Gamma izpi
Gamma erradiazioa edo Gamma izpiak (γ ikurraren bidez adierazten dira) erradiazio elektromagnetikoak edo argi-igorpenak duen formetako bat dira, partikula subatomikoen arteko elkarrekintzek, hala nola elektroi-positroi deuseztapenak edo desintegrazio erradioaktiboak, eragindakoa. Normalean gamma izpiak maiztasun eta energia handiena eta uhin-luzera laburrena duten erradiazio elektromagnetikotzat hartzen dira, hau da, oso energia altuko fotoiak kontsideratzen dira. Eduki energetiko handia izanik, zelula bizidunei kalte larriak eragiten dizkiete.
Babesa
Gamma izpien aurkako blindajeak masa-kantitate handiak behar ditu. Zenbaki atomiko eta dentsitate handiko elementuz osatutako materialek hobeto xurgatzen dituzte izpi hauek. Gamma izpien energia altuagoa denean, blindajeak lodiagoa izan behar du. Haien aurkako blindajeak neurtzeko, haien intentsitatea erdira murrizteko behar den lodiera erabiltzen da. Esaterako, berunezko 1 cm behar da gamma izpien intentsitatea %50ean murrizteko; hormigoiaren kasuan 6 cm dira eta lur trinkoaren kasuan 9 cm.
Erabilerak
Gamma izpien uhin-luzera hain laburra izanik, fotoi intzidente bakar batek kalte nabarmena eragin diezaioke zelula bizidun bati. Berezitasun hau aprobetxatuz, gamma erradiazioa organismo biziak hiltzeko erabiltzen da sarritan, irradiazio izeneko prozesua jarraituz. Esaterako, tresneria medikoa esterilizatzeko erabiltzen da (autoklabeen edo bitarteko kimikoen alternatiba gisa), baita janarien usteltzea eragiten duten bakterioak hiltzeko edo fruta eta barazkien ernetzea eteteko.
Ehunetan sartzeko propietateari esker, gamma izpiek, X izpiek bezala, erabilera asko dauzkate medikuntzan, esaterako ordenagailu bidezko tomografiak eta erradiazio bidezko terapiak. Hala ere, erradiazio ionizatzailea den heinean, molekuletan aldaketak eragiteko ahalmena dauka eta, beraz, minbizia sortzeko gai da ADNa aldatzen duenean. Aldaketa molekular hauek harri erdibitxien zenbait propietate aldatzeko ere erabil daitezke, eta sarritan topazio zuria urdintzeko erabiltzen da.
Minbizia sor dezakeen arren, minbizia bera tratatzeko ere erabiltzen da. Gamma labanaren kirurgia izeneko prozeduraren bidez, tumoreari gamma izpien sorta kontzentratuak zuzentzen zaizkio minbizi-zelulak hiltzeko.
Medikuntza nuklearrean diagnostikoak egiteko ere erabiltzen dira. Gamma izpiak igortzen dituzten erradioisotopoak erabiltzen dira, esaterako teknezio-99m isotopoa. Gaixo bati ematen zaionean, gamma kamera bat erabil daiteke erradioisotopoaren banaketaren irudi bat egiteko. Teknika hau minbizia hezurretara hedatzea bezalako fenomenoak detektatzeko erabil daiteke.
Gamma izpiak edukiontzietan garraiatzen diren materialak detektatzeko erabiltzen hasi dira. Pakistanen, Estatu Batuetara zuzendutako merkataritza-ontziak eskaneatzen dituzte horrela.
Efektuak osasunean
Gamma izpiak leherketa nuklear batek igor dezakeen erradiazio formarik arriskutsuena da, oso zaila baita hura geldiaraztea. Azalak ezin ditu gelditu, eta ADNa aldatzen du. Erradiazio ionizatzaileak ADNaren helize bikoitzean sortzen dituen hausturak dira minbiziaren eta herentzia bidez jasotako gaitzen erantzule nagusia.
Errusiako langile nuklearrekin egindako ikerketa batek erakutsi duenez, dosi metagarri altuetan gamma erradiazioa jasotzeak lotura zuzena dauka leuzemiarekin eta birika, gibel, hezur zein gorputzeko beste atal batzuetako minbizi solidoekin[1]. Erradiazioaren ondorioez gain, gamma izpiek erredurak sortzen ditu eta eragin inmunosupresorea dauka[2][3].
Kanpo estekak
Erreferentziak
- Shilnikova D.L. et al. – Cancer mortality risk among workers at the Mayak nuclear complex – Radiation Research, 2003; 159 (6): 787-798
- Ran X.Z. et al. – Effects of combined radiation and thermal burn injury on the survival of skin allograft and immune function in – Chinese Medical Journal, 1998; 111 (7): 634-637
- Randall K. et al. – The effect of whole-body gamma-irradiation on localized beta-irradiation-induced skin reactions in mice – International Journal of Radiation Biology, 1992; 62 (6): 729-733
Espektro elektromagnetikoa
gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak | |||||||||
ultramorea | morea | urdina | berdea | horia | laranja | gorria | infragorria |