Gernu
Gernua, pixa edo txiza likido urtsu garden eta horixka da, usain identifikagarria duena, giltzurrunek jariatu eta gernu-aparatuaren bidez kanporatzen dena.
Giltzurrunetan ekoiztu ondoren, gernua ureterren bidez gernu puxikaraino heltzen da eta bertan metatzen da uretraren bidez kanporatua izan baino lehen.
Funtzioak
Gernuaren funtzioek homeostasian eragina dute:
- Metabolismo zelularrean ekoiztutako substantzia toxikoen kanporatzea, hala nola, urea.
- Farmako eta droga bezalako substantzia toxikoen kanporatzea.
- Kontrol elektrolitikoa, potasio eta sodioaren iraizketa erregulatuz batez ere.
- Erregulazio hidrikoa, presio arteriala kontrolatzeko.
- Azido-base orekaren kontrola.
Ekoizpena
Giltzurrunak arduratzen dira gernuaren ekoizpen eta iraizketaz. Odol arteriala giltzurrun arteriaren bidez heltzen da bertara eta 180 litro inguru odol iraizten dira giltzurrunetan 1,5 litro gernu sortuz egunean.
Gernuaren eraketan hiru prozesu gertatzen dira: iragazketa glomerularra, hodixketako birxurgapena eta hodixketako jariaketa.
Funtsean, giltzurrunetan odola purifikatzen da, eta hondakin guztiak giltzurrunetan geratzen dira, gero gernuaren bidez kanporatuak izateko
Gernuaren konposizioa
Giza-gernua likido gardena edo horixka da. Bere ph=6, eta egunero 1,5 litro kanporatu ohi dira. Konposizioari dagokionez, %95a ura da, %3a urea eta azido urikoa, eta %2 gatz mineralak. Pertsona osasuntsu baten gernuak ez du glukosarik (diabetiko batena bai).
Gernuaren analisi kimikoak eta mikrobiologikoak (urokultiboa) hainbat patologia antzematen laguntzen du.
Gernuaren asaldurak
- glukosuria: gernuan glukosa agertzen denean. Ohikoa da diabetes mellitusen kasuetan
- hematuria: gernuan odola agertzen denean. Infekzioa, glomerulonefritis edo neoplasia baten ondorioz ager daiteke
- bakteriuria: gernuan bakterioak daudenean (urokultibo baten bidez antzematuak)
- piuria: gernuan zornea dagoenean
- proteinuria: gernuan proteinak daudenean, infekzio, glomerulonefritis edo diabetesen ondorioz agertzen direnak