Gazte asanblada
Gazte asanblada gazteek antolatutako kolektibo mota bat da. Oso kontzeptu zabala da eta bere barnean euren artean nahiko ezberdinak diren taldeak sartzen ohi dira. Asanblearismoan oinarritzen dute haien barne funtzionamendua eta autogestioan haien kudeaketa.
Gazte kolektibo hauen helburu nagusiak, gazte problematikaren orokortasunaren baitan kokatzen dira. Hortaz, hauen lan eremua, gazteek kolektibo gisa dituzten arazoen zerrenda bezain zabala izan daiteke:kultura eta aisialdi alternatiboak sortzea, etxebizitza eskubidea borrokatzea, prekarietatea salatzea, hizkuntz eskubideak... Gazteriak bizi duen egoeraren salaketarekin batera, honen aldaketarako alternatibak landu ohi dituzte Asanblada hauek. Alternatibotasun hau, ia beti, sistema ezarriaren aurkako jarrera bilakatzen da; honek dauzkan osagai guztiak barne direlarik (kapitalismoa, matxismoa, espekulazioa, ustelkeria...). Sistemarekiko aurkakotasun honek erakunde publikoekiko etsaitasun bat dakar orokorrean, batez ere herri ertain edo handietan eta hirietan.
Udalaren aurkari zuzena izateak ez ohi du herriko kolektibo batzuei banatutako lokala jasotzeko eskubiderik izaten (esan beharra dago kasu askotan Gazte Asanbladak berak ukatu egiten duela udalaren laguntza). Arrazoi hau autogestioak dakarren ez-aberastasuna eta espekulazioaren kontrako borrokarekin batera okupazioranzko bidea izaten ohi da. Ez etxebizitza okupatu moduan baizik eta Gaztetxe moduan.
Kasu gehienetan, Gazte asanblada eta Gaztetxea guztiz lotuta egoten dira. Lehenengoa izanik bigarrenaren kudeatzailea eta dinamizatzailea. Beste kasu batzuetan aldiz, okupazioaren ostean banatu egiten dira biak Gazte Asanblada Gaztetxean parte hartzen duten kolektiboetariko bat izateko, honen kudeaketa talde berri baten esku utziz (Itzubaltzeta Gaztetxea kasu). Kasu gutxi batzuetan, ordea, okupazioa ez dator Gazte Asanbladaren eskutik.
Azken hau Gazte Asanbladen arteko ezberdintasunaren adierazgarri da. Askotan esaten duten moduan: Gazte Asanblada bakoitza mundu bat da. Egia esateko, gai berdinei buruz oso jarrera ezberdinak eduki ditzateke.
Maila ezberdinetan koordinaturik egon ohi dira Gazte Asanbladak Gaztetxeekin batera, betiere funtsezko osagaiak eurak (eta ez koordinadorak) direla jakinik:
Euskal Herri mailan Euskal Herriko gazte asanblada eta gaztetxeen koordinadora.
Eskualdeka ere badaude zenbait koordinadora
- Bilboko Okupazio Mugimendua. Bilbo hirian
- Ezkerraldeako koordinadora. Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo.
- Uribe Kostako koordinadora. Bilboko itsasadarraren eskumaldea eta Uribe Kosta.
- Debagoiena bailarakoa.
- Iruñerriko gazte asanbladen koordinadora (I.G.A.).
- Durangaldea eta Lemoako koordinadora
- Goierriko Gazte Asanblada.
Ikus, gainera
- Asanblearismoa
- Autogestioa
- Gaztetxea
- Okupazioa
- Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladak