Gatazka
Arrazoiak
Gatazka baten aurrean gaudenean, beharrezkoa da, lehenbizi, arazoa dagoela onartzea, eta ondoren, identifikatzea. Identifikazio-prozesu horretan, lehenik, gatazka zergatik sortu den aztertuko da.
Gatazkak era askotakoak izan ohi dira, baina bi multzo nagusitan bana daitezke: alde batetik, pertsona baten baitakoak, eta bestetik, pertsonen edo taldeen artekoak.
Pertsona baten baitakoak:
- Pertsona batek, aldi berean, erakargarriak zaizkion bi gauza edo gehiagoren artean aukeratu behar izatea.
- Pertsona batek, aldi berean, gustuko ez dituen bi gauza edo gehiagoren artean aukeratu behar izatea.
- Pertsona batek, aldi berean, erakargarri zaion eta gorroto dion egoerari aurre egin behar izatea.
- Pertsona batek, aldi berean, gustuko bi helburu baditu, eta helburu horietako bakoitzak alderdi txarrak zein onak baditu, bata edo bestea aukeratu behar izatea.
Pertsonen edo taldeen artekoak
- Pertsona bakoitzak egin behar duen lana ondo definituta ez egotea.
- Egoera baten aurrean interes kontrajarriak azaltzea.
- Era askotako iritziak edo balioak egotea.
- Lehia pertsonalak edo lanbide-norgehiagokak azaltzea.
Faktore erabakitzaileak
Gatazkak hedatzen edo murrizten dituzten faktoreak hauek dira:
- Aldeen arteko harremana: Enpresaren eta langileen arteko harremanetan tentsio-egoerak badira, gatazkak erragago sortzen dira.
- Taldearen tamaina: Taldea zenbat eta handiagoa ezan, orduan eta iritzi gehiago eta interes pertsonal handiagoak izaten dira, eta beraz, gatazka konplexuagoa izaten da.
- Taldearen kohesioa: Kohesio txikiko taldeetan helburuetan, beraien artean bat etortzen ez direnez, arazoak dituzte barne-akordioetara iristeko.
- Buruzagitzarik eza: Gatazka batean aldeetako batek buruzagitza garbirik ez badu (inork ez du taldea gidatu nahi), arazoak areagotu egiten dira.
- Denbora: Denbora izanez gero, arazoaren jatorria aztertu eta irtenbideak errazago aurkitzen dira.
- Denbora izanez gero, arazoaren jatorria aztertu eta irtenbideak errazago aurkitzen dira.
- Arazoaren konplexutasuna: Arazo batek era askotako alderdiak dituenean (ekonimikoak, pertsonalak, lan-postukoak...), zailagoa izaten da konpontzea alderdi bakarra duenean baino.
- Eskarmentua: Taldeetan arazoak gainditzen eskarmentua badago, arazo berriei errazago egiten zaie aurre.
- Arriskuak: Irtenbide bakoitzak dituen arriskuak aztertu behar dira, zeren eta arriskuek balantza alde batera edo bestera desorekatu baitezakete.
- Presioak: Gatazkari irtenbidea aurkitzeko, bi aldeak presiopean egon daitezke, hala nola norberaren balioen, iritzien, gizartearen eta familiaren presiopean.