Gari Kasparov
Gari Kimovitx Kasparov (Га́рри Ки́мович Каспа́ров /ˈgarʲɪ ˈkʲiməvʲɪtɕ kɐˈsparəf/) (Baku, Azerbaijan, 1963ko apirilaren 13an) xake jokalari errusiarra da, Nazioarteko Maisu Handia, Munduko Xake Txapeldun ohia, idazlea eta politikaria.
1985ean, Munduko Xake Txapeldun gazteena bilakatu zen eta titulua 1993 arte mantendu zuen. Urte hartan Nazioarteko Xake Federakuntzarekin hautsi eta beste erakunde paralelo bat sortu zuen: Professional Chess Association (PCA). PCAren bidez Munduko Xake Txapelketa (klasikoa deitua) antolatu eta irabazi zuen. Titulua mantendu zuen 2000. urtean Vladimir Kramnikek garaitu zuen arte.
Kasparovek hainbat lorpen ditu, besteak beste Elo sailkapenaren lehen postuan 1986tik 2005ean erretiratu zeneraino jarraian egotea. Torneo garrantzitsu asko irabazi ditu eta 11 aldiz jaso du Xakearen Oscarra. 1997an, Deep Blue ordenagailuaren aurkako partida bat galdu zuen. Horrelakorik gertatzen zen lehen aldia zen.
2005eko martxoaren 10ean, Kasparovek xakea utzi behar zuela iragarri zuen, politikan sartu eta idazteari eman behar ziola-eta. Batasun Zibileko Frontea eraiki zuen eta Vladimir Putinen opositorea zen Beste Errusia zelakoaren kide egin zen.
2007ko irailaren 30ean, Kasparovek Errusiako presidentetzara aurkeztu zuen bere burua, baina azkenean Beste Errusiak ezin izan zuen 2008ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu.
Biografia eta lehen urteak
Gari Veinxtein Bakun (Azerbaijan) jaio zen 1963ko apirilaren 13an. Ama armeniarra zuen eta aita, berriz, judua. Gurasoek xake problema bat proposatu zioten eta horrela sartu omen zitzaion xakea ikasteko grina. Aita berak 7 urte zituenean hil zitzaion eta amaren abizen armeniarra bereganatu zuen, Kasparian hasiera batean, Kasparov errusiartua hartu zuen arte.
7 urtekin joan zen Gari Aitzindarien Jauregira eta, 10 zituenean, Mikhail Botvinniken xake eskolan sartu zen, Vladimir Makogonovekin entrenatzen zuelarik. 1976an, 13 urterekin, Sobietar Batasuneko gazte txapelketa irabazi zuen, 9tik 7 puntu lortuz eta, hurrengo urtean, garaipena errepikatu zuen, 9tik 8,5 eginez. Aleksandr Sakharov izan zen bere entrenatzailea garai honetan.
1978an Minskeko Sokolski Memorialean hartu zuen parte. Gonbidapen berezia izan zuen, baina lehen postuan bukatu zuen eta maisu titulua eskuratu zuen. Une honetan jakin zuen xakea izango zela bere bizitzako helmuga.
- Sokolski Memoriala ezingo dut sekula ahaztu idatzi zuen. Munduko Txapelketan ere hortxe pentsatu omen zuen lehenengoz.
1978an 15 urte zituen eta Xakeko Sobiertar Txapelketan sailkatu zen lehenengoz, maila horretako txapelketa batean ordu arteko jokalari gazteena. Daugavpilsen, 64 jokalariz osatutako torneo suitzarra irabazi zuen era berean.
Azkar egin zuen gora FIDEren sailkapenean Garik. 1979an, Sobietar Batasuneko Xake Federazioaren akats batez, Maisu Handien torneo batean hartu zuen parte Banja Lukan (Jugoslavia). Federazioa gazteentzako torneo bat zelakoan zegoen, eta berez kasparov ez zen torneo hura jokatzeko sailkatua, baina goi mailako torneo hura nagusitasunez menderatu zuen.
Hurrengo urtean, 1980an, Mendebaldeko Alemaniako Dortmundeko Munduko Xake Gazte Txapelketa irabazi zuen eta, ondoren, La Vallettako (Malta) Xake Olinpiadetan Sobietar Batasuneko erreserban joan zen.
Arrakasta
Nerabea zen oraindik eta Kasparovek 2 aldiz lortu zuen berdinketa Sobietar Batasuneko Xake Txapelketaren lehen postuan, 1980-81 eta 1981-82.
1982an, Bugojnon, lehen nazioarteko garaipena izan zuen. Moskuko Zonaarteko Torneoan plaza lortu zuen eta irabazi egin zuen; horrenbestez, Hautagaien Torneorako sailkatu zen.
19 urterekin, Bobby Fischerren garaietatik hautagairik gazteena zen (hark 15 urte zituen 1958an sailkatu zenean). Une horretan bigarren jokalaria zen jada munduko sailkapenean, Anatoli Karpoven atzetik. 1984an, Hautagaien Torneoko finala irabazi zuen 8.5-5.5 (+4 =9 -0) Vasili Smisloven aurka, Vilniusen, eta horrenbestez Munduko Xake Txapelketa Anatoli Karpoven aurka lehiatzeko sailkatu zen. Urte horretan sartu zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan eta Komsomoleko Komite Zentralerako aukeratu zuten.
Munduko Txapelduna
Karpov eta Kasparoven arteko bigarren jokaldia 1985ean izan zen eta Moskun antolatu zuten; 24 partidatan 12,5 puntura lehena iristen zena izango zen garaile. Ez ziren partiden emaitzak gordeko. 12 puntutan berdinduz gero, tituluak Karpoven eskuetan jarraituko zuen eta, Kasparovek irabaziz gero, Karpovek hurrengo urtean berriz jokatzeko aukera izan zezakeen. Kasparovek irabazi zuen, 13-11ko emaitzarekin, eta titulua eskuratu. 22 urte zituen eta munduko txapeldun gazteenaren errekorra hautsi zuen, 20 urtez Mikhail Talen eskuetan egon ondoren, zeinak 23 urterekin lortu baitzuen munduko txapeldun izatea.
1986an, Londresen eta San Petersburgon izan zen errebantxa, 12na partida hiri bakoitzean. 12,5-11,5 irabazi zuen Kasparovek, baina tartean arazoak izan ziren eta Kasparovek Yevgeni Vladimirov entrenatzailea egotzi zuen, mesfidantzaz.
1987an, Sevillan jokatutako Mundu Txapelketan berriro izan ziren aurrez aurre. 12-12ko berdinketarekin Kasparovek titulua mantendu zuen.
Bosgarren aldi bat izan zen bi maisuen artean, 1990ean New York eta Lyonen artean banatutako 12na partida. Berriz ere, Kasparovek irabazi zuen, 12,5-11,5.
FIDErekin haustura
Munduko txapeldun, Kasparov FIDErekin liskarretan hasi zen, 20 urte lehenago Bobby Fischer izan zen bezala. 1986an, Maisu Handien Elkartea sortu zuen, xakelariak ordezkatzen zituen eta FIDEk baino gehiago eskaintzen zuen erakunde bat. Kasparov izan zen liderra. Arrakasta handiena elite jokalariek jokatuko zuten Munduko Koparako 6 torneoen antolaketa izan zen.
1993an Munduko Txapelketako finalerako finantziazioa espero zena baino txikiagoa izan zen eta Kasparovek Nigel Short finalistaren aurkako partida FIDEren jurisdikziotik kanpo jokatzea erabaki zuen. Horretarako Xakearen Asoziazio Profesionala (PCA) sortu zuen. Kasparov eta Short FIDEtik kanporatuak izan ziren eta PCAk antolatutako match-a Kasparovek irabazi zuen. 2007an eskainitako elkarrizketa batean, Kasparovek FIDErekin haustea bere karreran eginiko akatsik handiena zela aitortu zuen, xakean zauri handi bat ireki baitzen.
FIDEk antolatutako partida, berriz, Karpovek irabazi zuen, 12½ - 8½.
Hortik aurrera, 13 urtez iraun zuen zisma ireki zen xakean eta bi munduko txapeldun zeuden. 1995ean, izan zen Kasparoven sarean antolatutako azken Mundu Txapelketa, Intelen patrozinioa bukatu baitzitzaion orduan.
Tituluaren galera
2000n, Kasparov-Kramnik partida izan zen. Kramnik Kasparoven ikasle izandakoa zen eta bere taldean lan egindakoa 1995ean. Partida irabazi zuen (8,5-6,5) eta, 15 urtetan lehenengoz, Kasparovek ez zuen inongo mundu titulurik eskuratu.
Titulua galdu ondoren, garaipen batzuk lortu zituen torneo esanguratsuetan eta munduko txapeldunen aurretik mantendu zen. Kramniken aurka aritzeko prestatu zen. 2005eko urtarrilean, Kasparovek FIDEk partida antolatzeko zain egoteaz aspertu zela adierazi zuen eta bertan behera utzi zituen Munduko txapelketa lortzeko ahaleginak.
Xaketik erretiroa
2005eko martxoaren 10ean, Ciudad de Linareseko Nazioarteko Xake Torneoa irabazi zuen 9.ez eta xakea uztera zihoala iragarri zuen. Munduko Txapeldun titulua batzeko ahaleginek porrot egin izanagatik frustrazioa adierazi zuen, eta irabazi zitekeen guztia irabazita jada ez zuela helburu handirik. Agian xake azkarreko torneoren batean parte har zezakeela esan zuen, baina dibertsio moduan eta ez profesionalki.
Erretiroa hartu ondoren, 2006ko abuztuaren 22an, Kasparovek Lichthofeko Xake Torneoa (blitz modalitateko torneoa) jokatu zuen. Anatoli Karpovekin berdindu zuen, 4.5/6.
Irailaren 21 eta 25en artean, Kasparov eta Karpov berriro izan ziren aurrez aurre. Oraingo honetan, Valentzian jokatu zituzten 12 partidak, xake azkar eta blitz modalitateetan, eta Kasparovek irabazi zuen 9 eta 3.
Ezkontzak eta seme-alabak
Kasparov hirutan ezkondu zen eta hauek izan ziren bere emazteak:
- Masha, alaba bat emango ziona.
- Julia, 2005ean dibortziatu zirenerako seme bat izan zuena.
- Daria, beste seme bat emango ziona.
Politika
80.eko urteetan hasi zen Kasparov politikan sartzen. 1984an, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan sartu zen eta 1987an Komsomoleko Komite Zentralerako hautatu zuten.
1990ean, alderdia utzi zuen eta Errusiako Alderdi Demokrata sortzen lagundu zuen.
1993ko ekainean, Errusiako Batasuna koalizioa lortzen saiatu zen eta 1996an, Boris Yeltsin hautatzeko kanpainan parte hartu zuen.
2005ean xaketik erretiratu ondoren, politikan bete-bete sartu zen eta Batasun Zibileko Frontea sortu zuen, Errusian demokrazia berrezartzea helburu zuen mugimendu sozial bat. Vladimir Putin Errusiako presidentziatik derrokatzeko ahaleginetan ibili zen, demokrazia ezarri nahian.
2005eko apirilaren 10ean, Kasparov Moskun zegoen ekitaldi promozional batean eta sinatu berri zuen xake taularekin kolpatu zuten buruan.
- Mirestu zintudan xakelari zinenean, baina gorroto zaitut politikan-esan omen zion erasotzaileak.
Tankera horretako eraso gehiago ere izan ditu Kasparovek.
2007ko martxoaren 3an, Kasparov San Petersburgoko Ezadostasunaren Martxa antolatzen lagundu zuen eta martxoaren 24koa ere bai, beti gobernuaren aurka. Apirilaren 14an, Moskuko poliziak preso hartu zuen manifestaldi baten buruan zebilenean. 10 ordu atxilo pasa ondoren, askatu zuten.
2007ko urrian, Kasparovek Errusiako presidentziara aurkezteko asmoa iragarri zuen, Beste Errusia izeneko koalizioaren kandidato izango zelarik.
2007ko azaroaren 24an, Kasparov eta Putinen beste aurkari batzuk atxilo hartu zituzten Moskun emandako Beste Errusiaren mitin batean. 5 egun eman zituen kartzelan eta 29an atera zen.
2007ko abenduaren 12an, Kasparovek presidentziarako kandidatura erretiratu zuela iragarri zuen, 500 bat jarraitzaile bildu ahal izateko legeak agintzen zuen lekua lortzeko ezinaz. Epeak amaitu ziren eta bat baino toki txiki gehiagotan biltzeko proposamenak bertan behera geratu ziren.
Errekorrak
- Munduko lehena izan da denbora luzeenean.
- ELO handiena izan du era jarraian 1986tik 2005eraino. Salbuespen bakarra Kramnikek berdindu zuenean izan zen, 1996an. 1993an FIDEkin hautsi zuenean zerrendatik bidali bazuten ere, PCAn izan zen buru denbora horretan. Erretiratu zenean, lehena izaten jarraitzen zuen, 2812. 2006an, geldi daudenen zerrendara pasatu da.
- Chessmetricsen kalkuluen arabera, Kasparovek munduko puntuazio handiena lortu zuen era jarraian 1985eko otsailetik 2004ko urriraino.
- 1990ean, Kasparovek 2800 puntuko barrera gainditu zuen eta Bobby Fischerren 2785 puntutako errekor zaharra hautsi zuen eta oraindik mantentzen du. 1999ko uztaileko FIDEko zerrendan, Kasparovek 2851ko Eloa lortu zituen, eta hainbat urtez inoizko puntuaziorik altuena izan zen, harik eta Magnus Carlsenek gainditu zuen arte (2882ko Eloa 2014ko apirilean).
- 11 aldiz irabazidu Xakearen Oscarra, inork baino gehiagotan.
Olinpiadak
Kasparovek 8 Xake Olinpiada jokatu zituen. 4 aldiz izan zen SESBen ordezkari eta beste 4 Errusiaren ordezkari.
1980an, 17 urte zituelarik, Sobietar Batasuna edo Errusiaren ordezkari gazteena izan zen, 1992an Kramnikek kenduko zion titulua.
- La Valletta (1980), SESBeko 2. erreserba, 9.5/12 (+8 =3 -1), urrea taldeka, brontzea taulan.
- Luzerna (1982), 2. taula SESBen, 8.5/11 (+6 =5 -0), urrea taldeka, brontzea taulan.
- Dubai (1986), SESBeko 1. taula, 8.5/11 (+7 =3 -1), urrea taldeka, urrea taulan, urrea performancean.
- Tesalonika (1988), SESBeko 1. taula, 8.5/10 (+7 =3 -0), urrea taldeka, urrea taulan, urrea performancean.
- Manila (1992), Errusiako 1. taula, 8.5/10 (+7 =3 -0), urrea taldeka, urrea taulan, zilarra performancean.
- Mosku (1994), Errusiako 1. taula, 6.5/10 (+4 =5 -1), urrea taldeka.
- Erevan (1996), Errusiako 1. taula, 7/9 (+5 =4 -0), urrea taldeka, urrea taulan, zilarra performancean.
- Bled (2002), Errusian 1. taula, 7.5/9 (+6 =3 -0), urrea taldeka, urrea taulan.
Liburuak
Kasparovek xakeari buruzko liburu asko idatzi ditu.
20 urte besterik ez zituenean, biografia bat argitaratu zuen, Mugarik gabeko erronka. Behin baino gehiagotan eguneratu duen liburua da.
1980an, partida komentatuak argitaratu zituen: Gari Kasparov: Bizitza, Partidak, Karrera.
1982an, Batsford Chess Openings idatzi zuen Raymond Keene britainiarrarekin batera eta salmenta handiko liburua izan zen.
Aleksandr Nikitin entrenatzailearekin ere idatzi zuen liburu parea 80ko hamarkadan Batsford argitaletxerako.
Kasparovek asko lagundu zuen, era berean, Xakeko Sarreren Entziklopedia egiteko lanetan.
2007an, Bizitzak Xakea nola imitatzen duen idatzi zuen, xakea eta negozio munduaren arteko paralelismoak aztertuz.
2008an, Kasparovek Bobby Fischerrentzako nekrologika argitaratu zuen.
- Maiz galdetu didate ea Bobby Fischer aurkitu dudan edo haren aurka aritu naizen. Ez. Ez dut inoiz izan aukera hori. Berak beti ikusi nau lapurtu eta engainatu zuen xake erakunde gaizkilearen kide, baina nik sentitzen dut gure kirol honengatik egin duenagatik eskerrak eman ezin izana.
2003an, 5 liburuz osatutako lanaren lehena irten zen: Gary Kasparov: Nire aitzindari handiak. Xakeko Munduko Txapeldunei buruzko liburu sorta bat da.
- Bertan Steinitz, Lasker, Capablanca, Alekhin, Euwe, Botvinnik, Smyslov, Tal, Petrosian, Spaski, Reshevsky, Najdorf, Larsen, Fischer, Karpov eta Korchnoi agertzen dira. Kritika asko jaso bazituen ere, Xakeko Federazio Britainiarrak Urteko Liburua Saria eman zion 2003an.
- Bigarren aleak Max Euwe, Mikhail Botvinnik, Vasili Smyslov eta Mikhail Tal hartu zituen eta 2003aren bukaeran argitaratu zuten.
- 3.ak Tigran Petrosian eta Boris Spaski bildu zituen eta 2004aren hasieran agertu zen.
- 2004ko abenduan, Kasparovek 4. alea atera zuen Samuel Reshevsky, Miguel Najdorf eta Bent Larsen xake jokalariak aztertu zituen, baina Bobby Fischer izan zen gehiena landu zuen jokalaria.
- 5. alea 2006an atera zen eta Anatoli Karpoven eta Viktor Kortxnoiren ibilbideak agertzen zituen.
Nire aitzindari handiak argitaratu ondoren, Gari Kasparov Xake Modernoaz lanean hasi zen eta honek ere 5 liburu izango zituen.
- 70eko iraultza: 2007ko martxoan argitaratu zuen eta Fischer eta Karpovek hasitako garaiko sarreren prestaketaren garrantziaz ari da.
- Bigarren liburua Kasparov vs Karpov 1975-1985 izan zen. 2008ko irailean atera zen eta 1984 eta 1985eko Munduko Txapelketaz ari da, partidak sakontasunez aztertuz eta xakez kanpoko mila xehetasun emanez.
Ordenagailuen aurkako partidak
Deep Thought, 1989
Kasparovek erraz irabazi zion Deep Thought konputagailuari, 2-0, bi partidako match batean.
Deep Blue, 1996
1996ko otsailean, IBMren Deep Blue konputagailuak Kasparov garaitu zuen lehen partidan, baina maisuak buelta eman zion eta erraz irabazi zuen match hura. Deep Bluek segundoko 200 milioi posizio kalkula zitzakeen, baina ez zen aski izan Kasparov garaitzeko.
Deep Blue, 1997
1997ko maiatzean, Deep Blueren bertsio berri batek Kasparov garaitu zuen (3½-2½) 6 partidako match batean. 5 partiden ondoren, matcha berdintuta zihoan, baina Kasparovek 6. partida galdu zuen. Konputagailu batek lehiaketa batean munduko txapelduna garaitzen zuen lehen aldia zen. Dokumentala ere egin zuen Vikram Jayantik 2003an: Game Over: Kasparov and the Machine. Kasparovek akats handi bat egin zuen 6. partidaren hasieran; nekatuta omen zegoen eta disgustuan IBMkoekin: ez zioten Deep Blueren azken partidetako erregistroak ikusten utzi eta ezin izan zuen konputagailuaren jokoa aztertu eta horren araberako prestaketa egokia egin; makinak eta bere programatzaileek, berriz, ondo ikertuta zituzten kasparoven partidak.
Galdu ondoren, Kasparovek esan zuen batzuetan, makinaz gain, giza-jokalariak ere izan zirela tartean —bereziki bigarren partidan, non ordenagailuak Kasparoven bi peoi jateari uko egin zion—, baina IBMk dena ukatu zuen. Kasparovek makinaren logen kopiak eskatu zituen, baina IBMek, gero interneten argitaratu bazituen ere, ukatu egin zizkion. Kasparovek, era berean, errebantxa eskatu zuen, baina IBMek ezezkoa eman zion eta Deep Blue erretiratu egin zuen.
Kasparovek match hura proiektu zientifiko bat balitz bezala aurkeztu ziotela esan zuen, baina berehala ikusi zen IBMren helburua bera garaitzea besterik ez zela. Aipatutako dokumentalean esaten da IBMren akzioak % 15 igo zirela Deep Bluek Gasparoven aurkako norgehiagoka irabazi eta ondorengo egunean.
Deep Junior, 2003
2003ko urtarrilean, Deep Juniorren aurkako 6 partidako match berri batean hartu zuen parte. Milioi bat dolarreko saria zegoen. Konputagailuaren motorrak 3 milioi posizio ebaluatzen zituen segundoko. Bana irabazi eta 3 berdindu ondoren, dena azken partidan erabakitzeke geratu zen. Telebistan 200-300 milioi pertsonak ikusi omen zuten. Berdinketan bukatu zen eta, urtero egiteko asmoa bazen ere, match hura ez zen gehiago errepikatu.
X3D Fritz, 2003
2003ko azaroan, X3D Fritz ordenagailu programaren aurkako 4 partidetako match batean hartu zuen parte. Hau ere berdinketan amaitu zen. Lehia haren truke Kasparovek urrezko trofeo bat eta 175.000 dolar jaso zituen.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Chessgames
Aurrekoa Anatoli Karpov |
Munduko Xake Txapelduna 1985-1993 |
Ondorengoa Anatoli Karpov |
Aurrekoa Ez dago (txapelketa berria) |
Munduko Xake Txapeldun Klasikoa 1993-2000 |
Ondorengoa Vladimir Kramnik |
Luanda errorea in Modulu:Navbar at line 58:Invalid title Munduko Xake Txapeldunak.