatzailea izan zen, eta espioitzako arterik finenak irakatsi zizkion. Lehen Mundu Gerraren ondoren, txosten bat idatzi zuen gerraren amaieraren eta 1920ko irakiar altxamenduaren arteko Mesopotamiako administrazioari buruz. Gerora, lagundu egin zuen gerraosteko mugak ezartzen. 1921ean, Mekako jerife baten seme bat, Faysal ibn Husayn, Irakeko tronuan jartzen kooperatu zuen. Halaber, Irakeko museo nazionala sortzen lagundu zuen, eta errime bultzatu zuen ustiategietatik ateratako gauzakiak jatorrizko herrietan egon beharko zirelako sinesmena.

Eskuarki onartua dago Gertrude Bell eta T. E. Lawrence (Lawrence Arabiakoa) izan zirela Jordanian eta Iraken Haxemien dinastia ezartzearen sustatzaile nagusiak. Arabiar matxinada bultzatu zuen Lehen Mundu Gerraren garaian. Gerraren amaieran, Mesopotamiaren mugak diseinatu zituen.

Sufragisten Aurkako Liga

1908ko azaroan, Londresen Sufragioaren Aurkako Emakumeen Liga Nazionala (Women's National Anti-Suffrage League) sortu zen. Mary Ward nobelagilea izan zen erakundearen lehen lehendakaria. Liga honetako kideek defendatzen zuten emakumezko ingeles gehienek ez zutela bozkatzerik nahi eta horrek zekartzan arriskuez ere ohartarazten zuten.

Gertrude Bell Sufragioaren Aurkako Emakumeen Liga Nazionaleko ohorezko idazkaria izan zen. Argudiatzen zuenez, emakume gehienek beren lekua sukaldean eta logelan zegoela uste zuten bitartean, ezin izango zuketen parte hartu eztabaida politikoan, eta guztiz ezgai izango lirateke nazioa nola gobernatu behar zen erabakitzeko orduan.

Bidaiak Ekialdera

1892tik aurrera eta Persiara bidaia bat egin ondoren, zeina Persian pictures liburuan deskribatu baitzuen, Gertrude Bellek hainbat bidaia egin zituen Ekialdera, Palestinara, Siriara eta Arabiara (sei aldiz gurutzatu zuen), eta bigarren liburua argitaratu zuen:Syria, the desert and the sown. 1907tik aurrera, ikerketa arkeologikoko kanpainetan parte hartu zuen Eufratesen zeharreko hainbat lekutan.

Lehen Mundu Gerra eta ibilbide politikoa

Misioa Ekialde Ertainean

Gerra deklaratu zenean, Gertrude Bellek eskatu zuen Ekialde Ertainera bidal zezatela, baina ukatu egin zioten. Orduan, Frantziako Gurutze Gorriaren boluntario gisa aurkeztu zen.

Hala ere, 1915eko azaroan Kairoko (Egipto) gabinete arabiarrera bidali zuten; une hartan, Gilbert Clayton zuen buru. Han berriz elkartu zen T.E. Lawrencerekin. Hasieran ez zuen kargu ofizialik izan. Lawrencek Otomandar Inperioaren aurka britainiarrekin aliatu zitezkeen tribu arabiarren kokalekuei eta gogo-aldarteari buruz zituen datuak antolatu zituen. Informazio hori baliagarri izan zitzaion Lawrenceri arabiarrekin zituen negoziazioetan.

1916ko martxoaren 3an, Basorara bidali zuten, Britainiako Armadak 1914ko azaroan hartua zuen eremura, Percy Cox gai politikoen ofizialari aholkuak ematera, berak ezagutzen baitzuen eremu hori edozein mendebaldarrek baino hobeto. Mapak diseinatu zituen, britainiar armadari Bagdadera iristen laguntzeko, eta titulu hau lortu zuen: Lotura ofiziala, Kairorekin lotua. Beren-beregi kontrolatu zuen John Philby, eta manipulazio politiko sekretuen sotiltasunak irakatsi zizkion. 1917ko martxoaren 10ean britainiar tropek Bagdad hartu zutenean, Percy Coxek Bagdadera bidali zuen, "idazkari orientala"ren tituluarekin.

Iraken sorrera

1919ko urtarrilean Otomandar Inperioa erori zenean, Gertrude Belli eskatu zioten Mesopotamiari eta etorkizunean Irak izendatzeko izenari buruzko txosten bat idazteko. Hamar hilabete igaro zituen hura idazten, eta txosten ofizial bikaintzat hartzen da. Nolanahi ere, idatzi zituen ondorioak arabiarren aldekoak ziren guztiz, eta Bellen nagusia, A. T. Wilson, beraren kontra jarri zen.

1920ko urriaren 11n, Percy Cox Bagdadera itzuli zen, eta idazkari orientalaren postuan jarraitzeko eskatu zion, eta etorkizuneko arabiar gobernadorearekin harremana zuen lotura-ofiziala izan zen.

Percy Cox eta Lawrence Arabiakoarekin batera, Winston Churchillek Kairoko konferentzian (1921) parte hartzeko bildu zituen orientalisten taldeko kide izan zen. Konferentziaren xedea britainiarren agindupeko eremuaren eta herrialde berrien (Irak, adibidez) mugak ezartzea zen. Konferentzian, ez zuen kontra egin Abd Allah ibn Husayn eta Faisal I.a Irakekoari, Mekako jerifearen bi semeei Transjoardania eta Irakeko buruzagitza emateari. Hain zuzen, Mekako jerifea britainiarren agintaritzaren sustatzaileetako bat izan zen Otomandar Inperioaren aurkako 1916ko Arabiar matxinadan.

Gertrude Bellen eraginaren ondorioz, herrialdea honela osatu zen: gehiengo xiita hegoaldean, eta gutxiengo sunia eta kurdua erdialdean eta iparraldean. Britainiarrek ukatu egin zuten estatu bereizi bat sortzea kurduentzat, hartara beren lurraldean dauden petrolio-eremuen kontrola izan zezaten.

Britainiarrek suniak aukeratu zituzten herrialdearen gobernurako, uste baitzuten xiitak fanatiko erlijiosoak zirela. Gaur egun ere, komunitate erlijiosoen arteko lehiak talkak eragiten ditu Iraken.

Halaber, Winston Churchill konbentzitu zuen Faisal I.a Irakekoa izendatzeko Irakeko lehen errege, Siriako errege izandakoa, zeina kargutik kendu berri zuten. 1921eko ekainean Irakera heldu zenean, Gertrude Bellek tokiko gaien berri eman zion, tribuen geografiarekin eta tokiko ekonomiarekin zerikusia zuten arazoei buruz, hain zuzen. Gainera, gobernuko karguen izendapenak gainbegiratu zituen. Azkenik, 1921eko abuztuaren 23an, Irakeko errege izendatu zuten Faisal. Erregearen konfidente izan zen erregetzako lehen urteetan, eta lagundu egin zion tribuetako buruen artean haren autoritatea ezartzen. Errege berri horren gainean zuen eragina zela-eta, Gertrude Belli "koroarik gabeko Irakeko erregina" ezizena jarri zioten.

Heriotza

Gertrude Bell Britainia Handira itzuli zen 1925ean, denbora labur baterako, familia-arazoekin egin zuen topo bertan, eta gaixotu egin zen. Familiaren ondasuna gutxitua zen. Irakera itzuli zen, baina pleuresia jasan zuen. Osatu ondoren, neba hil zitzaiola jakin zuen, sukar tifoideak jota. 1926ko uztailaren 12an hilda aurkitu zuten Bagdadeko bere etxean, antza denez somnifero-gaindosi baten ondorioz. Istripua izan zen edo bere buruaz beste egin ote zuen ez da gauza jakina.[2] Hileta ikaragarriak izan zituen. Bagdadeko hilerri britainiarrean dago gorpua.[3]

Ez zen ezkondu eta ez zuen umerik eduki. Erresuma Batuko Parlamentuak lan eredugarritzat jo zuen Bellen lana, eta Britainiar Inperioko Ordenaren domina eman zioten.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Mead, Wendy. «Gertrude Bell: 7 Facts About Her Fascinating Life» Biography (Noiz kontsultatua: 2020-09-22).
  2. Wallach (1999).
  3. Buchan (2003) ; Lukitz (2006).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.