Gaskoiniako Landak

Gaskoiniako Landak (okzitanieraz: las Lanas de Gasconha, frantsesez: Landes de Gascogne) Okzitaniako eskualde natural bat da, Gaskoinian dagoena. Okupatzen duen lur eremuak triangelu baten itxura hartzen du[1] eta Frantziako hiru departamendutan banatuta dago: Gironda, Landak (gehiena baina ez osorik) eta Lot-et-Garona.

Gaskoiniako Landak
MotaOkzitaniako parçan eta natural region of France (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak44°12′N 0°54′W
Frantziako eskualde historikoak Gaskoinia
Ur-gorputzaEyre

Ezaugarri orokorrak

Eskualdea oro har oso laua den goi-ordoki sedimentario inklinatu baten gaineko hondarrezko lurzoruek osatuta dago. Lau izate horrek eta bere urak erraz itsasoratzea ekiditen duen kostaldeko duna-lerroak hezegune bihurtu zuten, beti ere XVIII. mendearen amaieran hasi eta XIX. mendean zehar saneamendu-lanak, dunen finkapena eta pinuen landaketa garatu baino lehen.

Chanca edo trikimakoen laguntzaz hezeguneen gainean ibiltzen ziren artzain landestarren irudia desagertu eta XIX. mendearen erdialdean Okzitania eta frantses estatu osoko basorik handiena agertu zen: Gaskoiniako Landetako basoa, Solac (Medoc, Gironda), Nerac (Labrit, Lot-eta-Garona) eta Òssagòr (Maremna, Landak) arteko "Landetako triangeluan" hedatua. Lan horiekin guztiekin eskualdeak berebiziko itxuraldaketa pairatu zuen eta aurreko milaka urteko ekonomia eta kultura zokoan utzi zituen; nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalek erretxinaren erauzketaren industriari utzi zioten lekua. Gaur egun erretxinaren ustiapena oso mugatuta badago ere, egurgintza sektoreak -Akitaniako aberastasun iturri nagusietakoa- garrantzi handia du, nazioarteko konkurrentziak eta garapen teknologikoek eraginda gorabeherak izan dituen arren. Nekazaritza industriala garatzeko saiakerek porrot egin zuten 1960ko hamarkadan artoa sartu arte.

Turismoaren garapenarekin kostaldeak garrantzia hartu du; XIX. mendearen erdialdean hasita, trena 1841ean La Tèsta de Bugera (Arcaishon aldea) eta geroago Baiona eta La Canaura (Medoc) heltzeak bultzada eman zion eta gaur egun udarako lanpostuak sortzeko elementu gakoa da.

Kokapena

Gaskoiniako Landetako triangeluaren ertzak hauek dira:

Hiri nagusiak

Turismo guneak

Turismoa butzatzeko Côte d'Argent ("Zilarrezko kostaldea") izena hartu duen itsasaldeko herri nagusiak:

Landetako basoa

Sakontzeko, irakurri: «Landetako basoa»

Landetako basoak milioi bat hektarea ditu. Pinuek 200.000 ha besterik ez zituzten okupatzen duna eta lautadetan zuhaitz mota hori masiboki landatu zen arte. Gaur egun itsas pinuak baso honetako zuhaitzen % 80 dira; beste % 20 haritz, zumar, ezki, gaztainondo, haltz, ereinotz, gurbitz, aranondo, sagarrondo, gereziondoak eta abar dira.

Askotan monotonotzat joa, Landetako basoak paisaia aniztasun handia du. Iparraldean Bordele aldeko ardogintza ustiategien hurbiltasunak pinu, ardantza eta landestar estiloko etxeez betetako paisaia eskaintzen digute. Hegoaldean pinuek Shalòssako muino berdeei uzten diete lekua. Kostaldean barnealdekoekin zerikusi handirik ez duen baso mota bat aurki daiteke; gurbitz, arte eta artelatzek pinuek profitatzen ez duten argia partekatzen dute. Azkenik, basoaren bihotzean dauden errekasto batzuek eta Èira ibaiak oso bestelako baso-mota bat eratzen dute.

Geologia

Akitaniako arro sedimentarioko kareharrizko substratu tertziarioak mugimendu tektonikoen eragina pairatu zuen; horien ondorioz Tertziarioan Biscarròssa inguruan zabalgune bat sortu zen plataforma atlantikoan.

Miozenoaren amaieran ozeanotik zetozen sedimentuak eta Pirinioetatik etorritako arroka detritikoak pilatu ziren. Ondoren suertatutako bilakaerarekin "Landetako hondarrak" deitu direnak sortu ziren:

Historia

Nekazaritza eta abeltzaintza historikoa

Gaskoiniako Landetako irudikapena 1830ean.

XIX. mendearen erdialdean Landetako biztanleek lurzoruetako kalitate eskasari aurre egin behar zioten; lautada itzeletan zingira osasungaitz ugari zeuden. Airial izeneko auzo txikietan barreiatuta bizi ziren, beren elikaduraren oinarria ziren zekale eta artatxikia landatzen zituzten eta lurrak emankorrago bihurtzeko zioaz ardiak hazten zituzten. Aldi horretan sortu zen trikimakoen gainean ibiltzen zen Landetako artzainaren irudia, zingiretako oteen gainetik mugitzeko tresna aproposa zelako.

Bug eskualdeko[3] Captal edo jauntxoen ekimenaz Nicolas Brémontier lehen eta François Jules Hilaire Chambrelentek geroago kostaldeko duna mugikorrak finkatzeko lanari ekin zioten; "landaren" drainatze-sistema hobetzeko betidanik zeuden crasta izeneko ubideak hobetu eta ugaritu egin ziren. Ordura arteko nekazaritza saiakera guztiek (arroz, kakahuete, tabakoa...sartzeko) porrot egin zuten, hondarrez betetako lurzoruek ez baitzuten bat ere laguntzen. Malaria izurriek hainbeste lagun hil zituzten. Egoera horretan pinua zen baldintza horiei eutsi ahal zion ia bakarra. Lan horiek 1857ko ekainaren 19ko legearekin arautu ziren; Gaskoiniako Landetako udalerri guztiei beren lurraldeetan itsas pinuak landatzeko betebeharra ezarri zien. Hortik aurrera eskualdearen itxura guztiz aldatu zen eta pinua errege bihurtu zen.

Lan olde honen bi interpretazio egiten dira; ofizialena Napoleon III.aren mitologian oinarritzen da: aurrerapena, modernitatea eta oparotasun ekonomikoak ekarri zizkioten oso txiroa zen eskualdeari. Badira, ordea, horrekiko kritika egiten dutenak; bizitzeko latza zen lekua zela ukatu gabe, XIX. mendea baino lehenagoko "landa" multzo natural eta kultura oso aberatsa zela azpimarra daiteke. Napoleon III.aren motibazioak industria, nekazaritza handia eta turismoarekin lotuta zeuden baina ez hainbeste tokiko nekazarien beharrekin; paradoxikoki kasu askotan hauek beren lurren pribatizazioa (edo estatuak konfiskatzea) ikusi zuten.

Erretxinaren erauzketa

Erretxinaren erauzketa milaka urtetan zehar praktikatu da Gaskoiniako Landetan. Lehen gemaire[4] edo erretxina ustiatzaileek galipotaren moduko zerbait egiten zuten groago Europako basorik handiena bilakatu zen horretan, itsasontzietako istinkatze lanetarako. Kostaldetik hurbil aurkitzen ziren, La Canau, La Tèsta de Bug, Arcaishon, Biscarròssa edo Òssagòrren. Artzaintzan aritzeko molde zaharren desagerpena eta pinuen landaketa masiboekin erretxina ateratzeko prozedura baso osoan zehar hedatu zen eta eskualdeko aktibitate industrial adierazgarriena bihurtu zen; hala izan zen 1950eko hamarkada arte. Bildutako erretxina distilatu eta gero industriarako baliagarriak ziren bi osagai lortzen ziren: kolofonia (%70) eta trementina (%20). Hondakinak industria kimikora bideratzen ziren.

Erretxinaren erauzketa 1980ko hamarkadan desagertu zen lanbide gisa; gaur egun basoaren ustiapenari dagokionez papergintza da protagonista nagusia.

Dunen finkapena

Medoceko Landetako kostaldea.

Gaskoiniako kostaldeko duna mugikorrak finkatu zituzten arte haizeak sarritan hondar kopuru handiak barnealdeko lurretara eramaten zituen. Horren ondorioz hainbeste herri lekualdatu edota berreraiki behar izan zituzten. Dunen finkapenean aintzindari gisa Bug eskualdeko captal edo jauntxoak ziren Ruat familiako kideak aipa daitezke; XVIII. mendearen amaieran saiakerak egin zituzten La Tèsta de Bugen.

Lan horiek kostalde osora zabaldu ziren Guillaume Desbiey, Charlevoix de Villiers baroia, Chambrelent edo Brémontier bezalakoen ekimenagatik. Frantses estatuak XIX. mendean bere gain hartu zuen kostaldeko zerrenda finkatua eraikitzearen ardura: 1876an dagoeneko 88.000 ha finkatuta zeuden. XX. mendean ONF erakunde publikoak[5] ziurtatu zituen dunen kudeaketa eta zaintza.

Lurralde baten zatiketa

Gaskoiniako Landetako eremuan ere, estatu ia osoan bezala, Frantziako Iraultzaren osteko banaketa administratiboak ez zituen lurralde honek dituen berezko ezaugarriak eta batasuna kontuan hartu.

"Landak" izena eman zitzaion departamenduak Gaskoiniako Landetako zati bat baino ez du hartzen eta aldi berean landetakoak ez diren eskualde batzuk bere baitan sarrarazi zituzten: Shalòssa, Tursan eta Marsan. Landetako basoa, beste aldetik, Lot-eta-Garonaraino heltzen da, hegoaldean Aturrin amaitzen da eta iparraldetik Solacen (Medoc, Gironda). Beraz, Landetako basoa, lotura historiko, geologiko, biologiko, linguistiko eta kulturalek batutako eskualde naturala, hiru departamendutan banatuta geratu zen: Gironda, Landak eta Lot-eta-Garona.

Frantziako iraultzaren eraginez departamenduak sortu zirenean ez ziren inolaz ere kontuan hartu banaketa hauekin ados ez zeuden batzuen iritziak; geometrian aditua zen Simon Aînék historia luzearen herentzia errespetatuko zuen departamendu homogeneo bat sortu nahi izan zuen, Èira ibaiaren izena eramango zukeeena; hiriburua Lugôville izen berria izango zuen Lugos izatea proposatu zuen. Landes izena desegokitzat jo eta Adour ustez hobea proposatu zuenik ere egon zen.

Iraultzaren eraginez, beraz, lurralde hori zatikatu eta ezkontza bitxi bat suertatu zen, Shalòssako muinoak eta landetako basamortua protanista izan zirena. «  Laster batean landestar eta ez landestarren arteko banaketa-lerroa ez zen pasatu betidanik pasatzen zen lekutik, lautada eta muinoen artean, hondar beltza eta "glevaren"[6] artean; departamenduetako mapetako lerroetan kokatu zen. Aturritik hegoalderako nekazariak landestar bihurtzen ziren bitartean, Salas edo Sent Sefrianekoak Girondar zurbilak bilakatu ziren [7]. ».

Parçan edo eskualdeak

Gaskoiniako Landetako eskualdeetako mapa.

Okzitania osoan bezala, lurraldearen ohiko banaketaren oinarrizko unitatea, frantses administrazioak gutxitan onartzen duena, país edo parçan (eskualdea) da. Gaskoiniako Landetako lur-eremu handia ere país askotan banatuta dago. Parçan hauek guztiek elkarren arteko lotura historiko eta geografikoak ez ezik beste batzuk ere badituzte:

1790eko martxoaren 4an departamendua sortu zenean lurralde hau banatuta geratu zenetik ondorio latzak izan ditu: Landetako tradizioek desagertzen joateko joera bizi izan dute eta kanpoko askok "landak" izen hori daraman departamenduarekin identifikatzen dute sarri askotan.

Azken hamarkadetan Gironda departamenduari dagokion aldean bultzatu diren ekimen kultural nagusiak kostaldeko turismoarekin lotu dira eta onenera Medoc aldeko ardogintzarekin. Hala ere, azken urteotan apurka-apurka Girondako landetako kultura-ondasuna gero eta gehiago agertzen ari da turismo-gida eta mapetan.

Gaskoiniako Landetako país edo parçan:

Gaskoiniako Landetako eskualde-parke naturala

Parke natural hau (frantsesez parc naturel régional des Landes de Gascogne[8]) 1976an sortu eta Gironda zein Landetako 41 udalerri hartzen ditu bere baitan. Bere egitekoak: ondarea zaintzea, aktibitate ekonomikoen garapen orekatua eta bisitari nahiz lekuko biztanleengan ingurumenarekiko kontzientzia hartzea. Lurraldea sakonago ezagutzeko helburua duen turismoa ere bultzatzen du, horretarako propio antolatutako ekipamenduen sarearekin.

Parkearen etxea Belin e Beliet udalerrian dago, Girondan.

Hizkuntza eta kultura

Bi dira hitz egiten diren hizkuntzak:

  • frantsesa: ofiziala den bakarra, biztanle guztiek hitz egiten dutena.
  • okzitaniera, gaskoiera hain zuzen: tokiko hizkuntza; azken belaunaldietan transmisioa izugarri eten eta ia inolako onarpen instituzionalik ez badu ere, oraindik batez ere nekazari-eremuetan erabilia.

Badira hainbeste hitz, denak eskualde hauetako gaskoieran bain erabiltzen ez direnak, lurralde honetan garatu diren aktibitateekin zerikusia dutenak; haietako batzuk hauexek dira:

  • airiau edo airial: etxe baten inguruko eremua, nekazaritza-ustiapenerako lotutako eraikin guztiekin.
  • aliòs: %96 hondarra den arroka mota.
  • arriston edo riston: etxeko bi idiei etxetik bertatik bazka emateko praktika.
  • brana edo branda: txilarrez egindako erratza.
  • crasta: drainatzeko kanal edo ubidea.
  • estantada: etxeetako kanpoaldeko teilatua eusteko armadura.
  • hapshòt: erretxinaren erauzketa egiteko aizkora txikia.
  • pinhadar[9]: pinudia.
  • chanca: trikimakoa.

Iturriak

  • Jacques Sargos: Histoire de la forêt Landaise, L'Horizon chimérique, Bordele, 1997.
  • Louis Papy: Les Landes de Gascogne et la côte d'Argent, Privat, Tolosa Okzitaniakoa, 1978.
  • Christian Maizeret: Les Landes de Gascogne, Delachaux et Niestlé, Paris, 2005.
  • Baurein apaiza: Variétés Bordeloises, Tome III, 1876, Princi Negre argitaletxea, Paue, 1999.
  • Bernat Manciet: Le triangle des Landes, Les éditions de l'atelier In8, Paue, 2005.
  • (Frantsesez) Massif des Landes de Gascogne, 1998, 1999 eta 2000ko basoaren inbentarioa, IFN.
  • François Sargos: Forêt des Landes de Gascogne, une nature secrète, Sud Ouest, Bordele, 2008.

Erreferentziak

  1. Bernat Manciet okzitanierazko idazle handiak izen hori daraman liburua egin zuen: Le Triangle des Landes.
  2. Landetako hareharri motak.
  3. Egun Arcaishon inguruan dauden herriak.
  4. Panoccitan hiztegia.
  5. Office national des forêts.
  6. Hitza Panoccitan hiztegian. "Lantzen den lurra" esanahia du.
  7. Jacques Sargos: Histoire de la forêt Landaise, L'Horizon Chimérique, Bordele, 1997.
  8. Parkearen webgunea.
  9. Landetako basoaren hegoeldeen dagoen aztarna den Angeluko baso nagusiak ere izen hori dauka.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.