Gelba

Gelba[1] edo tolla (Galeorhinus galeus) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Triakidae familiakoa[2].

Gelba
Iraute egoera

Galzori larrian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaCarcharhiniformes
FamiliaTriakidae
GeneroaGaleorhinus (en) Galeorhinus
Espeziea Galeorhinus galeus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Mundu guztiko itsaso azpitropikaletan bizi den marrazo hau obobibiparoa da. Bere generoan monotipikoa da.

Euskal izendegia

Gelba izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[3]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
gelba
mielga arrea
toila Bilbo, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa
tolla Zumaia[4], Donostia[5]
tolle Bermeo, Ondarroa[4]
tollo

Deskribapena

Gelba marrazo txiki bat da, gorputz apala eta mutur luzatua eta gorantz okertua duena. Helduen artean arrek 135-175 cm neurtzen dute luzeran eta emeak handiagoak dira, 150-195 cm[6]. Aurkitu den gelba handienak 44,7 kilogramotako pisua zuen. 55 urtez bizi daitezke[7].

Buruaren azpialdean ilargi erdi itxurako ahoa du eta baraila bietan hortz zorrotzak ditu, goikoak batez ere. Hortzek triangelu itxura dute, txikiak eta lauak dira, ertz zerradunak eta koskadunak dituzte eta angelu zeihar batean atzerantz begira daude. Espirakuluak txikiak dira. Bost zakatzen operkuluak nahiko laburrak dira[8].

Bizkarraldean bi hegats triangeluar ditu. Lehenengoa, altuena, bularraldeko hegatsak baino atzerago kokaturik dago. Buztaneko hegatsa zabala eta handia da. Gris koloreko gorputza gu, gainaldean nahiko iluna izan daiteke eta azpialdean ia zuria. Gelba gazteek ertz beltzak dituzte hegatsetan[7].

Banaketa

Mundu guztiko ozeanoetako ur azpitropikaletan bizi da. Gure inguruari dagokionez ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdeko ertzean Islandia eta Eskandinaviatik hasi eta Britainiar uharteen eta Bizkaiko golkoan barrena Senegal alderaino iristen da, tartean Azoreak, Madeira eta Kanariak ere bai. Mediterranear itsasoan ere guztiz zabalduta dago, ez ordea Itsaso Beltzean[7].

Ipar Amerikaren mendebaldeko kostaldean, Hego Amerikaren kostalde bietan, Afrikaren hegoaldean eta Australia eta Zeelanda Berriko kostaldetan ere aurkitzen da[7].

Espezie bento-pelagikoa da eta sakonera handiko uretan ere aurkitzen da, baita 1.100 metrotan ere. Normalean 2-471 metroko sakonera artean aurkituko dugu[7].

Biologia

Gelba uharria patruilatzen.

Espezie migratzailea da gelba. Britainiar uharteetan etiketaturiko aleak Azoreetan, Kanarietan eta Islandian aurkitu izan dira. Australia aldean etiketaturikoek 1.200 kilometroko distantziak ere egin dituztela ikusi da.

Elikadura

Arrainak kontsumitzen dituzte batez ere. Oportunistak dira eta aurkitzen duten edozein arrain harrapatzen dute, hala ere gehienbat sardinak, Porichthys notatus, arrain zapalak eta krabarrokak. Sardinak pelagikoak direnez itsaso zabalean harrapatzen dituzte, gainerakoak kostaldeko uretan[9]. Arrainez gain krustazeoak, zefalopodoak, itsas zizareak eta ekinodermatuak ere jaten dituzte[10].

Ugalketa

Arrek 135 cm luze direnean lortzen dute sexu heldutasuna eta emeek 150 cm-ko luzera dutenean. Gelba arrautza bidez ere ugaltzen den obobibiparoa da. Arrautzak gorputzaren barnean ernaltzen dira eta enbrioiak arrautzaren gorringoaz elikatzen dira. Urtebete inguruko haurdunaldiaren ondoren jaiotzen dira gelbakumeak. Amaren tamainaren eta adinaren arabera 28 edo 38 kume izango ditu. 32 cm inguru neurtzen dute baina tamaina desberdineko kumeak jaiotzea ere ohikoa da, dirudienez emeak esperma bilduta manten dezakete elkarketa baino nahiko beranduagorarte[7].

Emeek "haurtzaindegiak" osatzen dituzte babesturiko badia eta estuarioetan. Helduek neguan ur sakonagoetara migratzen dutenean gelba gazteak eremu horretan jarraitzen dute bizitzen.

Gizakiarekin harremana

Andaluzian cazón en adobo plater tradizionala da.

Arrantza

Gehiegizko arrantzak arriskuan dauden espezieen zerrenda gorrian sartu du (IUCN). Greenpeace erakundeak ere 2010. urtean haren zerrenda gorrian sartu zuen[11]. Bizkaiko golkoan gelbaren arrantza debekatua dago[3].

Akuarioetara ongi ohitzen den espeziea da[5], beti ere kontu handiz eta kalterik eragin gabe harrapatzen bada.

Kontsumoa

Gizakiak jateko arrantzatzen du. Horretaz gain gelbaren gibelak A bitamina[10] eta eskualeno olio[7] ugari dituenez oso preziatua. Marrazoetan ohikoa den bezala hegatsarekin zopak egiten dira[7].

Bizi den herrialde guztietako gastronomiaren parte da. Andaluzian cazón izeneko platera oso tipikoa da, askotan adobaturik aurkezten da platerean, cazón en adobo. Erresuma Batuan fish and chips ezagunean sarritan gelba ateratzen da bakailaoaren ordez[12]. Euskal Herrian ez da oso preziatua[3].

Erreferentziak

  1. Fundazioa, Elhuyar. «gelba» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  2. Walker et al. (2005). Galeorhinus galeus. IUCNren Zerrenda Gorria
  3. «gelba» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  4. «Zumaiako hitz bereziak: TOLLA -» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  5. IKTB Ikusi eta Ikasi Donostiako Aquarium-a Marrazoak. (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  6. Jenkins, J. Travis. (1958). The Fishes of the British Isles. Frederick Warne & Co, 308–309 or..
  7. «Galeorhinus galeus, Tope shark : fisheries, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  8. (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Galeorhinus galeus (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  9. (Ingelesez) Fisheries, Staff of the Bureau of Marine. (1946-04-15). Fish Bulletin No. 64. The Biology of the Soupfin Galeorhinus zyopterus and Biochemical Studies of the Liver. (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  10. «FAO species catalogue Vol.4. Sharks of the world. An annotated and illustrated catalogue of shark species known to date. Part 2. Carcharhiniformes» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  11. «Archive-It Wayback Machine» wayback.archive-it.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
  12. «NEFSC Fish FAQ» web.archive.org 2013-08-26 (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.