Gasteizko forua
Gasteizko forua Nafarroako Antso VI.a Jakituna erregeak esleitutako araubidea da, segur aski 1181. urtekoa (irailean). Gasteizko forua hiri gutunaren bidez eman zitzaion hirigune sortu berriari, lehenago Gastehiz deitutako herrigunean, muino baten gainean, orduz geroztik Nova Victoria deitua (Araban). Gasteizko forua Logroñoko foruan oinarritzen da (aldi berean Jakako foruan oinarritua), errege nafarrak aipatzen duen bezala.
Hala ere, berregituratzen du Logroñoko forua. Berrikuntzen artean, Tomas Urzainkik aipatzen du ordu arte Gasteizen bizi ziren landatarrei zegozkiela Nova Victoria berriko lurren erdia. Haiek eutsi egingo zieten ordu arte zerabiltzaten lan-jarduerei, eta beste erdia, berriz, frankoei (okzitaniar kolonizatzaileak). Azken horiek bere jurisdikziorako alkatea aukera zezaketen, baita kargugabetu ere hala iritzi ziotenean. Bestalde, Nova Victoriako elizek ez zuten hamarrenaren laurden bat apezpikuari eman behar, beren lurrak errege lursailetan kokatzen baitziren.
Aldi berean, nafar erregeak Donostiari esleitu zion forua. Gasteizko forua Araba eta Gipuzkoa barrualdeko beste hainbat herrirentzako oinarri bihurtu zen, hala nola 1256. urtean Alfontso X.ak esleitutakoak: Kontrasta, Agurain (Salvaterra bihurtua), Segura, Ordizia (Villafranca bihurtua), eta Tolosa.[1] Gasteizkoaren zordun dira ere Urduña (1229), Artziniega, Done Bikendi Haranakoa (1326), Arrasate (1260), Antzuola (1268), Azkoitia (1339, Arrasatekoari lotuz), Deba (1268), Elgeta (1335, edo 1338), Elgoibar (1346, Arrasatekoari lotuz) eta Zestoako forua (1383, Azkoitikoari lotuz), besteak beste.[2] 1199-1200eko gaztelar inbasioaren ondoren, Alfontso VIII.ak berretsi egin zion Gasteizi ordu arteko forua ia berehala eta, hartara, bertako herritarrak lasaitu.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) GONZÁLEZ MÍNGUEZ, César. (2006-06-23). «El fuero de Salvatierra (1256)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
- Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 232-241. or.
Bibliografia
- Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela ISBN 84-7861-284-1..
Artikulu hau zuzenbideari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |