Gasteizko erliebea

Ikuspuntu orografikotik, Gasteizko udalerria Arabako Lautadaren erliebe lauaren isla da: bere lurraldearen zatirik handienak itsas mailatik 500 eta 600 metro artean dagoen sakonune bat betetzen du. Leku honetan Gasteizko hirigunea eta bere inguruko nekazaritza lurrak daude. Udalerriaren gutxieneko garaiera Zadorra ibaiaren ibilguan dago, Tresponde inguruan (495 m).

Gasteizko erliebearen ikuspegi orokorra

Lautadan barrena sakabanaturik, eskualdea estaltzen zituzten geruza geologikoak higatu ondoren lekuko gisa geratu diren muinoak daude. Hain zuzen, egitura geologiko hauei muino lekuko deritze. Horren adibide dira Gasteizko Erdi Aroko hiria bera kokatuta dagoen mendixka, Eztarroa, Olarizu, Estibalitz eta Jundiz.

Ordoki hau mendigunez inguraturik dago. Udalerriaren ipar-mendebaldean Badaia eta Arrato mendilerroak daude, eta hegoaldean Gasteiz mendiak. Mendien koroa honetan udalerriko punturik garaiena dago, Gasteiz mendien erdian hain zuzen: Pagogan (1.029 m).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.