Gasteizko gudua

Gasteizko gudua Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatu zen gudua izan zen, 1813ko ekainaren 21ean Gasteizen (Araba) egina. Bertan, Wellingtongo markesak zuzendutako armada aliatuaren garaipenak Iberiar penintsulatik bota zuen Frantziako Armada.

Gasteizko gudua
Iberiar Penintsulako Gerra
Gudua omentzeko estatua, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan
Data1813ko ekainaren 21a
LekuaGasteiz  Araba
Koordenatuak42°51′00″N 2°41′00″W
EmaitzaAliatuen garaipena
Gudulariak
Bandera de Francia. Frantziako Lehen Inperioa Erresuma Batua
Portugalgo erresuma
Espainiako erresuma
Buruzagiak
Jean-Baptiste Jourdan
Joseph Bonaparte
Wellingtongo markesa
Miguel Ricardo Alaba
Indarra
64.600 soldadu
153 kanoi
78.000 soldadu
96 kanoi
57,000 Britaniar
16,000 Portugaldar
8,000 Espainiar
Galerak
15.300 hildako eta zauritu
2.000 preso
152 kanoi
4.500 hildako

Porrotaren ondorioz, Napoleon Bonapartek Fernando VII.a Espainiakoari koroa itzuli zion.

Aurrekariak

Arapilesko guduan menderatuak izan ondoren, Napoleonen armadak ezin zuen armada aliatua geldiarazi eta 1812ko uztailean Madril hustu egin behar izan zuen. Hurrengo hilabetean, Wellington Espainiako hiriburuan sartu eta kontrola mantentzeko dibisio batzuk utzi eta gero iparralderantz jo zuen Burgos setiatuz. Hala ere, frantziarrek eutsi eta setioa urriaren 21ean utzi zuen.[1]

Aliatuek Madril utzi eta hasieran Salamancara eta gero Ciudad Rodrigora joan ziren negua pasatzeko. Bitartean, Espainiako kanpainan gorriak ikusi ondoren, egoera txarrean zegoen frantziar armadak are gehiago murriztu zuen enperadoreak Errusian galdutako gudarosteak ordezkatzeko zenbait dibisoi mugitu zituztelako.

Udaberrian, Wellingtonek ipar-mendebalderantz jo zuen, ezkerreko hegalean Giron zuzendutako Galiziako armada espainiarra izanik.

Wellington 1813ko maiatzaren 20an Esla ibaiaren haranera heldu zen.[2] Horrek frantziarrak kezkatu zituen, eta Jean-Baptiste Jourdan mariskalak Duero eta Tajo ibaien arteko eskualdean zituen 58.000 soldadu kendu eta Burgosera eraman zituen, Frantziako hegoaldearekin komunikazioa segurtatzeko.

Armada aliatuak orduan martxan ipini zen Jourdanen ihesbidea mozteko. Honek Joseph Bonaparteren gortea Espainiatik salboz ateratzeko planak jadanik eginak zituen.

Josef I.a Espainiakoak, Madril utzi zuenean, Ebroko lerroa sendotzea pentsatu zuen, kuartel nagusia Miranda Ebron kokatuta. Baina Wellingtonek ekainaren 14 eta 15ean Polientes, San Martín de Lines eta Puente-Arenastik Ebro zeharkatu zuela jakin zuenean, Bonaparte arin joan zen Mirandara Wellington Gasteiz aldera joanez.

Armada inperialaren hedatzea

Armée du Midi izeneko frantziar armada osatzen zuen lehendabiziko lerroa Jundiz mendatea eta Subilla Gasteiz artean zegoen, aitzinean Zadorra (ibaiaren harana eta Argantzongo haitzartea babesteko kokaguneak izanik. Bigarren lerroan Armée du Centre izeneko armada zegoen, Jean-Baptiste Drouet Erlongo kondeak zuzenduta. Hau errege-bidea eta Gometxa artean zegoen.

Lerro biek mendebalderantz bira egiten zuten, Bonapartek erasoaldia norabide hartatik etorriko zitzaiola pentsatzen zuelako. Errege-guardia eta zalditeria gehiena erreserban zituen, Gasteiztik mendebalderantz, Zuhatzu parean. Reillek zuzendutako Armée du Portugal izeneko armada gudu-zelaiaren iparraldean, Zadorra ibaian eta Arriaga eta Durana artean zegoen, ibaiaren pasabidea babestuz eta iparraldeko ertzean dauden Abetxuku, Gamarra eta Gamarragutxia okupatuz.

Frantses armada esaten bazaio ere, bertan baziren ere 2.066 alemaniar eta 1.349 italiar.[3] Guztira 58.000 soldadu eta 153 kanoi zituen.

Armada aliatuaren hedatzea

Wellingtonek zuzendutako armada, anglo-portugaldar armadaz eta Giron jeneralak zuzendutako espainiar 4. armadaz osatuta, lau zutabetan banatu zen, bakoitzak armada inperialaren giltzazko kokagune bana erasotzeko agindua zuena.[2]

Hillek zuzendutako eskuinaldeko zutabeak, anglo-portugaldar 2. dibisioa, Morillok zuzendutako espainiar 1. dibisioa, Silveirak zuzendutako portugaldarra eta Alten eta Faneren zalditeriak osatuta, Zadorra Argantzondik zeharkatu behar zuen muinoetan zeuden frantziar kokaguneak erasotzeko eta Subilla Gasteiz hartzeko.

Wellingtonek berak 30.000 lagunek osaturiko erdiguneko bi zutabeak zuzendu zituen. Erdiguneko zutabea dibisio arina eta 4. dibisioa eta Robert Hill, Grant eta Ponsonbyk zuzendutako britainiar eta D'urbanek zuzendutako portugaldar zalditeria-brigadek osatzen zuten. Bere helburua, Hillek Argantzongo muinoak hartzen zuen bitartean Langraizen itxaron, eta gero, Zadorra zeharkatuz, armada inperialaren erdigunea erasotzea zen. Erdi-ezkerraldean zegoen zutabea 3. eta 7. dibisioek osatzen zuten eta helburua iparraldeago Zadorra pasatzea eta frantziarren erretagoardia erasotzea zuen.

Sir Thomas Grahamek zuzendutako laugarren zutabea britainiar 1. eta 5. dibisio, Longak zuzendutako espainiar 6. dibisio, Pack eta Bradfordek zuzendutako portugaldar brigada, Ansonek zuzendutako dragoi arinak eta Bockek zuzendutako dragoi astunek osatzen zuten. Helburua ipar-ekialdetik joatea eta Baionara zihoan errege-bidean frantziarren atzera-egitea saihestea zen, Gamarran eta Gamarragutxian zegoen frantziar lerroaren eskuinaldeko muturra erasoz.

Guztira 78.000 soldadu eta 96 kanoi zituen.

Gudua

Gasteizko gudua irudikatzen duen grabatua.

Ekainaren 21eko goizeko 08:30tan, Hillen gudarosteek Argantzongo muinoak eraso zituzten. Erasotzeko lehendabizikoak Morillo jeneralak zuzendutako espainiar 1. dibisioa izan zen, Morillo bera zauritua izanik.

Anglo-portugaldar 2. dibisioa espainiarrarekin bat egin zuenean frantziarrak mendean hartu zituzten. Aurrera egin eta britainiarrek Subilla Gasteiz hartu zuten.[4] Hala ere, ezin aurrerago joan Conrouxek zuzendutako Armée du Midiren 4. dibisioiaren defentsa gogorra zelako.

Grahamen zutabeak Reillek zuzendutako eskuinaldeko Napoleonen armadaren hegala, non Armée du Portugal armada zegoen. Longak zuzendutako espainiar 6. dibisioak Gamarragutxia hartu eta Duranarantz jo zuen, bertan errege-bidea mozteko. Anglo-portugaldar 5. dibisioak Gamarra konkistatu zuen.[5]

Gogor borrokatu ondoren, Thomas Pictonek zuzendutako 3. dibisioak armada inperialaren erdigunea eraso eta mendean hartu zuen.[6] Frantziarrek errenditu eta iparralderantz jo zuten 8.000 erori eta zauritu eta 2.000 preso utziz. Gainera zituzten 153 kanoietatik 152 galdu zituzten. Aliatuek, berriz, 4.500 erori izan zituzten.

Joseph Bonaparteek, britainiar husar errejimendu batek bere berlina eraso zuenean, zaldi bat hartu eta ihes egin behar izan zuen arpilatutako altxorra atzera utziz.

Behin garaipena lortuta, Alaba jeneralak britainiar-zalditeriaren unitate hartu eta Gasteizen sartu zen. Horrela, garaileen arpilatzea saihestu zuen, beste hainbat lekutan egin ez zena. Berehala Álava jeneralak Gasteizko ateak itxiarazi zituen, britainiar-portuges tropak hiribildura sartu eta arpilatu ez zezaten. Hauxe adierazi zien gasteiztarrei:


« Kasu, hauek joan direnak baino okerragoak dira eta!  »

Miguel Ricardo Alaba


Gero, berriz, San Martzialgo gudua eta gero, inork ez zuen horrelakorik egin eta garaileek Donostia erre zuten. Milaka soldadu aliatuek frantziarrek ihesean utzitako ospilaren bila lortzeari ekin zioten: urrea, zilarra, bitxiak, setak, jantziak eta abar. Horretarako frantziarren jazarpena bertan bera utzi zuten, Wellingtonen atsekaberako. Honek hauxe idatzi zuen:[7]


« Britainiar soldadua Lurreko zaborra da, zurrutada baten truke izena ematen du.[oh 1]  »


Aliatuen lerroen diziplina eza honek, nahiz eta hainbat erori izan, frantziarrei ihes egiteko aukera eman zien, beste guduetan borrokatzeko aukera alegia.[8]

Garaipenaren berriak indarberritu zituen prusiar eta errusiar armadak, oraindik Lützen eta Bautzenen izandako porrotak gertuak zituztenak. Austriar Inperioa, Napoleonen aurkako koalizioan sartzeko dudatan zegoena, berriro sartu zen gudan.

Gasteiztik aliatuak berrantolatu eta Gasteiz eta Iruñea hartzera joan ziren, abenduan Ipar Euskal Herrira ailegatuz.

Bitxikeriak

Erreferentziak

  1. Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book. Greenhill ISBN 1-85367-276-9..
  2. Gates, David. (2002). The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War. Pimlico ISBN 0712697306..
  3. (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2012). Donostia 1813. Txertoa, 126 or. ISBN 978-84-7148-533-5..
  4. Idazle, asko. (1963). Conmemoración de la batalla de Vitoria en su 150 aniversario. .
  5. Martín Mas, Miguel Ángel. «Vitoria 1813» Soldados y Estrategia (25).
  6. Larreina, Emilio. (2009). «La Batalla de Vitoria 1813. El fin de la aventura» Guerreros y Batallas (50).
  7. Wellingtongo dukea, Arthur Wellesley,. (1838). The dispatches of Field Marshall the Duke of Wellington : during his various campaigns in India, Denmark, Portugal, Spain, the Low Countries, and France, from 1799 to 1818. X John Murray.
  8. Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin ISBN 0-141-39041-7..
  9. Rosen, C. (1971). The Classical Style. Faber & Faber, 401 or..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  1. Jatorriz, ingelesez: "The British soldier is the scum of the earth, enlisted for drink".
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.