Gerri-txori arrunt

Gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla) certhiidae familiako hegazti paseriformea da, Europa eta iparraldeko Afrikako eskualde epeletan bizi dena[1].

Gerri-txori arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaCerthiidae
GeneroaCerthia
Espeziea Certhia brachydactyla
Brehm, 1820
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa1,16 g (pisua jaiotzean)
8,4 g (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina5,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora14 egun
Arrautza

Enborretan gora eta behera gelditu gabe eta ziztu bizian ibiltzen den hegazti txikia dugu gerri-txori arrunta. Basoez gain, hirietako eta herri handietako parkeetan ere ikus daiteke, baina bere kolorazioak ezkutuan ibiltze bermatzen dionez, adi-adi ibili behar gara bere saltotxo alaiak ikusteko.

Deskribapena

11-13,5 cm luzera eta 8 g inguruko pisua duen hegazti arre txikia da gerri-txori arrunta (Herrera, 1984; Carrascal, 2002; Svensson et al, 2010). Buztaneko lumak bereziki gogorrak ditu (errakisa lodiagoa da), eta horiekin enborraren kontra indarra eginez eta atzapar zorrotzak dauzkanez zuhaitzetan gora eta behera ibiltzen da (Svensson et al, 2010). Mokoa marroia (goiko zatia ilunagoa da) eta luzea da, buruaren 2/3 neurtzen du, eta beherantz okertuta dauka (Carrascal, 2002; Svensson et al, 2010; SEO/BirdLife, interneten).

Alde dortsaleko lumadiak enborrarekin nahastea eta ezkutatzea baimentzen dio: arrea da, baina bizkarraldea beltzez zipriztindua dauka eta hegalen goiko aldean barra zuriak dauzka. Alde bentrala, ordea, argia da, zurixka, baina uzkiaren inguruko lumadia ilunagoa, marroiagoa dauka (basoetako gerri-txoriak hemengo lumadia argiagoa du). Begian zerrenda okular argi bat du, basoetako gerri-txoriarena baino ilunagoa eta ez zaiona kopetaraino iristen. (Carrascal, 2002; Svensson et al, 2010). Gazteek helduen lumadi eredu berdina daukate, baina zertxobait argiagoak dira. Dimorfismo sexual nabarmena dagoenik ez dago oso argi, baina badirudi arrek emeek baino moko eta hego handiagoak dauzkatela (Rodríguez de los Santos, 1985; Cramp eta Perrins, 1993).

Iberiar penintsulan megarhyncha eta brachydactyla azpiespezieak daude; lehena Pirinioetan eta penintsularen iparraldean eta bigarrena penintsularen gainontzeko arean. Soilik kanpoko ezaugarriei erreparatuta bi azpiespezieok bereiztea ezinezkoa da (Carrascal, 2002).

Taxonomia

Gerri-txori arruntak azpiespezie hauek ditu:

Azpiespezie Hedapena
C. b. megarhyncha Mendebaldeko Europa
C. b. brachydactyla Europa kontinentala
C. b. mauritanica Iparraldeko Afrika
C. b. dorotheae Zipre
C. b. harterti Asia Txikia eta Kaukaso

Kantua

Urte osoan zehar nota altuko tuiiiit moduko txistu ozen bat egiten du. Udaberrian kantu horri ti-ti-tí--teroi-ti-tít moduko beste kantu bat gehitzen dio, enborrean gora eta behera doan bitartean egiten duena.

Banaketa

Mundu osoan soilik Europan bizi den espeziea da. Urte osoan Europako hego-mendebaldean eta Mediterraneoaren inguruan bizi da: Portugaletik Poloniaraino, bai eta Algerian eta Tunisian ere (Carrascal, 2003). Euskal Herri osoan agertzen da eta penintsula osoko dentsitate handienak bertan neurtu dira (baita Huescan eta eta Burgosen ere), eguzkiak asko jotzen ez duten eta prezipitazio nahikoa egiten duten inguruneak hobesten baititu (Carrascal, 2003). Esan bezala, hegazti sedentarioa da, baina badirudi elurrak saihestu nahian neguan goi-mendietatik behera egiten duela (SEO/BirdLife, interneten).

Habitata

Gerri-txori arrunta basoetako espeziea da. Oso zuhaizti desberdinetan agertu daiteke (artelatz, arte, haritz edota pinuz osatutako basoetan batez ere), baina baso helduak nahiago ditu. Itsasmailatik 2000 metrotarainoko basoetan ikus daiteke, baina Pirinio inguruetan 1600 metrotik gora gutxiago dago bere lekua basoetako gerri-txoriak hartzen baitu (Elosegui, 1985; SEO/BirdLife, interneten). Ugalketa garaian mendian gora baso itxiagoetara mugitzen da (Tellería et al., 1999).

Habia enborretako zulo eta arrakaletan eraikitzen du, beti azalaren babespean eta lurretik nahiko gertu; noizbehinka gizakiak eraikitako estrukturen txokoetan ere egin izan du (Cordero, 1983; Frías et al., 1999).

Elikadura

Artropodoak bakarrik jaten ditu (koleopteroak eta armiarmak batez ere) (Gil-Lletget, 1927; Guitián, 1985; Carrascal, 2002). Hauek zuhaitzetik zuhaitzera eta enborretan zehar bilatzen ditu, saltoka gelditu gabe (100 salto inguru minutuko); dirudienez hotza egiten duenean salto hauek hegaldi motzengatik trukatzen ditu (termorregulazioan laguntzeko izan daiteke, energia gehiago gastatzean gehiago berotzen omen delako) (Carrascal eta Tellería, 1989). Gainera, neguan eguzkiak zipriztindutako enbor zatietan ibiltzen da batez ere (Carrascal et al, 2001).

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-garaia martxo bukaeran hasten da eta ekainera arte irauten du, eta garai horretan 6-7 arrautzako bi errunaldi egoten dira (Cramp eta Perrins, 1993; Frías et al., 1999; SEO/BirdLife, inerneten). Lehenengo errunaldia apirilaren hasieran egiten dute, eta bigarrena maiatza bukaeran, eta txitak arrautzak errun eta 14 egunetara jaiotzen dira (Frias et al, 1999).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Garrapoarekin (Sitta europea) oso lehia gogorra izaten du (Carrascal, 1984). Bestalde, katajinetek (Genetta genetta), arrano txikiek (Aquila pennata), hontz zuriek (Tyto alba) eta hontz ertainek (Asio otus) gerri-txori arruntak ehizatzen dituzte (Brunet-Lecomte eta Delibes, 1984; Alegre et al, 1989; Palomares eta Delibes, 1991; García-Dios, 2006).

Basoetako gerri-txoria (Certhia familiaris) antzeko espeziea du. Kanpoko ezaugarriei erreparatuta bi espezieok bereizteko oso behaketa ona behar da, hots, hegaztia geldirik eta gertu dagoenean. Horrelakoetan basoetako gerri-txoriak bekain zuriagoa eta luzeagoa, eta mokoa laburragoa duela ikusi behar da. Bestela, kantuagatik erraz bereiz daitezke bi espezieak: basoetakoak txistu goxoagoak egiten ditu. Halere, kontuz ibili, gerri-txori arrunt batzuek basoetako gerri-txorien kantua imitatzen baitute.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak mundu mailan “mehatxurik gabe” sailkatzen du espezie hau hedapen zabala eta populazio handia eta beherakada garrantzitsurik gabekoa duelako (IUCN, interneten). Dena dela, bere habitataren zatiketak eta zuhaitz helduen galerak espezie honetan eragina dauka, depredazio arriskua handitzen eta bere sakabanatze ahalmena murrizten duelako (Carrascal, 2002).

Erreferentziak

  1. BirdLife International (2004). Certhia brachydactyla. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.