Gelug
Gelug, Gelugpa edo Gelug eskola, kapela horien sekta bezala ere ezaguna, filosofo eta buruzagi erlijioso tibetar Je Tsongkhapak (1357-1419) sortu zuen. Tibeteko budisten ordena nagusia eta Dalai eta Pan-txem lamen sekta da.
Gelug sektak arau estuak ezarri zituen monasterioetan: ezkontzea debekatu egin zen, baita edari biziak edan eta haragia jatea ere, eta ikasketa bereziak eginarazten zitzaizkien fraideei; Tibeten nagusi ziren ohiturekiko begirunea gordetzeagatik aztikeriazko errituak neurriz erabiltzea libre utzi zuten. Hiru monasterio eraiki ziren, Lhasa inguruan: Dga´ldan (1416), Bras-spungs (1416) eta Se-ra (1419).
1578. urtean Dalai-Lama izendatu zuten lehenbizikoz Bras-spungs monasterioko abadea, eta haren ondotik Karma-pa sektaren aurkako guduak izan ziren Tibeteko buruzagitza lortzeko. Gelugek herria gobernatzen jarraitu zuen, Dalai-Lamaren bitartekaritzaz, Txinak 1950. urtean Tibeteko herria bere mende hartu zuen arte. 1959. urtean, Lhasa hirian izan zen matxinadaren ondoren, Dalai-Lamak Indiara egin zuen ihes. Txinatarrek buru jarri zuten Pan-txem Lamak Tibetetik Txinara alde egin zuen 1964. urtean. Kapela Horia izena zeremonietan erabiltzen duten kapelaren koloreagatik ematen zaio sektari, eta karma-pa sektatik bereizteko, fraide hauek kapela gorriak erabiltzen baitituzte.
Kanpo estekak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.