Garabide

Garabide Elkartea gobernuz kanpoko erakunde bat da, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituena, euskararen esperientziatik abiatuta.[1] Elkarteko lehendakaria Iñaki Martinez de Luna da.[2]

Garabide
Datuak
Motairabazi asmorik gabeko elkartea eta gobernuz kanpoko erakundea
HerrialdeaEuskal Herria
Jasotako sariak

Garabideren lana da, batetik, hizkuntza komunitate gutxituetako eragileekin lankidetza proiektuak hitzartu eta aurrera eramatea. Hizkuntza komunitate horietan dauden beharrak identifikatu ondoren euskararen esperientziatik ekarpena egiteko asmoz, zubi lana egiten du euskalgintzan dihardutenekin.

Hau da, Garabidek euskalgintzaren eremuan bilatzen ditu behar horiei erantzuteko eragileak, eta, prozesuan, euskalgintzaren esperientzia erakusten eta zabaltzen du. Bestetik, Euskal Herrira begira aktibazio eta sentsibilizazio lana egiten du, gizarteko hainbat alorretan (hezkuntzan, herrigintzan, enpresetan...).[1]

Proiektuak

Aditu Ikastaroa

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek gauzatzen duen formazio proiekturik garrantzitsuena da, eta baita hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa ere. Funtsean, euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskaintzen zaie munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren beraiek euren prozesuaren protagonista izan daitezen.[3]

Aditu Ikastaroa inflexio puntu garrantzitsu bat izan da Garabideren ibilbidean, izan ere, ezagutza teorikoak eta euskararen berreskurapen prozesua bultzatzeko arlo desberdinetan sortu diren proiektu eta esperientzia praktikoen in situ ezagutza konbinatzen dituen unibertsitate mailako titulu homologatu bat eskaini ahal izan dute.[4]

Lehen edizioa 2011n izan zen, eta ohikoa da bi urtez behin eskaintzea formazioa.[5]

Kolonbiako Nasa herriaren diplomatura

Toribioko (Cauca, Kolonbia) nasa komunitateak berak identifikatutako formazio beharrei erantzuteko ikastaroa da. Kolonbiako Cauca eskualdean nasa herria biziberritze kultural eta linguistikoan murgildu da bete-betean, eta herri-identitatea sendotuta aurre egin nahi diote jendarte indigenek pairatu izan dituzten marjinazioari, pobreziari eta deserrotze-egoerei. Behar horri erantzuten dio 60 hizkuntza sustatzaile (30 gizonezko eta 30 emakumezko) ekitate eta jasangarritasun koordenatuetan ahalduntzera bideratutako 10 asteko formazio saio horrek, urte beteko proiektuaren baitan kokatzen dena. 2021ean izan zen lehen edizioa, baina asmoa lankidetza harreman luze baten ondorioa da.[6]

Bidaide programa

Bidaide Programa jatorrizko hiztun komunitateak garatzeko lankidetza programa integratua da, hizkuntza plangintza integral bat egitetik abiatzen dena.

Munduko jatorrizko hiztun komunitateetan hizkuntzaren berreskurapena lantzen ari diren gizarte erakunde, pertsona, eragile publiko eta sozialen eta euskalgintzako erakundeen, edo euskalgintzaren esperientzia pilatu dutenen arteko elkarlan zubia eraikitzea da programa honen helburua.[7]

Garabidek hurrengo hizkuntza-komunitateekin garatu izan ditu bidaide trukeak:

Bidaidetza intentsiboa:
Intentsitate ertainekoak

Argitarapenak

Euskararen berreskuratzea bilduma

Sail honek lau liburu eta lau dokumental jasotzen ditu.[8]

  1. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk (2010).[9]
  2. Hizkuntzen estandarizazioa (2011).[10]
  3. Hedabideak (2012). [11]
  4. Hezkuntza (2013). [12]

Dokumentalak

  • Beltzean mintzo: Ameriketako hizkuntzen arnasaz (2015). Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitzen dituzte dokumentalean: Kitxua, nasa yuwe, nahuatl, kaqchiquel, aimara, mapudungun eta maia yukateko hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten dute bertan, eta, bide batez, euskaldunek haiengandik ere ikasteko aukera eskaini.[13]
  • arNASA txiKITXUAK: Andeetako bi hizkuntzari eutsi guran (2016). Garabidek urteetan zehar laguntzen dituen 2 hizkuntza biziberritze proiektu dokumentatzen ditu ikus-entzunezko honek, Kolonbiako Nasa herriarena eta Ekuadorreko Kitxuarena. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko 2015-2016 ikasturteko 3 ikasleren gradu bukaerako lanaren emaitza da.[14]
  • Argia iluntasunean (2017). Mexikoko Tosepan kooperatiban eta bertan lantzen ari diren hizkuntza-lankidetzan zentratzen da dokumentala. Lana HUHEZIko Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradu Bukaerako Lana izan zen 2016-2017 ikasturtean.[15]
  • Mai da bai (eta ezetzik ez dago) (2018). Hogei urteko bizi esperantza ematen diote maputxeen mapudungun hizkuntzari. Gaur egungo haurrak heldu bihurtzerako, hila izan daiteke. Baina halabehar horren aurka ari denik ere bada, Mapazugulentuaiñ elkartea esaterako. Lana HUHEZIko Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradu Bukaerako Lana izan zen 2017-2018 ikasturtean.[16]

Liburuak

  • Bost truke (2015, Pamiela). Jon Sarasua Garabideko kideak bidaide programaren baitan Andeetan, Kurdistanen eta Serbian hizkuntza-lankidetza lantzen izandako burutazioak jasotzen ditu.[17]
  • Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen (2020). Isilarazitako herri indigenetara gerturatzeko, herri horien mitoak eta ipuinak jasotzen dituen liburua da hau. Liburuaz gain, erakusketa bat eta bira bat antolatu da.[18] Eskoletan lantzeko gida didaktikoa ere osatu da.[19]
  • Harizko zubiak (2022, Pamiela). Jon Sarasua Garabideko kideak bidaide programaren baitan Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerren hizkuntza-lankidetza lantzen izandako burutazioak jasotzen ditu.[20]

Sariak

  • Garabide Elkarteko Jon Sarasua eta Iñaki Martinez de Luna, Abadia Saria jasotzen (2023-02-22) Gipuzkoako Aldun Nagusi Markel Olanorekin.[21]
    2022: Anton Abbadia saria euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duena.[22] Garabideri eman zioten saria lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituelako; lankidetzazko eredu berri bat garatu duelako euskararen komunitatetik besteei erakusteko, eta beste komunitate horien jarrera eta bizipenetatik Euskal Herrian ere ikasteko.[21]
  • 2022: Fair Saturday saria. Europako Hizkuntzen Egunagatik Sari berezia. Sari honek Garabide Elkartea eta euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxituen hizkuntza biziberritzeko prozesuak bultzatzen egindako lana goraipatu ditu.[23]

Erreferentziak

  1. «Gure lana» Garabide.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
  2. Jaurena, Isabel. ««Jakin behar da zergatik dauden hizkuntza gutxituak»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
  3. Garabide. «Aditu Ikastaroa» Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  4. «Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Tituluaren 4. edizioa abian - Berriak» Mondragon Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  5. «Hizkuntzen berreskurapenerako aditu titulua, Garabide Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak antolatuta» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  6. Garabide. «Kolonbiako Nasa herriaren diplomatura» Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  7. Garabide. «Bidaide programa» Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  8. Garabide. «Euskararen berreskuratzea liburu bilduma» Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  9. «Euskararen berreskuratzea I: hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  10. «Hizkuntzen berreskuratzeari buruzko bigarren DVDa kaleratu du Garabidek - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  11. Garabide. «Hedabideak. Euskararen Berreskuratzea (III), DVD-liburu berria kalean» Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  12. r01e00000ff26d465bca470b8832717fd08b75808, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. «Euskararen berreskuratzeari buruzko liburu-dokumentala» www.habe.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  13. «Beltzean mintzo: Amerikako hizkuntzen arnasaz» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  14. Garabide. «[DOKUMENTALA "arNASA txiKITXUAK: Andeetako bi hizkuntzari eutsi guran"»] Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  15. Garabide. «[DOKUMENTALA "Argia iluntasunean"»] Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  16. «Mai da bai (eta ezetzik ez dago)» Oihaneder Euskararen Etxea (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  17. (Ingelesez) «Bost truke : Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinak | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  18. «Hizkuntza indigenak Ama lurra zaintzen liburua (Garabide elkartea)» Soziolinguistika Klusterra (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  19. Garabide. «[GIDA DIDAKTIKOA Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen»] Garabide (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  20. «Saio eta testigantza: Harizko zubiak. Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerreko jasokinak» www.pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  21. «Garabide Elkarteak jaso du 2022ko Abadia Saria, hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta elkar ezagutzaren alde egiten duen lanagatik» gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  22. Romatet, June. (2023-01-13). «Hizkuntza gutxituen ahotsa goratuz» Gipuzkoako Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-14).
  23. «Fair Saturday sari berezia jasoko du Garabidek - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.