Galbanoplastia
Galbanoplastia azal metalikoak beste metal baten geruza batez estaltzeko elektrolisi bidezko prozedura da. Azalari eransten zaion metal-geruza batzuetan lodiagoa izan daiteke eta besteetan meheagoa, zertarako nahi den. Metal-estalkia hartu behar duen azala pila voltaiko bateko katodo gisa jartzen da. Estalkia egiteko metala anodo gisa jartzen da, eta biak -anodoa eta katodoa- metal horren berorren gatz-disoluzio baten barnean jartzen dira. Elektrolisi-prozesua hasten denean, gatza deskonposatu egiten da, eta haren ioi metalikoak katodorantz jotzen dute eta haren gainean kokatzen; aldi berean, anodotik disoluziorantz askatzen da metala. Era horretara, metala anodotik askatu eta katodoaren gainean itsasten da. Azalak babesteko edo apaintzeko erabiltzen da, batez ere.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.