Genji Monogatari
Genji Monogatari (japonieraz: 源氏物語 euskaraz: «Genjiren istorioa») japonierazko literaturaren obra nagusietako bat da, XI. mendean idatzia, Heian aroaren urte gorenetan, eta Murasaki Shikibu emakume idazlearen lantzat hartzen dena.[1] Garrantzizkotzat jotzen da obra hau, munduan idatzitako lehen eleberritzat (edo lehen eleberri modernotzat) jotzen baita, eta, aldi berean, lehen eleberri psikologikotzat edo klasikotzat, nahiz alderdi hori auzitan dagoen oraindik ere (ikus, beherago, Balio literarioa).
Genji Monogatari | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Murasaki Shikibu |
Sorrera-urtea | 1010(e)ko hamarkada |
Izenburua | 源氏物語 |
Jatorrizko herrialdea | Japonia |
Honen izena darama | Hikaru Genji (en) |
Kultura | Kokufū Bunka (en) |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | tsukuri monogatari (en) eta Monogataria |
Hizkuntza | Japoniera klasikoa |
Zatiak | 54 eta 60 |
Egile-eskubideak | jabetza publiko eta jabetza publiko |
Deskribapena | |
Honen parte da | Heian literature (en) |
Fikzioa | |
ikusi
| |
Argumentu nagusia | mono no aware (en) |
Genji Monogatari lanaren egindako lehen ingeles itzulpen partziala Suematsu Kenchō japoniar intelektualak egin zuen.[2] Eleberri osoaren itzulpen librea, kapitulu bat kenduta, Arthur Waleyk egin zuen,[3] eta Edward Seidenstickerrek osatu zuen, azkenik, ingeleserako lehen itzulpen osoa, Waleyren itzulpenean erabilitako metodoa baino literalagoa erabiliz.[4] Ingeleserako azken itzulpena, Royall Tylerrek 2001ean egina, jatorrizko testuarekiko leialtasun handiagoz egina izan zen.[5] Marutei Tsurunen Japoniako Kokkai edo dietako kideak finlandierara itzuli zituen eleberriaren zenbait zati.[6] Euskaraz ez dago itzulpenik.[7]
Sarrera
Genji Monogatari kapituluz kapitulu idatzia izan zen epeka, Murasakik aristokraziako (yokibitoa) emakumeei eleberriaren atalak banatu ahala. Eleberri batean aurkitu ohi diren elementu asko ditu, besteak beste:
- Protagonista nagusi bat eta bigarren mailako pertsonaia ugari, garrantzi handiago edo txikiagokoak.
- Pertsonaia gehienen karakterizazio oso garatua
- Denboraldi batean jazotzen diren gertakarien jarraitasun bat, protagonista nagusiaren bizitza oso bildurik, baita harago ere.
Lanak ez du argumentu bat erabiltzen; aldiz, benetako bizitzan bezala, gertaerak bakarrik daude, eta lanaren pertsonaiak haiekin batera doaz eboluzionatzen eta handitzen. Genji-ren ezaugarri nabarmen bat, eta Murasakiren trebetasuna, da haren barne sendotasuna, nahiz eta laurehun bat pertsonaiako dramatis personae bat eduki. Adibidez, pertsonaia guztiak zahartzen dira denboraren poderioz, eta familia harremanak edo erlazio feudal guztiak koherenteak dira lanaren kapitulu guztietan.
Genji-ren irakurleentzako nahiz itzultzaileentzako konplikazio bat da pertsonaia gehien-gehienei ez zaiela izen espliziturik ematen testuan ―Hikaru Genji (japonieraz: 光源氏) protagonista lade batera utzita. Aldiz, funtzioaren edo paperaren arabera esleitzen dira pertsonaiak (adibidez, Ezkerreko ministroa), edo ohorezko izenaz (adibidez, Haren Bikaintasuna), edo beste pertsonaia batzuekin duen harremanaz (adibidez, Itxurazko Oinordekoa), eta eleberria aurrera doan bitartean dena alda daiteke. Izenik ez aipatze hori Heian Aroaren gorteko moduetatik dator; izan ere, pertsonaien izena askatasunez aipatzea guztiz etxekoi eta kamuts bihurtuko bailuke testua. Irakurle modernoek eta itzultzaileek, gutxi-asko, goitizen moduko batzuk dituzte, pertsonaia gehienen berri izateko.
Eleberriaren auzia
« | Genji Monogatari, Arthur Waleyk egindako itzulpenean, naturaltasun harrigarriz dago idatzita, eta interesatzen zaiguna ez da exotismoa —hitz beldurgarria—, eleberriaren giza grinak baizik. Interes hori justifikatuta dago: Murasakiren lana da zehazki eleberri psikologikotzat har daitekeen zerbait. [...] Erronka egiten diet liburu hau irakurtzera, nireak irakurtzen dituztenei. Ohar labur eta murritz hau inspiratu duen ingelesezko itzulpena The Tale of Genji deitzen da. | » |
Jorge Luis Borges The Total Library[8] |
Genji Monogatari literatura japoniarreko fikziozko lan garrantzitsua da, eta autore moderno askok inspirazio-iturri gisa aipatu dute. Aipagarria da, barne sendotasunagatik, deskribapen psikologikoagatik eta ezaugarriengatik. Yasunari Kawabata nobelagileak, Nobel Sarian, hauxe esan zuen bere hitzaldian: «Genji Monogatari literatura japoniarraren punturik gorena da. Gaur egun oraindik ez da egon harekin aldera daitekeen fikziozko lanik».[9]
Genji Monogatari askotan aipatu izan da «lehen eleberritzat», gai horri buruzko eztabaida handia egon arren; auziaren muina da, noski, Genji eleberritzat har ote daitekeen ala ez. Batzuen ustez, introspekzio psikologikoa, konplexutasuna eta obra osoaren batasuna «eleberriaren» estatusa emateko adinakoak izan daitezke, aurrez fikziozko prosan egindako lan batzuetan ez bezala.[10] Beste batzuek subjektibotzat eta sinesgarritasun gutxikotzat hartu izan dituzte argudio horiek. Auzia saihestu nahirik, beste kritikari batzuek Genji Monogatari «lehen eleberri psikologikoa» dela esan izan dute, klasikotzat edo beste termino kualifikatuagotzat hartzeko lehen eleberria. Munduko lehen eleberria dela esateak, jakina, nahitaez dakar eleberri izaera ukatzea aurrez idatzitako beste fikziozko lan batzuei; besteak beste, Longosen Δάφνις καὶ Χλόη (Daphnis kai Chloē, euskaraz: Daphnis eta Kloe; II. mendea), Emesako Heliodororen Αἰθιοπικά (Aethiopica, euskaraz Etiopiakoak, III. mendea) Petronioren Satyricon (II.-III. mendea), Apuleioren Metamorphoses (edo Urrezko astoa, II. mendea), edo Bāṇabhaṭṭaren Kādambarī (VII. mendea). Japonieraz beste eztabaida bat ere badago, monogatari («ipuin») eta shōsetsu («eleberri») terminoen artean.[11]
Murasakiren eleberria eta beste lan batzuk oinarrizko estandarrak dira Japoniako eskolen curriculumean. Japoniako Bankuak 2.000 yeneko billeteak argitaratu zituen bere omenez, hamabigarren mendeko eskuizkribu ilustratuan oinarritutako eleberriaren eszena bat erakutsiz.
Egilea
Mendetan zehar eztabaidatu izan da Genji monogatari obraren zer zati idatzi zuen benetan Murasaki Shikibuk, eta, ziur aski, galderak bere horretan jarraituko du, aurkikuntza historiko handi bat egin ezean. Onartuta dago, oro har, liburua, gaur egun ezagutzen den moduan, 1021ean amaitu zela, Sarashinaren egunerokoa (japonieraz: 更級日記 Sarashina Nikki) liburuaren egileak sarrera ezagun bat idatzi zuenean bere egunerokoan, ipuinaren kopia osoa eskuratzeak eragin poza aipatuz. Han idatzi zuen berrogeita hamar bat atal zirela, eta lanaren amaieran sartutako pertsonaia bat aipatzen zuen; beraz, Murasaki Shikibu ez beste autore batzuek ipuinean lan egin bazuten, egunkariko sarrera idatzi zen unetik oso gertu egin zen lana. Murasaki Shikiburen egunerokoak ere aipamenak egiten ditu lan honetaz, eta, hain zuzen, nabarmentzekoa da Murasakiren izena bere buruari ematen diola, obraren pertsonaia femeninoa aipatuz. Egunerokoaren sarrera horrek baieztatzen du zati bat, lan osoa ez bada, 1008rako eskuragarri zegoela, ebidentzia guztien arabera sarrera hori idatzia izan zenean.[12]
Genji-ren lehen itzulpen modernoa egin zuen Akiko Yosanok uste zuen Murasaki Shikibuk lehendabiziko 33 kapituluak bakarrik idatzi zituela, eta 35-54 bitarteko atalak Daini alabak idatzi zituela. Berrogeita laugarren kapituluan jarraitutasun akats bakanetako bat egoteak ere zalantzan jartzen du azken kapitulu horien egilea.
Gertakizuna
Sarrera
Hikaru Genji edo Genji Distiratsu japoniar enperadore baten semearen bizitza biltzen du eleberriak. Izena ez da benetakoa: Genji (japonieraz: 源氏) benetako bizitzaren Minamoto klanaren (japonieraz: 源の氏 Minamoto-no-Uji) txinatar karaktereak irakurtzeko beste modu bat besterik ez da, Genji haren parte izan baitzen. Arrazoi politikoak direla eta, Genji egoera arruntera baztertu dute (Minamoto abizena emanda) eta funtzionario inperial gisa hasi da. Kontakizunak Genjiren bizitza erromantikoa du ardatz, eta garaiko gizarte aristokratikoaren ohiturak deskribatzen ditu. Ahalegin handia egiten da Genjiren itxura ona lortzeko.
Genji garai bateko enperadore baten eta behe mailako konkubina («Kiritsubo andrea», irakurleentzat) baten bigarren semea zen. Ama hil egiten da Genjik hiru urte besterik ez dituenean, baina enperadoreak ezin du andera ahaztu. Halako batean, emakume bati («Fujitsubo andrea») buruz hitz egiten entzun zuen, izatez aurreko enperadorearen printzesa, hildako ohaidearen antza handikoa, eta geroago bere emazte izango dena (Aoi no Ue).
Beste emakume batzuekiko maitasun etsigarri batzuetan ere murgiltzen da. Gehienetan, bere saiakerak baztertu egiten dituzte, maitalea bat-batean hiltzen da, edo maitalea aspertuta aurkitzen du. Kasu jakin batean, emakume eder bat ikusten du leiho ireki baten bidez, gelan sartzen da inolako baimenik gabe, eta berarekin sexu harremanak izatera behartzen du. Botere ukaezina duen gizona denez, emakumeak ez dio aurre egiten, soilik esaten du «norbaitek entzun gaitzake». Berak erantzuten du: «nahi dudan lekura joan eta nahi dudana egin dezaket».[13]
Garapena
Genjik Kitayama bisitatuko du, Kyotoren iparraldeko eremu menditsu eta landatarra; han, 10 urteko neskato eder bat aurkituko du. Mutila txundituta gelditzen da neska txiki horrekin («Murasaki»), eta konturatzen da Fujitsubo andrearen iloba dela. Azkenik, berak bahitu, bere jauregira eraman eta bere emazte ideala izateko hezten du, Fujitsubo andrea bezala. Denbora horretan, Genji ere Fujitsubo andrearekin elkartzen da isilpean, eta hark semea ekartzen du mundura. Denek uste dute, maiteminduek izan ezik, haurraren aita enperadorea dela. Geroago, mutila koroaren oinordeko bihurtuko da, eta Fujitsubo andrea enperatriz, baina Genjik eta Fujitsubok sekretua gordetzeko zin egin dute.
Genji eta haren emazte Aoi adiskidetu egiten dira, eta berak haur bat izango du, baina andrea hil egingo da handik pixka batera. Genji atsekabetuta eta triste dago, baina kontsolamendua aurkituko du Murasakirengan, eta harekin ezkonduko da. Genjiren aita, enperadorea, hiltzen denean, haren etsai politikoak, «Zuzenbideko ministroa» eta enperadorearen ama berria («Kokiden») gobernuaren boterera iristen dira. Orduan, argira ateratzen da Genjiren maitaleen beste kontu ezkutu bat: Genji eta haren anai Suzaku enperadorearen ohaide bat harrapatzen dituzte, isilpean elkartuta. Enperadoreak konfiantza du Genjiatsegina izango zela emakumearekin («Oborozukiyo»), baina anaiordea zigortu egin behar du. Genji erbesteratu egiten dute Suma hirira (Kobe), Harima probintziako landa eremuetan (orain Koben, Hyōgo prefekturan). Han, Akashiko (Settsu probintzia) gizon aberats batek Genji entretenitzen du, eta Genjik maitasun harreman bat dauka Akashiren alabarekin. Alaba bat izango du. Genjiren alaba bakarra, geroago enperatriz bihurtuko da.
Hiriburuan, enperadorea kezkatuta dago aita zenaren ametsekin, eta begietan arazoren bat hasten zaio. Bien bitartean, ama zahartzen doa, gaixoturik, eta horrek tronuan duen eragin indartsua ahultzen du. Beraz, enperadoreak Genjiren indultua agintzen du, eta Kyotora itzultzen da. Haren eta Fujitsubo andrearen semea enperadore bihurtzen da, eta Genjik karrera inperiala amaitzen du. Reizei enperadore berriak badaki Genji bere benetako aita dela, eta Genji maila ahalik eta gorenera igotzen du.
Hala ere, Genji 40 urtera iristen denean, haren bizitza gainbehera hasten da. Haren estatus politikoari ez dio eragiten, baina haren maitasun eta emozio bizitza okerrera doa pixkanaka. Beste emakume batekin ezkontzen da, «Hirugarren printzesa» (Onna san no miya, Seidenstickerren bertsioan, edo Nyosan Waleyren bertsioan). Geroago, Genjiren ilobaren semea («Kaoru») ekarri zuen mundura. Genjiren ezkontza berriak beraren eta Murasakiren arteko harremana aldarazten du, hura moja sartzera deliberatzen baita.
Genjiren amodio Murasaki hil egiten da. Hurrengo kapituluan ―«Maboroshi» («Lilurabide»)― Genjik bizitza zein labur den ikusiko du. «Maboroshi» atalaren ostean, «Kumogakure» («Hodei artean galduta») izeneko kapitulua dator; hutsik agertzen da, hori da, Genjiren heriotza gertatzen da.
Hortik aurrera, lanaren gainerako zatiak «Uji atalak» dira. Kapitulu horietan Niou eta Kaoru lagun hurkoen ibilerak azaltzen dira. Niou printze inperial bat da, egungo enperatriz Genjiren alabaren semea, Reizeik koroari uko egin baitio. Kaoru Genjiren semea bezala ezagutzen dute nonahi, baina, izatez, Genjiren ilobaren semea da. Kapitulu hauetan, Ujin bizi den printze inperial baten alaben interesa pizteko bi pertsonaiek duten lehia ikusiko dugu. Istorioa bat-batean amaitzen da; Kaoru erakusten du, maite duen neska Niouk ezkutatu ote duen bere buruari galdezka. Zenbaitetan, Kaoru literaturako lehen antiheroitzat hartu izan da.[14]
Amaiera
Esan bezala, Genjiren istorioa modu «zakar» batean amaitzen da, esaldi baten erdian. Iritziak kontrajarriak daude, irakur dezakegun amaiera ote den egileak aurreikusitakoa.
Ingelesezko lehen itzulpen osoaren egile Arthur Waleyren iritziz, gaur egun irakur dezakegun lana bere garaian egindako bera da.[15] Ivan Morris The World of the Shining Prince lanaren egilearen ustez, istorioa ez zen osatzera iritsi, baina orrialde gutxi batzuk falta ziren, edo atala bat gehienez ere.[16] Genji Monogatari-ren bigarren itzulpenaren egile Edward Seidenstickerren aburuz, istorioa ez dago osorik, eta Murasaki Shikibuk ez zeukan lanaren egituraren planifikazio osoa «amaiera» jakin batekin, eta, besterik gabe, idazten joan zen, ahal zuen eran.[17]
Testuinguru literarioa
Lana XI. mendeko japoniar gortearen entretenimendurako idatzi zenez, lanak zailtasun ugari ditu irakurle modernoarentzat. Lehenik, ziurrenik punturik garrantzitsuena, Murasakik erabiltzen duen hizkuntza da: Heian aroko japoniar gortean hizkuntzak deklinabide ugari eta gramatika guztiz konplexua zituen. Beste arazo bat da Heian gizarte gortesauan zakar eta ezatsegintzat hartzen zela pertsonak izenaz deitzea; horren ondorioz, pertsonaiek ez dira izenaz aipatzen, eta, horren ordez, kontalariak gizonak aipatzen ditu maila sozialaren edo bizitzako unearen arabera, eta emakumeak, berriz, jantzien kolorearen, elkarretaratze batean esandako hitzen edo gizonezko ahaide baten mailaren arabera. Jakina, sistema horren ondorioz, pertsonaia beraren deskribapen edo izendapen desberdina egon daiteke obraren atalaren arabera.
Hizkeraren beste alderdi berezi bat da elkarrizketetan poesia erabiltzea garrantzizkoa dela. Poema klasiko bat aldatzea edo berridaztea, uneko egoeraren arabera, zen Heian gortearen bizitzan espero zen portaera, eta, maiz, balio zuen aipamen xeheak ezkutuan aditzera emateko. Genji-n maiz agertzen dira poemak Yamato-uta japoniar poesia klasikoaren tanka forman. Poemetako asko oso ezagunak direnez jendearentzat, oro har, lehenengo lerroak irakurri orduko ziurtzat jotzen irakurlea gai izango dela testua bere kabuz osatzeko.[18]
Heian aroko literatura gehiena bezala, Genji idatzi zen gehienbat edo osorik kana japoniar idazkera fonetikoan, eta ez txinatar karaktereetan, emakume batek idatzi eta emakumeentzat izan zelako, batez ere japonieraren hitz garbietara mugatuta.
Politikaz eta budismoaz mintzatzen den hiztegia alde batera utzita, Genji-k oso hitz gutxi ditu txinatarretik hartuta. Horrek historiari jario handia ematen dio, baita oso modu argian ere. Hala ere, nahasmenduari ere bidea ematen dio: japoniar hiztegi «garbiko» hitz batzuk daude, esanahi ugari dituztenak, eta, irakurle modernoentzat, testuingurua ez da beti aski, eman nahi zen zentzua zehaztu ahal izateko.
Egitura
Eleberria hiru zatitan banatu izan da tradizioz: lehenengo biak, Genjiren bizitzari buruz; eta hirugarrena, Genjiren bi ondorengoen ―Niou eta Kaoru― lehen urteak garatzen dituena. Trantsizio kapitulu txiki batzuk ere badaude, bereizita taldekatu ohi direnak, eta, batzuetan, egiletza zalantzan jartzen dena.
- Genjiren igoera eta jaitsiera.
- Gaztaroa, 1-33 atalak: maitasuna, erromantzea eta erbesteratzea.
- Arrakasta eta gainbehera, 34-41 atalak: boterearen dastaketa eta emazte maitatuaren heriotza.
- Trantsizioa, 42-44 atalak: Genjiren heriotzaren ondorengo atal oso laburrak.
- Uji, 45-54 atalak: Genjiren ondorengo ofizialak eta ezkutukoak, Niou eta Kaoru.
Azken kapituluan (54.a) «Ametsen zubi flotatzailea» (ingelesez, «The Floating Bridge of Dreams») esaten da batzuetan Ujiren sekzioaren zati bereizia dela, ikertzaile modernoentzat. Badirudi aurreko kapituluen istorioak jarraitzen duela, baina atalaren izenburua bereziki abstraktua da. Kapitulu horretan, izenburuak ez du inolako erreferentzia argirik testuan, baina hori gerta daiteke kapitulua bukatu gabe dagoelako.
Atalen zerrenda
Taulan zerrendatzen diren ingelesezko atalak Edward Seidenstickerrek eta Royall Tylerrek egindako itzulpenetatik datoz. Lehen bertsioa Seidenstickerren edizioari buruzkoa da, eta bigarrena, Tylerrek egindakoari buruzkoa. Ez dago zehazki jakiterik atalek noiz jaso zuten izenburu hori. Ipuinaren hasierako aipamenak atalen zenbakiei dagozkie, edo atal batzuei etengabe aldatzen diete izenburua. Horrek iradokitzen du izenburuak, agian, geroago gehitu zitzaizkiela. Atalen izenburuak, neurri handi batean, kapitulu horretan aipatzen diren poemetatik datoz, edo pertsonaiak aipatzen dituzte.
japoonieraz | Seidensticker | Tyler | |
---|---|---|---|
1 | Kiritsubo (japonieraz: 桐壺) | «Paulownia Court» | «Paulownia Pavilion» |
2 | Hahakigi (japonieraz: 帚木) | «Broom Tree» | |
3 | Utsusemi (japonieraz: 空蝉) | «Shell of the Locust» | «Cicada Shell» |
4 | Yūgao (japonieraz: 夕顔) | «Evening Faces» | «Twilight Beauty» |
5 | Wakamurasaki (japonieraz: 若紫) | «Lavander» | «Young Murasaki» |
6 | Suetsumuhana (japonieraz: 末摘花) | «Safflower» | |
7 | Momiji no Ga (japonieraz: 紅葉賀) | «Autumn Excursion» | «Beneath the Autumn Leaves» |
8 | Hana no En (japonieraz: 花宴) | «Festival of the Cherry Blossoms» | «Under the Cherry Blossoms» |
9 | Aoi (japonieraz: 葵) | «Heartvine» | «Heart-to-Heart» |
10 | Sakaki (japonieraz: 榊) | «Sacred Tree» | «Green Branch» |
11 | Hana Chiru Sato (japonieraz: 花散里) | «Orange Blossoms» | «Falling Flowers» |
12 | Suma (japonieraz: 須磨) | «Suma» | |
13 | Akashi (japonieraz: 明石) | «Akashi» | |
14 | Miotsukushi (japonieraz: 澪標) | «Channel Buoys» | «Pilgrimage to Sumiyoshi» |
15 | Yomogiu (japonieraz: 蓬生) | «Wormwood Patch» | «Waste of Weeds» |
16 | Sekiya (japonieraz: 関屋) | «Gatehouse» | «At The Pass» |
17 | E Awase (japonieraz: 絵合) | «Picture Contest» | |
18 | Matsukaze (japonieraz: 松風) | «Wind in the Pines» | |
19 | Usugumo (japonieraz: 薄雲) | «Rack of Clouds» | «Wisps of Cloud» |
20 | Asagao (japonieraz: 朝顔) | «Morning Glory» | «Bluebell» |
21 | Otome (japonieraz: 乙女) | «Maiden» | «Maidens» |
22 | Tamakazura (japonieraz: 玉鬘) | «Jeweled Chaplet» | «Tendril Wreath» |
23 | Hatsune (japonieraz: 初音) | «First Warbler» | «Warbler's First Song» |
24 | Kochō (japonieraz: 胡蝶) | «Butterflies» | |
25 | Hotaru (japonieraz: 螢) | «Fireflies» | |
26 | Tokonatsu (japonieraz: 常夏) | «Wild Carnation» | «Pink» |
27 | Kagaribi (japonieraz: 篝火) | «Flares» | «Cressets» |
28 | Nowaki (japonieraz: 野分) | «Typhoon» | |
29 | Miyuki (japonieraz: 行幸) | «Royal Outing» | «Imperial Progress» |
30 | Fujibakama (japonieraz: 藤袴) | «Purple Trousers» | «Thoroughwort Flowers» |
31 | Makibashira (japonieraz: 真木柱) | «Cypress Pillar» | «Handsome Pillar» |
32 | Mume ga E (japonieraz: 梅枝) | «Branch of Plum» | «Plum Tree Branch» |
33 | Fuji no Uraba (japonieraz: 藤裏葉) | «Wisteria Leaves» | «New Wisteria Leaves» |
34 | Wakana: Jō (japonieraz: 若菜上) | «New Herbs, Part I» | «Spring Shoots I» |
35 | Wakana: Ge (japonieraz: 若菜下) | «New Herbs, Part II» | «Spring Shoots II» |
36 | Kashiwagi (japonieraz: 柏木) | «Oak Tree» | |
37 | Yokobue (japonieraz: 横笛) | «Flute» | |
38 | Suzumushi (japonieraz: 鈴虫) | «Bell Cricket» | |
39 | Yūgiri (japonieraz: 夕霧) | «Evening Mist» | |
40 | Minori (japonieraz: 御法) | «Rites» | «Law» |
41 | Maboroshi (japonieraz: 幻) | «Wizard» | «Seer» |
X | Kumogakure (japonieraz: 雲隠) | «Vanished into the Clouds» | |
42 | Niō Miya (japonieraz: 匂宮) | «His Perfumed Highness» | «Perfumed Prince» |
43 | Kōbai (japonieraz: 紅梅) | «Rose Plum» | «Red Plum Blossoms» |
44 | Takekawa (japonieraz: 竹河) | «Bamboo River» | |
45 | Hashihime (japonieraz: 橋姫) | «Lady at the Bridge» | «Maiden of the Bridge» |
46 | Shī ga Moto (japonieraz: 椎本) | «Beneath the Oak» | |
47 | Agemaki (japonieraz: 総角) | «Trefoil Knots» | |
48 | Sawarabi (japonieraz: 早蕨) | «Early Ferns» | «Bracken Shoots» |
49 | Yadorigi (japonieraz: 宿木) | «Ivy» | |
50 | Azumaya (japonieraz: 東屋) | «Eastern Cottage» | |
51 | Ukifune (japonieraz: 浮舟) | «Boat upon the Waters» | «A Drifting Boat» |
52 | Kagerō (japonieraz: 蜻蛉) | «Drake Fly» | «Mayfly» |
53 | Tenarai (japonieraz: 手習) | «Writing Practice» | |
54 | Yume no Ukihashi (japonieraz: 夢浮橋) | «Floating Bridge of Dreams» |
Eskuizkribu batzuetako 41. eta 43. atalen arteko kapitulu gehigarriari 雲隠 (Kumogakure) deitzen zaio, hau da, «Hodei artean galduta». Atal horrek izenburua besterik ez du, eta, ziurrenik, Genjiren heriotza ekarri nahi du gogora. Jakintsu batzuek aldeztu dute badela atal bat, lehenengo bi kapituluen artean galdu zena, eta pertsonaia batzuk sartu zituela (iritsi zaigun bertsioan) zakar samar agertzen direnak.
Transmisioaren historia
Eskuizkribuak
Murasaki Shikibuk idatzitako jatorrizko eskuizkribua ez dago jada. Kopia ugari daude, Kikan Ikedaren[19] arabera 300 inguru dira, haien artean desberdintasun batzuk tarteko. Uste denez, Shikibuk askotan atzera egin eta lehen eskuizkribuak editatu egin zituen, lehen kopien aldean desberdintasun batzuk sartuz.[20]
Eskuizkribu desberdinak hiru kategoriatan sailkatzen izan dira:[21][22]
- Kawachibon (japonieraz: 河内本)
- Aobyōshibon (japonieraz: 青表紙本)
- Beppon (japonieraz: 別本)
XIII. mendean, Minamoto no Chikayuki eta Fujiwara no Teikak bi saiakera egin zituzten eskuizkribuak editatu eta berrikusteko. Chikayukiren eskuizkribuari Kawachibon izena ematen zaio; edizioak 1236an hasi eta 1255ean osatu ziren. Teikaren eskuizkribua, beraz, Aobyōshibon izenaz ezagutzen da; haren edizioak kontserbadoreagoak direnez, pentsatzekoa da jatorrizkoaren hurbilagokoak direla. Bi eskuizkribu horiek izan ziren geroagoko kopia askoren oinarri.[23]
Beppon kategoriak gainerako eskuizkribu guztiak ordezkatzen ditu, ez Kawachibon ez eta Aobyōshibon bildumetan ez direnak. Tartean dira eskuizkribu zaharrago baina osatugabeak, Kawachibon eta Aobyōshibon bi edizioetatik eratorritako eskuizkribu nahasiak eta testuen iruzkinak.[24]
2008ko martxoaren 10ean iragarri zen Kamakura aro berantiarreko eskuizkribu bat aurkitu zela Kyoton.[25] [26] Seigarren kapitulua zen, «Suetsumuhana», 65 orrialdekoa. Gainerako eskuizkribu gehienak Teikaren eskuizkribuaren kopietan oinarritu ziren, zeinak jatorrizkoan berrikuspenak sartu baitzituen. 2008an aurkitutako eskuizkribu hori beste lerro batekoa zen, Teikak eragin gabekoa.[27]
2008ko urriaren 29an, Konango (Kobe) emakumezkoen unibertsitateak jakinarazi zuen Kamakura aroaren erdiko eskuizkribu bat aurkitu zuela.[28][29][30] 32. kapitulua da, «Umegae», eta 1240-1280 urteen artean datatutako kopia zaharrena da. Beppon eskuizkribu horrek 74 orrialde ditu, eta azken lau puntuetan aldeak ditu Aobyōshibon eskuizkribuekin, agian edukia Murasaki Shikiburen jatorrizko eskuizkributik gertuago egon ote daitekeen seinale.[28]
2019ko urrian, «Wakamurasaki» bosgarren atalaren bertsio bat aurkitu zuten, Fujiwara no Teikak bildutako Aobyōshibon bertsioarena, kultur ondarea zaintzen duen Reizeike Shiguretei Bunko fundazioaren arabera. Aichi prefekturako jauntxo feudal baten oinordekoek gordetzen zuten. Eskuizkribu berria bat dator, oro har, bertsio ezagunarekin, nahiz alde gramatikal batzuk dituen[31]
Hishikawa Moronobu margolariak 1680 inguruan liburu irudiztatu bat egin zuen, Genji Monogatari-ren istorioaz.[32]
Edo Aroan (1603-1867) lanaren bertsio laburtuak argitaratu ziren; besteak beste, Genjiren ispilu txikia (XVII. mendean argitaratua).[33]
Bilkari ilustratuak
Genji Monogatari Emaki izeneko XII. mendeko bilkariak Genji-ren istorioaren eszena ilustratuak jaso zituen, eskuz idatzitako sōgana testuekin batera. Hori da japoniar bilkari ilustratuen lehen adibidea da: ilustrazioen eta kaligrafiaren bilduma bat obra bakar batean. Uste denez, jatorrizko obrak 10-20 bilkari zituela eta 54 kapituluak hartzen zituela, guztiak, alegia. Kontserbatzen diren piezak dira 19 ilustrazio eta 65 orrialde, gehi bederatzi orrialde, zatikiekin. Begi neurriz, jatorrizkoaren % 15 inguru liteke hori. Nagoyako Tokugawa Arte Museoak horietako hiru bilkari gordetzen ditu, herentzian Tokugawa shogunerriko Owariko adarrak oinordekotzan transmititutakoak, eta Hachisuka familiak gordetako bilkari bat Tokioko Gotoh Museoan dago orain. Bilkariak Japoniako Altxor Nazional izendatuak daude. Bilkariak oso hauskorrak direnez, normalean ez dira jendaurrean erakusten, baina Tokugawa Arte Museoko jatorrizko bilkariekin erakusketa bat egin zen, 2009ko azaroaren 21etik 29ra. Argazki erreprodukzio zabal bat eta itzulpena argitaratu zituen, Kodansha argitaletxeak, edizio mugatu batean.[34]
Beste bertsio aipagarri batzuk dira Tosa Mitsuoki (1617-1691) margolariak egindakoa. Bere pinturak XII. mendeko bilkarien Heian estilotik hurbil daude, eta erabat osorik kontserbatzen dira.[35] Ginji-ren istorioa gai ezaguna izan zen, baita ere, Edo Aroko Ukiyo-e pinturetan.
Irakurketa modernoa
Japonieraz
Liburua duen estiloaren konplexutasuna dela eta, nahiko zaila gerta daiteke japoniera maila ertain bat duen ororentzat, aurrez ipuinaren hizkera zertxobait aztertu gabe.[37]
Horren ondorioz, japoniera modernora eta beste hizkuntzetara egindako itzulpenek konponbide bat bilatu behar dute, nahitaez, hizkera modernizatuz; nahiz eta, zoritxarrez, horrek esanahiaren alderdi batzuk galarazi; adibidez, pertsonaiei izen bat ematen zaie, normalean akademikoek erabiltzen dituzten izen tradizionalen bat. Jakina, horrek anakronismoak sor ditzake; esate baterako, Genjiren lehen emaztea Aoi izendatzen da, Aoi kapituluko dama delako, atal horretan hiltzen baita.
Bai akademikoak bai idazleak saiatu dira obra itzultzen. Japoniera modernora lehen itzulpena Yosano Akiko poetak egin zuen.[38] Beste itzulpen ezagun batzuk dira Jun'ichirō Tanizaki[39] eta Fumiko Enchi[40] nobelagileek egindakoak.
Desberdintasun kulturalak direla medio, oso ohikoa da Genji-ren bertsio ohardunak irakurtzea, baita japoniarren artean ere. Zenbait eleberrigilek egindako oharrak dituzten bertsioak daude, besteak beste, Seiko Tanabek, Osamu Hashimotok eta Jakucho Setouchi.[41][42] Baita ere, obra eratorri asko sortu dira Genji Monogatari-tik abiatuta, mangako serieak eta telebistako serialak barne. Gutxienez bost manga egokitzapen argitaratu izan dira.[43] Waki Yamatok egindako Asakiyumemishi manga bertsioa oso irakurria da Japoniako gazteen artean, eta Miyako Makik egindako beste bertsio batek Shōgakukan manga saria irabazi zuen, 1989an.[44]
Ingelesera egindako itzulpenak
Online Computer Library Center erakundearen katalogoak Genji-ren 20 bat edizio identifikatzen ditu.[45] Ingelesera egin diren bost itzulpenek alde ezberdin txiki batzuk dituzte, itzultzailearen aukera pertsonalen eta itzulpena egindako garaiaren arabera. Bertsio bakoitzak bere merezimenduak ditu, aldekoak eta aurkakoak, eta itzulpen bakoitza itzultzailearen izenaz bereizten da.
Itzulpen aitortuenak dira itzultzaile hauek eginak: Suematsu Kenchō, Arthur Waley, Edward Seidensticker, Helen McCullough eta Royall Tyler.
Ingelesera egindako itzulpen nagusiak, hurrenkera kronologikoan dira:
- Suematsuren Genji: ingelesera egindako lehena izan zen, baina kalitate apaleko itzulpentzat hartzen da, eta aski baztertua dago. Atal batzuk baino ez zituen osatu.[46]
- Waleyren Genji: bere garaian gertaera garrantzitsutzat hartu zen itzulpen osoa egitea;[47] alabaina, puristek zenbait akats leporatu izan dizkiote.[48] Hala ere, Waleyren lehen edizioa argitaratu zenean, harrera ezin hobea egin zitzaion. Prosa garbi-garbian, istorioak, bitxia bada ere, satira sozial modernoa eta xarma handiko narratiba konbinatzen ditu. Waleyk zerbitzu handia egin zion literaturari, Mendebalderentzat «aurkitu» baitzuen Ekialdeko maisulan hau.[3]
- Seidenstickerren Genji: Waleyren bertsioan atzemandako «akatsak» zuzentzeko ahalegin bat izan zen, baina haren itzulpena ez zuen zaharkiturik edo baliogabe utzi. Seidenstickerrek jatorrizko testutik hurbilago jokatu zuen, baina irakurketa atseginagoa egiteko askatasun batzuk hartuta; adibidez, pertsonaiak izenez identifikatu zituen, testua irakurgarriagoa izan zedin, Mendebaldeko irakurle gehiagoak aiseago jarraitu ahal izan zezaten.[4]
- McCulloughen Genji: ez zen bertsio osoa, soilik hamar atal bildu zituen, Mendebaldeko irakurlearen begietara liburuaren funts nagusia emateko asmoz egindakoa, eta, kritikarien aranera, irakurketa ergi eta errazekoa.[49][50]
- Tylerren Genji: aurreko itzulpenek baino azalpen luzeagoak ditu oin oharretan, non poesia aipamen ugari eta istorioaren alderdi kulturalak deskribatzen baitira. Tyler arretaz saiatu zen jatorrizko estiloa aldez aurreko itzulpenek egin ez zituzten formetan imitatzen. Adibidez, zuen izenik erabili pertsonaia gehienentzat, eta izenez identifikatu beharrean, jatorrizko testuaren testuinguruan XI. mendean egiten zitzaion bezala identifikatu zituen. Tylerren bertsioak «dohain berezia du, kontuan hartzen baitu, arreta handiz, pertsonaiak elkar tratatzeko modu zeharkako eta zeremoniatsua. Itzultzaile batentzat, tentazio handiena da esan gabekoa esatea, baina Tyler ez da inoiz joko horretan sartzen».[51][5]
Egokitzapenak
Zinema
Genji Monogatari-ren egokitzapenak egin izan da zineman; besteak beste, 1951n, Kōzaburō Yoshimura zuzendariarena;[52] 1966an, Kon Ichikawa zinemagilearena;[53] eta 1987an Gisaburo Sugii zuzendariarena.[54] Azken egokitzapen hori animaziozko film bat da. Ez da istorioaren bertsio osoa, baizik eta, funtsean, lehenengo 12 atalak hartzen ditu, motibazio psikologiko batzuk gehituta, eleberrian esplizituki agertzen ez zirenak. 2001ean, Tonkō Horikawa ekoizleak egokitzapen bat egin zuen emakume aktoreekin soilik. Sennen no Koi - Hikaru Genji Monogatari (千年の恋 ひかる源氏物語, «Genji, mila urteko maitasun bat») filman, Murasakik Genjiren istorioa azaltzen dio neskato bati, gizonen portaeraren ikasbide gisa.
Kenji Mizoguchik 1955ean egindako Yokihi (edo «Yang Kwei-fei printzesa») filmean, Genji-ren istorioaren jarraipen gisa har daiteke.[55]
Anime
2009an, Japoniako telebistan Genji Monogatari Sennenki izenburuko hamaika ataleko anime telesaila eman zuten, Genji Monogatarian oinarritua. Osamu Dezakik zuzendu zuen bertsio hura.[56]
Opera
Genji Monogatari operarako ere egokitu izan zen, Minoru Mikiren eskutik; 1999an konposatua, Saint Louiseko Antzerki Operaren hurrengo sasoialdian egin zen lehen emanaldia, Colin Grahamek sortutako libretoarekin (ingelesez), eta, ondoren, konpositoreak itzuli egin zuen japonierara.[57]
Erreferentziak
- (Ingelesez) «The Small Mirror of Genji» Library of Congress (web.archive.org) 2023-08-15 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (1900). Suematsu Kencho ed. Genji Monogatari. New York: The Colonial Press (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (1925). Arthur David Waley ed. The Tale of Genji. Wikisource (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (2010). Edward Seidensticker ed. The tale of Genji. New York: Viking OCLC .698595878.
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (2003). Royall Tyler ed. The tale of Genji. New York: Penguin Books ISBN 978-0142437148. OCLC .51064873.
- (Ingelesez) Arudou, Debito. (2006-08-09). «Metropolis: Dietmember Tsurunen interview» debito.org (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
- López Gaseni, Manu. (2008). «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)» EIZIE Elkartea (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
- (Ingelesez) Borges, Jorge Luis. (2001). The total library: non-fiction 1922-1986. London: Penguin ISBN 978-0141183022. OCLC .45328513.
- Lectura a l'entrega del Premi Nobel per part de Yasunari Kawabata. .
- (Ingelesez) Morris, Ivan. (1994). The World of the Shining Prince: Court Life in Ancient Japan. Kodansha International ISBN 978-1568360294. (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).
- (Gaztelaniaz) Angenot, Marc; Bessiere, Jean. (1993). Teoría literaria. Siglo XXI ISBN 978-9682318559. (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (1996). The diary of Lady Murasaki. London: Penguin, 31. or. ISBN 978-0141907659. OCLC .767726744.
- (Ingelesez) Bennett, Christopher L.. (2008-08-28). A Boy and His Toys:Gender Relationships in «The Tale of Genji». web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).
- Seidensticker 1976-2, XI orr. .
- (Ingelesez) Miner, Earl. (1969). «Some Thematic and Structural Features of the Genji Monogatari» Monumenta Nipponica 24 (1/2): 1–19. doi: . ISSN 0027-0741. (Noiz kontsultatua: 2024-02-09).
- (Ingelesez) Bargen, Doris G.. (1991). «The Search for Things Past in The Genji monogatari» Harvard Journal of Asiatic Studies 51 (1): 199–232. doi: . ISSN 0073-0548. (Noiz kontsultatua: 2024-02-09).
- (Ingelesez) Cranston, Edwin. (1978). Shikibu, Murasaki ed. «The Seidensticker Genji» Journal of Japanese Studies 4 (1): 1–25. doi: . ISSN 0095-6848. (Noiz kontsultatua: 2024-02-09).
- (Ingelesez) Yanping, Wang. (2002-11). «Poetry : The Language of Love in Tale of Genji» NUCB journal of language culture and communication 4 (2): 35–48. (Noiz kontsultatua: 2024-02-09).
- (Ingelesez) Goff, Janet. (1991). Field, Norma ed. «The Pleasure of Reading the Genji» Journal of Japanese Studies 17 (2): 345–358. doi: . ISSN 0095-6848. (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- Yamagishi 1958, 14 orr. .
- Yamagishi 1958, 14-16 orr. .
- Ichiko 1986, 621-622 orr. .
- (Ingelesez) Ni, Jindan. (2017). Discovery and Influence across Boundaries: A Comparative Approach to "The Tale of Genji". La Trobe University, Australia (www.archive.org).
- (Ingelesez) Clements, Rebekah. (2013). «Rewriting Murasaki: Vernacular Translation and the Reception of "Genji Monogatari" during the Tokugawa Period» Monumenta Nipponica 68 (1): 1–36. ISSN 0027-0741. (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- 鎌倉後期の源氏物語写本見つかる - MSN産経ニュース. web.archive.org 2008-03-14 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Japonieraz) «源氏物語の「別本」、京都・島原の「角屋」で発見» Yomiuri Online (www.archive.org) 2008-03-10.
- (Ingelesez) «Missing part of oldest "Tale of Genji" manuscript discovered» Kyodo News (web.archive.org) 2023-12-04 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Japonieraz) «源氏物語の最古級写本、勝海舟?の蔵書印も…甲南女子大» Yomuiri Online (web.archive.org) 2008-11-01 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Japonieraz) «「千年紀に奇跡」「勝海舟が恋物語とは」源氏物語写本に驚きの声» MSN (web.archive.org) 2008-10-29 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Japonieraz) ««源氏物語:最古の「梅枝巻」写本 勝海舟の蔵書印も» Mainichi (archive.today) 2008-10-29.
- (Ingelesez) «Missing part of oldest "Tale of Genji" manuscript discovered» Kyodo News (web.archive.org) 2023-12-04 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Ingelesez) «A Collection of Japanese Paintings» Library of Congress (web.archive.org) 2022-07-05 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Ingelesez) «The Small Mirror of Genji» Library of Congress (web.archive.org) 2023-08-15 (Noiz kontsultatua: 2024-02-10).
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (1971). Ivan Morris ed. The Tale of Genji scroll. Tokyo: Kodansha International ISBN 978-0870111310. OCLC .286945.
- (Japonieraz) «源氏物語図屏風 - 東京国立博物館 画像検索 / Genji Monogatari Folding Screen» Tokyo National Museum (webarchives.tnm.jp) (Noiz kontsultatua: 2024-02-11).
- (Japonieraz) «The Tale of Genji» Library of Congress (web.archive.org) 2023-08-15 (Noiz kontsultatua: 2024-02-11).
- (Ingelesez) Toyoshima, Mizuho. (2011-04-16). «On Genji Monogatari: A Conversation with Setouchi Jakucho» Kyoto Journal (www.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Japonieraz) Akiko, Yosano. (2009). 新新訳源氏物語 / Shin shin'yaku Genji monogatari. Tōkyō: 勉誠出版 / Bensei shuppan ISBN 978-4585010814..
- (Ingelesez) Jun’ichirō, Tanizaki. (2015-12-01). «“On Translating The Tale of Genji into Modern Japanese”» “On Translating The Tale of Genji into Modern Japanese” (Columbia University Press): 575–590. doi: . ISBN 978-0-231-53720-9. (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Japonieraz) Enchi, Fumiko. (1985-1986). 円地文子の源氏物語 / Enchi Fumiko no Genji monogatari. Tōkyō: 集英社 / Shūeisha ISBN 978-4081630066. OCLC .15399281.
- (Ingelesez) Walker, James. «Big in Japan: "Jakucho Setouchi: Nun re-writes The Tale of Genji"» Metropolis (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Spaeth, Anthony. (2012-10-26). «Old-Fashioned Lover Boy» Time (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Gunde, Richard. (2004-04-27). «Genji in Graphic Detail: Manga Versions of the Tale of Genji» YCLA Center for Near Eastern Studies (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Japonieraz) Shogakukan. (2015-08-05). «小学館漫画賞:歴代受賞者» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Online Computer Library Center. (2024). Worldcat.org. .
- (Ingelesez) Shikibu, Murasaki. (2018). Kenchō Suematsu ed. The tale of Genji. Tokyo: Tuttle Publishing ISBN 9784805314647. OCLC .1004913753.
- (Ingelesez) «Books: Genji Finished» Time (web.archive.org) 1933-07-03 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Takatsuka, Masanori. (1970). Brief remarks on some mistranslations in Arthur Waley's Tale of Genji. Nishinomiya: Kwansei Gakuin University OCLC .27828038.
- (Ingelesez) «‘The Tale of Genji’ – The McCullough Genji» Tony's Reading List (web.archive.org) 2021-08-14 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) McCullough, Helen Craig. (1994). Genji and Heike: selections from The tale of Genji and The tale of the Heike. California: Stanford University ISBN 978-0804722575. OCLC .28221107.
- (Ingelesez) Wood, Michael. (2002-03-11). «A Distant Mirror?» Time (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Japonieraz) «源氏物語 (1951)» www.jmdb.ne.jp (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Ichikawa, Kon; Takechi, Tetsuji. (1966-01-14). Genji monogatari. Genji Eiga, Herald Ace (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) Sugii, Gisaburô. (1987-12-19). Murasaki Shikibu: Genji monogatari. Asahi Shimbun, Group TAC (I), Nippon Herald Films (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) «Tales of Genji: Japanese Films» Getty (web.archive.org) 2009-04-18 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) «Genji Monogatari Sennenki (Millennium Old Journal: Tale of Genji)» MyAnimeList.net (web.archive.org) 2024-01-27 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- (Ingelesez) «Genji Monogatari - Production Detail» Opera Theatre of Sant Louis (web.archive.org) 2007-09-28 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
Bibliografia
- (Ingelesez) Seidensticker, Edward. (1976-1). Edward Seidensticker ed. The tale of Genji - vol. 1. Tokyo: Tuttle Publishing ISBN 978-4805309216. OCLC .863083170.
- (Ingelesez) Seidensticker, Edward. (1976-2). Edward Seidensticker ed. The tale of Genji - vol. 2. Tokyo: Tuttle Publishing ISBN 978-4805309209. OCLC .863083172.
- (Japonieraz) Yamagishi, Tokuhei. (1958). Genji monogatari. Tōkyō: Iwanami Shoten ISBN 978-4000600163. OCLC .47398314.
- (Japonieraz) Ichiko, Teiji. (1986). 日本古典文学大辞典 / Nihon koten bungaku daijiten. Tōkyō: Iwanami Shoten ISBN 978-4000800679. OCLC .22820487.
Ikus, gainera
- Murasaki Shikibu
- Japonierazko literatura
- Eleberria
- Eleberri ezagunen zerrenda
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Genji monogatari. University of Oxford Text Archive.
- Genji Monogatari. 1596-1615. Kongresuaren Liburutegia.