Gerhart Hauptmann
Gerhart Hauptmann (Obersalzbrunn, Alemania, 1862ko azaroaren 15a - Agnetendorf, Alemania, 1946ko ekainaren 6a) alemanezko idazlea izan zen. Breslaun hazi egin zen, eta etxean hil zen arren, hortik urrun lurperatu behar izan zuten Poloniako gobernuaren agindua zela-eta. Hari jarraituz, alemaniar guztiak egotzi zituzten poloniar lurraldetik urte haietan. Agnetendorf udalerria alemaniarra izan zen, baina poloniar bilakatu zen Jagniątków izena hartuz.
Gerhart Hauptmann | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Szczawno-Zdrój, 1862ko azaroaren 15a |
Herrialdea | Alemaniar Inperioa |
Talde etnikoa | alemaniarra |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Jagniątków (en) , 1946ko ekainaren 6a (83 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: bronkitisa |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Marie Thienemann Hauptmann (en) (1885eko maiatzaren 5a - 1904ko uztaila) Margarete Hauptmann (en) (1904 - |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Jenako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | antzerkigilea, poeta, kanta-idazlea, eleberrigilea, autobiografialaria, gidoilaria eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Durch! (en) |
Mugimendua | naturalismoa |
gerhart-hauptmann-gesellschaft.de | |
| |
Émile Zolaren eragina nabaria duen lehen dramarekin, Vor Sonnenaufgang (1889, Egunsentiaren aurretik), Alemaniako naturalismoaren ezaugarriak finkatu zituen: alde batetik, giroak eta pertsonaiaren jatorriak berebiziko garrantzia dute, eta bestetik, dialektoak erabiltzen dira.
Handik hiru urtera, bere obra nagusia idatzi zuen: Die Weber (Ehuleak). Lehen idatzaldian Silesiako dialektoz idatzia zen drama horretan, Silesian 1844an gertaturiko matxinada kontatu zuen, molde epikoen bidez. Naturalismoaren barruan sartzen diren beste lan batzuk dira: Einsame Menschen (1891, Arima bakartiak); Florian Geyer (1896); Michael Kramer (1900). Joera mistiko eta sinbolista erakutsi zuen beste zenbaitetan: Hanneles Himmelfahrt (1896, Hanneleren igoera zerura); Die versunkene Glocke (1896, Ezkila urperatua). Beste hirugarren bide bat ere erabili zuen, ohitura-komediarena: Der Biperpelz (1893, Kastore-larrua), Berlingo gaizkileen eta poliziaren arteko borroka gai duena.
Lehen Mundu Gerraren ondoren, eleberria landu zuen, batez ere. Alor horretan ere, gai-aniztasun bera erakutsi zuen: Der Narr in Christo Emanuel Quint (1910), Der Ketzer von Soana (1918, Soanako heresea), Die Insel der grossen Mutter (1924, Ama Handiaren uhartea). Sinbolo eta mitoarekiko atxikimenduak poema epiko eta kosmiko handiak idaztera bultzatu zuen: Till Eulenspiegel (1927), Der grosse Traum (1942, Amets handia). Hauptmannen obra oparoa, 45 drama, 18 eleberri eta kontakizun-liburu, 6 olerki eta 3 poema-liburu, bere garaiko Alemaniako gizartea ulertzeko nahitaezko erreferentzia da.
Literaturako Nobel saria jaso zuen 1912an.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak