Gartzi Ximenitz

Gartzi Ximenitz edo Gartzia Ximenitz (724? – 758?), kondairaren eta mitoaren arteko pertsonaia, gaur egungo Huescako (Aragoi) Sobrarbeko lehen erregetzat hartzen da, nahiz eta ez dagoen inolako oinarri historikorik. Ainsako salbatzailetzat jotzen da.

Biografia

Sobrarbeko errege. Sobrarbe eta Ribagorzako lehen errege kristau gehienekin bezala, bere historia kondairarekin nahasten da. Sobrarbeko zazpi errege mitikoen artean dago, eta horietako asko Iruñeko Erresumakoak dira aldi berean (gerora Nafarroako Erresuma izango zena).

Kondairaren arabera, Ainsa musulmanei kendu zien borroka gogor baten ondoren. Borroka horretan, kristauak ia garaiturik zeudenean, suzko gurutze bat agertu omen zen Sobrarbeko zuhaitz mitikoa den karraska baten gainean, armada kristauei borroka irabazteko indarra eman ziena.

Gartzi Ximenitz Aragoiko buruzagiaren hautaketak ere jatorri mitologikoa du. Esaten denez, San Juan de la Peñako monasterioan bilduta zeuden hirurehun gizonek bat-batean, ahots batez, egin omen zioten gorazarre, aurretik adostu gabe, alegia.

San Juan de la Peñako kronikan mendiko biztanlea irudikatzen duen genealogiarik gabeko gizon gisa agertzen da .

Nafarroako errege. Nafarroan, Altsasu eta Urdiainen arteko mugan dagoen San Pedro ermitako ate nagusian, bere ateburuan, 717ko urtarrilaren 20an Gartzi Ximenitz Nafarroako Erresumako lehen errege izendatua izanaren inskripzioa dago; hau kenduta, ez dago beste oinarri historiko garbirik.

Badago hipotesi bezala Gartzi Ximenitz eta Iruñeko Eneko Arista, Nafarroako lehen erregetzat hartua, pertsona bera direla esaten duena.

Izan liteke Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean (jatorrian Amaya o los vascos en el siglo VIII, 1879) liburuko García Jiménez, Abartzuza eta Ameskoetako jauna, Nafarroako lehen errege aukeratua, Amaiaren senarra[1].

Bibliografia

  • Lera, Chema G. Prames, ed. Breve inventario de seres mitológicos fantásticos y misteriosos de Aragón. ISBN 978-84-8321-268-4.

Erreferentziak

  1. Mata Indurain, Carlos. (1998). «De García Jiménez a los Albret: los orígenes y las postrimerías del reino de Navarra en la narrativa histórica de Navarro Villoslada». Mito y realidad en la historia de Navarra, Pamplona, Sociedad de Estudios Históricos de Navarra, vol. II, 95-105 or..
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.