Gerda Taro

Gerda Taro (Stuttgart, Alemania, 1910eko abuztuaren 1a - El Escorial, Espainia, 1937ko uztailaren 26a), Gerta Pohorylle izenez, gerrako argazkilari eta kazetari alemaniarra izan zen, Endre Erno Friedmannen bikotea. Biek elkarrekin Robert Capa pseudonimarekin argazkiak ateratzen zituzten; hala, zaila da jakiten bietako zeinek egin zuen argazki bakoitza. Gerda gerrako frente baten berri eman zuen eta bertan hil zen lehen emakume argazkilari-kazetaria kontsideratzen da.[1]

Gerda Taro
Gerda Espainian, 1937ko uztailean Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGerta Pohorylle
JaiotzaStuttgart, 1910eko abuztuaren 1a
Herrialdea Weimarko Errepublika
HeriotzaEl Escoriak, 1937ko uztailaren 26a (26 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Grave of Taro (en) Itzuli
Heriotza moduaistripuzko heriotza: ibilgailuak harrapatzea
Familia
AitaHeinrich Pohorylle
AmaGisela Boral
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakgerra argazkilaria, fotokazetaria eta argazkilaria
Lantokia(k)Paris eta Espainia
Enplegatzailea(k)Alliance-Photo (en) Itzuli
Mugimenduamodernismo katalana
Izengoitia(k)Gerda Taro
Genero artistikoafigure (en) Itzuli

IMDB: nm1817879 Find a Grave: 14667333 Edit the value on Wikidata

Biografia

Gerda Taró benetan Gerta Pohorylle deitzen zen eta poloniar familia judu baten alaba zen. 1910ean Stuttgarten jaio zen arren, Leipzigen hezi zen. Nahiz eta bere jatorria burgesa izan, gazte zenetik mugimendu sozialista eta langile mugimenduan murgilduta egon zen. Horregatik, naziak boterera heldu zirenean eta 1933an atxilotua izan ostean, bere laguna Ruth Cerfekin Parisera ihes egitea erabaki zuen.

Parisen urte bat zeramanean, Endre Erno Friedmann ezagutu zuen, hungariar jatorriko judu bat, argazkilari-kazetari lanean jarduten zuena eta Cerf modelo gisa hartu zuena. Gerdak bere laguna argazki saio batera lagundu zuen eta bertan ezagutu zuen Friedmann. Bikotea elkarrekin maitemindu zen. Gerdak argazkilaritza ikasi zuen eta Friedmannek bere estiloa findu zuen.

Argazkilari lanarekin ez zutenez behar ekonomikoak asetzeko behar beste diru lortzen, ez baitzen lan egonkor bat, Gerda eta Endrek Robert Capa izeneko pertsonaia bat asmatu zuten. Robert Capa Estatu Batuetatik etorritako argazkilari famatu bat zela asmatu zuten, Gera Taró eta Friedmannen bitartez argazkiak saltzen zituena, argazkilari frantses batek egindako argazkiak baino hiru aldiz garestiago. Trikimailu honek ongi funtzionatu zuen eta berehala mandatu asko jaso zituzten, haiekin etekin handiak lortuz. Parisen zeukaten tailerrean Ruth Cerf-ek eta Imre Weisz-ek (Csiki) ere lan egiten zuten.

Espainiako Gerra Zibila

Robert Caparen argazkia Gerdak egina

1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zen eta bikotea Espainiara lekualdatu zen gatazkaren berri emateko asmoarekin. Hala, gerrako gertakari desberdinen lekuko izan ziren, ondoren Regard edo Vu bezalako aldizkarietan plazaratuak izan ziren erreportaiak eginez.

Gerra hasi eta bi astetara Bartzelonara heldu zen bikotea eta bertan frontera joateko erroldatzen ziren soldadu errepublikarrei argazkiak ateratzen aritu ziren. Behin Espainian Aragoi, Madril eta Toledon bando errepublikarraren kontrolpean zeuden lurraldeetan zehar ehunka kilometro egin zituzten, baita hegoaldeko fronteko lerroan egon ziren, Kordobatik hurbil. Andaluziako probintzia horretan izan zen Capak bere “Miliziano baten heriotza” argazki famatua atera zuen tokia.

Caparen lana Frantzian famatu egiten hasi zen, bertako kazetariek kausa errepublikarraren aldeko argazkiak plazaratzeko irrika zeukatelako. Hala, 1937rako Capa, gerrari buruz egindako dokumentazioagatik, famatu egin zen; eta Gerda argazkilari-kazetari independentetzat ezagutzen hasia zen. Izan ere, 1937tik aurrera Gerdak Ce Soir egunkariarekin kontratu independentea sinatu zuen eta hortik aurrera Robert Capa Friedmann zen eta “Photo Taro” Gerda. [2]

Gerda Gerra Zibilean emozionalki barneratu zen eta soldadu eta miliziano errpublikarrek errespetu handia zioten. Hala, bere estiloa ere garatuz joan zen gerran zehar; besteak beste bonben atentatuen biktimei egin zizkien argazkiak, zauritutako edo lekualdatutako umeei edo fronteko lehen lerroko gertaerei.

Miliziana errepublikar baten entrenamendua, Gerdak ateratako argazkia

Gerda, bere artea erakusteko asmoz eta argazki ahalik eta dramatikoenak eskuratzeko asmoz, egoera gero eta arriskutsuagoetan jarri zuen bere burua.

Gerda Taro. Aitzindarien murala. Iruñea

1937ko uztailean Friedmannek ez zuen Gerdarekin bidaiatu, beste bidaietan bezala. Gerdaren bakarkako lan garrantzitsuena Bruneteko batailaren lehen fasearen erreportaia izan zen. Bertan ikusi zuen nola lehen fase hori Errepublikarrek irabazi zuen. Erreportaia 1937ko uztailaren 22an argitaratu zen Regards aldizkarian eta ospe handia eskaini zion argazkilariari.[3]

Hala ere, hortik gutxira, tropa frankistek kontra erasoa hasi zuten eta Taroko Bruneteko gerra frontera itzultzea erabaki zuen. Bertan altxatuek burututako bonbardaketen lekuko izan zen, argazki asko eginez eta bere bizitza arriskuan jarriz. Izan ere, Madrildik hurbil zegoen trintxeretan pasa zuen bere bizitzako azken eguna, errepublikarrekin batera. Azkenean, gudu horretan errepublikarrek galdu zuten.

Heriotza

Gerda Tarok armada errepublikarraren atzerakada batean gertatutako istripu batean galdu zuen bizitza. Hurrengo egunean Frantziara itzultzeko asmoa zuen, bertan Friedmann zuen zain, eta lubakitik joan zen argazki karretea amaitu zitzaiolako. Karrete bila joateko Gerda Walter generalaren (Nazioarteko Brigaden partaide zena) kotxeko estribu batera igo zen. Momentu hartan, etsaien hegazkain batek lurretik oso gertu hegan egin zuen eta kotxean ezinegona sortu zuen, Gerda lurrera botaz. Hala, Gerda lurrean zegoen goragune baten atzean erori zen. Momentu horretan tanke errepublikar bat bidera atzera martxaz sartu zen, goragunera igoz eta atzera eroriz, Gerdaren gainera eroriz.

Tankearen gurpilak tripak atera zizkion, eta nahiz eta El Escorialeko El Goloso ospital ingelesera azkar eraman, ordu batzuk beranduago hil zen, 1937ko uztailaren 26ko ordu txikitan, 27 urte betetzeko 6 egun falta zitzaizkiolarik. Bere gorpua Pariseko Père-Lachaise Hilerriaren 97. dibisioan dago lurperaturik.[4]

Capa Gerdarik gabe

Friedmannek ez zuen bere burua barkatu Gerda Espainiara bera gabe bidaiatzen uzteagatik. Hala, hainbat astez etxean geratu zen edaten. Nahiz eta gero bere bizitza berregiten saiatu, ez zen inoiz berdina izan.

Friedmann 40 urte zituelarik hil zen 1954ean Indotxinako gerran argazkiak ateratzen zituenean mina bat zapaldu zuenean.

Memoria eta ondarea

2007ko irailaren 26an, International Center of Photographyk Estatu Batuetan Gerda Taroren argazkien lehen erakusketa ireki zuen.

Susana Fortesen Waiting for Robert Capa eleberria (2011an argitaratua, Ingelesera Adriana V. Lópezek itzulia) Taro eta Caparen bizitzen inguruko fikziozko errelatua da.

The Mexican Suitcase (2011) (Maleta Mexikarra) pelikula dokumentalak Tarok, Capak eta David Seymourrek Espainiako Gerra Zibilean egindako 4500 negatibo galduri buruzko historia kontatzen du. Maleta eta negatiboak gaur egun New York hiriko Nazioarteko Argazkilaritza Zentroan daude. Halaber, Idle Motion konpainiak produzitutako Shooting With Light antzerki obra pelikulan oinarritzen da.

Negatibo bilduma honetako obrak klasifikatzean, aurkitu zen Capari egotzitako argazki asko benetan Gerdarenak zirela; hala, argazkigintza-kazetaritzari egindako ekarpena hobe uler daiteke. Caparen lanekin konparatuz Kristen Lubbenek Taroren estiloari buruz dio:

"Bere argazkiak pausatuagoak dira, kameraren angelu markatuagekin. Capa mugimenduan enfokatuago zegoen."

Alt-J indie rock musika talde ingelesaren “Taro” kantak, Espainiako Gerra Zibilean Gerdak egindako lanari eta Caparekin zeukan erlazioari buruz hitz egiten du. Kantak Caparen heriotzari buruzko zehaztasun grafikoak ematen ditu eta Taroren emozioak imajinatzen ditu.

2016ko udan, Gerda Tarok ateratako Espainiako Gerra Zibilaren argazkien aire libreko erakusketa batek Leipzingeko f/stop photography jaialdian parte hartu zuen. Jaialdia amaitu zenean erabaki zen erakusketa, publikoaren laguntzaz finantzatu zena hein handi batean, iraunkor bihurtuko zela. Hortik gutxira, abuztuaren 4ean, Gerdaren obra margo beltzezko orbainez suntsitua izan zen. Finantziazio kolektiboaz bultzatutako proiektu baten bitartez bere obra berreskuratzen ari da; hala, suntsitutako lanak bere lekuan jarraitzen du. Uste da suntsiketa sentimendu anti-semita edo anti-errefuxiatuak motibatua izan zela.

2018an, Leipzingeko hiriak 1200 ikaslerentzat egindako gimnasio berri bati Taroren izena jarri zion; izan ere, gimnasioa argazki erakusketa egonkorretik hurbil dago.

2018ko abuztuaren 1ean Googleren Doodlen nabarmendua izan zen.

Erreferentziak

  1. García, M. (2014, enero 5). Robert Capa, reportero de guerra. La Jornada, suplemento cultural dominical "La Jornada Semanal", núm. 983, pp. 8-10. (Consultado 5 de enero de 2014)
  2. Arroyo Jiménez eta Doménech Fabregat, 2015, 121.orr.
  3. (Gaztelaniaz) «Gerda Taro, la primera fotoperiodista de guerra» historia.nationalgeographic.com.es 2019-07-26 (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  4. (Ingelesez) «Gerda Taro (1910-1937) - Find A Grave Memorial» www.findagrave.com (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).

Bibliografia

  • Arroyo Jiménez, Lorna; Doménech Fabregat, Hugo (2015). «Gerda Taro y los orígenes del fotoperiodismo moderno en la Guerra Civil española» (pdf). FOTOCINEMA. Revista científica de cine y fotografía, 10. alea
  • Janeczek, Helena (2019). La chica de la Leica. Colección Andanzas (en español). Barcelona: Tusquets Editores.
  • Fortes, Susana (2009). Esperando a Robert Capa. Barcelona: Editorial Planeta.
  • Olmeda, Fernando (2007). Gerda Taro, fotógrafa de guerra: el periodismo como testigo de la historia. Barcelona: Editorial Debate.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.