Gaspar Elordi Albizu
Gaspar Elordi Albizu (Lizarra, 1804 – Iruñea, 1852) nafar politikaria izan zen.
Gaspar Elordi Albizu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lizarra, 1804 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1852 (47/48 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta fiskala |
Bizitza
Lizarrako Josefa Albizu eta Atalloko Miguel Elordiren semea, Lizarran jaio zen Gaspar eta hiri honetan eman zuen gaztaroa.
Hirurteko Liberalean Lizarrako Milizia Nazionaleko kide izan zen eta jada 1822an, hau da, 18 urte zituela, karlistei aurre egin ondoren, Iruñean errefuxiatu behar izan zuten Lizarrako hirurogeita hamar milizianoen arteko bat izan zen[1]. Aldiz, Pedro Nicolasco Gasparren anaia, apaiza, karlistekin egon zen kaperau.
Zuzenbidea ikasketak burutu zituen eta 1833an Lehen Karlistaldia hasi zenean berriro alde liberalarekin lerrokatu zen. 1835ean Lizarran “armak eskuetan Cristinaren eskubideak maila gorenean defendatu zituzten” horien artean aipatu zuten Gaspar[2]. Horregatik karlistek Lizarra 1835ean hartu zutenean hiria utzi eta Iruñera joan behar izan zuen[3]. 1836ko urriaren 6an aurreko hilaren 6an izendatutako ordezko Batzordea ordezkatu zuen Foru Aldundiko kide izan zen[4]. 1837ko abuztuan Iruñean izandako gertakarietan, Diputazioa izendatu zuten Nafarroako Goi Kontseiluko edo Aberriaren Salbatzaile Batzordeko bi kideetako bat izan zen[5].
1837ko otsaileko erret agindu baten bidez, Erret Ikuskapen Batzordea sortu zen, Santanderren, martxoan bildu behar zena aurreko urteko abenduaren 1etik Ejército del Norte hornidura kontuak kontrolatzeko. Nafarroako foru aldundiak Elordi bidali zuen ordezkari gisa[6]. Santanderrera egindako bidaia nahiko gorabeheratsua izan zen. Baionara joan eta handik Donibane Lohizunera eta Donostiara abiatu behar izan zuen handik martxoaren 28an Santanderrera iristeko. 1837ko martxoaren 24an, Baionatik jakinarazi zion Nafarroako aldundiko idazkariari kontsulak ejertzitorako 90.000 zaldale anoa eta 400 pentsu anoa kontratatu zituela eta Baztanera bidaliko zituela. Baztan okupatuta baldin bazegoen, Iruñera bidaliko zituela adierazi zuen, bertan inon baino gehiago behar baitzuten.
Apirilaren 3ko gutunean, aldundiari jakinarazi zion ahalik eta artikulu gehien bidaltzen ahaleginduko zela Iruñera, batez ere garagarra. Egun batzuk geroago jakinarazi zuen Tiradores del Norte talderako uniformeak Iruñera bidaltzeko eskatu zuela eta ahalik eta gehien bidaltzen saiatuko zela azpimarratu zuen, baina behar zehatzak ezagutu behar zituela. Diputazioko idazkariak, Yanguas y Mirandak, erantzun zion apirilaren 12an. Nafarroan kokatutako troparentzat janaria lortzen saiatzea eskatu zion bai eta argitu Iruñeko administrazio militarrarekin zuzenean konpontzea komenigarria zela.
1837ko irailaren 21ean, Nafarroako Foru Aldundiak erabaki zuen Elordi Madrilera bidaltzea, Iruñeko udaleko zinegotzi batekin batera, aurreko hileko gertakari larrien ondoren probintziaren eta hiriburuaren egoera zailaren inguru gobernuari informatzeko. Izan ere, 1837ko abuztuan tropa isabeldarrak mutinatu ziren azken hilabeteetako soldata jaso ez ondoren eta Iruñean sartu ondoren, udaletxea okupatu eta Pedro Sarsfield erregeordea hil zuten. Elordi Madrilera iritsi zenean jakin zuen behin-behineko batzorde batek ordezkatu zuela Foru Aldundia; Francisco Cabrera erregeordeak berehala Iruñera itzultzeko agindua eman zion baina Elordik ez zion kasurik egin. 1837ko urriaren 11n, “jarduneko erregeordeari” erantzun zion esanez ez zela itzuliko bere egitekoa bete arte eta, aldundiko ordezkari gisa, aldundiak berak edo haren presidenteak deitzen ziotenean bakarrik joango zela. Lau egun geroago idatzi zion Elordik Domingo Luis Jáuregui orduko Nafarroako buruzagi politikoari, Nafarroako interesen defentsan ministroei egindako ahaleginen berri emanez[7].
Urriaren 18ko beste gutun batean, Foru Aldundiari errepikatu zion “ez zuela etsiko” Nafarroako interesen alde lan egiteari. Bere ahaleginaz mintzatu zen Pedro Clemente Ligués eta Agustin Armendaritz Nafarroako Gorteetarako diputatuekin eta Gerra ministroarekin. Erregeordearekin biltzeko asmoa zuela adierazi zion, Nafarroako egoera argitzeko, “alabaren alde beste edozein probintziak baino sakrifizio handiagoak egin eta gero, ez baitu merezi hain modu krudelean abandonatua izatea”.
Urriaren 21ean Yanguasi eman zion “pentsatu behar duten moduan inoiz pentsatzen ez duten eta pentsatzen dutena esaten ez duten” gorteko jendearekin hitz egindakoaren berri. Elordik Madrilen jakinarazi zuen ezin zutela Nafarroatik ezer atera, karlisten erasoek agortuta utzi baitzuten probintzia eta Iruñea matxinoen esku erori zitekeelako. “Kanta hau” egunero errepikatzen zien ministroei eta estatu ministroak esan zion lau hilabetetan saiatuko zela Nafarroako hornidura bermatzen. “Beraz, konbentzituta nago -gehitu zuen Elordik- nire etorrerak arrakasta izan duela. Gobernua oso kezkatuta dago gure zortearekin, eta behar duguna ematen ez badigu, ahal duen guztia emango digu”.
Seoane, Olozaga, Madoz eta beste askorekin egin zituen gestioak, ministerio guztiak bisitatu zituen Armendaritz, Ligués eta Mugiro diputatuekin batera, hornidura arazoa eta oraindik formalizatu gabe zegoen Carriquiriren kontratua konpontzeko. Elordiren iritziz, Nafarroako gaien ebazpena geldoegi ari zen tratatzen eta Nafarroan komandante nagusi bat izendatu behar zela uste zuen. Urriaren 25eko gutun batean, milioi erdi errazioetarako kontratua behin betiko sinatu zela adierazi zion Yanguas y Mirandari. Handik hiru egunera Yanguasi idatzi zion berriro eta egun berean Ogasun ministroari Diputazioaren egoera larriaren berri eman ziola jakinarazi zion.
Era berean, erregina ordearekin audientzia eskatu zuela argitu zuen: “Ez dakit nire bisitak eraginik izango duen, baina izango dut zein abandonatuta gauden kontatzeko plazera”. Egun batzuk geroago erregina ordearekin bildu zen eta Nafarroako egoera zaila azpimarratu zuen: “Lau urtez luzatu den gerra suntsitzaileak jada agortu ditu bere baliabide guztiak eta azken bi hilabeteetako gertakariek ahulezia eta etsipena zabaldu dute”. Gerrako ministroari emandako adierazpenaren kopia ere eman zion, Nafarroak bizi zituen egoera zailak zehazten zituena eta esku hartzeko eskatu zion, hornidurak eta baliabideak berehala tropei eta Foru Aldundiari bidaltzeko. “Bestela, andrea, ezbehar berriak aurreikusten ditut, gatazka mingarriak agintarientzat eta Iruñeko plaza arriskuan”.
Azaroaren hasieran Aldundiak berretsi egin zuen bere batzordea betetzen jarraitzeko korporazio berria izendatu arte[8]. 1838ko urtarrilean Madrilen azken gestioak burutu ondoren, hil horren 20aren bere batzordea amaitu zela jakinarazi zioten Iruñetik, Foru Aldundi berriak kargua hartu baino bi egun lehenago.
1838ko martxoan Elordik Gorteetako diputatu kargua hartu zuen, eta saioetan hainbatetan esku hartu zuen[9]. Apirilaren 24ko saioan, birritan hitz egin zuen. Lehenengoan, Espoz y Minaren amak aurkeztutako 10.000 errealeko pentsio eskaerari modu egokian erantzutearen alde eta haren eta bere alabaren, Vicenta Espoz y Minaren artean, pentsioa zatigarria izan zedin eskatu zuen ere, azken hau pobrezian ez geratzeko amaren heriotzaren ondoren. Elordiren eskaerak pentsioen inguruko eztabaida eragin zuen, ez baitzegoen auzi hau erregulatzeko legerik. Bigarrenean, udalen antolaketari buruzko lege proiektuaren laugarren artikuluaren zuzenketa eskatu zuen, zenbait kasutan zerga jakin batzuen salbuespena eskatuz.
1838ko azaroaren 27ko saioan bi momentutan eskatu zuen hitza. Lehenengoan, hauteskundeei buruzko erabakia hartu arte pentsioa zuten diputatuei agintaldia uzteko eskatu zuen. Bigarrenean, hamar egun lehenago Arteta eta Armendaritzekin batera aurkeztu zuen eskaera berriz ere ekarri zuen harira. Diputatu nafarren iritziz, ekarpenak eta banaketak kobratzean eta banatzean ordena eta berdintasuna bermatu behar zen. Tropak, ospitaleak, gotorlekuak eta garraioak hornitzeko Nafarroan egindako gastu izugarriak aipatu zituen, bertako biztanleek jasandako umiliazioak salatu zituen eta, ahalegin horien berri erregenteari ematean azken hau txundituta geratu bazen ere, auzi hau konpontzeko ez zela ezer ez egin adierazi zuen. Baieztatu zuen 1835etik 1838ra Nafarroak hiru milioi erreal baino gehiago gastatu zuela tropetarako eta ez zitzaiola diru hori itzuli, eta gogora ekarri zuen gobernuen kontrolpean zeuden nafar herriek anoa, ekipajea, hamar ospitaleen mantentze lanak eta beste hainbat abar ere ordaindu zutela eta hau guztia kontutan hartu ez zen ahalegin handia zela. Gogoratu zuen Iruñeko udalari soilik 100.000 duro baino gehiago zor zitzaizkiola gobernuak. Hori dela eta, Nafarroak urte askotarako ekarpenak ordainduta zituela adierazi zuen eta, argitu zuen, beste probintziak guztiek gauza bera egin izan balute, milioi bat eta erdi soldaduko armada mantendu zitekeela. Amaitzeko, Elordik gogora ekarri zuen Mendizabalek 1836ko azaroan baieztatu zuela Gobernuaren kontrolpean zeuden Nafarroako eremuek 90 eta 100 milioi erreal artean aurreratu zituztela. Horri gehitu zitzaion 1837ko urtarriletik 1838ko urtarrilera 100.000 biztanle izatera iritsi ez zen lurralde horrek 24 milioi erreal horniduretan ordaindutakoa.
1839ko martxoan, Madrilgo gorteetako diputatua izanik, Manilako audientziako fiskal izendatu zuten Elordi[10]. Hala ere, ez zen berehala Filipinetara atera, urte horretako abuztuan gorteetarako hauteskundeetarako nafar hautagai progresisten zerrendakide izan baitzen. 409 boto lortu zituen (bozkatuena, Fermin Arteta moderatua, 536 lortu zituen) eta ordezko diputatu hautatu zuten. Hala ere, bost hautagaik soilik lortu zuten gehiengo absolutua eta ordezko diputatu bat falta zenez eta kexa ugari zeudenez, emaitzak baztertu egin ziren eta kongresuko aktaren eztabaidan Elordik 834 boto lortu zituen zenbaketa berrian eta diputatu izaera aldarrikatu zuen urriaren 21ean Madriletik bidalitako gutunean[11]. Hurrengo egunean akta batzordeak bere onarpena proposatu zuen eta 23an kargua hartu zuen.
Hurrengo hilabetean legealdia amaitu zen eta 1840an Prudencia Lipuzkoarekin (Lerin, 1810-Lizarra, 1885) ezkondu ondoren, Filipinetara joan zen bizitzera. Bertan jaio ziren bikotearen lau seme alabak. Marcelino Oraa Lekunberri Lehenengo Karlistaldian Nafarroan jeneral izandakoa Manilako gobernadorea zen orduan. Manilako audientziako auzi zibiletarako fiskala izan zen zortzi urtez (“fiscal de la hacienda pública[12]”). Pedro Nicolasco anaia Manilan egon zen ere 1840tik aurrera eta kanonge magistrala izendatu zuten[13]. 1848. urtearen amaieran edo 1849. urtearen hasieran bere kargutik kanporatu zuten, presidenteak hala eskatuta, helegite baten onartzeari buruzko desadostasunak zirela eta[14]. Gero, penintsulara itzuli zen eta erreginaren aurrean hainbat eskakizun bideratu ondoren, Zaragozako, Bartzelonako edo Habanako audientzietako presidente izendatzea proposatu zioten. Hala ere, hurrengo urtean Albaceteko auzitegiko magistratu izendatu zuten, nahiz eta ez dakigun inoiz kargua hartu ote zuen.
Iruñean hil zen 1852an 48 urterekin.
Erreferentziak
[1] Nafarroako Agiritegi Nagusia (NAN), Guerra, leg. 30, carp. 55, eta Papeles Sueltos, caja 382.
[2] García-Sanz Marcotegui, Ángel, “Carlistas y Liberales en Estella (1833-1839). Una aproximación cuantitativa”, Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 1 (1994), pp. 187 y 192.
[3] Eugenio Ibarzábal kazetariari eskainitako elkarrizketan, Manuel Irujo Ollok gogoratu zuen amaren aiton-amonak liberalak zirela eta Lizarratik irten zirela, etxezain bat utziz haien ondasunak zaintzen. Ibarzábal, Eugenio, Manuel de Irujo, Erein, Zarautz, 1997, pp. 19-20.
[4] Del Río Aldaz, R., “Peseteros y radicales. El asesinato de Sarsfield en agosto de 1837 en Pamplona”, Hispania, 195 (1997), pp. 194, 196 & 207.
[5] NAN, Actas de la Diputación, libro 42, 27, 28 y 29 de agosto de 1837.
[6] NAN, Actas de la Diputación, libro 42, 28 de febrero y 11 y 17 de marzo de 1837.
[7] García-Sanz Marcotegui, Ángel, Diccionario Biográfico de los Diputados Forales de Navarra (1840-1931), Nafarroako gobernua, Iruñea, 1996, pp. 560-563.
[8] NAN, Actas de la Diputación, libro 42, 7 de diciembre de 1837.
[9] NAN, Actas de la Diputación, libro 42, 23 de enero de 1838.
[10] NAN, Actas de la Diputación, libro 43, 17 de marzo de 1839.
[11] Baldominos Utrilla, R., “Las elecciones de diputados y senadores en Navarra el 5 de agosto de 1839”, Príncipe de Viana, Anejo 9 (1988), pp. 279-290.
[12] Tíscar, Javier; De la Rosa, Javier, Coleccion legislativa de todos los ramos y servicios de la administracion económica de Filipinas y su contabilidad, solo en la parte vigente, Establecimiento Tipográfico de Amigos del País, Manila, 1866, p. 194.
[13] Huetz de Lemps, Xavier; Álvarez, Gonzalo; Elizalde, Maria D., Gobernar colonias, administrar almas: Poder colonial y órdenes religiosas en los imperios ibéricos (1808-1930), Casa de Velázquez, Madrid, 2018, pp. 101-102.
[14] García-Sanz Marcotegui, Ángel, Daniel Irujo Urra (1862-1911), Pamiela, Iruñea, 1995, pp. 50 y 204.