Gelako gudua (K.a. 405)

1943ko gudurako, ikusi Gelako gudua (1943).

Gelako gudua
II. Siziliar gerrak
Gelan
Greziar-puniko maskaren nahasketa.
DataK.a. 405eko udan
LekuaGela, Sizilian
Koordenatuak37°04′00″N 14°15′00″E
EmaitzaGela, doriar hiria, suntsiturik
Gudulariak
Gela
Sirakusa
Kartago.
Buruzagiak
Dionisio I. Sirakusakoa Himilkon
Indarra
30.000-40.000 oinezko 30.000-40.000 oinezko
Galerak
1.600 hildako[1] Ezezaguna

Gelako gudua K.a. 405eko udan gertatu zen Sizilian. Himilkonek[2] gidatutako kartagotar armada, negua eta udaberria konkistaturiko Akragas hirian igaro zuena, Gelara abiatu zen greziarren kontra borrokatzeko. Sirakusako gobernuak Dafaneori armadaren buruzagitza kendu zion, Akragasen porrot egin zuelako eta haren ordez Dionisio jarri zuen, beste ofizial bat Hermokratesen jarraitzailea zena. Dionisiok azkenean lortu zuen diktadore izatea. Kartagotarrak Gelara heldu zirenean eta setiatu ostean, Dionisio Sirakusatik Gelara joan zen. Berak eraso bat asmatu zuen kartagotarren kontra baina huts egin zuen koordinazio ezarengatik. Orduan, Dionisiok erabaki zuen Gela uztea, porrotak nahigabe eragin zuelako Sirakusan eta hori ez zen batere ona izan botereari eusteko. Gela utzi ondoren, Camarinarantz abiatu zen.

Aurrekariak

Kartago 70 urtez Siziliatik kanpo egon zen Himerako K.a. 480eko porrotaren ostean. Tarte horretan, greziar kultura sartu zen Siziliako elimo, sikano eta sikuloen hirietan. Hau guztia aldatu zen K.a. 411an Segestak, elimo hiriak, erasoak jasan zituenean Selinustik (doriar hiria). Segestak Kartagon eskatu zuen laguntza eta hango senatua prest egon zen emateko. Hanibal Magonek kartagotar armada zuzenduz, K.a. 409an Selinusen su eta gar sartu zen eta gerora, Himeran ere. Akragasek eta Sirakusak, garai hartan Siziliako greziar hiririk nagusienak, ez zieten kartagotarrei aurre egin eta hauek gerraren harrapakinekin alde egin zuten[3]. Hiru urtez, barea nagusitu zen Sizilian bake-itunik ez baziren sinatu ere.

Kartagotar espedizioa (K.a. 406)

Erbesteratutako sirakusar jeneralaren arpilaketek eskualde punikoan, Motiaren eta Panornosen inguruan, kartagotarrei eragin zien beste armada bat bidaltzeko K.a. 406an, Hanibal Magonek zuzenduta. Honek Himilkon iloba ekarri zuen bigarren komandante gisa[4]. Siziliako greziar hiririk garrantzitsuenak Sirakusa eta Akragas, gatazkarako prestatu ziren mertzenarioak kontratatuz, ontziteria handituz eta hirietako harresiak zaharberrituz. Nahiz eta Sirakusa Peloponesoko Gerran sarturik egon eta auzokideekin arazoak izan, Grezian laguntza eskatu zuen kartagotarrak Sizilian lehorreratu zirenean.

Akragasko erorialdia

Hanibalek Akragas setiatu zuen K.a. 406ko udan, baina hiriak eutsi zion lehenengo erasoari. Setio-arrapalak egiten zituen bitartean, izurri batek Hanibal eta milaka kartagotar hil zituen. Himilkonek gidatzen zuen kartagotar armadaren zati batek porrot egin zuen Dafaneo greziarraren aurrean eta hiria, tarte batez, askatu zuen. Akragastarrak ados ez zeudenez jeneralen erabakiarekin (muzin egin zietelako irabazitako kartagotarrak ehizteari) haietariko lau harrikadaz hil zituzten. Greziarrek kartagotar kanpalekuaren hornidura oztopatu eta gero, hauen armadan matxinada bat lortzear egon ziren. Himilkon trantze larritik irten ahal zen Sirakusako ontziak harrapatu zituenean Akragasera alea eramaten zutenean. Orduan, egoera oso bestelakoa izan zen, greziarrek goseak jota, hiria abandonatu zutelako eta hurrengo egunean, Himilkonek Akragas arpilatu zuen, zortzi hilabeteko setio luze baten ondoren[4]. Negua Akragasen igaro eta gero, Himilkon Gelarantz abiatu zen. Ez dago argi neguan zehar kartagotarrek laguntza gehiago izan zuten, baina Himilkonek flota Motian utzi zuenez, armada lehorretik hornitu behar zen.

Tirano batek Sirakusa kontrolatu zuen

Kartagotarrek Akragasen negua igaro zuten bitartean, akragastar errefuxiatuek Sirakusara heltzean, zenbait jeneral salatu zuten. Batzarrean, Dionisio, adorez borroka egin zuena, salatarien iritzikoa zen. Filisto lagunak ordaindu zuen Dionisiori jarritako izuna bileraren prozedura apurtzeagatik. Honela, hautagaia bilakatu zen kargu politikorako. Batzarrak Dafaneo eta beste jeneral batzuk kendu zituen eta hauen ordez Dionisio jarri zuen beste batzuekin batera. Akragasko errefuxiatuek Sirakusa utzi zuten eta Lentinin babestu ziren. Bitartean, Gelak eskatu zuen sirakusarren laguntza kartagotarrak hurbitzen zirelako[5].

Boterea eskuratzea

Dionisio saiatu zen haren boterea ziurtatzen Gelara laguntza bidali baino lehen. Gobernuburutza lortu orduko, erbesteratu politikoak deitu zituen; hauen artean zeuden Hermokratesen jarraitzaileak eta beste aliatu batzuk ere. Horren ondoren, Gelarantz joan zen 2.000 soldadu eta 400 zaldunekin. Armada hau Dixipo espartarrak gidatzen zuen. Dionisiok, behin Gelan, hirian zeuden jeneralentzat heriotz zigorra ezarri zuen eta soldaduei ordainketa bikoitza eman zien kondenatuen ondasunekin[6]. Beranduago, Sirakusara itzuli zen non hiritarrak zain baitzeuden haren izena oihukatuz[7]. Dionisiok jeneralak salatu zituen Kartagoren eroskeriaz eta batzarrak hori sinistean, Dionisio jarri zuen buruzagi bakar moduan. Orduan, Dionisio Lentinira abiatu zen, non 600 bizkarzain[8] lortu baitzuen. Hauek gehi kontratatutako mertzenarioekin kopuru hau 1.000 soldadura igo zen. Geroago, Dexipo kanporatzean, Dafaneo eta beste sirakusar jeneral batzuk exekutatu zituen. Une honetan, hasi zen Dionisioren tirania (K.a. 405-367)[9]. Behin ziurtatuta haren boterea, saiatu zen Gelak pairatzen zuen kartagotar mehatxua konpontzen baina kanpoko laguntza eskatu gabe[10].

Aurkariak

Kartagok hasieran 50.000 soldadu eta 120 trirreme bidali zituen[11] Siziliara K.a. 406an. Armadak hildakoak izan zituen Akragas eta Gelan, izurriak eragindako kaltea kontuan hartu gabe. Ez dago jakiterik Kartagok errefortzu gehiago bidali zituen edo hau Sizilian lortu zen. Edozein modutan, Himilkonek 30.000-40.000 soldadu gidatuko zituen, flota punikoa Motian zegoen bitartean, hau da, operazioetatik urrun. Dionisiok, aldiz, 30.000 oinezko, 1.000 zaldun eta 50 trirremeko armada osatu zuen. Gelan galdutakoa ez zen handia izan eta armada arazorik gabe heldu zen Camarinara. K.a. 406an, Camarinak 500 hoplita, 600 tropa arineko soldaduak eta 20 zaldi bidali zituen Akragasera[12]. Camarina eta Gela hiriek, berriz, 3.000[13]-6.000[14] soldadu inguru izan zitzaketen. Honetaz gain, Gelako errefuxiatuak armadari gehituko ziren. Kartagotar flota 105 itsasontzikoa zen, baina Erixen 15 trirreme galdu zituen Leptines greziarraren aurrean[15]. Motian porturatuta zegoen armadak ez zituen kartagotarrak lagundu.

Kartagotar armada

Libiar infanteria astuna eta arina, armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Infanteria astunak formazio itxian borroka egiten zuen, lantza luzez eta ezkutu biribilez armaturik, kasko eta lihozko korazak zeramatzala. Libiar infanteria arinak xabalinak eta ezkutu txikiak zituen, iberiar infanteria bezalakoa. Iberiar infanteriak tunika zuriak janzten zituen purpuraz brodatutako ertzekin eta buruan larruzko kaskoak zeramatzan. Infanteria astunak falange trinkoan borroka egiten zuen, jaurtitzeko lantzekin armaturik, gorputz osoko luzerako ezkutuekin eta ziztatzeko ezpata laburrekin[16]. Campaniako, Sardiniako eta Galietako infanteriek jatorrizko ekipamendua zuten borroka egiteko[17], nahiz eta Kartagok sarritan hornitu. Sikuloak eta beste siziliar batzuk greziar hoplita gisa janzten ziren. Libiarrek, kartagotar hiritarrek eta Libiaren aldeko feniziarrek zalditeria disziplinatua eta ondo prestatuta zuten, jaurtitzeko lantzekin eta ezkutu biribilekin horniturik. Numidiar zalditeria arinak xabalina sorta bat zituen eta zaldunek, bridarik edo zelarik gabe, zaldiak gidatzen zituzten. Iberiarrek eta galiarrek ere zalditeria zekarten. Garai honetan, Kartagok ez zuen elefanterik erabili, baina libiarrek lau zaldizko gurdiak ekarri ohi zituzten[18], hauek Camarinan ez bazeuden ere. Kartagotarren aliatuek armadan esku hartzen zuten, baina kartagotar ofizialek gudaroste guztien gainean agintzen zuten, nahiz eta zenbait unitate jatorrizko buruzagien esanetara egon. Greziar hoplitak Italian eta Grezian kontratatuak ziren.

Greziar indarrak

Sirakusa eta Akragas bezalako hiri handiek 10.000-20.000 soldadu bil zitzaketen[19], baina beste txikiago hiri batzuek, Himerak eta Messanak adibidez, 3.000[20] eta 6.000[21] artean. Gelak, agian, antzeko kopurua bildu zuen. Dionisiok Sirakusatik, eta aliatuak ziren greziar hirietatik 30.000 oinezko eta 1.000 zaldun ekarri zituen, gehi mertzenarioak eta 50 trirreme. Greziar armadaren unitate garrantzitsuenak hoplitak ziren, bereziki hiritarrez osaturik. Sikuloek eta beste Siziliako natibo batzuk hoplitak eta peltasta moduan zerbitzatzen zuten. Hauetaz gain, campaniar[22], samnita edo etruriar gerlariak ohikoak ziren greziar armadan[23]. Falangea izan zen borroka egiteko formazioarik usuena. Hiritar aberatsenek zalditeria osatzen zuten, mertzenarioak errekrutatzen bazituzten ere.

Gela meatxaturik

Dionisio lanpetuta zegoen pentsatuz nola lortuko zuen boterea absolutua. Bitartean, kartagotar armadak, Akragasko neguko basea uzterakoan, hiria suntsitu zuen. Himilkonek kostaldeko bidea hartu zuen Gelara joateko eta kanpalekua hiriko mendebaldean ezarri zuen, itsasoaren ondoan, gotortu zuena latetsi eta lubanarro batekin. Kartagotarrek, eraso eragiketak hasi baino lehen, eskualdea arpilatu zuten eta hornidura bildu. Gelakoek proposatu zuten emakumeak eta umeak Sirakusara eramatea baina emakumeek nahiago zuten Gelan jarraitzea. Azkenean, inork ez zuen hiria utzi eta greziarrek defentsa aktiboa egin zuten kartagotar biltzaileak erasotzen[24].

Gelako oldarra

Himilkonek erabaki zuen hiria erasotzea hauei edozein laguntza etorri baino lehen. Kartagotarrek hiria inguratzeko harresiak eraikitzearen ordez, zuzeneko oldarrari ekin zioten. Gelako erresistentzia gorabehera, kartagotarrek lortu zuten ahari-buruekin mendebaldeko harresiak erasotzea eta zenbait zulo egitea. Hala ere, defendatzaileek erasotzaileak eten zituzten eta gauez, harresiak berriztu zituzten, non emakumeen laguntza ezinbestekoa izan baitzen. Honela, hurrengo goizean, kartagotarrek hasieratik hasi behar zuten[25].

Setioa kentzea

Azpijoko politikoaz aparte, Dionisiok mertzenarioen italiar eta siziliar grekoen armada osatu eta gero, (guztira 30.000 hoplita, 4.000 zaldun eta 50 trirreme)[26] patxadaz Gelarantz abiatu zen. Armada horri esker Gelako setioa altxatu zen. Greziarrek Gela ibaiko bokalean kanpatu ziren, mendebaldean, kartagotar kanpalekuaren aurrean, itsasoaren hurbil, itsas- eta lehor-operazioak zuzentzeko[27].

Greziar plana Gelako K.a. 405eko gudua. Irudikapen generikoa, eskala ez da zehatza, tropen mugimenduak ustezkoak dira eta ezaugarri geografikoak alde batekoak dira lehen iturrien ezarengatik.<

Guduaren ataria

Hiru astez, Dionisiok kartagotarrak eraso zituen tropa arinekin eta haien hornidura mozteko ontziteria erabili zuen. Taktika horiek Akragasen kartagotarren hondamendia lortzear egon ziren, baina seguruena Dionisiok, hiru asteren ondoren, nahiago zuen zelai beteko bataila izatea haren soldaduak erasoetan armadaren higaduraz nekatzen ari zirelako. Kartagotar armada greziarra baino handiagoa zenez, Dionisiok amarru bat asmatu zuen aldea murrizteko[28].

Pintza-mugimenduaren akatsa

Gelako gertakizunak baino 189 urte beranduago, Hanibal Barka erromatar armada sendo bat txikitu zuen Apuliako erromatar biltegi baten ondoan inguratze-bikoitzeko taktikarik onena erabiliz. Dionisiok lortzear egon zen kartagotarrekin Gelan K.a. 405ean. Hala ere, egoerak ezberdinak zirenez, emaitzak ere, eta Hanibalen anaiari, Hasdrubali, K.a. 215ean Dertosako guduan gertatu zitzaion bezala, buruzagi batek zorteaz gain, menpeko trebeak eta diziplinatutako soldaduak behar zituen operazioak arrakastaz koordinatzeko.

Greziarren gudu-plana

Kartagotarrak Gelako mendebaldean kanpatuta zeudela, Dionisiok erabaki zuen hiru alde ezberdinetatik kanpalekua erasotzea[29]. Honek eskatzen zuen koordinazio zehatza. Kartagotar zalditeria lurraren barrualdean zegoen, mertzenarioak, ostera, itsasaldean eta afrikarrak kanpalekuaren barruan. Dionisio konturatu zenez itsasotik posiblea zela kanpalekua erasotzea gutxi defendatuta zegoelako, hurrengo estrategia hau asmatu zuen:

  • Zenbait mila soldaduren tropa arinek kartagotar kanpamenduaren hegoaldean lehorreratuko ziren. Leptines anaia izango zen buruzagia eta mendebaldetik kanpalekuaren hegoaldea erasotuko zuen kartagotar tropak distraitzeko. Bitartean, beste 4.000 hoplitek, kostaldetik joango zirenek, ekialdetik kanpamenduaren hegoaldea erasotuko zuten. Aldi berean, greziar zalditeriak, 8.000 hoplitek lagunduta, kartagotarrei lana emango zioten iparraldean.
  • Dionisio, gainontzeko armadarekin eta hoplitekin, hiriko mendebaldeko atetik irtengo zen eta kanpalekua erasotuko zuen kartagotarrek hegalak defendatzen zituzten bitartean[30]

Gelako eta Hanibalek Cannaen asmatutako planen arteko aldeak

Cannaeko armadak, orografia eta egoerak Gelakoekin ezberdinak ziren eta hori islatzen gudua antolatzean:

  • Hanibalek erabaki zuen erromatarrak haien kanpalekuaren at erasotzea. Dionisiok, berriz, haien kanpalekuaren barruan.
  • Hanibalek ezohiko infanteriaren formazioa erabili zuen erromatarrena inguratzeko. Azken honek erasotzean, kartagotar gunea bultzatu zuen eta atzera eragin zion. Hanibalen infanteriak, gunearen azkenean zegoenak, arriskuan zeuden hegalak eraso egin zituen inguratze bikoitza lortuz. Dionisiok ez zuen formazio berezi bat antolatu eta greziar zentroak ez zuen Gelako gudua hasi ere. Greziar tropek erabaki zuten kartagotar kanpalekua aldi berean eta bi aldeetatik erasotzea haien zentroak parte hartu baino lehen.
  • Kartagotar zalditeri astunak garrantzi handia izan zuen erromatar zalditeria sakabanatzean eta gero erromatar infantería atzeko aldetik erasotzean. Dionisiok bakarrik erabili zuen Gelako zalditeria beste erasoak babesteko.

Gudua

Planak behar zuen koordinazio zehatza hiru indarren artean, bestela porrota ekarri zezakeen greziarrentzat. Koordinazio txarra izan zen: Leptinesek itsasotik garraiatutako tropak ustekabean agertu ziren eta hoplitekin batera, zeinek kostaldetik erasotzen zutenak, kartagotarren kanpalekuan sartu ziren. Talde horrek borroka egiten zuenean campaniar eta iberiarren kontra[31], iparraldeko armada motel ibiltzean, ez zen garaiz heldu borrokara. Horri esker, kartagotarrek irabazi ahal zituzten hegoaldetik zetozen greziarrak, beraz, Leptinesek 1.000 soldadu galdu zituen atzera joan baino lehen. Kartagotarrek greziarrek jazarri zituen baina greziar itsasontzitik haien kontra egindako jaurtiketekin[32] amore eman zuten eta greziarrak Gelara hel zitezkeen. Gelako soldadu batzuk greziarrak lagundu zituzten bitartean, beste batzuk ez zuten halakorik egin, ez zutelako nahi hiria defentsarik gabe uztea. Iparraldetik kanpalekua eraso egin zuen greziar armadak, atzera bota zituen afrikarrak. Gauzak honela, kartagotarrek kontraeraso egin zuten[33] eta toki honetan 600 hildako egin zizkieten greziarrei. Dionisioren tropak hiri barruan egon ziren eta inoiz ez zuten borrokan parte hartu. Gudua bukatu zenean, Himilkonek irabazi zuen. Nahiz eta greziar armada ez zen guztiz garaitua izan, haren morala gainbehera joan zen. Hori dela eta, Dionisiok Sirakusako altxamenduei aurre egin behar zien. Hauek gogorragoak izatekotan, armadak bakarrik ezingo zituen baretu[34], eta kartagotarrek Gela konkistatzekotan, Dionisioren etsai politikoek Sirakusan estatu kolpe bat eman zezaketen. Alabaina, Dionisiok erabaki zuen Gela hustea eta su-eten bat adostea hildakoak luperatzeko. Hori egin beharrean, gau berean armadak eta Gelako populazioak hiria utzi zuten. 2.000 tropa arinak atzean geratu ziren suteak eginez kartagotarrei sinistarazteko greziarrak oraindik hiriaren barruan zeudela. Baina hurrengo goizean, tropa hauek Gela uztean, kartagotarrak hurrengo egunean hirian sartu ziren eta arpilatu zuten[35].

Ondorioak

Dionisiok armada zuzendu zuen Camarinara eta han, populazioari agindu zion hiria uztea. Dionisioren arazo politikoa Gelaren berbera zen, hau da, Camarinan kartagotarren setio bati eusteak suposatuko zuen Sirakusan matxinadei aurre egitea. Sirakusarako martxa motela zenez hiritarrak hasi ziren pentsatzen Dionisiok akordio bat zuela Himilkonekin eta horren ondorioz, saiatu ziren kolpe bat ematen. Gelako arpilaketak, Apolo estutua famatua barne, kartagotarrek Tirora eraman zituzten[36].

Sirakusa nahigabetua

Zalditeriaren atal bat, oligarka aberatsez osaturikoa, formazioa apurtuz, Sirakusara presaka abiatu zen hiriko kontrola lortu nahian. Haien saiakera alperrikakoa izan zen, Dionisio Sirakusara heldu zenean, ateak itxita aurkitu zituen baina zaintza eskasa zutenez sartu ahal zuen. Hori egiterakoan, ateak erre egin zituen eta, behin barruan, erreboltari gehienak hil zituen. Alde egin zezaketen hauetariko batzuk Aetna hirira iritzi ziren. Bestalde, Gela eta Camarinako errefuxiatuak, Dionisiorekin haserre zeudenez, Akragaskoekin elkartu ziren Lentinin. Dionisioren egoera ezegonkorra zen Himilkonen armada, Camarina arpilatu ondoren, Sirakusarantz abiatzen zelako[37].

K.a. 405eko bakea

Luze eta zabal eztabaidatu da zergatik Dionisiok bake ituna sinatu zuen guda jarraitzearen ordez:

  • Dionisio harrematetan zegoen Himilkonekin eta sinatutako bake-itunean, greziarraren autoritatea onartzen zuten. Agian honelakoa izan zen kontuan hartuz Dionisioren hurrengo gertakizunen aurrean hartutako jarrera aztertu ondoren. Izan ere, honek, iadanik lau gudu izan zituen kartagotarren kontra 37 urtetan eta gauzak txarto joaten zitzaizkionean beste itun batzuk sinatzen zituen, honela denbora izaten zuen hurrengo gerra prestatzeko.
  • Himilkonen armada izurriak jota zegoen. Kanpaina osoan zehar, armadak soldadu gehiago galdu zituen izurriak jota gerraren erruz baino. Himilkonek erabaki zuen egoera horretan Sirakusa ez erasotzea eta sinatutako itunak Siziliako bi herenen kontrola ematen zion eta gainera, Sirakusa isolaturik geratzen zen.
  • Beharbada, Kartagoren jomuga ez zen Sizilia konkistatzea, baizik eta kartagotar eremuetan greziarren sarraskia etetea. Hermokrates Sirakusakoak Selinus basetik eskualde punikoak erasotzean kartagotarrak gerrara bultzatu zituen. Ituna sinatu ondoren, kartagotar eskualdeak babestuagoak zeuden ezen Sirakusak berriro gerra hasiz gero, lehenago greziar edo sikuloen eremuak inbaditu behar baitzituen. Bestalde, greziarrek ordaindutako zergei esker, kartagotarrek hainbat garnizio jar zitzaketen Sizilian.
  • Erromatar Errepublika ez bezala, aldi baterako itunetan emaitza onak nahi zituenak, kartagotarrek nahiago zuten negoziatzea eta itunak errespetatzea baldin eta haien merkataritza-azpiegitura ikutu gabe geratzen bazen. Kartagok 70 urtez Himerako guduaren osteko ituna (K.a. 480) errespetatu zuen. K.a. 149an, Kartagok beti onartu zituen erromatar kontsulen gero eta gogorragoak ziren eskakizunak. Bakarrik eskatu ziotenean irlaren barrualdera mugitzea, merkataritza-jarduerak bukatuko zituena, kartagotarrek ituna apurtu zuten.

Hauexek ziren itunaren zehaztapenak:[38]

  • Kartagok Siziliako feniziar hirien kontrola izango zituen. Elimoen eta sikanoen hiriak kartagotarren eragin-eremuan egongo ziren.
  • Greziarrek baimena zuten Selinus, Akragas, Camarina eta Gelara itzultzeko. Hiri hauek gehi Termae hiri berriak Kartagori zergak ordainduko zizkioten. Bestalde, Gelak eta Camarinak ezingo zituzten harresiak berreraiki.
  • Sikuloak, Messina eta Lentini kartagotar eta Sirakusako eraginetik libre egongo ziren. Horrek Sirakusa isolatuta uzten zuen Sizilian.
  • Dionisio onartu zen Sirakusako agintari gisa izateko.
  • Bi etsaiek adostu zuten presoak eta harrapatutako itsasontsiak askatzea.

Ondorioztapenak

Siziliako kulturak (K.a. 431)

Eztabaidagarria da Dionisiok ahal zuen Camarina arrakastaz defendatu. Hala ere, beste modu batean, greziarrek ezingo zuten K.a. 405eko bakea lortu eta, horren ezean, litekeena da greziarrek Dionisio bakarrik uztea hurrengo Kartagoren kontrako gerretan. Bestalde, Himilkonek inoiz baino kontrol handiena lortu zuen Sizilian. Kartagotarrak, ituna sinatu bezain pronto, Afrikara itzuli ziren; greziarrak, berriz, Akragas, Camarina eta Gelara bihurtu ziren. Horregatik, hiri horiek ez ziren Sirakusarako mehatxu bat izan eta, gainera, Dionisiok hauen laguntza izan zuen sikuloen eta Kartagoren kontrako gerretan.

Ez dago kartagotar informaziorik egiaztatzeko Dionisiok eta Himilkonek aurretiaz K.a. 405eko ituna sinatuta zuten (adierazgarria da kartagotarrek baimena izan zutela Sirakusako izan litezkeen etsaiak suntsitzeko, eta zeharkako moduan, Dionisiori laguntza emateko). Izurria Kartagora eramateak zenbait denboratan hiria kaltetu zuen. Hala ere, Himilkonek, errege aukeratua izan ondoren K.a. 398an, Dionisio eraso egin zuen. Gelak eta Camarinak ez zuten inoiz aurreko indarra lortu. Akragas, berriz, bere onera etorri zen baina Siziliako hiririk aberatsena izan gabe. Kartagotar gobernua menperatutako lurraldeetan hain gogorra zen non biztanleak sarritan matxinatzen ziren. Bakeak Sizilian K.a. 404 arte iraun zuen, Sirakusak sikuloen kontra guda bat hasi zuenean. Kartago parte hartu ez zuenez, Dionisiok kontrol gehiago lortu zuen irlan, eta K.a. 398an, kartagotarren aurka guda hasi zen Motia erasotzean. Paradoxikoki, Kartagok Dionisio lagundu zuen Campaniako mertzenarioekin, sirakusar erreboltariek hiria setiatzen zutenean. Hurrengo 37 urteetan, kartagotarrak Dionisioren hitz faltsuez fidatu ziren.

Erreferentziak

  1.  (KERN, Paul B.: Ancient Greek Warfare, 172 orria.
  2. Buruzagi hau Magonida familiakoa kidea zen eta Hannibal Magonaren senidea
  3. BATH, Tony: Hannibal's Campaigns, 11 orr.
  4. FREEMAN, Edward A.: Sicily: Phoenician, Greek Roman, 145-147 orriak.
  5. FREEMAN, Edward A.: Sicily: Phoenician, Greek Roman, 151-152 orriak.
  6. Diodoro Sikulo: XIII. 93.
  7. Diodoro Sikulo: XIII. 94
  8. Diodoro Sikulo:  XIII. 95.
  9. FREEMAN, Edward A.: Sicily: Phoenician, Greek Roman, 151-151 orriak.
  10. Diodoro Sikulo: XIII. 108.
  11. CAVEN, Brian:  Dionysius I, 44-45 orriak.
  12. Diodoro Sikulo: XIII. 87. 5
  13. Diodoro Sikulo: XIV. 40
  14. Diodoro Sikulo: XIII. 60
  15. Diodoro Sikulo, XIII. 80).
  16. GOLDSWORTHY, Adrian: The fall of Carthage, 32 orria. ISBN 0-253-33546-9).
  17. MAKROE, Glenn E.: Phoenicians, 84-86 orriak. ISBN 0-520-22614-3
  18. WARRY, John: Warfare in the Classical World, 98-99 orriak. ISBN 1-56619-463-6.
  19. Diodoro Sikulo: X. III. 84.
  20. Diodoro Sikulo: X. IV. 40.
  21. Diodoro Sikulo: XIII. 60.
  22. Diodoro Sikulo: XIII. 80. 4.
  23. WARRY, John: Warfare in the Classical World, 103 orria.
  24. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 172 orria.
  25. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 172-173 orriak.
  26. CAVEN, Brian: Dionysius I, 62 orria.
  27. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 172 orria.
  28. KERN, Paul B., Ancient Siege Warfare, 173 orria.
  29. Diodoro Sikulo: XIII. 109. 4
  30. CAVEN, Brian: Dionysius I, 63-72 orriak.
  31. Diodoro Sikulo: XIII.110.5
  32. Diodoro Sikulo: XIII. 110. 6
  33. Diodoro Sikulo: XIII. 110
  34. CAVEN, Brian: Dionysius I, 63 orria.
  35. Diodoro Sikulo: 13. 111. 1-2
  36. Diodoro Sikulo: 13. 112-113
  37. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 153-54 orriak.
  38. Diodoro Sikulo: XIII. 114

Bibliografia

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0.
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns. Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0.
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage (4th ed.). T. Fisher Unwin.
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily: Phoenician, Greek & Roman (3rd ed.). T. Fisher Unwin.
  • GOLDSWORTHY, Adrian (2007): Roman Warfare. Orion Publishing Group. ISBN 978-0-7538-2258-6.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Publishers. ISBN 0-253-33546-9.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage: A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • WARRY, John (1993) [1980]: Warfare in The Classical World: An Illustrated Encyclopedia of Weapons, Warriors and Warfare in the Ancient Civilisations of Greece and Rome. New York: Barnes & Noble. ISBN 1-56619-463-6.

Kanpo estekak

  • Diodoro Sikulo, BOOTH, G. itzutzailea (1814) Liburu osoa (Googlek eskaneatuta)
  • Artikulu honek jabari publikoko testuak ditu Smith, William, ed. (1870). Dictionary of Greek and Roman Biography and Mythology.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.