Georges Laplace

Georges Laplace (Paue, 1918ko abuztuaren 13a - ibidem, 2004ko irailaren 21a) frantziar arkeologoa izan zen, Europako Goi Paleolitoan aditu nagusietako bat eta Euskal Herriarekin harreman estua izan zuena. 1950eko hamarkadan metodologia arkeologikoa sakonki berritu zuen, indusketa sistema (koordenatu kartesiarrekin) eta aztarna arkeologikoen analisi metodoa (Tipologia Analitiko Estrukturala) garatuz; biak ala biak gaur egunean indarrean dirautenak.[1]

Georges Laplace
Bizitza
JaiotzaPaue, 1918ko abuztuaren 13a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaPaue, 2004ko irailaren 21a (86 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakhistoriaurrelaria, arkeologoa eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)CNRS
French School of Rome (en) Itzuli
Jasotako sariak

Datu biografikoak

Ama jostuna eta aita trenbideko langilea zituen, ateoak eta ezkertiarrak.[2] Gazte zelarik eskaut talde laikoetan gogotsu aritu zen, tartean Euskal Herrian eginiko kanpalekuetan. Oinarri hauek bizitza osoko ibilbidearen ildoa markatu zioten.

1938an maisu titulua atera zuen; bere lehen destinoa Eskiula (Bearno-Zuberoa) izan zen, 20 urte zituela. 1939an mobilizatua izan zen, baina kontzientzia eragozlea zenez, Mont Ventoux-eko Meteorologia Zerbitzura bideratu zuten; han mendiko aktibitateetan trebatu zen. Bigarren Mundu Gerran, 1939-40 artean nazien kontrako kanpainan parte hartu zuen eta, desmobilizatu ostean, maisutzara itzuli zen: lehenik Dieulefiten, gero Eskiulan eta ostean Muneiñen. Baina Vichyko erregimenaren aurka zegoenez, naziek ezarritako Derrigorrezko Lan Zerbitzuari uko egin zion eta honek lanean arazoak ekarri zizkion. 1941-42 artean gartzelaratua izan zen.[3]

Uriageko gaztelua

Uriageko Elitezko Koadroen Eskola Militarrean sartu zen; baina hau ere Vichyko errejimenaren kontra ari zenez, 1942an itxi zuten. Eskolako arduradunak Erresistentzian sartu ziren, eta baita Laplace ere; eskaut denboran eginiko kontaktuak oso baliagarriak egin zitzaizkion. 1943an équipe volante direlakoak sortu ziren, makiei trebakuntza militarra eta babesa emateko; Laplace formatzaileetako bat izan zen. Hortaz gain, corps francs-en buruzagia zen, frankotiratzaileen eta frantziar partisanoen kargu. 1945era arte Erresistentziarekin lotutako misioetan aritu zen, Lemoine eta Pèlerin ezizenekin. Frantziaren askapena eta Alemaniarekiko gerra amaitzean, Armada erregularrean sartu zen teniente modura, 1947an lizentziatu arte. Orduan erreserbara pasatu zen, eta honi esker ikasketekin jarraitzeko erraztasunak lortu zituen (azterketa bereziak adibidez).[2]

Hastapenak eta metodo kartesiarra

Laplacek eragin handia izan zuen gaur egunean indarrean den indusketa sistema kartesiarraren garapenean. Argazkian, Ortuellako haizeola baten indusketa.

Lehen arkeologia kanpo-lana 1947ko irailean egin zuen: Montmaurineko harrobiko indusketetan parte hartu zuen, Louis Méroc-en zuzendaritzapean.[4] Azken hau, ogibidez abokatua, Laplaceren irakaslea zen Tolosako Unibertsitatean, eta hiri horretako "Société Meridionale de Spéléologie et de Préhistoire" (SMSP) elkartearen sortzaileetako bat. Hile berean, Laplacek Olha II izeneko aterpean (Kanbo) aztarnategia aurkitu zuen, Olha I aztarnategi famatuaren gain aldean (1913-1919 artean Emmanuel Passemardek ikertutakoa).

1947ko urrian Laplace Ossau bailaran prospekzioan aritu zen Jose Miguel Barandiaranekin; Gorostiarriko mairubaratza elkarrekin industu zuten. Aurrerantzean harremana mantenduko zuten, haien pentsakera desberdinen gainetik.[5]

1948an, erreserbako teniente bezala, bere agindupeko soldaduekin Ossau bailaran prospekzio arkeologiko intentsiboan aritu zen. Urte honetan, indusketetan aztarnak geografikoki kokatzeko koordenatu kartesiarren metodoa garatzen hasi zen, Méroc irakasleak 1930eko hamarkadan hasitako sistemaren gainean.[6] Hain zuzen ere, kuadrikulak lehenago ere erabiliak izan ziren (aintzindarietako bat JM Barandiaran bera izan zelarik) baina intuitiboki, ez sistematikoki. Laplacek 1948ko ekainean erabili zuen sistema hau estrainekotz, Tute de Carrelore kobazuloan (Lurbe); aztarnategi horren informazioarekin bere lehen idazlana argitaratuko zuen.[7] 1949an, baita ere, Olhako aterpeko (Kanbo) lanak hasi zituen; urte horretan zundaketak (Mouster Aroko tresna eta hezurrak aurkituz), eta indusketak 1953tik 1961 arte.

1950eko udaberrian, Etxeberriko karbe ezagunean (Gamere-Zihiga) Bouillon, Capdevielle, Dupuis eta Rekalt ikertzaile zuberotarrek galeria berriak aurkitu zituzten. Hurrengo egunetan sektore berri hau ikustera etorri ziren Maule, Oloroe eta Paubeko espeleologoak (tartean Pierre Boucher mauletarra, eta Laplace bera); esplorazio lan honetan aurkitu zuten bertako labar-artea.

Ikusten denez, Laplaceren hastapenak espeleologia taldeen baitan izan ziren; gero espezializatu bazen ere, harpe-ikerzaleekiko harremana mantendu zuen, hala nola 1952an, Lepineux leizean, Marcel Loubens erreskatatzeko lanetara bildu zenean: -80 metrotako sakoneran ohatilaren kablea libratzeko lanetan aritu zen Pierre Boucher eta Michel Bouillonekin batera, eta Haroun Tazieff zintzilik zela gindaxa hondatu zenean, kablea eskuz altxatzen.[1]

Tipologia Analitiko eta Estrukturala

Harrizko nukleo piramidala, duela 35.000-10.000 urte artekoa, Duruthy haitzuloan aurkitua (Sorde-l'Abbaye, Landak)

Laplaceren ikerketa eremu nagusia paleolitoko aztarnategiak izan ziren. Lan hauetan zehar ezarri zituen etorkizunean berebiziko garrantzia hartuko zuen analisi metodoaren oinarriak: Tipologia Analitiko eta Estrukturala, bere ezaugarrien analisi hierarkizatuaren arabera multzoak osatzen dituen harrizko tresnen sailkapena.

Bistan denez, Etxeberriko aurkikuntzaren ostean, aztarnategi honek bere indarren zati handi bat hartu zuen. 1952 arte bere ikerketa nagusiak hementxe burutuko zituen: beste esploratzaileek aurkitutako hainbat material aztertu zituen, eta labar-artea sakon estudiatu zuen,

1950era itzuliz, urte hartan Mauleko Espeleologia Taldeko kide batzuk (Boucher, Bouillon eta Araneder anaiak) Sasiziloaga izeneko haitzuloan, Ozaze-Züharako lurretan, labar-artea aurkitu zuten. Laplace izan zen artelanak aztertu zituen lehena. Gainera urte berean, Arbailetako beste zenbait kobazulotako aztarnategietaz arduratu zen: Gatzarria (Ozaze-Zühara) eta Harregi karbea (Altzürükü). Basabürüan, berriz, Üztarbe (Larraine) aztertu zuen, eta beste arkeologoekin batera (Duperier, Barandiaran eta Oskoz) inguruko Ilbarritz, Mouligna, Xaxiño eta Bidarte aztarnategiak ikuskatu zituen.

1953ko udaberrian, Aljeriako Gobernuarentzat prospekzioan aritu zen Tarf eskualdean, eta indusketak egin zituen Constantine eskualdean (Faïd Souar, Aïn Hanech eta beste). Udan bueltatu zenean, Olhako indusketetan parte hartu zuen eta Barandiaranekin batera Etxeberriri buruzko argitalpena prestatzen jardun zuen; Barandiaranek Sarako Lezia eta Urio kobazuloetako aztarnategiak erakutsi zizkion. Hurrengo urtean Pirinio Atlantikoetako Monumentu Historikoen Komisioaren kide izendatu zuten, eta berriz Aljeriara itzuli zen: indusketak Mansourah, Sidi Roess Mehta eta Faïd Souar aztarnategietan egin zituen. Han erakunde zientifikoetan ardura nagusiak zituzten espezialistekin harremana egin zuen. Gainera, Louis Mérocekin batera, aurreko urteetan garatutako indusketa sistema kartesiarra argitaratu zuen, eta Tolosako Natura Historia Museoaren historiaurre saila berrantolatu zuen.

Dirulaguntzei esker, 1954an eta 1955ean bere ikerketa-eremua Tunisiara ere zabaldu zuen. Han, materialismo dialektikoan oinarriturik, tresna litikoen tipologia lantzeko aukera izan zuen; gainera, arkeologoen artean giro adeitsuagoa aurkitu zuen, metropoliko lehia "basatiaren" aldean. Izan ere, orduko frantziar komunitate arkeologikoak ez zuen ondo hartu Laplace proposatzen ari zen tipologiaren unibertsaltasuna (aldaera lokalen berezitasunendako balio ez zuela egozten zioten); baina, zati handi batean, kritiken azpian Laplaceren ideologia marxistaren arbuioa zegoen.

1955 eta 1956ean, Barandiaran, Boucher eta Laplace Otsozelaia / Hariztoi kobazuloan lanean aritu ziren, aztarna musteriarrak eta neolitikoak aurkitu zituztelarik. Gainera, Laplacek labar-arte berria lokalizatu zuen erdiko solairuko galeria batean. Erberuako sifoia urpetik gainditzen ere saiatu zen, atzean ustez zeuden galerietara sartzeko asmoz; baina ez zuen lortu.

1956ean Laplace Erromako "École Française "ko kide bihurtu zen. Sasoi horretan Laplace Afrika Iparraldeko eta Italiako aztarnategien parekotasunak aztertzen ari zen. Eskolan sartzearekin batera, bere tipologia fintzeko aukera izan zuen, Ameriketan eta Erresuma Batuan kezka bera zuten espezialistekin sintonian. Gainera, Italian atzerriko espezialistekiko zegoen adeitasun handiari esker, Laplacek elkarren etsaiak ziren arkeologoen bildumak aztertzeko aukera izan zuen (italiar batentzat ezinezkoa zena). Hauxe izan zen bere metodoak Italian izan zuen arrakastaren gakoetako bat.[8] Eztabaidarik ez egoteko beste arrazoi bat: Italian tipologia arloko hutsunea zegoen, eta Laplacerenak hutsune hori bete zuen. Italiako urte hauetan Marie-Henriette Jauretxerekin dibortziatu zen, Delia Brusadin-ekin ezkontzeko; hau ere arkeologoa, eta Italian museo-kontserbatzaile.

Bestalde, 1957tik aurrera, Homo sapiens neandertalensis osteko industria konplexuen sorrera eta garapena azaltzeko hipotesi bat ere garatu zuen: Europako Goi Paleolitoko harrizko tresna txiki mota desberdinek Mouster aro amaierako oinarrizko tresna mota polimorfiko bakarretik zetozketen.[9]

Erroman Palazzo Farnesen (École Françaiseren egoitzan) lehen arkeologo izatera ailegatu bazen ere, 1958an Frantziara itzuli zen. Egoera zailean gainera: han ia bakarrik aurkitu baitzen bere teoriak aurrera eramateko. 1960ean, Louis Mérocekin tirabira izan zuen, Grotte des Abeillesen egindako lanen argitalpenen kontura; harrezkero, Mérocek ez zuen gehiago gonbidatu Montmaurineko indusketetara.[10] 1961ean Gatzarriako aztarnategiaren indusketari ekin zion eta Arbailako harpe honetan urteroko kanpainak egingo zituen hamabost urtez, 1976ra arte. Bertatik datu multzo garrantzitsua atera zuen, Erdi Paleolitotik hasita, Goi Paleolitoko lehen konplexu industrialetara arteko sekuentzian.

1960eko hamarkadan, historiaurreko arkeologiara aplikatutako matematikei edo estatistikei buruzko eztabaidak ugaritzen hasi ziren. Testuinguru horretan, Laplaceren tipologia analitikoarekiko interesa sortu zen Italiako, Espainiako, Alemaniako, Suitzako eta Txekiako hainbat ikerlari gazteen artean. 1968an Laplacek Arudin (Bearno) ikerketa zentro propioa sortu zuen, eta bere teoriek Frantzian ere interesa pizten hasi ziren; horren eraginez, bere presentzia gero eta ohikoagoa bihurtu zen mundu akademikoan.

Hurrengo urteetan jarduera akademikoen ugaltzeak gero eta denbora gehiago kendu bazion ere, Laplacek ez zituen kanpo lanak utzi: 1972an Olha II aztarnategira itzuli zen, urak aztarnategia hondatzen ziharduelako; eta han urjentziazko indusketak burutu zituen 1977ra arte. 1978an, berriz, Erberuako esplorazioa antolatu zenean, Laplace ikertaldearen burua izan zen. Eta erretiroa hartu ostean ere, Gaztelu mendixkako lurpeko sarean jarraitu zuen: 1984ean Izturitzeko koban, Ignacio Barandiaranekin batera, Gela Handiko zutabeko behe-erliebeak berraztertu zituen, haien interpretazioa eguneratuz.

Denborarekin, Laplaceren Tipologia Analitiko eta Estrukturalak ibilbide propioa egin du, egilea bera gainditzeraino. Bere sistema hau material litikoez harantzago heda daitekeela ikusi da eta, Laplace 2004an hil ostean ere, hezur aztarnak, estratigrafia edo ornodun handien ustiakuntza bezalako sistema desberdinak aztertzeko erabili izan da.[11]

Laplaceren ibilbide zientifiko atipikoa

"Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri"k Arudiko eraikin honetan izan zuen egoitza.

Laplaceren ezaugarri nagusienetakoak autoritate argumentuaren ukazioa eta teoriak eten gabe errebisatzea izan ziren: "Zalantzarik gabe, gure idea zientifikoen multzoa adierazten duten teoriak ezinbestekoak dira zientzia adierazteko (...) Baina teoria eta ideia hauek ez dira inondik inora egia aldaezina, eta beraz beti prest izan behar gara haiek uzteko, aldatzeko, errealitatea azaltzen ez duten heinean".[12] Bestalde, hierarkia akademikotik eta metropolietatik urrun mantendu zen, bere karreraren zatirik handiena Biarno inguruan bertan eginez.

Laplacek amateur / profesional kontzeptuekiko jarrera aldatu zuen urteetan zehar. Bere ibilbidea elkarte zientifiko amateurretan hasi zuen: 1947 inguruan SMSPPO, eta 1948an "Société Préhistorique Française" (SPF). Baina 1949an, arkeologoen prozedurak hobetu beharra aldarrikatu zuen, amateurismoaren kontra eta profesionaltasunaren alde agertuz.[13] Hitza hitz, 1950ean "Centre National de la Récherche Scientifique" erakundean (CNRS) alboko ikerlari bezala sartu eta maisutzan eszedentzia eskatu zuen; 1951ean, elkarte zientifiko gehienekin hautsi zuen. Ez guztiz halere: 1953an Paubeko "Société des Arts, Lettres et Sciences"-ean sartuko baitzen, eta eskualdeko SPF-ko kideen bilerak bultzatu zituen. 1961ean doktore-tesia aurkeztu zuen, Europako aurrehistoria industria litikoaren ikuspegitik aztertuz, tartean Euskal Herri inguruko hainbat aztarnategitakoa. 1966ean, Alberto Brogliorekin batera, tipologia analitikoan oinarritutako ikertalde bat bultzatzen hasi zen. Ordurako, Laplaceren jarrera nabarmen aldatua zen, zenbait arkeologo profesionalen prozedura amateurrak kritikatzeraino.

1968an, bere tipologia analitikoaren lehen eguneraketa egin zuen eta CNRS-en Ikerketa Maisu mailara igo zen. Honek ikerketa lerroak aukeratzeko, dirua bilatzeko eta proiektuak zuzentzeko askatasuna ekarri zion: ahalmen hori bere ikerketa zentro propioa eratzeko erabili zuen. Arudiko Udalak utzitako XVIII. mendeko etxe batean "Centre de Palethnologie Stratigraphique Eruri" eratu zuen, erreferentziazko ikerketa-zentru famatua izatera ailegatuko zena. 1969tik aurrera urteroko bilerak antolatu zituzten bertan tipologia analitikoari buruz, Nazioarteko Tipologia Lantalde bat osatuz[14] eta 1973tik aurrera "Dialektikê. Cahiers de typologie analytique" aldizkaria argitaratu zuten. Laplacek 1983an erretiroa hartu bazuen ere, 1989ra arte urteroko mintegi hauek antolatzen eta aldizkaria argitaratzen jarraitu zuen. Arudiko ikerketa gunea atipikoa izan zen: orduko arkeologiaren antolakuntza autoritarioaren aldean, talde-lana eta norbere kabuz pentsatzeko askatasuna bultzatzen baitzuen.

1969an, Laplace Lyoneko "Centre de Paléontologie Stratigraphique"-ren partaide ere bihurtu zen, eta kolaborazioa 1974ra arte mantendu zuen, orduan kargu hartu baitzioten bere kasa ibiltzeko joerarengatik. 1971ean, bere Tipologia Analitikoaren bigarren eguneraketa argitaratu zuen[15][16] eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitate sortu berrian irakasten hasi zen. 1974ean, Morellan (Castelló) "I Coloquio Internacional de Prehistoria" gidatu zuen; Francoren diktadurako paleolitisten panorama atzeratuan bilera hau astindu handia izan zen. 1978an, CNRS-ean Ikerketa Zuzendari bihurtu zutenean, Laplaceren kritika oraindik gehiago zorroztu zen: "Ikerketa egiten duten instituzioak hierarkia astun, menperatzaile batek zuzenduak daude; hau hierarkia sozialaren islada da, hierarkia erlijiosoaren eta Erdi Aroko instituzio unibertsitarioen oinordekoa (...) zeinak eskuarki berritasuna ukatzen eta gogogabetzen duen, hartaz jabetzeko esperantzan onartzen ez duenean behintzat. Horiek al dira zuk aipatutako profesionalak?".

1983an, Laplace Ohorezko Ikerketa Zuzendari izatera pasatu zen CNRSean, eta erretiroa hartu zuen. Halere 1983, 1985 eta 1986an Euskal Herriko Unibertsitatearentzat mintegiak eman zituen Gasteizen. 1999an Frantziako Gobernuaren aldetik Ohorezko Legioaren Zaldun izendapena jaso zuen, bere bizitzako ibilbideari aitortza gisa; handik bost urtera hil zen.[4]

Euskal Herriarekin harremana

Coarrasa (Bearno)

Laplacek bere burua biarnes, iberiar-akitaniar, agot eta euskalduntzat zuen. Izan ere, bere ibilbide profesional, zientifiko eta pertsonalaren zati handi bat gure inguruan eman zuen: beti Bearnon bizi izan zen, lehenik Juransonen eta 1963tik aurrera Coarrasan (Zuberoatik kilometro gutxira).[1]

1946an lehenengotz ezkondu zen, Marie-Henriette Jauretxe gaztelera irakaslearekin; lehen idazlanak, hain zuzen ere, Laplace-Jauretche abizenekin sinatuko zituen. Arkeologia ogibide bihurtu baino lehen Eskiula herri euskalduneko maisua izan zen. 1948rako Jose Miguel Barandiaranen Ikuska (Institut Basque de Recherches) elkarteko kidea zen, eta elkarte honetan Espeleologia Sailaren ardura eraman zuen Jesus Elosegi Irazustarekin batera; gainera Ikuskak erbestean (Baionan) eginiko lehen kongresuetan parte hartu zuen. Sasoi beretsuan "Eusko Jakintza"ren kidea ere izan zen. 1963an Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea bihurtu zen. Euskal Herriarekiko atxikimendu maila adierazten duen azken anekdota bat 1974 urteko gutun batean aurki dezakegu, non zientzialarien independentziaren aldeko frantsesezko aldarri sutsu bat "Gora askatasuna!" euskarazko hitzekin amaitu zuen.[1]

Erreferentziak

  1. Larrañaga, Oier Gorosabel. «Georges Laplace: espeleologia hastapenak eta ibilbide arkeologiko errimea» www.adesespeleo.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
  2. Plutniak, Sébastien. (2017-11-01). «L'innovation méthodologique, entre bifurcation personnelle et formation des disciplines : les entrées en archéologie de Georges Laplace et de Jean-Claude Gardin» Revue d'histoire des sciences humaines 31: 113–139.  doi:10.5281/zenodo.1164953. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  3. Marsan, Geneviève. (2010). Georges Laplace, préhistorien du 20ème siècle, fondateur de la Maison D’Ossau. http://www.museearudy.com.
  4. Plutniak, Sébastien. (2019-11-16). The Professionalisation of Science – Claim and Refusal: Discipline Building and Ideals of Scientific Autonomy in the Growth of Prehistoric Archaeology. The Case of Georges Laplace's Group of Typologie Analytique, 1950s–1990s.  doi:10.31235/osf.io/3wmyr. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  5. Laplace-Jauretxe eta bere emaztea etorri zitzaieak. Biak komunisten alderdiari utzi diotela esan zeaia; bañan komunista direla. Alderditik atera direla, alderdiko lagunek ongi joka ez direlako; beren iritzia eta beren buruzagiak jainko bezala dauzkatelako; eta bere sinismenen alde gezurra eta gaiztakeria ontzat dabiltzkielako. Etxeberriko karbiari buruz egin duen lana gure aldizkarian agertzeko, amabost edo ogei milla libera bear ditugula esan zoat Laplace’ri”. (BARANDIARAN, José Miguel. 2009. Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental. José Miguel de Barandiaran Fundazioa. Colección Sara 8. Ataun. ).
  6. Laplace-Jauretche, G.; Méroc, Louis. (1954). «Application des coordonnées cartésiennes à la fouille d'un gisement» Bulletin de la Société préhistorique française 51 (1): 58–66.  doi:10.3406/bspf.1954.12427. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  7. LAPLACE-JAURETCHE. Georges. 1949. "Gisement Azilien de la Tute de Carrelore, à Lurbe (B-P). Découvertes et Outillages". Société Méridionale de spéléologie et de Préhistoire, p:227-236.
  8. Tarantini, Massimo. Tarantini M., Georges Laplace in Italia tra tipologismo e antipologismo. Appunti per una riflessione storica, in Askategi. Miscellanea in memoria di Georges Laplace, Rivista di Scienze Preistoriche – Supplemento 1, Firenze 2005, pp. 31-40. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  9. LAPLACE, Georges. 1958. "Recherches sur l'origine et l'évolution des complexes leptolithiques : le problème des Périgordiens I et II et l'hypothèse du synthétotype aurignaco-gravettien: essai de typologie analytique". Quaternaria V:153-240.
  10. (Dir.), Michel Sot. (2019). Pratiques de la médiation des savoirs. Éditions du Comité des travaux historiques et scientifiques ISBN 978-2-7355-0898-3. PMC 1126169236. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  11. ESTÉVEZ, Jordi. 2015. "Arqueozoología analítica. Otro ejemplo práctico derivado de la obra de Georges Laplace". Pp:48-60. In: CALVO, Aitor. SÁNCHEZ, Aitor. GARCÍA-ROJAS, Maite. ALONSO-EGUÍLUZ, Mónica. (Eds.) 2015. "Seis décadas de Tipología Analítica. Actas en homenaje a Georges Laplace. 13, 14 y 15 Noviembre 2012, Vitoria-Gasteiz". Grupo de Investigación en Tipología Analítica.
  12. LAPLACE, Georges. 1966. "Recherches sur l’origine et I’évolution des complexes leptolithiques". These École Française de Rome. Mélanges d’Archeologie et d’Histoire, Suppléments 4(XII). 586 pp. Ed. De Boccard, Paris.
  13. LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1949. "Prospections et fouilles". Eusko-Jakintza. Revue d’Études Basques 3:466–470.
  14. (Frantsesez) Plutniak, Sébastien. (2019-09-20). «Le « Groupe international de recherches typologiques » et le développement de l’archéologie préhistorique (années 1950–1990). Revendication et refus de la professionnalisation d’une science entre construction disciplinaire et idéaux d’autonomie scientifique» Préhistoires Méditerranéennes (7) ISSN 1167-492X. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  15. Laplace, Georges. (1974-12-31). «À propos de la méthode» Dialektikê. Cahiers de typologie analytique 2: 11–14.  doi:10.5281/zenodo.2583929. (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
  16. Laplace, Georges. (1974). «De la dynamique de l'analyse structurale ou la typologie analytique» Rivista di Scienze Preistoriche (29): 3-71..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.