Gaztedi Dantzari Taldea
Gaztedi Dantzari Taldea euskal dantzak lantzen dituen talde bat da, Santutxu auzoan dago (Mahatserria, Bilbo, Bizkaia), 1951 urtean sortu zen eta Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetatik beteranoena da. Besteak beste Aita Txanton Goiria eta Txelu Etxebarria izan ziren sortzaileetako batzuk.[1]
Gaztedi Dantzari Taldea | |
---|---|
Datu Orokorrak | |
Barne egitura | |
Sorrera-data | 1951 |
Kide esanguratsuak | Euskal Dantzarien Biltzarra |
Bestelakoak | |
Jasotako sariak | Bilboko Aste Nagusiko pregoilari |
Webgunea | https://www.gaztedi.net |
2018an 35 bat dantzari eta musikari biltzen zituen, baita adin ezberdinetako ehun haur baino gehiago ere. Helduentzako ikastaroak ere eskaintzen zituen, auzoan euskal dantza, folklore eta tradizioarekiko grina zabaltzeko helburuarekin. Euskal Herriko herrialde guztietako dantzak lantzen dituzte, eta urtez urte berritzen dituzte plazan eskaintzen duten dantza-sorta.[2]
Zortzi belaunaldi, zortzi aro bereizten ditu taldeak bere historian zehar.[3][4]
1951-1960: jaiotza eta lehen urratsak
Aita Txanton Goiria karmeldarraren erantzukizunpean, Dindirri dantza talde mitikoaren laguntza teknikoa izan zuen (Txelu Etxebarria izan zen laguntzaileetako bat). Santutxuarrek Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña izenpean egin zuten lehenengo emanaldia, baina bi urte geroago Talde Gazte izena hartu zuen, eta gerora bilakatu zen Gaztedi. izkaiko dantzekin hasi ziren, eta gerora gainerako lurraldeetara jo zuten, han-hemengo dantzak ikastera.[1]
1961-1967: urrezko aroa
Oriako Sorgin Dantza berreskuratu zuen taldeak, ordurako desagertuta zegoena.
Ekitaldi ugari egiten zituen taldeak Donibane Lohitzunen, urte batean bost ekitaldi ezberdin ere. Euskal Herritik kanpo ere ekitaldiak izan zituen: 1963 Normandiatik egindako bira, Parisen 1964an egindako ekitaldia eta 1965ean Oviedoko VII. Nazioarteko Folklore Jaialdian izandako parte-hartzea.
Gaztediko hainbat dantzarik lagundu zuten beste dantza talde batzuk sortzen: Basauriko INDARTSU, Galdakaoko Andra Mari, Bilboko DANOK ALAI eta, geroago, Eubako LAGUNDI, Bilboko URDURI, Zornotzako UDABARRI edo Bilboko GORANTZA taldeak. Gainera; Santutxuko Gau Eskola sortzen ere lagundu zuen.
1968-1980: lehenengo krisialdia eta belaunaldi aldaketa
Garai hartan, zaila izan zen Euskal Herriko egoera politiko eta soziala: ETAren lehen ekintza armatuak, Txabi Etxebarrietaren heriotza, lehenengo salbuespen-egoerak … eta horrek tirabirak sortu zituen taldearen baitan, gazteenen eta nagusienen artean batez ere. Hala, aldi baterako Gorantza taldearekin batu behar izan ziren bien biziraupena bermatu ahal izateko, gerora bakoitzak bere bidea jarraitu zuen arren.[1] Talde askorentzat krisialdi garaia izan zen hura, ordutik aurrera kezka politiko eta abertzaleak kaleratzeko bide ezberdinak izango baitziren aukeran, ordura arte dantza taldeek betetzen zituztenak. Geroago trantsizioaren urteak garai oso onak izan ziren Gaztedirentzat; dantzak Euskal Herria goraipatzeko sinbolo gisa balio baitzuen, are gehiago ikurrinaren garrantzia kontuan hartuta. Garai hartan, ekitaldi asko eskaini ziren, jai herrikoien berreskuratzearen ondorio gisa batez ere.
Garai hartan, bestalde, karmeldarrekiko lotura eten eta modu autonomoan jarduten hasi zen Gaztedi. Trantsizioko urteen etorrerak egoera onbideratu zuen, Francoren diktadurapean euskal kulturaren edota ikurrina bezalako sinboloen gain zegoen jazarpena malgutu zelarik eta jai herrikoiak berreskuratzeak hainbat ekitaldi egiteko aukera ekarri zuelarik.[1] Santutxuko bizitza kulturalean ekarpen adierazgarriak egin zituen taldeak auzoaren urratsei segika: jai eta inauteri herrikoiak berreskuratzea, Santutxuko Kultur Astea sortzea, Santutxu aldizkaria argitaratzea, dantza ikastaro herrikoien sorrera, Sama siku konpartsaren eraketa (geroago fanfarrea bilakatu zena), lehenengo Korrikan parte hartzea, etabar.
1981-1991: bigarren krisialdi osteko berpiztea
1980tik aurrera nabarmen moteldu ziren zaletasuna eta ekitaldien kopurua. Dantzarien kopurua asko jaitsi zen 1985an ez zen mutilik geratzen. Beste taldeetan egoera antzekoa izan zen, Dindirri talde historikoa 1982an desagertu zen, esaterako. Egoera horretan alde musikala landu zen arrakastaz: trikitixa, Bizkaiko dultzaina, alboka, Nafarroako gaita edo txalaparta sartu ziren. Auzoko bizitza animatu zuten sarritan gaita edo trikitixaz, eta Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Santiago plazako erromeriatan ematen ziren ekitaldiak.
1986an hasi zen egoera hobetzen, taldeko beterano batzuk itzuli ziren, gazteenekin batera lanean jarduteko. Horrela 1990ean eta 1991ean Bilboko Inauterietan “Kabalkada” handi bat kaleratu zuten Luzaideko ihauteriko dantzekin.
Garai hura 1991 urtean amaitu zen, 40. urteurreneko ospakizunean belaunaldi guztiak bildu ziren Santutxuko Berrio-Otxoako polikiroldegian.
1992-2001: garai berriak, erronka berriak
Bi urteko lanari esker, Zuberoako Maskarada osoa plazaratzea lortu zuten 1994 urtean. Euskal Herriko hainbat lekutara eraman zuten eta Bilboko 1994ko Aste Nagusian ere bai. TXARANGA GAZTEDI jendetsuka erromeria eta jai herrikoi asko alaitu zituen.
1997an Portugalgo Cartaxon-en eta Errumanian dantzatu zuen taldeak. Geroago, 2000. urtean Gaztedik eta Euskeria abesbatzak elkarrekin aritu ziren, Bilboko inauterietan, Santutxun, Diman eta Etxebarrin. Bilboko 700. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu zuen Bizkai Elkarteko Sabin Egigurenek gonbidatuta.
Eta, azkenik, 2001 ean 50. urteurrenean Euskalduna Jauregian Zazpiak bat besarka ikuskizuna eskaini zuen, zazpi herrialdeetako dantza taldeen partaidetzarekin, eta Arriaga Antzokian Eusko Ederti, belaunaldiz belaunaldi ikuskizuna, belaunaldi guztietako dantzari eta musikarien partaidetzarekin. Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsek omenaldia egin zioten taldeari eta Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izendatu zuten. Korrika 12n lekukoa eraman zuten berriz ere.
2002-2006: lokalarekin urte latzak
Sorgintxulo gaztetxea itxi nahi zela eta, lokalik gabe geratu zen gaztedi taldea. Bi hiru urtez nekez egin zuten aurrera baina. Baigorriko Arrola dantza taldeari bisita egin zioten bere 60. urteurrenean. Bilboko Gaiteroak eta Mairuek erraldoien konpartsarekin 2004ko uztailean Herri oboeak, Nazioarteko I. jaialdia. Kataluniako Vilanova i la Geltrú herriko dantza taldearekin elkartruke bat burutu zen, baita Errioxako Villamediana de Ireguako talde batekin.
Valladolideko jaietan parte hartu zuten 2003ko irailean, baita Campo de Montiel Folklore Jaialdian ere, Villanueva de los Infantes herrian (Ciudad Real) 2004eko irailean. 2005ean Galiziara egindako bidaian Galiziako Telebistako “Luar” programan agertu ziren.
2004an Urdiñarbeko dantzariak izan ziren Santutxuko Jaietan. 2006an 55etik gora bikote bilduko ziren kabalkada handi batean; Santutxun lehendabizi, eta Bilboko Zazpikaleetan ondoren.
2007-2012: XXI. mendearekin batera hasiz
2007. urtean Salamancako Guijuelo-n hasita hainbat ekitaldi eta bidaia izan zire. Geroago 2010. urtean Galiziara itzuli ziren, Rebulir jaialdira. Ramirás eskualdeko lagunak Santutxuko Jaietan aritu ziren hurrengo urtean.
2010.ean Euskeria Abesbatzarekin ibili ziren han eta hemen.
60. urteurrenean “Mirentriska” izeneko dantza-antzerkian ehundik gora haurrek parte hartu zuten Berriotxoa ikastetxeko kiroldegian. Korrikan lekukoa hartu zuten Santutxun,. Bilboko Kalealdia antzerki eta kaleko arteen Jaialdian anfitrioia izan zen Gaztedi. Pragako Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartu zuten geroago eta bukatzeko “Eusko Ederti” jaialdia Arriaga antzokia.
2013- ... : iragana gogoan, etorkizuna eskutan
2016an ospatu zen 65. urteurrena ospatzeko taldea osatzen zuten zortzi belaunaldiek Bilboko hainbat plaza dantzaz koloreztatu zuten. Isozaki dorreen parean, Guggenheim museoan, Euskadi plazan eta Bilboko parkeko pergolan alegia, azken horretan dantzari guztiek batera dantzatu zutela. [5]
Landutako dantzak
Euskal Herriko zazpi lurraldetakoak diren honako 35 dantza landu eta plazaratu ditu Gaztedi taldeak:
Bizkaikoak (9)
- Lanestosako Arku Dantza
- Dantzari Dantza
- Soka Dantza
- Lekeitioko Andrazkoen Aurreskua
- Arratiako Jota
- Xemeingo Ezpata Dantza
- Bizkaiko Arku Dantza eta Zinta Dantza
- Kaixarranka
- Gorulariak
Arabakoak (3)
- Txulalai
- Eltziegoko Dantzak
- Guardiako Jota
Gipuzkokoak (4)
- Gipuzkoako dantzak
- Ibarzabalgo Arku Dantza
- Lasarte-Oriako Sorgin Dantza (kapirote-dantza da, Gaztedik 1964an berreskuratu zuen taldeak, ordurako desagertuta baitzegoen)
- Bateleren Dantza
Nafarroakoak (12)
- San Petrike dantza (Xanpetrike)
- Baztango Zortzikoa
- Sagar Dantza
- Olagueko Esku Dantza
- Zartain Dantza
- Lesakako Ezpata Dantza
- Jaurrieta (Jaurrietako Axuri beltza)
- Larraindantza
- Iribaseko Ingurutxua
- Kortesko Dantza
- Otxagabiako Dantzak
Lapurdikoak (5)
- Kaskarot
- Buhameen Dantza
- Zazpi Jauzi
- Jauziak
- Zapatagin Dantza (errementari dantza)
Nafarroa Beherekoak (1)
Zuberoakoak (1)
Sariak
- 2001: Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen Aitziber Irurtia, Gaztedi Dantza Taldearen izenean taldearen 50. urteurrenean.
Erreferentziak
- Txintxurreta Agirregabiria, Maite. (2022-06-16). «Gaztedi beti gazte, 70 urte beteta ere - Santutxu» Uriola.eus (URIOLA) (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- Taldea | Gaztedi Dantzari Taldea. (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- Historia | Gaztedi Dantzari Taldea. (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- «Euskal Dantzarien Biltzarra : Gaztedi Dantzari taldea (Bilbo)» Euskal Dantzarien Biltzarra (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- «Euskal Dantzarien Biltzarra : GAZTEDI DANTZARI TALDEAREN 65. URTEURRENA» Euskal Dantzarien Biltzarra (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
Ikus, gainera
- Zerrenda:Frankismo garaian Bizkaian sortutako dantza taldeak
Kanpo estekak
- Webgune ofiziala
- Gaztedi Dantza Taldea (Bideoak) Vmeo
- Gaztedi Dantzari Taldea (@gaztedi) | Twitter