Georg Elser

Johann Georg Elser (Hermaringen, Wurtemberg, 1903ko urtarrilaren 4a Dachau, 1945eko apirilaren 9a) Suabiako (gaur egun Alemaniako Baden-Württemberg eta Bavaria artean banatutako eskualde historikoa) nekazari eta arotza izan zen, erregimen nazionalsozialistaren aurkaria. 1939ko azaroaren 8an Municheko Bürgerbräukeller garagardotegian jarritako bonba batekin Adolf Hitler diktadorea eta Alderdi naziko beste kideak hiltzen saiatzeagatik da ezaguna.

Georg Elser

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJohann Georg Elser
JaiotzaHermaringen, 1903ko urtarrilaren 4a
Herrialdea Alemania
HeriotzaDachauko kontzentrazio esparrua eta Dachau, 1945eko apirilaren 9a (42 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakzurgina, joiner (en) Itzuli eta Erresistentziaren kidea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alemaniako Alderdi Komunista
IMDB: nm7301751 Edit the value on Wikidata

1939ko azaroaren 8an ospatu zen Municheko putsch-aren (Hitlerren 1923ko kolpe ahalegin ustelaren) urteurrena. Erregimeneko pertsonaia garrantzitsuak, hala nola Joseph Goebbels, Hans Frank, Joachim von Ribbentrop, Philipp Bouhler eta Hitler bera elkartu ziren bertan. Dena den, denak lokaletik irtenak ziren leherketa gertatzerako.

Suitzako mugatik gertu atxilotu zuten Elser, eta bost urtez eduki zuten Dachauko kontzentrazio-esparruan "preso berezi" gisa (Hitlerren ustez Elser konspirazio baten parte zelako). Azkenik,1945eko apirilaren 9an exekutatu zuten, Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin baino 21 egun lehenago.

Biografia

Hasierako urteak eta prestakuntza

Georg Elser Hermaringen (Württemberg) jaio zen 1903ko urtarrilaren 4an. Ludwig Elser eta Maria Müllerren semea zen; Georg jaio eta urtebetera ezkondu ziren. Georg-ek Königsbronn-eko Lehen Hezkuntzako eskolan ikasi zuen 1910etik 1917ra, marrazteko eta eskulanetarako trebetasuna erakutsi zuelarik. Bere aita nekazaria eta egur merkataria zen, eta semea haren ondorengoa izango zelakoan zegoen, baina Georgek aitari lanean lagundu arren ez zuen aitaren lanbidean aritzeko interesik. Burdinola batean hasi zen tornulari, baina handik bi urtera lana utzi egin zuen, osasun arrazoiengatik. Ondoren Königsbronn, Aalen eta Heidenheim hirietako zenbait aroztegitan ibili zen. [1] 1925etik 1929ra Konstantzako erloju-lantegi batean aritu zen; han ikasitakoak baliatuta prestatu ahal izan zuen Adolf Hitler hiltzeko bonbaren tenporizadorea. 1929tik 1932ra, 1920ko hamarkadaren amaierako krisi ekonomikoaren ostean, arotz lanera itzuli zen, oraingoan Suitzan.

1930ean bere neskalagun Matilde Niedermann mutiko batez erditu zen; Manfred deitu zioten. Nahi gabeko haurdunaldia izan zen, Georgena berarena bezalakoa. Baina bere gurasoak ez bezala Georg ez zen semearen amarekin ezkondu, eta handik gutxira banandu ziren. Elser semearen mantenua Matilderi ordaintzera behartu zuten; alabaina, ez zituen beti ordainketa betebeharrak bete.

Königsbronnera itzuli ondoren, Adolf Hitler jada Alemaniako kantziler zela, aitarekin itzuli zen lanera, eta 1936tik aurrera muntaketa fabrika batean egon zen; han bertatik bertara ezagutu zuen nazien berrarmatze programa, eta halaxe jabetu zen herrialdea berriro ere etorkizuneko gatazketara bidean zela. Elser ohartu egin zen lantegia, itxura batean erabilera zibileko tutuak eta bestelako tresnak fabrikatzen zituena, Hitlerrek agindutako ezkutuko berrarmatze programarekin ari zela elkarlanean. Industria ugari dantzan jarri zituen berrarmatze programa hura nazioarteko akordioen kontrakoa zen eta, batez ere, Hitlerren etengabeko manifestazio bakezaleak gezur hutsa zirela jartzen zuen agerian.

Elser gizon isila eta erreserbatua zen, nahiz eta lagunkoia ere bai. Zenbait kultur elkartetan izena emanda zegoen eta gustuko zuen lagunekin elkartu eta Tracht jokoan aritzea, herriko abesbatzan jotzea edo ibilaldi luzeak egitea.

Pentsamendu politikoa

Elserri ez zitzaion politika gehiegi interesatzen. Egur-langileen sindikatuan eta erakunde komunista batean sartu zen, Roter Frontkämpferbund izenekoan (Fronteko Borrokalarien Liga Gorria), baina ez erakunde batean ez bestean ez zen buru-belarri aritu. Hitler boterera eraman zuten1933ko hauteskundeen aurretik KPD bozkatu zuen (Kommunistische Partei Deutschlands, Alemaniako Alderdi Komunista), langileen baldintzak hobetzearren gehien saiatzen ari zen alderdi politikoa zelakoan.

1933. urtearen ondoren Elserrek nazismoaren aurka egiteko izan zuen motibazioa, nazien agintepean langileek zituzten lan-baldintzen behaketaren ondorio izan zen. Langile klasearen bizi-mailak okerrera egin zuen eta askatasun-maila murriztu ere egin zen. Soldatak jaitsi ziren eta jazarpen erlijiosoa egon zen (Elser protestante elizkoia zen). Lankideekin izandako eztabaidetan erregimenarekiko ondoeza eta haserrea hautematen zituen, eta bera bat zetorren ideia haiekin.

Hitlerren aurkako atentatua

Bürgerbraükeller Garagardotegia 1939ko azaroaren 9an, erasoa gertatu eta biharamonean.

1938ko udazkenean Europa gerra sufritzeko zorian zegoen Sudeteetako krisia zela eta. Lehen Mundu Gerratik bi hamarkada eskas igaro ziren, eta alemaniarrak gatazka berri bat hasiko ote zen beldur bizi ziren neurri batean. Elserrek ere bazuen ezinegon hura. Municheko Ituna sinatu eta gerra saihestu ostean, Elser sinetsita zegoen "Alemaniak eskari gehiago egingo zituela, beste herrialde batzuk bereganatuko zituela eta, beraz, gerra saihetsezina izango zela ". Elser ez zen Führer-en bake proposamenez fio; aldiz, gerra saihestu eta langileen baldintzak hobetu nahi zituen. Hori lortzeko modu bakarra Alderdi Naziaren buruzagitza gorena deuseztatzea zela iruditu zitzaion. Uste zuen gerrarako joera handiena zuten aleak eliminatuz beste buruzagi naziek bakezaletasunerantz egin zezaketela. 1938ko udazkenean erabaki zuen bera izango zela lan hura beteko zuena, inork hala eskatu gabe eta inork bere asmorik jakin gabe.

Elserrek prentsan irakurri zuen alderdiko buruzagien hurrengo bilera Municheko Bürgerbräukeller garagardotegian izatekoa zela, 1939ko azaroaren 8an. Urtero legez, 1923an Hitlerrek eginiko putsch ahalegin ustelaren urteurrena ospatzera zihoazen, eta erregimeneko pertsonaia nagusiak Hitlerrekin berarekin eta NSDAPeko goardia zaharrarekin biltzekoak ziren. Elserrek Munichera bidaiatu zuen eta han ondorioztatu zuen bere plana aurrera eramateko sistemarik onena erloju-bonba bat zela: Hitlerrek hitz egingo zuen tokian zegoen zutabe barruan ezarria, Führer-arentzat urtero prestatu ohi zuten oholtzaren atzean. Hurrengo hilabeteetan Elserrek lehergailuak lapurtu zituen lan egiten zuen arma-lantegian eta erloju-bonba diseinatu zuen, Konstantzan izan zenean erlojuez ikasitakoari esker.

Apirilaren hasieran, baja hartu eta Munichera itzuli zen. Ingurunearen azterketa sakona egin zuen, zirriborroak eginez eta neurriak hartuz. Harrobi batean lortu zuen lana, eta horri esker lehergailu gehiago lapurtu zituen (dinamita). Hurrengo hilabeteetan bonba bat diseinatu zuen, eta probatu ere bai, gurasoen lorategian: probak arrakasta izan zuen. Abuztuan Munichera itzuli, eta ordutik azarora arte 30 aldiz ezkutatu zen garagardotegian (goizero ateratzen zen alboko ate batetik ustez inork ikusi gabe) eta aukeratutako zutabearen egurrezko estalduraren atzean zulo bat egin zuen. Bere lana hain zorrotza izan zen, non zuloa eztainuz estali baitzuen, bonba ez mugitzeko eta zutabeak barrutik hutsik zegoela eman ez zezan. Azaroaren 6an instalatuta eta prest zuen lehergailua, baina biharamonean garagardotegira itzuli zen bazebilela ziurtatzeko. Hurrengo goizean agur esan zion Stuttgarten bizi zen arrebari, diru pixka bat eskatu eta Konstantzara alde egin zuen.

Municheko Georg Elser plaza.

Bazegoen ordea Elserrek kontuan hartu ez zuen zerbait, albisteak eta prentsa gutxitan interesatu baitzitzaizkion: Hitlerrek alderdiko goardia zaharrari egin beharreko hitzaldia urte hartan bertan behera uztea erabakia zuen. Gerrak eta mendebaleko erasoaldiaren berehalako prestaketak guztiz lanpetuta zuten Führer-a eta Rudolf Hess Führerordeak ordezkatu behar zuen. Ezin jakin, halaber, azken unean Hitlerrek iritzia aldatu zuela eta urtero bezala jokatzea erabaki, Municheko egonaldia laburtu arren. Urteroko hitzaldia 20:30ean hasi eta 22:00ak aldera amaitu ohi zen, eta ondoren hainbat minutu gehiago ematen zituen Hitlerrek alderdikide ohiekin hizketan. Gerrako baldintza bereziek 1939ko ospakizunaren dinamika aldatuko zutela iragarri zuten. Hitlerrek 20:10ean hasi zuen hitzaldia eta 21:00ak baino apur bat beranduago amaitu. Elserren bonba 21:20erako zegoen programatua. Hitzaldia amaitutakoan ziztu bizian abiatu zen Hitler geltokirantz,Berlinerako 21:31ko trena hartzera, eguraldi txarrak hegazkinez itzultzea eragotzi eta horrek ere hitzaldia laburrarazi baitzion.

21:20an egin zuen eztanda Elserren bonbak. Minutu batzuk lehenago Hitler egon zen oholtzaren atzeko zutabea eta goiko galeriaren sabaiaren zati bat suntsitu egin zituen. Hitlerrek alde egin bezain laster jende asko joan zen garagardotegitik; ezinezkoa da zehaztasunez jakitea zenbaterainoko ondorioak eragingo zituzkeen leherketak Elserrek aurreikusi zituen baldintzetan gertatu balitz. Zortzi hildako eta hirurogeita hiru zauritu izan ziren, haietako hamasei larri zaurituak.

Ikerketa

Gaueko hamarrak aldera, SSaren Reichsführer Heinrich Himmler-en laguntzaile izateaz gain erakundearen buru orde zen Reinhard Heydrich-ek Berlingo polizia buru Arthur Neberi deitu zion eta Munichera joateko agindu, ikerketa batzorde bat antolatzeko. Himmlerrek berak jakinarazi zion gertatutakoa Alemaniako kontraespioitzaren buru Walter Schellenbergi, erasoaren atzean britainiar zerbitzu sekretuak zeudelako susmoa baitzuen. Nebek bi ikerketa talde sortu zituen: lehenengoa erasoaren inguruabarrak ikertzeaz arduratzeko, eta bigarrena egileak bilatzeko.

Atentatuaren gauean, Adolf Hitler Leibstandarte zelakoaren ardurapean zegoen segurtasuna: SSko teniente Christian Weber koronelaren ardura zen, beraz. Bürgerbräukeller-en egindako ikerketak eskuz egindako bonba eta tenporizadore baten aztarnak utzi zituen agerian. Ohiko lehergai mota zen meategietan, baina egileak eztainuzko eta kortxozko ezohiko plakak erabili zituen.

Erlojugile bat galdekatu zuen poliziak, eta hark gogoratu zuen bonban erabilitakoak bezalako bi erloju saldu zizkiola gazte suabiar bati. Kortxozko plakak saldu zituen merkatariari ere galdetu zioten. Azkenik, ikerketen ondorioz bere tailerra suabiar gazte bati laga zion sarrailagile bat topatu zuten: "hark asmatutako gauzaren batean " lan egiteko utzi zion. Hiru gizonek egindako deskribapenak bat zetozen.

Ikerketa horien ostean poliziak jakin zuen aurreko asteetan suabiar jatorriko gazte bat ikusi zutela Bürgerbräukeller inguruan, eta sarritan harrapatu zutela komunetan lokala ixteko ordua eta gero. Gestapoko IV. ataleko buru Heinrich Müller-ek telegrama bidez jakin zuen Kreuzlingen-en, Suitzako mugatik gertu, merkatariek emandako deskribapenarekin bat zetorren gazte suabiar bat atxilotu zutela.

Atxiloketa eta galdeketa

Izan ere, Elser atxilotua zuten jada 20:45erako, kasualitate hutsez, Suitzako mugan dagoen Konstantzako aduana postuan. Muga ezkutuka zeharkatu nahian zebilen norbaiten ohiko atxiloketa baino ez zen. Ordu batzuk geroago mugako funtzionarioak Elser erasoarekin lotzen hasi ziren: poltsikoetan Bürgerbräukeller-en postal bat topatu zioten gurutze gorri batez markatutako zutabe bat eta guzti, detonagailu baten zati bat ere bai, eta Roter Frontkämpfferbund zelakoaren (alderdi komunista baten) intsignia bat. Elserrek ukatu egin zuen erasoarekin inolako loturarik zuenik. Neberentzat Elser peoi hutsa zen, ziurrenik Britainia Handiko Zerbitzu Sekretukoek antolatutako konspirazio handiago baten zati bat.

Munichera eraman zuten Gestapok galdeka zezan, eta bertan gertakarietan parte hartu izana ukatzen jarraitu zuen bere kontrako frogak izan arren (esaterako, belaunetan zituen urradurak, zutabe zulatzen belauniko eman zituen orduengatik). Azaroaren 12tik 13ra gauean torturatu ostean, azaroaren 14an aitortu zuen. Handik egun batzuetara aitorpen osoa egin zuen, bonbaren xehetasun eta guzti, eta erasoa egitera bultzatu zuten arrazoiak ere emanez. Municheko aitorpenaren ondoren, Elser Reich-eko segurtasun egoitzara eraman zuten, Berlinera, eta han torturatu zuten berriro. Heinrich Himmler-ek ezin zuen sinetsi baliabide eta heziketa eskaseko arotz gazte bat, inolako konplizerik izan gabe, Führer-a hiltzetik hain hurbil egotera heldu ahal izan zenik.

Nebek ezin izan zion Hitlerri Elser eta britainiarren arteko loturarik eskaini. Heinrich Müllerri eraman zioten kasua, baina ez berak ez gainontzeko ikertzaileek ez zuten ezein konspiraziorik topatu, eta Elser egia esaten ari zela onartu behar izan zuten. Elser Berlinen egon zen 1941era arte. SESBren inbasioa hasi ondoren (1941eko ekainaren 22an), Sachsenhauseneko kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta 1944an Dachaukora lekualdatu zuten. Bi lekuetan preso pribilegioduntzat hartu zuten.

1945eko apirilaren 5ean, SS-Obergruppenführer Ernst Kaltenbrunner agertu zen Führerren bunkerrean (Führerbunker) gerraren egoeraren berri emateko. Kaltenbrunner Segurtasun Poliziaren burua (Sicherheitspolizei) ere bazen. Hitlerrek Dachauko preso bereziak exekutatzeko agindua eman zuen, horien artean Wilhelm Canaris almirantea eta Georg Elser "preso pribilegiatua". Gestapoko buru SS-Gruppenführer Heinrich Müller-ek egun berean helarazi zion agindua Dachauko kontzentrazio-esparruko komandantea zen Obersturmbannführer Eduard Weiter-i. Txantiloi:Cita 1945eko apirilaren 9an, Theodor Heinrich Bongartz izeneko SSko ofizial batek exekutatu zuen Elser, lepoan tiro bat emanda.

Itzulpena: Plaka oroigarria.

"Nire ekintzarekin are odol isurketa handiagoa ekidin nahi nuen". Gaztaroa Königsbronnen igaro zuen Johann Georg Elser-en oroimenez. 1939ko azaroaren 8an genozidioa saihesten saiatu zen Adolf Hitler hilez. 1945eko apirilaren 9an hil zuten Johann Georg Elser, Dachauko kontzentrazio-esparruan. .

Königsbronn-en Georg Elserren oroimenez ezarritako plaka.

Erreferentziak

Bibliografia

  • Ortner, Helmut, The Lonely. Georg bestela : Hitler hil nahi zuen gizona, Zambón Iberoamericana, 2001. ISBN 84-931834-1-5
  • Roger Moorhouse, Hitler hiltzeko : Führerren aurkako konspirazioak eta erasoak, Eztabaida Editoriala, 2008, or. 36-58. ISBN 978-84-8306-754-3
  • Richard J. Evans, The Third Reich At War, Penguin Press, 2008, orr. 109-111. ISBN 978-1-59420-206-3

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.