Arabako Arte Ederretako Museoa
Arabako Arte Ederretako Museoa Gasteizen dagoen arte ederretako museoa da. Senda ibilbidean dago, Frai Frantzisko pasealekuko 8. zenbakian. 5.400 metro koadroko orube batean dago, 1912an eraikitako Augustin jauregian.
Arabako Arte Ederretako Museoa | |
---|---|
Arabako Arte Ederretako Museoa, Gasteiz Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Gasteiz |
Arkitektura | |
Deskribapena | |
Irekitze data | 1912 |
Webgunea |
Garai ezberdinetako margoak eta eskulturak biltzen ditu, esanguratsuenak Espainiako eta Euskal Herriko margo kostunbristak eta inpresionistak direlarik.
Bertan aurki daitezkeen euskal herritar margolaririk esanguratsuenak, besteak beste, honakoak dira: Fernando Amarika, Aurelio Arteta, Francisco Iturrino, Elias Salaberria, Juan Etxebarria, Dario Regoyos, Valentin eta Ramon Zubiaurre anaiak, Ignacio Zuloaga, Gustavo de Maeztu eta Pablo Uranga.
1986ko zaharberritzeak jauregiari jatorrizko itxura bueltatu zion.
2000. urtean eraberritze lanak egin ziren eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.
Sarrera doakoa da.
Historia
Augustin-Zulueta jauregia
1912an Elvira Zulueta eta Ricardo Augustinek osatutako bikoteak Fray Frantzisko pasealekuan beraien etxebizitzaren eraikitzen hasi ziren, gaur egun Augustin/Zulueta jauregia moduan ezagutzen duguna. Elvira, Julian Zuluetaren alaba, gasteizko familia aberats batekoa zen eta 1905ean Ricardo Agustin abokatu madrildarrarekin ezkondu ondoren Senda ibilbidea izenarekin ezaguna den gasteizko zabalguneko alderdi noblean jauregitxo bat eraikitzea erabakitzen dute.
Eraikuntzaren zuzendaritzaren ardura Julian Apraiz eta Javier de Luque arkitektoei eman zitzaien, garaian hirian zeuden profesionalik errekonozituenak, izan ere, 1906an Katedral Berria eraikitzeko lanen lehiaketa irabazi zuten.
Elementu apaingarri barroko, erromaniko eta baita neoeuskaldunak dituen eraikuntza bat da honakoa. Oinplanoa karratua duen sarrera handi baten inguruan dago antolatua eta sotoa, behe solairua eta bi solairuetan banatuta dago. Fatxadak Fontechako hareharriaz eginak daude eta barrualdean aipagarriak dira ebanisteriaz eginiko lanak, Gasteizen oso errotua dagoen tradizioa izanik bestalde. Gaur egun horren ondo kontserbatzen diren kapera eta baita sarrera ere Ibargoitia Etxean eginak izan ziren eta jatorrizko beirateak ere Maumejean Etxeak egin zituen.
Eraikuntza lanak oso konplexuak izan ziren, 1916ean amaitu zirelarik, nahiz eta oraindik zehaztasun batzuk falta bikotea urte bereko udan jarri zen bertan bizitzen. Hala ere, 1917ko irailean Elvira bat/batean hilko da eta Ricardo Agustin hiria uzten joango da pixkanaka, jauregia hutsik gelditzen hasiko delarik denboraldi luzez. Bikoteak ondorengoak izan ez zituenez, eta Elvira Zuluetaren borondatearen arabera, ondasunak elizaren eskuetara igaro behar ziren. 1924an elizbarrutiarekin akordio ekonomiko batera iristen da eta Agustin diruaren zati batekin eta jauregiaren jabetzarekin geldituko da eta elizbarrutia elizbarrutiaren apaiztegiaren eraikuntzarekin geldituko da.Eskertza gisara Augustinek 20. hamarkadaren erdialdean Davilako Kondearen pontifize titulua emango diote. Kondeak probintziari lotua jarraituko du bere heriotzara arte 1965ean eta bere emaztearekin batera ehortzia dago elizbarrutiaren apaiztegian.
Museoa eta bildumak
Sakabanatua zegoen Arabako ondare guztia batuko zuen museo bat sortzeko ideia zaharra zen. Dagoeneko, 1792an Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Gasteizko Agirre eliz-apaiztegi zaharrean liburutegi bat, txanpondegi bat eta hilarri erromatarren bilduma bat gordetzen zituen; 1844an Gobernadore zibilak Foru Aldundiaren egoitzako areto batean “koadroen galeria” bat ezarri zuen. XIX. mende amaieran , Federico Baraibarrek gehienbat hondakin arkeologikoez osaturiko “Museo hasiberria” deitu zuena elkartu zuen Bigarren Irakaskuntzako Institutuan, gaur egungo Eusko Legebiltzarra. Modu berean, Gasteizko Elizbarrutiko apezpikuak apaiztegian arriskuan zeudela iruditu zitzaion hainbat pieza bildu zituen; bestetik Arte eta lanbideen Eskolak artista arabarren lanez osaturiko areto batzuk zituen.
Urteetan zehar, hiriko kazetari hainbat artikuluetan museo bat sortzearen beharraz mintzatu ziren, eta hori 1940an sortuko den Foru Aldundiko Kontseilu Kulturalean islatuko da. Honen helburu nagusietako bat Probintziako Museo, Liburutegi eta Artxiboen sorrera eta funtzionamendua izango da.Lehen pausua 1941ean eman zen Augustin-Zulueta jauregiaren erosketarekin, honek probintziako arte ederren eta arkeologia bildumak, Liburutegia, eta Artxiboa hartuko dituelarik Araba Etxea izenpean. Museo gisara arte erlijiosoarentzat Gasteizko elizbarrutiko, Prado museoako eta Espainiako arkeologia museo nazionaleko deposituak jaso zituen. Bertako margoentzat Arte eta lanbidearen Eskolakoak eta partikular batzuen deposituak ere jaso zituen. Guzti honen bidez museoa forma hartzen joango da eta honekin batera bere bilduma desberdinak handituz joango dira zabalpen eta egoitza berrien bilaketaren beharra ekarriko dutelarik, arkeologia eta armen museoaren kasuan gertatu zen moduan.
Arabako Arte Ederren Museoaren historiako gertakari garrantzitsu bat Fernando de Amáricaren lanak erakutsi ahal izateko D.Vidal eta D.Fernando de Amáricaren fundazioarekin eginiko hitzarmena izango da. Hitzarmen horren ondorioz 1965ean Jesus Guineak, probintziako arkitektua, eginiko pabilioi bat atxikiko da atzealdean, orduztik eta gaur egun arte areto iraunkor bat izanik artista honen artelanentzako.
1975a data garrntzitsua da, izan ere, arte garaikidearen bilduma modu sistematikoan hasiko da, datorren hamarkadetan osatzen joango delarik estatu espainiarreko multzo osatuen eta zentzuzkoenetarikoa osatuz. Garai berean, museo honetako beste artelanen multzoa, euskal artearena, parean dagoen jauregira lekualdatuko da, Ajuria Eneara, baina donbora laburrez, 1978tik 1980ra arte egongo delarik bertan. Azken urte horretan Lehendakariaren egoitza ofiziala bihurtzea erabaki zen eta funtsak berriro probintzia museora itzuli ziren. Ibilbide honetan zehar, garrantzizkoa izango den beste data bat 1986. urtea izango da. Urte honetan Arabako Foru Aldundiak Felix Alfaro Fournier Gasteizko karta enpresaren karta bilduma garrantzitsu bat eskuratuko du. Bilduma hau probintzia museoan egongo da 1994ean Bendaña jauregira lekualdatuko duten arte, hau Arabako Fournier Karten Museoa bilakatuko delarik Bibat museo multzoen barnean gaur egun arte.
Hortaz, 1999ra arte XIII. mendetik gaur egun arteko funtsak bildu dira, numismatikari eskeinitako atal bat eta aire libreko eskultura garaikideen museo bat barne.
Milurtekoa amaitzear zegoela, arte klasikoen funtsa, jatorriz Gasteizko elizbarrutiarena, museotik atera zen eta Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa osatu zuten. Ondoren, 2002an eta proiektu arkitektoniko ezberdinen ondoren, arte garaikidearen funtsak Artiumera, Arte Garaikidearen Euskal zentro-museoa, pasa ziren.
Gaur egun Arabako Arte Ederren museoa ondorengo atalez osaturiko hiru eremu ezberdinetan banatzen da: Jatorrizko eraikina, Augustin-Zulueta jauregia; 60. hamarkadako zabalpen eremua; eta museoko sarrera kokatzen den eraikin erantsia. Azken esku-hartze hau 1999 eta 2001 bitartean egingo da. Bertan multzo guztia eraberrituko da, oztopo arkitektonikoak ezabatuz eta behar museistiko berrietara egokitu da, sarrera, ibilbide eta bisitariei ematen zaien zerbitzuari begira.
Egungo bilduma
Ibilbidea 1850-1950 urteen arteko euskal arteari eskainitako behe solairuko aretoan hasten da, non Juan Ángel Sáez, Antonio M.ª de Lekuona, Eduardo Zamacois edo José Echenagusia bezalako artista aurreratuetatik hasiz margoaren garapena ikus daiteken. Erakusketak Adolfo Guiard, Darío de Regoyos edo Juan de Echevarría bezalako egileen hizkuntza berritzaileagoetatik jarraitzen du eta Gerra Zibilak eztanda egin aurreko garaiko artista nabarmenena iritsi arte, hala nola, Pablo Uranga, Anselmo Guinea, Julian Tellaeche edo Genaro Urrutia.
Solairu honetan aldi baterako erakusketak ere antolatzen dira, bai bertako funtsekoak, baita kanpokoak ere.
Lehen solairuan beste artista euskaldunen lanak ikus ditzakegu, oraingoan Igacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Elías Salaverria, Francisco Iturrino edo Ramón eta Valentin Zubiaurre anaien formatu handiko margoak. Hauek beren garaiko nekazal eta industrial gizartearen testigantza uzten digute, non hizkuntza artistiko tradizionalak berrienekin batera nahasten dituzten.
Ignacio Díaz Olanok areto bat dauka arabar margoan izan zuen garrantziagatik, zeinak mota guztietako gaiak jorratu zituen ohitura-margoak nabarmenduz. Horien artean aipatzekoak dira “Kalbarioko erromeriako itzulera”, “angelusaren gurtza landan” eta “Jatetxea”, bere lanik nabarmenetarikoa.
Bigarren solairuan nabarmena da, berriro ere, arte arabarra Fernando de Amarikaren obren bitartez. Solairu honetako hiru aretotan Fernando de Amárcaren Fudazioak modu iraunkorrean utzitako lanak daude. Ibilbide kronologikoaren bidez bere ibilbidean zehar izan zituen oera estilistiko ezberdinak bereizi daitezke (errealismoa, inpresionismoa, espresionismoa) eta euskal lurraldeetako eta inguruetako paiasaiak irudikatzeko joera ere ikus daiteke bertan.
XVIII eta XIX. mendeko arte espainiarraren bildumari eskainita dago Augustin-Zulueta jauregiaren eremua. Bertan erretratu, paisaia eta ohitura eszenen bidez margo klasiko eta akademiko batetik , erromantizismo edo errealismorako bidean dagoen trantsizioa ikus daiteke. Bertan nabarmenak dira Vicente López, Federico eta Raimundo de Madrazoren erretratuak, Carlos de Haes, Aureliano Beruete eta Josep Maria Serten Segalarien siesta paisai eszenak.
Funts hauek museoaren erakusketa iraunkorraren oinarria osatzen dute; beren garrantziagatik erakusten diren lan hauek instituzio honi berezko izaera eta nortasuna ematen diote. Aldi baterako erakusketak ere egiten dira, bai bertako funtsekin, baita kanpokoekin ere.
Ikus, gainera
- Euskal artistak
- Euskal Herriko museoen zerrenda
- Zerrenda:Euskal Herriko museoak gaika
- Augustin jauregia
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |